119. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2376/2009 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, turismoko enpresa eta jardueretako teknikarien lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onesten duena; zerrenda bat, aldi baterako kontratazioak egiteko eta, bestea, zerbitzu berezien egoeran prestakuntza jasotzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partez garatzen duen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazteko asmoz, lan kontratazioak egin aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bete nahi dituzten lanpostuak haien langile finkoei eskainiko dizkiete. Horretarako, prestakuntza jasotzeko izangaien zerrendak osatzeko hautaprobetarako deialdia eginen du.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez, zerrenda hauek osatzeko: batetik, turismoko enpresa eta jardueretako teknikarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat, eta bestetik, halako lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda bat, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik, sortzen diren beharrak betetzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Aginduan, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2 c) artikuluan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak azaroaren 14an emandako 146/2005 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.-Deialdia, turismoko enpresa eta jardueretako teknikari gisa aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.-Deialdia egiten da turismoko enpresa eta jardueretako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik, sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo gero batean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.-Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Turismoko Enpresa eta Jardueretako Teknikari titulua edo baliokidetzat hartzen den besteren bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.-Hautapen prozesua eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko dira hautaprobak.

Laugarrena.-Aldi baterako kontratatuak izateko izangaiei dei egitea.

Izangaiei dei egiteko eta kontratatzeko orduan, arau hauetan ezarritakoari segituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honetako oinarriak, lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ezartzeko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak 2005eko azaroaren 14an eman zuen 146/2005 Foru Agindua (2005eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 2koa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiteko orduan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko laugarren idatz-zatian ezarritakoa.

II.-Deialdia, turismoko enpresa eta jardueretako teknikari gisa prestakuntza jasotzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.-Deialdia egiten da turismoko enpresa eta jardueretako teknikarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik, sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko.

Bigarrena.-Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa edo taldekoa.

b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia egin izana benetan.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Turismoko Enpresa eta Jardueretako Teknikari titulua edo baliokidea izatea edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita izangaiei dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileek eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek.

Hirugarrena.-Hautapen prozesua eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko dira hautaprobak.

Laugarrena.-Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Izangaien deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren adierazpena honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2004ko abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.-Bi deialdietarako oinarriak

Lehena.-Eskaerak aurkezteko epea.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.-Eskaerak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, sarrera, 31002 Iruña), edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskaera telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren web atarian dago (www.navarra.es). Halakoetan, parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko formatuetako edozeinetan eransten ahalko dira.

2.2. Eskabideak I. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioetarako izangaien kasuan, eta II. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabideetan izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasuna eta nazionalitatea eta, hala bada, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiaren 2.1 a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharrak frogatzen dituen agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute bakarrik.

Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak edo behar den dokumentazioa aurkezten ez dutenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Turismoko enpresa eta jardueretako teknikarien lanpostuetan aritzeko dei egiten zaien izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera adierazten denean.

2.3. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

Hirugarrena.-Izangaien onarpena.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen zerrendak ikusgai paratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, Zerbitzuen atalean, Enplegu Publikoan.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.-Proba.

4.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan galdera batzuk erantzun beharko dira, ebazpen honen III. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak. Erantzuteko aukera bat baino gehiago eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Proba honetan 120 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren herena (hots, 40 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Proba honen gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

4.2. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Proba egitera agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak baztertuko dira.

4.3. Hautaprobak egiteko, ezgaitasuna dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Carmen Oroz Iribarren andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Marketinaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Fermín Villanueva Ferreras jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Estefanía Munarriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Sustapenerako Baliabideen Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: Amaya Alcelay Llano andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoa Sustatzeko Euskarrien Bulegoko burua.

Mahaikidea: Margarita Cueli Erice andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Produktuen Garapenerako eta Kalitaterako Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: Jesús Oroz Bretón jauna,Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ikuskapen Bulegoko burua.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordean ordezkaturik dauden sindikatuek proposatu eta izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazioko Langileen Batzordean ordezkaturik dauden sindikatuek proposatu eta izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Esther Urtasun Galdeano andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Sustapenerako Ekintzen Bulegoko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: M.ª Ángeles Ayúcar Echarri andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Antolamendu Ataleko burua.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Seigarrena.-Gainditzen dutenen zerrendak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak gerta litezkeen berdinketen gaineko erabakia hartuko du eta honako zerrenda hauek argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa) eta probak egin diren tokian:

-Aldi baterako kontratatuak izateko deialdian probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera, gerta litezkeen puntu berdinketen gaineko erabakia hartuta.

-Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko deialdian probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera, gerta litezkeen puntu berdinketen gaineko erabakia hartuta.

Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio oinarri honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

6.2. Izangaien artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko dira:

a) Aldi baterako kontratatuak izateko deialdia: berdinketarik gertatuz gero, erantzun zuzenen kopurua hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da. Zozketa epaimahaiak eginen du eta ukitutako izangaiei bertan agertzeko deia eginen zaie.

b) Prestakuntzarako izangaien deialdia: puntuetan berdinketarik gertatuz gero, deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera ebatziko da, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinduta segituz gero, egin beharreko proban zuzen erantzundako galdera gehien duen izangaiaren alde jokatuko da, eta hala ere, berdinduta segituz gero, zozketa bidez erabakiko da. Zozketa epaimahaiak eginen du eta ukitutako izangaiei bertan agertzeko deia eginen zaie.

Zazpigarrena.-Turismoko enpresa eta jardueretako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda eta deiak egitea.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuko espediente osoa jasorik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izangaien behin betiko zerrendak argitaratuko dira.

7.2. Deitzea.

Oinarri honetan aipatzen diren zerrendetan ageri diren izangaiei ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan xedatutakoari jarraikiz deituko zaie; betiere prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen duten izangaiek kasuan kasuko deialdian titulazioari buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu eta dokumentazio horren fotokopia konpultsatua ekarri beharko dute.

Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak edo behar den dokumentazioa aurkezten ez dutenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 31n.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Gobernua.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Eskabide eredua

Eskaera, ............................ lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratatuak izateko deialdian parte hartzeko. Deialdia ..........(e)ko .........aren ...(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).

1) Datu pertsonalak.

Izen-deiturak: . NANa: ............... Nazionalitatea: . Jaioteguna: .......................................... Helbidea: ... Herria: ................................... Probintzia: Posta kodea: Telefonoak (3 gehienez): Posta elektronikoa: .

2) Ezgaitasuna egiaztatzea (bidezkoa denean bakarrik).

  • Ezgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren egiaztagiria aurkeztu dut.
  • Ezgaitasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

3) Euskarazko lanpostuak (deialdian hala adierazten denean soilik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut eta horretarako zera adierazten dut:

  • Euskarazko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua dudala (2. eta 3. jakite mailak).
  • Hizkuntza Eskola Ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi "urrats" gainditu ditudala (1. jakite maila).
  • Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

4) Halaber, hau adierazten dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela izan desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, ...........(e)ko..............aren .....(e)an.

(Sinadura)

Oharrak:

-Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Nafarroako Gobernua.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Eskabide eredua

Eskaera, ............................. lanpostuan prestakuntza jasotzeko izangai berrien deialdian parte hartzeko. Deialdia .............(e)ko .........aren ...(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).

1) Datu pertsonalak.

Izen-deiturak: . NANa: ............... Nazionalitatea: . Jaioteguna: .......................................... Helbidea: ... Herria: ................................... Probintzia: Posta kodea: Telefonoak (3 gehienez): Posta elektronikoa: .

2) Zein lanpostutarako izendatua.

Departamentua

Zerbitzua

Lanpostua

Maila .

3) Ezgaitasuna egiaztatzea (bidezkoa denean bakarrik).

  • Ezgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren egiaztagiria aurkeztu dut.
  • Ezgaitasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

4) Euskarazko lanpostuak (deialdian hala adierazten denean soilik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut eta horretarako zera adierazten dut:

  • Euskarazko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua dudala (2. eta 3. jakite mailak).

Hizkuntza Eskola Ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi "urrats" gainditu ditudala (1. jakite maila).

  • Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

5) Halaber, hau adierazten dut:

Deialdian eskatzen diren tituluak, jardunean egoteko tituluez gain, baditudala eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, ...........(e)ko..............aren .....(e)an.

(Sinadura)

Oharrak:

-Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda (Turismoko enpresa eta jardueretako teknikaria)

1. gaia Nafarroako Foru Komunitatearen turismo arloko baliabideak. Lau eskualde turistikoak.

2. gaia Nafarroako Foru Komunitateko turismo arloko legedia.

3. gaia Nafarroako Foru Komunitateko sektore turistikoaren antolaketa eta ekimenak. Sektore publikoa. Sektore pribatua.

Iragarkiaren kodea: F0922128