119. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

728/2009 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, maiatzaren 12ko 199/2006 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoentzako lansarien aurrerakinak eman eta itzultzeko prozedura ezarri zuen.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak maiatzaren 12an emandako 199/2006 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoentzako lansarien aurrerakinak eman eta itzultzeko prozedura ezarri zen. Foru agindu hori organo berak urriaren 7an emandako 388/2008 Foru Aginduak aldatu zuen.

Foru agindu horrek ezartzen du lansarien aurrerakinen kudeaketa, ematekoa zein itzultzekoa, hurrengo eremu hauetan banatuko dela, bakoitza bere langileekin: Administrazio erroa, Hezkuntza Departamentua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

Lansarien aurrerakinak kudeatzeko orduan eraginkortasun handiagoa lortzea xede, beharrezkoa da kudeaketa hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian zentralizatzea eta, halaber, lansarien aurrerakinak emateko eremuak batzea.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Maiatzaren 12ko 199/2006 Foru Aginduaren 1. artikuluaren bigarren atala eta 6. artikuluaren bigarren eta hirugarren atalak kentzea. Foru agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoentzako lansarien aurrerakinak eman eta itzultzeko prozedura ezarri zuen.

2. Maiatzaren 12ko 199/2006 Foru Aginduaren 4. artikuluaren hirugarren, laugarren eta bosgarren atalak aldatzea. Honela geldituko dira idatzita:

"3. Langile bakoitzak aurkeztuko du eskaera, administrazio prozedurari buruzko arauetan onartutako moduetako edozeinetan.

4. Baldintza guztiak betetzen direla egiaztatutakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emanen du lansarien aurrerakinak emateari buruzko ebazpena. Aurrerakinen gaineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta intraneten argitaratuko da.

5. Esleitutako diru-kopuru osoa eskatu diren aurrerakin guztiei erantzuna emateko nahikoa ez baldin bada, zozketan erabakiko da zein langilek jasoko duten aurrerakina. Lehentasuna izanen dute aurretik lansariaren aurrerakinik jaso ez dutenek."

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta 2010eko ekitaldian eta hurrengoetan Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren lansarien aurrerakinei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2009ko irailaren 18an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0922768