1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1707/2009 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Tuterako udal mugapean olio erabiliak eta petrolio produktuak jaso eta biltzeko gune baterako. Jardueraren titularra Retraoil, S.L. da.
2007ko urriaren 30ean, Retraoil, S.L.k Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ingurumen baimen integratua eskatu zuen, Tuteran duen industria instalaziorako.
Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2.A eranskineko "2.B eranskinean zerrendatu gabeko hondakin arriskugarrien kudeaketa" deritzon 14. atalaren barruan dago. Hori dela eta, ingurumen arloko baimen integratuaren araubidearen mende dago.
Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.
Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen V. eranskinean dago.
Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen baimen integratua ematea Tuterako udal mugapean olio erabiliak eta petrolio produktuak jaso eta biltzeko gune baterako. Jardueraren titularra Retraoil, S.L. da.
2. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 873/07 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.
3. Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino hamar hilabete lehenago gutxienez, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.
4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.
5. Instalazioak hondakin arriskugarriak kudeatzeko zuen baimena bere horretan utzi da, GP/24/NA/2004 zenbakiarekin, hondakin arriskugarriak kudeatzen dituen zentroa baita. Kudeatzen ahalko dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren IV. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien kudeaketan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu IV. eranskin horretan sartzeko.
6. 2009ko urriaren 1a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
7. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.
8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
9. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
10. Ebazpen hau jakinaraztea Retraoil, S.L.ri, Tuterako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko abuztuaren 24an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua, 7. solairua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.
Iragarkiaren kodea: F0921950