Iragarkia
118. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
1361 EBAZPENA, 2009ko abuztuaren 31koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, "Lodosako jarduera ekonomikoetarako eremua" izeneko udalez gaindiko plan sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen duena. Sustatzailea Navarra de Suelo Industrial, S.A. (NASUINSA) da.
Nafarroako Gobernuak 2008ko irailaren 29an erabaki zuen behin betiko onestea "Lodosako jarduera ekonomikoetarako eremua" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala, NASUINSAk sustatua (2007ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 24koa).
Erabakiaren 3. puntuan hau xedatu zuen: "Sustatzaileari agintzen zaio testu bategina egin dezala, hasierako proiektuari erantsi zaion dokumentazioaren ondoriozko aldaketak sarturik eta bai proposatu diren zehaztapenen ondoriozkoak ere".
Sustatzaileak eskatu zaion dokumentazioa aurkeztu duenez gero, eta kontuan harturik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman duela, bidezkoa da Lodosan jarduera ekonomikoetarako eremu bat garatzeko udalez gaindiko plan sektorialeko araudia argitaratzea. Navarra de Suelo Industrial, S.A. (NASUINSA) da sustatzailea.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Navarra de Suelo Industrial, S.A.k sustaturiko "Lodosako jarduera ekonomikoetarako eremua" izeneko udalez gaindiko plan sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Araudi horren testua ebazpen honen eranskinean ageri da oso-osorik.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitu, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.
3. Ebazpen hau Lodosako Udalari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko abuztuaren 31n.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.
ERANSKINA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Udalez gaindiko plan sektorial honen helburua Estellerriko jarduera ekonomikoetarako eremua garatzeko aurreikusi diren lurren lurralde antolamendua eta hirigintza araubidea finkatzea da.
2. artikulua. Eremua.
Udalez gaindiko plan sektoriala, indarra hartzen duenetik aurrera, planoetan adierazten den eremu osoan aplikatuko da. Udalez gaindiko plan sektorialak herriko egungo hirigintza araudiak eremu horretarako dituen zehaztapenak ordezten ditu eta, beraz, indarreko udal planeamenduaren gainetik dago.
3. artikulua. Administrazio jardulea.
Udalez gaindiko plan sektorial hau Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ekimenez sustatzen da, Navarra de Suelo Industrial, S.A. (NASUINSA) sozietate publikoaren bitartez.
4. artikulua. Indarraldia.
Udalez gaindiko plan sektorial hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko onespena argitaratu eta biharamunean.
Mugagabeko indarraldia izanen du, harik eta maila bereko edo goragoko beste hirigintza agiri ordeztaile bat onetsi arte, deusetan galarazi gabe 35/02 Foru Legearen 46. artikuluan edo oraingo legedia aldatu edo ordezten duten arauetan ezartzen dena.
5. artikulua. Sailkapena.
Udalez gaindiko plan sektorial honek, bere eremuaren barnean, lur urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen ditu orain arte Los Arcosko planeamenduak urbanizaezin generiko gisa sailkatzen zituen lurrak.
6. artikulua. Kalifikazioa.
Udalez gaindiko plan sektorial honek ondoko erabilera motak ezartzen ditu:
a) Esleipen mailaren arabera:
-Orokorrak
-Xehakatuak
b) Egokitasunaren arabera:
-Aurreikusiak
-Toleratuak
-Debekatuak
c) Funtzioaren arabera:
-Industria (industrialdea)
-Enpresa jarduera
-Aisia
-Zerbitzuak
-Ekipamenduak
-Nekazaritza
-Beste erabilera batzuk
7. artikulua. Erabileren bateragarritasun taula.
Erabilera orokorra: industria
AURREIKUSITAKO ERABILERAK | ERABILERA TOLERATUAK | ERABILERA DEBEKATUAK |
Industria (industrialdea) | Aparkalekuak Biltegia Ekipamendua Azpiegiturak Berdegune pribatuak Bide pribatuak Bizitegia, zerbitzua | Gainerakoak |
Erabilera askotarako ekipamendua | Aparkalekuak Merkataritza Haurrentzako parkea Trafikoa Hirugarren sektorea Bulegoak Ostalaritza Aisia Kultura-Hezkuntza Operadoreen zerbitzuak Eskualdearen garapena sustatzeko zerbitzuak | Gainerakoak |
Aurreikusi diren beste erabilera batzuei lotutako zerbitzuak | Aparkalekua | Gainerakoak |
Berdegune publikoak | Berdegune publikoak Azpiegiturak | Gainerakoak |
8. artikulua. Urbanizatzeko eskubidea eskuratzea.
Urbanizatzeko eskubidea udalez gaindiko plan sektorialaren bidez eskuratzen da.
9. artikulua. Jarduketa sistema.
Sektorea gauzatzeko, desjabetzea edo borondatezko birzatiketa erabiliko da.
Sartu gabeko sistema orokorrak desjabetze bidez lortuko dira eta sartutakoak birzatiketa proiektuaren bidez, baina horrek ez du esan nahi beharrezkoa denean desjabetze edo okupazio zuzena eginen ez denik.
10. artikulua. Garapena.
Plan sektorialak banaketa eremu bakarra du, hau ere sektore bakarrekoa.
Sektore hori zuzenean plan sektorialak antolatzen du eta exekuzio unitate bat izanen da, gero batean kasuan kasuko birzatiketa eta urbanizazio proiektuen bidez garatu beharko dena.
11. artikulua. Ekipamenduak eta lagapenak.
Udalez gaindiko plan sektorialaren esparruan, industria erabilerako sektoreetarako aurreikusitako ekipamendu eta lagapenak zehatz ezartzen dira. Hala, espazio publikoak (bideak, bide erreserba, berdeguneak) Los Arcosko Udalari lagako zaizkio, baita eredu-aprobetxamenduaren %10 ere.
12. artikulua. Plan sektoriala garatzeko epeak.
Jarduera ekonomikoetarako eremua garatzeko egutegiak zenbait etapa ditu:
1.-Urbanizazio proiektua egitea: hiru hilabete, UPS honen behin betiko onespenetik hasita.
2.-Urbanizazioaren 1. fasea egitea: 12 hilabete, urbanizazio proiektua behin betiko onesten denetik.
3.-Urbanizazioaren 2. fasea egitea: 2010
II. KAPITULUA
Araudi orokorra
13. artikulua. Esparrua eta sailkapena
1.-Esparrua:
Planoetan irudikatutako esparrua da; bertan ezarri nahi da jarduera ekonomikoetarako eremua.
2.-Sailkapena:
Lurrak urbanizagarri gisa sailkaturik daude.
14. artikulua. Jarduketa sistema.
Sektorea gauzatzeko, desjabetzea edo borondatezko birzatiketa erabiliko da.
Sartu gabeko sistema orokorrak desjabetze bidez lortuko dira eta sartutakoak birzatiketa proiektuaren bidez, baina horrek ez du esan nahi beharrezkoa denean desjabetze edo okupazio zuzena eginen ez denik.
15. artikulua. Eredu-aprobetxamendua.
Eremuaren barnean zona batzuk bereizi dira, bakoitzaren erabilera xehakatuaren arabera. Horrez gainera, zona bakoitzeko eraikigarritasuna eta erabilera eta tipologia eraikigarrien ponderazio koefizienteak ezarri dira, guztizko aprobetxamendu homogeneizatua zehazteko parametro gisa, gero eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko oinarri gisa erabiltzeko.
Lehendik dagoen bide-sistemako lurzoruak (NA-129 errepidea, 5.432 m²-ko azalera) ez du aprobetxamendurik sortzen.
S-1 sektoreko AR-1 banaketa eremuaren hirigintza aprobetxamenduaren kalkulua (erabilera orokorra: enpresa jarduera).
Azalera = 465.455 m² - 5.432 m² (NA-129) = 460.023 m2.
ERABILERA | AZALERA ERAIKIGARRIA | KOEFIZIENTEA | AU |
Industria beheko solairuan | 188.375 | 1,0 | 188.375 |
Solairuartea industriarako | 17.776 | 0,8 | 14.221 |
Erabilera anitzekoa | 16.371 | 2,0 | 32.742 |
GUZTIRA | 222.426 | 235.338 |
Eredu-aprobetxamendua: 235.647 a.u. / 460.023 m² = 0,51 a.u./m².
16. artikulua. Urbanizazio proiektuak
Udalez gaindiko plan sektoriala urbanizazio proiektuen bidez gauzatuko da.
Urbanizazio proiektuek ezin izanen dute bide-sistema nagusian aldaketarik sartu eta udalez gaindiko plan sektorialean gaur egun jasota dauden edo geroagoko xehetasun azterlanetan finkatzen diren arauetara egokitu beharko dute. Xehetasun azterlan horietan eraikinetatik bideetarainoko gutxieneko atzeraemanguneak jasoko dira, bideen behin betiko trazaduratik abiatuta.
Urbanizazio proiektuak gainerako bideen trazadura alda dezake, eta haietako batzuk kendu edo beste berri batzuk sortzea proposatu ahal izanen du, aurreikusitako tamaina ez duten enpresak kokatu ahal izateko beharrezkoa izanen balitz. Bideetan egiten diren aldaketen ondorioz ezin izanen da inolaz ere bide horiek egiteak edo kentzeak ukitutako lurzatietan eraikigarritasun indizea handitu.
Urbanizazio proiektuan Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoak Kentzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duten dekretuak aintzat hartu beharko dira.
17. artikulua. Lurzatiketa.
Gutxieneko lurzatia 1.000 m²-koa izanen da.
Udalez gaindiko plan sektorialak planoetan azalduta dagoen bezalaxe definitzen du lurzatiketa, baina lurzatietako batzuk elkartu eta banantzeko aukera ematen du, unean uneko beharren arabera.
Lurzatiketa industriarako lurzoruan:
1.-Planoetako lurzatiketa gutxi gorabeherakoa da. Lurzatiak etxesail itxien gisa definitzen dira hasiera batean, eta lurzatiak ezarpenen beharren arabera banatzeko aukera ematen da, baina betiere gutxieneko azalerari buruz gorago azaldu diren irizpideei loturik.
Geroko lurzatiketetan onartzen da lurzatiak elkartu eta banantzea. Ezarritako gutxieneko lurzatia baino txikiagoak diren lurzatiak ateratzen diren kasuetan, ez dago inola ere lurzatiak banantzerik.
2.-Lurzatiketa aukerakoa izanen da hasiera batean definitutako etxesail bakoitzaren barnean, baina beti eutsiko zaie aurrean azaldutako irizpideei. Elkartze edo banantze baten emaitza den lurzatia jatorrizko lurzatitzat joko da ondorio guztietarako.
Emaitzazko lurzatiaren eraikigarritasuna kalkulatzeko, hura osatzen duten jatorrizko lurzati pusken eraikigarritasunak proportzionalki banatuko dira, puska bakoitzak emaitzazko lurzatiaren azalerari egiten dion ekarpenaren arabera, halako moduan non industria eremu osorako ateratzen den eraikigarritasuna jatorrizko eraikigarritasunaren berdina izanen den.
3.-Lurzati guztiek sarbidea izanen dute bide publikotik.
Lurzatiketa erabilera anitzeko lurzoruan:
Erabilera anitzeko lurzatiak aldatu, elkartu eta banantzeko, xehetasun azterlana egin beharko da, lizentziaren aurretik. Enpresa bakoitza eremuan kokatu baino lehen, xehetasun azterlan hori nahitaez egin beharko da. Bertan lurzatiaren behin betiko antolamendua adieraziko da grafikoki, eta erabilera publikoko espazio pribatuan aparkatzeko tokien gutxieneko kopurua ezarriko da, indarra duen legeriak (agiri honetako araudia barne) eskatzen duen estandarra betez, eta aparkatzeko tokien beharra sortuko duen eraikuntza proposatua kontuan harturik. Erdisotoan ez dauden aparkalekuek beti egon behar dute zabalik, eta horregatik debekaturik dago lurzatiak ixtea. Gainera, erabilera publikoko espazioan aparkatzeko plazei dagokienez, udalez gaindiko plan sektorial honetan bideetarako proposatzen den kopuruari eutsi behar zaio, bideetan egin litezkeen aldaketak gorabehera.
Jarduera ekonomikoetarako eremua sustatzen duen entitateak xehetasun azterlan hori tramitatu behar du udaletxean.
18. artikulua. Aldi bereko urbanizazioa eta eraikuntza.
Los Arcosko Udalak urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egiteko baimena emanen du, baina horretarako behar diren bermeak eskatzen ahalko ditu, hots, lizentziaren xede den lurzatiko urbanizazio obretarako kalkulaturiko kostuaren %20 gehienez, birzatitzeko proiektuan esleituriko urbanizazio kuotaren arabera.
19. artikulua. Bideen sistema orokorra.
Sarbideak NA-129 errepidetik eginen dira, planoetan adierazitakoari jarraikiz.
20. artikulua. Landaredia.
Urbanizazio proiektuan berdeguneetako landare-tratamendua adierazi beharko da, espezieak, kokapena, dentsitatea eta eitea adierazita.
Eremuaren inguruan dauden ezponda guztietan zuhaixkak eta zuhaitzak sartuko dira, hondatzen diren aldeak landareztatzeko eta multzoko eta inguruetako ikuspegia hobetzeko.
21. artikulua. Zaratak. Onar daitezkeen soinu mailak.
Zaratak edo dardarak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan adierazitakoa bete beharko da, edo dekretu hori osatu edo ordezten duten arauek ezartzen dutena.
22. artikulua. Sute eta leherketei aurrea hartzea. Baldintza orokorrak.
Enpresek bermatuko dute ez dutela ez deusik ez kargarik paratuko, sute-ahoetara, urgune finkoetara, itzalgailuetara, segurtasun irteeretara eta abarretara zuzenean ailegatzea traba dezaketenik.
23. artikulua. Leherketa arriskuak.
Hona hemen leherketa arriskua duten jarduerak:
-Indarreko arauetan halako arriskuarekin agertzen direnak.
-Berez edo airearekin nahastean leherketa eragiteko moduko substantziak maneiatzen edo biltegiratzen dituztenak.
Ez da lehertzeko arriskua duen jarduerarik onartuko industrialdean, istripuzko leherketa baten ondorio mekanikoei aurrea hartzeko eta horien aurka babesteko neurriak hartzen ez baditu.
24. artikulua. Urbanizatzeko eta eraikitzeko instalazioetarako xehetasunak.
Ezarri nahi diren instalazio guztiek bete beharko dituzte aplikagarri zaizkien indarreko erregelamendu eta jarraibide teknikoak.
Gainera, gasaren erregulazio estazioek, telefonia zentralek, argindarraren transformazio guneek eta zerbitzu publikoetako gainerako instalazio finkoek ikuspegia hondatu ez dezaten, horien ageriko elementuak xehetasun azterlanen bidez tramitatu behar dira, ez baldin badira eremuko urbanizazio proiektuan sartzen, eta landare edo hiri hornigarrien artean nola ezkutatu edo mozorrotuko diren azalduko da.
III. KAPITULUA
Arau partikularrak: ordenantzak
25. artikulua. Edukia eta aplikazio eremua
Ondoko ordenantza hauek, udalez gaindiko plan sektoriala osatzen duen dokumentua diren aldetik, nahitaez aplikatu beharko dira Estellerriko jarduera ekonomikoetarako eremuaren barnean egiten diren obra, instalazio eta jarduera guztietan.
Halaber, nahitaez bete beharko dira hirigintzari, industria eta eraikuntza jarduerei eta instalazioei dagozkien erregelamendu eta legezko araudi guztiak, indarra badute, baita etorkizunean agertzen direnak ere.
Ordenantza hauek udalez gaindiko plan sektoriala behin betiko onesten den egunean hartuko dute indarra eta indarrean denbora mugagabean iraunen dute, berritzen edo aldatzen diren arte.
26. artikulua. Eskuratzen ahal den aprobetxamendua
Lurzoruaren jabeek eskuratzen ahal duten aprobetxamendua eredu-aprobetxamenduaren %90 izanen da, edo indarra duen araudiari jarraituz aplikatzen ahal dena.
27. artikulua. Urbanizazio proiektua
Udalez gaindiko plan sektoriala urbanizazio eta birzatitze proiektuen bidez garatuko da.
Urbanizazio proiektuak exekuzio faseetan zatitu ahal izanen dira, baina betiere lehenbiziko fasean antolatu beharko da bide sistema orokorretik egin beharreko sarbidea.
Nafarroako Gobernuaren herri lanen gaineko planetan aldaketak egiteagatik bide sare nagusitik oraingo sarbidea aldatzen bada ere, plan sektoriala ez da aldatuko, betiere aldaketok funtsezko eraginik ez badute industrialdearen barneko bide-sisteman.
28. artikulua. Eraikitzeko lizentziak
Eraikitzeko udal lizentzia emateko, Udalari proiektu teknikoa aurkeztu beharko zaio; hartan, eraikin eta langelak definitzeaz gain, okupatu beharreko lurzatiaren barnean urbanizatzeko obrak sartuko dira.
Gainera, erabilera anitzeko ekipamendurako lurzatietan, 17. artikuluan aipatutako xehetasun azterlana tramitatu behar da aldez aurretik.
29. artikulua. Jarduera lizentzia
Jarduera lizentziak aldi bakoitzean indarra duen legediarekin bat tramitatuko dira.
IV. KAPITULUA
Hirigintzako araudi partikularra eta eraikuntzari buruzko arauak
30. artikulua. Lurzatietako sarbideak
Lurzatien barrenean edozein obra egin baino lehen, lurzatiaren aurreko hodi guztiak sendotu eta babestu beharko dira, gero ibilgailuak lurzatira sartzeko behin betiko bidea paratuko den alde osoan. Jabearen kontura izanen da sendotze lan hori.
Xehetasun azterlana nahitaez egin behar den lurzatietan, sarbideen kokapena eta neurriak xehetasun azterlanean adieraziko dira.
Betiere, hodiak, kutxetak, zintarriak edo industrialdeko beste instalazio orokor batzuk hondatu edo hautsiz gero, batez ere obrak egiten direnean, berehala konpondu beharko dira lurzatiaren esleipen-hartzailearen kontura.
Orobat, jabearen eginkizuna izanen da urbanizazioa osatzea bere lurzatiak okupatzen duen aurrealde guztian, bide publikoraino; horretarako, dagozkion espaloi tarteak egin beharko ditu, baita bertan sartzeko beharrezkoak diren zintarriko koxkak kentzeko lanak eta bere lurzatiaren kanpoaldeko berdegunearen egokitzapenak ere.
Lurzatietara sartzeko eremuak errodadura-geruzak duen ubidea izanen du muga, alde batetik, eta lurzatiaren itxitura, bestetik. Ubidea ez da inola ere moztuko. Erabili beharreko materiala urbanizazio proiektuan adieraziko da.
31. artikulua. Industrialdeko zerbitzu orokorrekiko lotura
Lurzati bakoitzak lotura bakarra izanen du ura banatzeko sare orokorrarekin eta argindar, telefono eta abarren sareekin, eta jabearen kontura izanen dira lotura paratzearen ondoriozko gastuak eta kostuak.
Ura banatzeko sareko hartunea horretarako aurreikusten diren adarretan eginen da, eta lurzatiaren barnean ur-kontagailu bakarra paratu beharko da, adierazten zaion motakoa, eta aise iristeko moduko lekuetan, haren irakurketa eta kontrola egiteko.
Halaber, hartunearen tokian ura eteteko giltza paratu beharko dute, sare orokorraren ondoan, baita behar den kutxeta ere, hura jadanik egina ez badago.
Enpresa banatzaileek edo paratzaile baimenduek eginen dituzte argindarraren eta telefonoaren sareekiko loturak, eta lurzatiaren jabearen kontura izanen dira legez dagozkion gastuak eta kostuak, une bakoitzean indarra duen araudi orokorrean xedatutakoari jarraikiz.
Hondakin uren eta euri uren kolektoreekiko loturek ezarri behar den eskualdeari dagokion ur-mankomunitatearen arauak eta hondakin-urak kolektore publikoetara isurtzeko legedian ezarritakoak bete beharko dituzte.
Betiere, baimenik gabeko inork ez du loturarik eginen industrialdeko zerbitzu orokorrekin, eta ez du sareetan, hodietan eta instalazioetan eskurik sartuko aldez aurretik Udalaren baimena eskuratu gabe.
32. artikulua. Lurzatietako itxiturak
Bide publikora ematen duen aurrealdean, lurzatiko itxitura "in situ" egindako hormigoizko zokaloa izanen da 0,60 metroko garaieraraino. Gainean metalezko itxitura zurruna jarriko zaio 2,00 metroraino, horixe izanen baita gehieneko garaiera osoa. Hutsarteak gutxienez itxituraren %70 izanen dira. Metalezko itxiturak akabera berdea izanen du.
Itxitura horren kanpoaldea erabilera publikoko aparkalekuetarako zona pribatua erabilera publikoko berdegune pribatutik bereizten duen lerrokaduraren gainean egonen da.
Lurzatien arteko mugetan, itxiturak alanbre malguz egindako sare berdeak izanen dira, kolore bereko barra metalikoetan bermatuak, eta gehienez ere bi metroko garaiera izanen dute lurzatietako sestren gainetik.
Berdeguneei begira, lurzatiaren barnean, itxituraren paraleloan, espezie hostoiraunkorrak (Viburnus tinus) landatuko dira 50 cm-tik behin. Gutxienez 0,7 metroko garaiera duten landareak sartuko dira.
Itxituretako zokaloen garaiera behereneko puntuan neurtuko da. Malda handiko bideen ondoko itxituretan mailak onartuko dira (gehienez ere 60-100 cm).
Erabilera anitzeko lurzatietan itxiturak debekaturik daude. Halaber, lan orduetan, industria lurzatietako aparkalekuak hartuko dituzten erabilera publikoko espazio libre pribatuetara sartzeko bidea zabalik egonen dela bermatu beharko da. Hortaz, ibilgailuak bide publikotik espazio horietara sartzeko ateak ezin izanen dira itxi.
Lurzatietako itxituretako ateak:
Lurzatietako itxituretako ateak beren planoan lerratuz zabalduko dira eta goian kordoi horizontala izanen dute. Metalezko panel zurrunaz eginen dira, eta haien gehieneko garaiera ondoan daukaten hesiarena bera izanen da. Hutsarteak gutxienez %70 izanen dira, eta akabera berdea izanen da. Pasabidea 2,5 m zabal izanen da gutxienez.
Ondoko lurzatiko mugatik bereiz eraiki behar den lurzatietan, sarbideen kokapena aukerakoa izanen da. Beren eraikuntza beste bati atxikia izan dezaketen lurzatietako sarbideak bat eginda kokatuko dira bi lurzatitik behin, eta haien kokapena 17. artikuluan eskatzen den xehetasun azterlanean zehaztuko da.
Lurzoru publikoa (bideak eta espaloiak) erabilera publikoko lurzoru pribatutik bereizten duten ateak zabalik utziko dira industria jarduerako lan orduetan.
33. artikulua. Lerrokadurak.
Eraikuntzaren lerrokadurak "Lerrokadurak eta sestrak" izenburuko O.2 planoan ageri dira. Eraikuntzaren lerrokadurek lurzati bakoitzean gehienez okupatu daitekeen azalera definitzen dute. Azalera hori ezinbesteko erreferentzia da eraikigarritasuna kalkulatzeko. Lerrokadura horiek nahitaezkoak dira aipatu planoan ageri diren aurrealde eta alboetan.
Grafikoetan ageri ez diren lurzatiketen kasuan, irizpide orokor gisa, eta kontuan izanik plan sektorial honetan definitutako lurzatiketa gutxi gorabeherakoa dela, gehieneko lerrokadurek jarraian ematen diren erreferentzien arabera definituko dute lurzatiaren albo-mugetarainoko distantzia:
LURZATIAK | ERAIKUNTZAREN ETA LURZATIKO MUGAREN ARTEKO PASABIDEAK |
Izkinako lurzatiak, sakonera < 100 m | Ez da eskatuko |
Bi bideren arteko lurzatiak, sakonera < 100 m | Ez da eskatuko |
Bide baten eta berdegune baten arteko lurzatiak, sakonera < 100 m | Ez da eskatuko |
Sakonera < 60 m duten lurzatiak | Ez da eskatuko |
Bestelako lurzatiak | Eraikuntzaren eta lurzatiko mugaren artean bereizteko 5 m-ko pasabidea utzi behar da |
34. artikulua. Gehieneko azalera eraikia.
Lurzati bakoitzeko gehieneko azalera eraikia araudi honen 1. eranskinean azaltzen da.
Lurzatiak elkartzen direnean, lurzati baten eraikigarritasuna lortzeko, hura osatzen duten jatorrizko lurzati puskak (planoetan eta erantsitako taulan ageri direnak) hartu eta haien eraikigarritasunak proportzionalki banatuko dira, puska bakoitzak emaitzazko lurzatiaren azalerari egiten dion ekarpenaren arabera, halako moduan non industria eremu osorako ateratzen den eraikigarritasuna jatorrizko eraikigarritasunaren berdina izanen den.
Horri dagokionez, erdisotoen eta sotoen azalera ez da azalera eraikitzat hartuko ondoko baldintza hauek betetzen baditu (ikus 2. eranskina):
-Kasuan kasuko forjatuaren perimetroaren %50 baino gehiago jatorrizko lurraren kotatik beheiti gelditzen bada 1,50 metro baino gehiago (forjatu bukatua denean).
-Kasuan kasuko forjatuaren perimetroan itxiera hormak eraikiz gero, horiek eustormak izan behar lukete, 1 m baino garaiera handiagokoak, perimetroaren %50 baino gehiagoan.
-Aitzineko baldintzak betez gero, erdisototzat joko da aztertzen den oinaren azalera, haren sabaia jatorrizko lurraren gainetik 2,5 metro baino gehiagora ez badago (sabaiko forjatuaren goiko kotatik neurturik) proiektuaren eta jatorrizko lurraren edozein profil gainjarritan.
Industriarako lurzatietan ez da onartuko soto edo erdisotorik egitea beheko solairuko eraikuntzaren gehieneko okupazioaren mugetatik kanpo.
35. artikulua. Espazio libreak lurzatien barnean.
Aparkalekuak erabilera publikoko espazio libre pribatuan eginen dira, "Lurzoruaren erabilerak" izeneko O-1 planoan adierazitako atzeraemanguneek zehazten duten espazioan. Aparkalekuak eta gurpildunendako guneak behar bezala zolatuak eta mugatuak egon beharko dira. Halaber, lan orduetan, aparkalekuak hartuko dituzten erabilera publikoko espazio libre pribatuetara sartzeko bidea zabalik egonen dela bermatu beharko da. Hortaz, ibilgailuak bide publikotik espazio horietara sartzeko ateak ezin izanen dira itxi.
Aparkalekuetarako erabilera publikoko espazio libre pribatua, xehetasun azterlan baten bitartez, erabilera pribatuko espazio libre pribatu bilakatu ahal izanen da, grafikoetan emandakoa bera ez den lurzatiketa egiten bada eta lurzatiak 20.000 m² baino gehiago baditu.
Sarbide eta berdeguneetarako erabilera publikoko eremu pribatuetan zilegi izanen da lurzatiaren sarrera egitea. Berdegunearen gainerako puska berdegune gisa antolatu beharko da. Horrenbestez, lurzatiaren jabeak ureztatzeko sistema jarri beharko du eta landare-espezieak sartu. Zona horiek mendeko finkak izanen dira, azpiegituren eta zerbitzuen pasabidearen ondorioetarako, are mantentze-lanak egiteko ere, eta horrela ezarri beharko da birzatiketa proiektuan.
Sarbide eta berdeguneetarako eta aparkalekuetarako erabilera publikoko eremu pribatuen mantentze-lanak jabearen kargura eta kontura izanen dira.
Lurzatiaren barreneko gainerako espazio libreari zoladura emanen zaio, edo berdegunea izanen da; eraikuntza proiektuan ezarritakoaren arabera urbanizatuko da, eta egoera onean mantenduko da estetikaren eta garbitasunaren aldetik. Hartan aparkatzeko plazak jarriko dira, zenbat eta, galdatzen diren gutxienekoez gain, industriak dituen langile eta premia guztiendako aski.
Debeku da erabat fatxaden eta bide publikoaren arteko eremu libreak salgaiak edo beste gauza batzuk biltegiratzeko erabiltzea, baita bertan edozein instalazio egitea ere (autoak babesteko pergolak eta markesinak izan ezik).
Eraikinaren eta lurzatiaren alboko eta atzeko mugen artean bereizteko pasabideak planoetan zehaztutakoak izanen dira, edo 33. artikulua aplikatzearen ondorioz behar direnak. Eraikinaren eta lurzatiko mugen arteko pasabideak beti oztoporik gabe egonen dira.
Erabilera anitzeko lurzatietan, berdegune eta aparkalekuetarako espazio publikoak, 17. artikuluan adierazten den moduan, xehetasun azterlanaren bidez arautuko dira.
36. artikulua. Aparkalekuak.
Aparkalekuak eta gurpildunentzako eremuak lorategiekin behar bezala mugatuak egonen dira, haien inpaktua gutxitzeko. Begi-inpaktu horretatik lorategien edo zuhaixken bidez babesteko neurriak proiektuan adierazi beharko dira.
Kokatzen diren enpresek lurzoru publikoan aparkatzeko aurreikusitako plazen kopurua handitu beharko dute, erabilera publikoko espazio libre pribatuan aparkatzeko plazak eginez, lurzatiaren tamainaren arabera eska daitekeen gutxieneko kopurura iritsi arte. Plaza kopuru hori apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 26.B artikuluan ezarri zen. Dekretu hori azaroaren 22ko 589/1999 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen. Bertan gutxieneko erreserba hauek (Rmin) ezarri ziren:
-Batez beste 1.500 m² baino gutxiago dituzten lurzatietan zatitutako industrialdeetan: aparkatzeko toki bat eraikitzen den 70 m²-ko tarte bakoitzeko, erabilera publikoko espazioetan.
-Batez beste 1.500 m² baino gehiago eta 3.000 m² baino gutxiago dituzten lurzatietan zatitutako industrialdeetan: aparkatzeko toki bat eraikitzen den 100 m²-ko tarte bakoitzeko, erabilera publikoko espazioetan.
-Batez beste 3.000 m² baino gehiago eta 5.000 m² baino gutxiago dituzten lurzatietan zatitutako industrialdeetan: aparkatzeko toki bat eraikitzen den 150 m²-ko tarte bakoitzeko, erabilera publikoko espazioetan.
-Batez beste 5.000 m² baino gehiago eta 20.000 m² baino gutxiago dituzten lurzatietan zatitutako industrialdeetan: aparkatzeko toki bat eraikitzen den 200 m²-ko tarte bakoitzeko, erabilera publikoko espazioetan.
-Batez beste 20.000 m² baino gehiago dituzten lurzatietan zatitutako industrialdeetan: ez da beharrezkoa izanen espazio publikoan aparkatzeko plazarik aurreikustea.
-Hirugarren sektoreko jardueretarako eremuak, saltoki handiak izan ezik: aparkatzeko toki bat eraikitzen den 50 m²-ko tarte bakoitzeko, erabilera publikoko espazioetan.
Hona hemen formula bat lurzati bateko erabilera publikoko lurzoru pribatuan aparkatzeko plazen gutxieneko kopurua (A) kalkulatzeko:
A (lurzatiko erabilera publikoko lurzoru pribatuan aparkatzeko plazak, gutxienez) = ( Eppro / Rmin ) - App
Azalpena:
Eppro: proiektatu eta gauzatu den azalera eraikia.
Rmin: lurzatiaren azaleraren arabera 589/1999 Foru Dekretuak eskatzen duen gutxieneko erreserba.
App: lurzatiari lurzoru publikoan aparkatzeko dagozkion plazen kopurua.
Industria lurzati bakoitzari lurzoru publikoan aparkatzeko dagozkion plazen kopurua (App) kalkulatzeko, lurzoru publikoan aparkatzeko plazen kopuru osoa (Apt) proportzionalki banatu behar da, lurzati bakoitzaren gehieneko eraikigarritasunak (Ep) industria eremuko industria erabilerarako eraikigarritasun osoan (Eti) hartzen duen portzentajearen arabera. Formula gisa adierazita:
App (lurzoru publikoan aparkatzeko plazen banaketa proportzionala) = Apt x Ep / Eti
Erabilera anitzeko lurzatietan, (App) balio hori zero da, hau da, lurzati horiek ez dute bide publikoetan aparkatzeko plazarik behar.
Erabilera anitzeko lurzatietako aparkalekuak sotoan egiten badira, aparkalekuen azalera eraikuntzak beheko solairuan duen okupazioa baino handiagoa izan daiteke. Halako lurzatiek aparkatzeko plaza bat izanen dute eraikitzen den 50 m²-ko tarte bakoitzeko.
Erabilera anitzeko lurzatietan, berdegune eta aparkalekuetarako espazio publikoak, 17. artikuluan adierazten den moduan, xehetasun azterlanaren bidez arautuko dira.
Plaza kontaketari dagokionez, aparkatzeko zelaiguneetan, 25 m²-ko okupazioa kontatuko da gutxienez aparkatzeko plaza bakoitzeko.
Erabilera publikoko lurzoru pribatuko zelaiguneak aski ez badira behar diren aparkalekuetarako, horiek eraikinen erdisoto edo sotoetan paratuko dira, sarbide publikoa izanen dutela, betiere gehieneko eraikigarritasun indizea duen aldean egiten ez badira.
Lurzati bateko sarbide guztien zabalera 10 metrotik gorakoa denean, lurzatiaren barrenean jarri beharreko aparkaleku kopurua handitu beharko da, zenbat eta 10 metrotik gorako sarbideetatik bide publikoan kentzen diren aparkalekuen kopuru bera.
Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea aldatu zuen martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legeak aparkalekuei buruz ezartzen duena betetzearren, mugikortasun mugatua dutenak garraiatzeko ibilgailuentzako erreserba eginen da, hain zuzen, aparkatzeko plaza guztien %6, lege hori garatzeko erregelamenduan ezartzen diren baldintzetan. Nolanahi ere, lege eta erregelamendu horiek diotena beteko da, hala nola horiek osatu edo ordezteko legediak ezartzen duena.
37. artikulua. Fatxadak eta estalkiak.
Fatxaden osaera, materialak eta koloreak nahierara aukeratuko dira, alde guztietan.
Fatxadetan erabili beharreko materialak, edozein dela ere fatxada horien orientazioa, kalitate onekoak izanen dira, gutxienez zarpeatu eta pintatuta emanen zaie akabera, edo bestela bistako hormigoi bloke aurrefabrikatua erabiliko da. Ahaleginak eginen dira fatxada nagusi guztiek itxura estetiko ona izan dezaten, eta halaber industrialdeko espazio publikoetatik oso-osorik ez bada ere ikusten diren mehelinetan ere.
Eraikuntza atxikien kasuan: fatxada nagusiaren goialdean alderik alde, aurrealde homogeneo horizontala jarriko da, 3 m garai. Zuriz lakatutako txapa leuna izanen da. Goiko hiru metro horietan fatxada nagusiak ez du ezer edukiko atxikirik, ezta baorik ere, indarreko araudia betetzen duten errotuluak izan ezik. Fatxada nagusiak luzera osoan 10 m-ko garaiera izanen du, espaloiko sestra altuenetik fatxadaren goialderaino neurtuta, lurzatiaren aurreko mugan.
Eraikuntza bat atxikia dela ulertuko da bertatik alboko lurzatiko mugara 4,5 metro baino gutxiagoko tartea badago.
Honako hauek hartuko dira fatxada nagusitzat: bide-sistemara jotzen duten fatxada guztiak, erabilera anitzetarako lurzatietara jotzen duten alboko fatxadak, eta alboko fatxaden lehenbiziko 5 metroak, mehelinak ez badira edo bide batekiko gehieneko lerrokadura duten lurzatiekin mugakide badira.
38. artikulua. Eraikinen garaiera.
Eraikuntzen gehieneko garaiera lurzatiaren tamainaren araberakoa izanen da. Hona irizpideak:
Azalera 10.000 m²-tik beherakoa duten industria lurzatietan, 10 m, estalkiko egituraren azpialderaino neurtuta.
Azalera 10.000 m²-tik gorakoa duten industria lurzatietan, 15 m, estalkiko egituraren azpialderaino neurtuta.
Erabilera anitzeko lurzatietan, gehieneko garaiera 10 m izanen da, estalkiko egituraren azpialderaino neurtuta.
Eraikuntza atxikietan, fatxada nagusiak luzera osoan 10 m-ko garaiera izanen du, espaloiko sestra altuenetik fatxadaren goialderaino neurtuta, lurzatiaren aurreko mugan.
Enpresak bere produkzio prozesua dela-eta garaiera handiagoaren beharra badu, horren justifikazioa aurkeztu beharko du lizentziaren xede den proiektuan.
39. artikulua. Sestrak.
Eraikinen zolak bide publikoko espaloia baino beherago para daitezke, betiere hondakin uren eta euri uren behar bezalako hustuketa bermatzen bada.
Nolanahi ere, beharrezkoa baldin bada, dagokion betelana edo material metaketa egin beharko da, baita lurzatiaren barnean behar diren zelaitze lanak ere, betiere jabearen kontura.
40. artikulua. Mehelinak.
Mehelinari atxikita noizbait erabilera desberdineko beste etxe bat eraikitzeko aukera egonez gero, mehelinak goialdean petrila eduki behar du, gutxienez metro batekoa, estalkiaren gainaldetik neurtuta, eta kasuan kasuko jardueraren arabera suaren kontrako erresistentzia egokia duena, sua eraikin batetik bestera igaro ez dadin.
Lurzati eraikiezinetako mehelinetan, espazio libre pribatuei jarraipena ematen ahalko zaie barrenetik, leku horretan itxiturarik egin gabe, ukitutako jabeek horrela adosten badute. Bi aldeek eskatzen badute, dagokion artikuluan adierazitako irizpideekin bat eginen da itxitura hori, eta bi jabeen kontura. Sestrek jarraipenik ez badute, hormigoizko hormatxo baten bidez osatuko dira leku horretan, lurzati bakoitzean urak beren aldetik hustuko direla bermatuko duena.
41. artikulua. Bulegoak eta etxebizitzak.
Industria jardueretarako bulego osagarriak instalatzea onartuko da.
Eraikitako 5.000 metro karratu baino gehiago dituzten lurzatietan, haien zerbitzurako baizik ez diren etxebizitzak onartuko dira. Lurzati bakoitzeko etxebizitza bat egiten ahalko da gehienez, eta haien azalera, gehienez, 120 metro karratu.
Bulegoek eta etxebizitzek bide publikoari begira izanen dute fatxada, lurzati bakoitzeko nahitaezko lerrokaduran, edo bestela eraikuntza bakartuak izanen dira, baina betiere gehieneko lerrokaduren barnekoak.
42. artikulua. Errotuluak eta iragarkiak.
Instalazioetako errotulu eta logotipoak fatxadetan jarriko dira. Horien diseinua eta materialak eraikuntza proiektuan sartuko dira. Fatxadaren lerrotik kanpora gehienez ere 7 cm irten ahalko dira. Debekaturik daude bandera moduko errotuluak.
Lurzatietako itxituretan edo eraiki gabeko espazio pribatuetan errotuluak jarri ahalko dira, 1 m-tik beherako garaiera badute eta lurretik 1,50 metro baino gutxiagora kokatzen badira. Letra solteak edukiko dituzte, gehienez ere 50 cm garai, horma-atal itsuaren gainean, eta logotipoa 100 x 100 cm-koa izanen da gehienez.
43. artikulua. Markesinak
Ibilgailuak eta pertsonak babesteko markesinak jartzea onartuko da, sarrera-irteeretan. Gehieneko sakonera 5 m izanen da.
44. artikulua. Tximiniak eta elementu arkitektoniko adierazgarriak
Eraikinarentzat erreferentziazko eta formazko adierazle garrantzitsuak diren elementu arkitektonikoak jartzea baimentzen da, baina beti eraikin-bolumentzat hartuko dira, okupazioa eta eraikigarritasuna kalkulatzeko.
45. artikulua. Landaretza
Lurzati bakoitzeko barneko urbanizazio proiektuan berdeguneetako landare-tratamendua adierazi beharko da, espezieak, kokapena, dentsitatea eta eitea adierazita.
1. fitxa. Egiturazko determinazioak:
- Lurzoruaren sailkapena: lurzoru urbanizagarri, sektorizatu eta antolatua.
- Sektorearen azalera: 465.455 m²
- Bideen sistema orokorra barne.
- Sistema orokorraren azalera: 11.099 m²
- Antolamendurako oinarrizko baldintza eta irizpideak.
- Eredu-aprobetxamendua: 0,51 m²/m²
- Erabilera orokorra: industria
Plan sektorial honetako gainerako determinazioak determinazio xehakatuak dira, 35/02 Foru Legearen 49.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.
ERANSKINAK
Araudi honen osagarri gisa, "Lurzatiei buruzko arauak: laburpen taula" izenekoan zehatz azaltzen dira gehieneko okupazioak eta eraikuntzen azalera eraikigarriak, behin betiko lurzatiketan ezartzen diren lurzatietarako. Solairu bat erdisototzat jotzeko baldintzen grafikoak ere erantsi dira.
ARAUDIAREN 2. ERANSKINA Lurzatiei buruzko arauak: laburpen taula |
INDUSTRIARAKO LURZATIAK | AZALERA | GEHIENEKO OKUPAZIOA OINPLANOAN | ERAIKIGARRITASUNA | PRIBATUA, ERAB. PUBL. APARKALEKUA | PRIBATUA, ERAB. PUBL. BERDEGUNEA | PRIBATUA |
1.1 | 2.389 | 906 | 1.178 | 1.065 | 314 | 104 |
1.2 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
1.3 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
1.4 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
1.5 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
1.6 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
1.7 | 5.999 | 3.382 | 4.058 | 550 | 138 | 1.929 |
1.8 | 6.262 | 3.765 | 4.518 | 553 | 138 | 1.806 |
1.9 | 6.262 | 3.765 | 4.518 | 553 | 138 | 1.806 |
1.10 | 6.262 | 3.765 | 4.518 | 553 | 138 | 1.806 |
1.11 | 6.262 | 3.765 | 4.518 | 553 | 138 | 1.806 |
1.12 | 6.262 | 3.765 | 4.518 | 553 | 138 | 1.806 |
1.13 | 5.916 | 3.464 | 4.157 | 700 | 57 | 1.695 |
1. ETXESAILA, GUZTIRA | 52.619 | 31.107 | 37.873 | 6.625 | 1.609 | 13.278 |
2.1 | 2.231 | 906 | 1.178 | 1.091 | 131 | 103 |
2.2 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
2.3 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
2.4 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
2.5 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
2.6 | 1.401 | 906 | 1.178 | 309 | 82 | 104 |
2. ETXESAILA, GUZTIRA | 9.236 | 5.436 | 7.068 | 2.636 | 541 | 623 |
3.1 | 16.379 | 10.650 | 11.715 | 0 | 352 | 5.377 |
3.2 | 26.224 | 18.436 | 19.727 | 0 | 441 | 7.347 |
3.3 | 37.381 | 27.663 | 29.046 | 0 | 503 | 9.215 |
3.4 | 40.231 | 30.253 | 31.766 | 0 | 357 | 9.621 |
3.5 | 65.261 | 47.152 | 49.510 | 0 | 0 | 18.109 |
3.6 | 28.547 | 17.678 | 19.446 | 0 | 0 | 10.869 |
3. ETXESAILA, GUZTIRA | 214.023 | 151.832 | 161.210 | 0 | 1.653 | 60.538 |
INDUSTRIA LURZATIAK, GUZTIRA | 275.878 | 188.375 | 206.151 | 9.261 | 3.803 | 74.439 |
ERABILERA ANITZEKO LURZATIAK | AZALERA | GEHIENEKO OKUPAZIOA | ERAIKIGARRITASUNA | PRIBATUA, ERAB. PUBL. ZOLADUNA GEHIENEZ | PRIBATUA ERAB. PUBL. BERDEGUNEA GUTXIENEZ | PRIBATUA |
POL-1 | 5.749 | 1.725 | 5.175 | 2.080 | 1.944 | 0 |
POL-2 | 12.439 | 3.732 | 11.196 | 6.362 | 2.345 | 0 |
ERABILERA ANITZEKOA, GUZTIRA | 18.188 | 5.457 | 16.371 | 8.442 | 4.289 | 0 |
LURZATIAK, GUZTIRA | 294.066 | 193.832 | 222.522 | 17.703 | 8.092 | 74.439 |
Erdisoto izateko baldintzak. Azalpen-grafikoak
Jarraian grafikoki adierazten da zer-nolako irizpideak erabili behar diren solairu bat erdisoto edo sototzat jotzeko eta, beraz, azalera eraikigarriaren zenbaketan hura kontuan ez hartzeko.
1. baldintza: kasuan kasuko forjatuaren perimetroaren %50 baino gehiago jatorrizko lurraren kotatik beheiti gelditzen bada 1,50 metro baino gehiago (forjatu bukatua denean).

2. baldintza: kasuan kasuko forjatuaren perimetroan itxiera hormak eraikiz gero, horiek eustormak izan behar lukete, 1m baino garaiera handiagokoak, perimetroaren %50 baino gehiagoan.

3. baldintza: aitzineko baldintzak betez gero, erdisototzat joko da aztertzen den oinaren azalera, haren sabaia jatorrizko lurraren gainetik 2,5 metro baino gehiagora ez badago (sabaiko forjatuaren goiko kotatik neurturik) proiektuaren eta jatorrizko lurraren edozein profil gainjarritan.

Jatorrizko lurraren kota, edo jatorrizko lurra, urbanizazio proiektuan definitutako behin betiko lurra da.
Iragarkiaren kodea: F0921882
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
