117. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

EBAZPENA, 2009ko abuztuaren 20koa, Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Comptos Ganberako auditore izateko lanpostu huts bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak, 2009ko abuztuaren 20an, honako ebazpen hau eman zuen:

Erakunde honen plantilla organikoan aurreikusirik dago Ganberaren zerbitzuko auditore lanpostu bat, eta lanpostu hori betetzeari dagokionez, Nafarroako Comptos Ganberako idazkari nagusiak proposamen-txostena eman du abuztuaren 18an. Halaber, Erakundearen Zerbitzu Juridikoek, kontu-hartzailetzakoek eta administratzaileak aldeko txostenak eman dituzte. Horiek horrela, proposamen-txostena ikusirik,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.-Nafarroako Comptos Ganberaren zerbitzuko auditore izateko lanpostu huts bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea. Deialdia eranskineko oinarriekin bat etorriko da.

Bigarrena.-Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 20an.-Lehendakaria, Luis Muñoz Garde.

Deialdia, Nafarroako Comptos Ganberaren zerbitzuko auditore izateko lanpostu huts bat oposizio-lehiaketa bidez betetzekoa

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako Comptos Ganberaren zerbitzuko auditore izateko lanpostu huts bat lehiaketa-oposizio bidez eta txanda irekian betetzea.

1.2. 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan edo, bestela, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hori garatu eta betearazteko sarrera erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat burutuko da oposizio-lehiaketa.

1.3. Deialdiaren bidez izendatutako izangaiak Nafarroako Comptos Ganberako funtzionarioentzat eta, bereziki, auditore lanpostuarentzat ezarritako eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen ditu.

Comptos Ganbera arautzen duen 19/1984 Foru Legearen 16. artikuluan eta erakunde horren antolaketari buruzko erregelamenduaren 3. artikuluan (Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2007ko 19 zenbakian, martxoaren 2koan) ezarritako eginkizunak izanen ditu; besteak beste, honakoak: Foru Komunitateko funts publikoen kudeaketa ekonomikoa egiaztatu, ikertu eta ikuskatzea; horretarako eratzen diren fiskalizazio eta ikuskapen taldeak zuzentzea; agintzen zaizkion fiskalizazio lanak planifikatzea; Comptos Ganberako lehendakariak agintzen dizkion lanen gaineko txosten eta ondorioen zirriborroak egin eta hari aurkeztea; eta Comptos Ganberako lehendakariak ezartzen ahal dizkion beste guztiak, betiere bere eskumeneko eremuan.

1.4. Izendapenak Comptos Ganberako nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak eta indarra duten eskubide eta eginbeharrak izanen dituzte.

1.5. Lanpostua A mailakoa da eta horri dagozkion ordainsariak izanen ditu, eta Nafarroako Comptos Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.

1.6. Izendatzen den funtzionarioa Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartu eta afiliatuko da, araubide horren babesean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta hori osatzen duten xedapenetan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubideko kidea bada, kasu horretan aukera izanen baitu araubide horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.7. Izendatzen den izangaiak destinoko lekuan bizi beharra du eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko du bizilekua.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko du Comptos Ganberako lehendakariak.

2. oinarria.-Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Lanpostua oposizio-lehiaketa bidez beteko da, Nafarroako Comptos Ganberari buruzko abenduaren 19ko 19/1984 Foru Legearen 28. artikuluan eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Deialdian onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Merkataritzako irakaslea, Zuzenbideko lizentziaduna edo Ekonomia nahiz Enpresa Zientzietako lizentziaduna izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietakoren bat eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Aurreko baldintzak deialdi honen 3. oinarrian ezarritako epean eta eran egiaztatu beharko dira. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. arau honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak hautapen prozesuak iraun bitartean bete beharko dituzte. Hautapen prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3. oinarria.-Eskaerak.

3.1. Oposizio-lehiaketan parte hartu nahi dutenek eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide baten bidez, eredu ofizialarekin bat (deialdi honen I. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea eta telefonoa, halakorik badute.

3.2. Honako hauek erantsi behar zaizkio eskabideari:

-Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duten ziurtagiriak.

-Alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua, II. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, eta haien frogagiriak, behar bezala kautotuak.

3.3. Eskabideak Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta egun eta ordu baliodunetan aurkeztuko dira Nafarroako Comptos Ganberako Erregistro Orokorrean (astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30 bitarte) deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epearen barruan. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduan ere igortzen ahal dira deialdi honetan parte hartzeko eskabideak.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

3.4. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskaeran eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko legezko ezgaitasuna frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4. oinarria.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Onartutako eta baztertutako izangaien izen-deiturak agertuko dira zerrenda horretan.

4.2. Interesdunek egoki deritzeten erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta akatsik izan bada, zuzendu, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun naturaleko epearen barruan.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. oinarria.-Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Hona hemen oposizio-lehiaketako epaimahaiko kideak:

Mahaiburua:

-Luis Ordoki Urdazi jauna, Nafarroako Comptos Ganberako idazkari nagusia.

Ordezkoa: José Luis Ezquerro Royo jauna, Nafarroako Comptos Ganberako legelaria.

Mahaikideak:

-Lourdes Torres Pradas andrea, Zaragozako Unibertsitateko Kontabilitate Publikoko katedraduna.

Ordezkoa: Vicente Pina Martínez jauna, Zaragozazko Unibertsitateko Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko katedraduna.

-Miguel Ángel Astiz López de Letona jauna, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko auditorea.

Ordezkoa: Enrique Lumbreras Tutor jauna, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko auditorea.

-Asunción Olaechea Estanga andrea, Nafarroako Comptos Ganberako auditorea, langileen batzordearen ordezkari.

Ordezkoa: Jesús Muruzabal Lerga jauna, Nafarroako Comptos Ganberako auditorea, langileen batzordearen ordezkari.

Idazkaria:

-Ignacio Cabeza del Salvador jauna, Nafarroako Comptos Ganberako auditorea.

Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Nafarroako Comptos Ganberako legelaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin osatu beharko da. Ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, bertan mahaikide gehienak ez badira.

5.3. Epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Deialdi honen arauak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu.

5.5. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehenik lehiaketaldia izanen da eta ondoren oposizioaldia. Lehiaketaldiaren balorazioa 30 puntu artekoa izanen da eta oposizioaldiarena 70 puntu artekoa; horietatik 60 puntu izanen dira ariketa praktiko eta teorikoetakoak eta 10 puntu proba psikoteknikokoak.

6.2. Lehiaketaldia.

6.2.1. Lehiaketaldian 30 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez. Fase hori 2010eko otsailaren 28a baino lehen ebatziko da eta ez da izanen izangaiak baztertzekoa. Alegatu eta egiaztatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Honela banatuko dira puntuak:

a) Merezimendu akademikoak, gehienez ere 5 puntu.

b) Esperientzia auditoretzan, gehienez ere 15 puntu.

c) Lanbide esperientzia izatea aurreko atalean baloratu gabeko arlo ekonomiko-finantzarioetan, gehienez ere 6 puntu.

d) Auditorearen eginkizunekin zerikusia duten beste merezimendu batzuk, hala nola, hizkuntzak jakitea, mintegi eta biltzarretan aurkeztutako txosten eta komunikazioak, aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikuluak, prestakuntza ikastaro espezializatuetan parte hartu izana, eta abar: gehienez ere 4 puntu.

6.2.2. Alegatutako merezimendu guztiak agirien bidez frogatu beharko dira, izangaiek oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

6.2.3. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

6.2.4. Lehiaketaldiko merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, Nafarroako Comptos Ganberako iragarki oholean, eta hamar egun naturaleko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.

6.2.5. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta epaimahaiak horiek ebatzi ondoren, Comptos Ganberako iragarki oholean argitaratuko da izangaiek lehiaketaldian lortutako behin betiko puntuazioen zerrenda. Gero oposizioaldian lortzen direnei gehituko zaizkie, horrela oposizio-lehiaketan izandako puntuazio osoa aterako baita.

6.3. Oposizioaldia.

6.3.1. Oposizioaldia 2010eko irailaren 1etik aurrera hasiko da. Comptos Ganberako iragarki oholean argitaratuko dira lekua, eguna eta ordua, izangaiek lehiaketaldian lortutako puntuazioekin batera.

6.3.2. Oposizioaldian bi ariketa eginen dira, bata praktikoa eta bestea teorikoa, eta bakoitzaren barnean bi proba eginen dira. Guztira 60 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.3.3. Oposizioaldiko ariketa praktikoa eginen da lehendabizi. Gehienez ere 30 puntuko balorazioa lortuko da, eta bi proba egin beharko dira:

a) Lehen proba praktikoa. Lau orduz, auditoretza publiko edo/eta pribatuko txostena egin beharko da, epaimahaiak aurkeztutako kasuari edo kasuei buruz. Proba honetan 15 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 7,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko. III. eranskineko ("Deialdiko programa") bigarren multzoko gaietariko edozein atera ahalko da proba honetan.

b) Bigarren proba praktikoa: lau orduz, auditoretza edota kontabilitate publiko edo/eta pribatuko kasu bat edo batzuk lantzea, epaimahaiak aurkeztuko dituenak. Proba honetan 15 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 7,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko. Ondoko gaiak atera ahalko dira proba honetan: III. eranskineko ("Deialdiko programa") bigarren multzokoak, Kontabilitate Publiko eta Pribatuaren Plan Orokorraren ingurukoak, finantza orrien azterketa, finantzetako matematikako gaiak, estatistikakoak, eta auditoretzari aplikatutako laginketari buruzkoak.

Ariketa praktikoko probak gutun-azal itxien sistemaren bidez zuzenduko dira. Horretarako, izangaiek, proba bakoitza bukatzean, folioak gutun-azal handi batean sartuko dituzte, izenik jarri gabe. Ondoren, izen-deiturak bestearekin batera aurkeztuko den gutun-azal txiki batean idatziko dituzte. Bi gutun-azalak itxita aurkeztu beharko dituzte. Probak bukatzean, bi gutun-azaletan epaimahaiak zenbaki bera jarriko du. Ariketak zuzendu ondoren eta kasuan kasuko gutun-azal zenbakiari puntuak eman ondoren, gutun-azal txikia jendaurrean irekiko da, ariketa bakoitzaren egilea zehazteko.

Gutun-azalak jendaurrean irekitzeko eguna proba egiten ari den bitartean jakinaraziko zaie izangaiei.

6.3.4. Ariketa praktikoa amaiturik, ariketa teorikoa eginen da. Guztira 30 puntu lortzen ahalko dira eta oraingoan ere bi proba eginen dira:

a) Lehen proba teorikoa. Lau orduz, zozketa bidez aukeratutako bi gai azaldu beharko dira, deialdi honen III. eranskinean dagoen zerrendaren 1. multzoko gai bat eta 2. multzoko beste bat. Proba honetan 15 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 7,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

b) Bigarren proba teorikoa. Bost orduz, epaimahaiak eginen dituen hamar galdera erantzutea idatziz: deialdi honen III. eranskinean dagoen zerrendaren 3. multzoko bost galdera eta 4. multzoko beste bost. Proba honetan 15 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 7,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

Bi proba teorikoak idatziz eginen dira. Proba bakoitza bukatu ondoren, izangaiek gutun-azal batean sartuko dituzte idatzitako orriak. Interesdunak eta epaimahaiko idazkariak sinatuko dute hegalean eta idazkariak gordeko du gutun-azala. Bidezko denean, alfabetozko hurrenkerari jarraituz, izangaiak, epaimahaiaren aurrean, berak sinaturiko gutun-azalak ireki eta ariketa jendaurrean irakurriko du. Gero, epaimahaiak kalifikatuko du. Jendaurreko irakurketan edo horren ondoren, epaimahaiko kideek izangaiarekin hitz egin ahal izanen dute egindako ariketari buruz, hamar minutuz, gehienez ere.

6.3.5. Ariketa praktikoak eta teorikoak bukaturik, probak gainditu dituzten izangaiek proba psikoteknikoa egin beharko dute. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) teknikarien laguntzaz, proba horretan baloratuko da izangaiak zenbateraino egokitzen diren Comptos Ganberako auditore izateko lanpostura. Gehienez ere 10 puntu emanen dira. Proba horren barnean, besteak beste, proba psikologikoak eta buruz buruko elkarrizketak egin ahalko dira. Proba psikoteknikoa gainditzeko, gehieneko puntuazioaren erdia lortu beharko da gutxienez, hau da, 5 puntu lortu beharko dira.

6.3.6. Kalifikazioaren ondoren epaimahaiak proba bakoitzaren emaitza Comptos Ganberako iragarki oholean argitaratuko du eta hurrengo probaren lekua, eguna eta ordua adieraziko ditu, hogeita lau ordu lehenago gutxienez, ariketa bereko hurrengo proba iragartzen duenean, edo berrogeita zortzi ordu lehenago, hurrengo ariketa iragartzen duenean. Kalifikazio horiek lehiaketaldian izangaiek lortu dituzten kalifikazioei gehituko zaizkie, oposizio-lehiaketako puntuazio osoa lortu arte.

6.3.7. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketan azaltzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.3.8. Oposizioko probak egiteko orduan, halaxe eskatzen duten elbarriek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7. oinarria.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketa bukatu ondoren, oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak Nafarroako Comptos Ganberako iragarki oholean, lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran. Azken emaitzan berdinketarik izanez gero, lehiaketaldian puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde ebatziko da, eta, berdinketak irauten badu, lehen ariketa praktikoan puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde.

7.2. Epaimahaiak puntu gehien lortu dituen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Comptos Ganberako lehendakariari, oposizio-lehiaketako akta eta gainerako agiriekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Proposaturiko izangaiak, proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 30 egun natural igaro baino lehen, Comptos Ganberak eskatzen dizkion agiriak aurkeztu beharko ditu, baita deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria ere, eskabidearekin batera aurkeztu ez badu. Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna lortutako lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

8. oinarria.-Behin-behineko izendapena.

8.1. Goiko 7.3 puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak, ebazpen baten bidez, proposaturiko izangaia behin-behinekoz izendatuko du. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendatzen den izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.

8.3. Aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, deialdi honetako 7.3 oinarrian eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu edo aipaturiko hilabeteko epean jabetza hartzen ez badu, izangaiak oposizio-lehiaketako jarduketetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazitako zerrendan hurrengo dagoen izangaiarekin beteko da lanpostua.

9. oinarria.-Praktikaldia

9.1. Proposaturik eta behin-behinekoz izendaturik dagoen izangaiak urtebeteko praktikaldia gainditu beharko du auditore izateko behin betiko izendapena lortu aurretik, Nafarroako Comptos Ganberari buruzko Foru Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.2. Praktikaldia izangaia lanpostuaz behin-behinekoz jabetzearekin batera hasiko da, alegia, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean.

9.3. Praktikaldian izangai izendatuak Comptos Ganberako auditoretzako teknikariei dagozkien eskubide eta eginbeharrak izanen ditu.

9.4. Comptos Ganberako lehendakariak, bertako kideei entzun ondoren, izangaiak praktikaldian izaniko etekina baloratu eta hori bukatzean kalifikazioa emanen du, gai edo ez-gai, ebazpen arrazoitu baten bidez.

10. oinarria.-Behin betiko izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatzen den praktikaldia bukaturik, izangaiak gai kalifikazioa lortuz gero, Comptos Ganberako lehendakariak behin betikoz izendatuko du funtzionario. Izendapen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean, karguaz jabetu beharko du behin betikoz izangaiak.

10.3. Ulertuko da izangai batek, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, oposizio-lehiaketaren ondoriozko eskubideei uko egiten diela. Kasu horretan, lanpostua deialdiko 7. oinarrian aipatzen den proposamenean hurrengo dagoen izangaiarekin beteko da, praktikaldia egin ondoren.

10.4. Behin-behinean izendaturiko izangaiak praktikaldian gai kalifikazioa lortu ezik aurreko atalean ezarri bezala eginen da.

11. oinarria.-Aurkeztutako agiriak.

11.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik. Horretarako eskaera aurkezten ahalko da behin betiko izendapenari buruzko ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hirugarren hilabetetik aurrera.

11.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak itzultzeko eskatu gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak berreskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

11.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdi honetako arauen, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak: ......................................................, adina: ........, NAN zenbakia: ......................., helbidea (kalea, zenbakia, solairua eta posta kodea): ......................................................................................, telefono zenbakia: ............................, adeitasunez,

ADIERAZTEN DUT:

Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariak 2009ko abuztuaren 20an emandako ebazpenaren berri izan dut; horren bidez auditore izateko lanpostu huts bat oposizio-lehiaketa bidez eta txanda irekian betetzeko dei egiten da, eta hartan parte hartu nahi dut.

Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditut, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean.

Horrenbestez,

ESKATZEN DUT:

Eskabide honetan aipatzen den deialdian onartua izatea. Deialdian eskatutako agiriak eta alegatzen ditudan merezimenduen frogagiriak gaineratu ditut.

Iruñean, 2009ko .........................aren ....................(e)an.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Merezimendu akademikoak, gehienez ere 5 puntu.

Atal honetan aintzat hartuko dira deialdian parte hartzeko eskatzen diren goi mailako ikasketetako lizentziatura proba (0,20 puntu) eta doktoregoa (puntu bat).

Auditore izateko lanpostuko eginkizunekin zerikusia duten beste titulazio eta unibertsitate-ikasketa batzuk ere baloratuko dira atal honetan: 0,60 puntu emanen dira erdi mailako titulazioengatik eta 1,50 puntu goi mailako titulazioengatik.

Egindako ikasturte osoak, aurreko ataletan baloratu gabe badaude, honela baloratuko dira: 0,20 puntu ikasturteko.

Doktorego ikastaro osoak honela baloratuko dira: 0,20 puntu ikastaroko.

Unibertsitate masterrak 0,50 punturekin baloratuko dira, gutxienez ikasturte bat iraun badute. Epaimahaiak puntuazio hori doitu ahal izanen du, masterrak zenbat iraun duen eta lanpostuko eginkizunetara zenbateraino egokitzen den kontuan harturik.

b) Auditoretzan esperientzia izatea, gehienez ere 15 puntu.

Atal honetan 0,80 puntu emanen dira auditoretza publikoan egindako urte oso bakoitzeko eta 0,60 puntu auditoretza pribatuan egindako urte oso bakoitzeko, esperientzia horrek ondoko baldintzak betetzen baditu: auditore izateko lanpostuetan aritu izana, A mailan edo baliokideetan, deialdian eskatzen diren goi mailako tituluetako baten bat beharrezkoa den lanpostuetan.

Halaber, 0,60 puntu emanen dira auditoretza publikoan egindako urte oso bakoitzeko eta 0,40 puntu auditoretza pribatuan egindako urte oso bakoitzeko, baldin eta lan hori auditoretzako teknikari izateko lanpostuetan egin bada, B mailan edo baliokideetan, erdi mailako titulua beharrezkoa den lanpostuetan.

Aintzat hartuko da kanpo auditoretzako esperientzia, eta barne auditoretzakoa ere bai, baldin eta, azken kasu horretan, auditoretzako edo finantza-kontroleko lanak egin direla frogatzen bada. Bestela, esperientzia hori baremoaren c) atalean baloratuko da.

Entitate publiko batean lan egin bada, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da hori frogatzeko.

Norberaren kontura lan egin bada, egindako lan denboraldiko lizentzia fiskala aurkeztuko da hori frogatzeko, egindako lanen egiaztagiriekin batera.

Besteren kontura lan egin bada, esparru pribatuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak lan bizitzari buruz emandako ziurtagiria aurkeztuko da, lan kontratuaren kopiarekin batera, eta egindako lanei buruz enpresak emandako ziurtagiria erantsiko da.

c) Lanbide esperientzia izatea aurreko atalean baloratu gabeko arlo ekonomiko-finantzarioetan, gehienez ere 6 puntu.

Atal honetan aintzat hartuko da kontrol eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioekin zerikusia duten lanpostuetan aritu izana, hala sektore publikoan nola pribatuan. Goi mailako titulazioa beharrezkoa den lanpostuetan aritutakoek 0,50 puntu jasoko dituzte urteko, eta erdi mailako titulazioa beharrezkoa den lanpostuetan aritutakoek 0,40 puntu urteko.

Entitate publiko batean lan egin bada, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da hori frogatzeko.

Norberaren kontura lan egin bada, egindako lan denboraldiko lizentzia fiskala aurkeztuko da hori frogatzeko, egindako lanen egiaztagiriekin batera.

Besteren kontura lan egin bada, esparru pribatuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak lan bizitzari buruz emandako ziurtagiria aurkeztuko da, lan kontratuaren kopiarekin batera, eta egindako lanei buruz enpresak emandako ziurtagiria erantsiko da.

d) Auditorearen eginkizunekin zerikusia duten beste merezimendu batzuk, hala nola, Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea, euskara jakitea, prestakuntza ikastaro espezializatuetan parte hartu izana, artikuluak, mintegi eta biltzarretan aurkeztutako txosten eta komunikazioak, eta abar: gehienez ere 4 puntu.

Atal honetan Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea honela baloratuko da: erdiko mailagatik 0,40 puntu eta goiko mailagatik 0,80 puntu. Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialak edo erakunde baliokide batek emandako ziurtagiriaren bidez frogatu behar da.

Euskara jakitea honela baloratuko da: erdiko mailagatik 0,45 puntu eta goiko mailagatik 0,90 puntu. EGA titulua, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria edo agiri baliokidea aurkeztu behar da.

Puntu batekin baloratuko da Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean sartzeko prestakuntza ikastaro teorikoa, Kontabilitaterako eta Kontuen Auditoretzarako Institutuak homologatua, gainditu izana.

Atal honetan, halaber, ekintza bakoitzeko 0,40 puntu emanez baloratuko da mintegi eta biltzarretan txostenak edo hitzaldiak aurkeztu izana, bai eta aldizkari espezializatuetan artikuluak aurkeztu izana ere, auditore gisa egin beharreko lanekin zerikusia baldin badute. Auditore izateko lanpostuarekin zerikusia duten gaiei buruzko liburuak argitaratu izana gehienez 2 punturekin baloratuko da, eta lanpostu horretako eginkizunekin zerikusia duten argitalpenekin lortutako sari eta goraipamenengatik puntu bat emanen da gehienez.

Epaimahaiak atal honetan aintzat hartu ahal izanen du auditore izateko lanpostuko eginkizunekin zerikusia duten lanbide espezializazioko ikastaroak egin izana prestakuntza zentro ofizialetan edo lanbide elkargoetan, 100 ordutik gorako ikastaroak izan badira eta aprobetxamendu agiria lortu bada. 100 ikastorduko 0,20 puntu emanen dira.

Baremoko puntuak aplikatzeko oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira aintzat hartuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan egindako zerbitzu edo merezimenduak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira. Funtzionario behin betikoz izendatu baino lehen egindako praktikaldiak ere osorik baloratuko dira.

5. Espezializazio ikastaroen balorazioari dagokionez, denbora zatikien balorazio proportzionala eginen da, betiere ikastaroak 100 ordutik gorakoak eta 200 ordutik beherakoak badira.

III. ERANSKINA

Deialdiaren programa

Lehen multzoko gaiak. Ogasun publikoa.

1. gaia.-Sektore Publikoa merkatu-ekonomian. Mugak, neurtzeko irizpideak, garrantzia eta bilakaera. Kontabilitate nazionala eta sektore publikoa. Ogasun publikoa. Gaur egungo edukiak.

2. gaia.-Sektore publikoak jarduera ekonomikoan esku hartzeko modua. Merkatuaren akatsak eta gizartearen ondasunak. Berdintasuna banatzerakoan. Ondasunen hornidura publikoa.

3. gaia.-Sektore publikoaren jarduera, eskari globalari eta hazkundeari begira. Gastu publikoek nola eragiten dioten eskari globalari. Gastuen finantzaketa eta horrek egonkortasunean duen eragina. Gastuak, zergak eta hazkunde ekonomikoa.

4. gaia.-Erabakiak hartzea sektore publikoan. Gizartearen hautaketa eta gizabanakoen lehentasunak. Funtzionamendu demokratikoa. Burokrazia eta interes-taldeak.

5. gaia.-Eragimena sektore publikoan. Ekoizpen publikoa eta ekoizpen pribatua. Kostuak, etekinak eta erabakiak hartzeko arauak.

6. gaia.-Kudeaketa publikoa. Kudeaketa publikoa diziplina askoko zientzia den aldetik. Parte-hartze publikoaren mugak merkatuaren akatsak zuzentzerakoan. Lan publikoa: alderdi orokorrak eta pizgarriak emateko tresnak.

7. gaia.-Kudeaketa publikoaren berrikuntzen esperientziak Europar Batasuneko herrialdeetan. Outpout publikoa neurtzeko arazoak. Jardueraren adierazleak. Tresna ia lehiakorrak eta merkatukoak: sasi-merkatuak. Enpresa publikoak eta eraginkortasuna.

8. gaia.-Aurrekontua: kontzeptua eta alderdi orokorrak. Aurrekontuen zikloa. Aurrekontuen ereduen egungo egoera eta etorkizuneko aukerak.

9. gaia.-Aurrekontua prestatzea eta betetzea. Erabakiak aurrekontuetako gastu eta dirusarrerei buruz: aurrekontuen egitura. Aurrekontua eta planifikatzeko eta programatzeko sistemak. Aurrekontua bete eta kontrolatzeko prozesua.

10. gaia.-Aurrekontuaren orekaren eta egonkortasun ekonomikoaren arteko lotura. Diziplina fiskala Europar Batasunean: aurrekontuen egonkortasunerako ituna. Aurrekontuen egonkortasunari buruzko legeak Espainian.

11. gaia.-Gastu publikoa: hazkundearen, bidezkotasunaren eta eragimenaren teoriak. Gastu publikoak banaketan duen eragina eta ondorioak. Gastu publikoaren eraginkortasuna eta eragimena: kontzeptua eta azterketa-teknikak.

12. gaia.-Diru-sarrera publikoak. Defentsa gastuak. Zerbitzu orokorrak: justizia, ordena eta kanpo harremanak. Gastuak kapital finko sozialean.

13. gaia.-Publikoki esleitutako ondasunak. Hezkuntza gastuak: helburuak eta ekoizpen arazoak. Osasungintza: ekoizpena eta hornidura pribatua edo publikoa. Etxebizitza: gastu publikoak eta akuren araubidea.

14. gaia.-Gizarte prestazioak: pentsioak eta beste zerbitzu batzuk. Gizarte segurantza ondasun publiko gisa. Gizarte segurantzako sistemen oinarrizko alderdiak. Gizarte zerbitzuen ondorio ekonomikoak. Langabeziarako asegurua.

15. gaia.-Gastu publikorako proiektuen hautapena. Proiektuak ebaluatu eta aukeratzeko oinarriak. Kostuak, etekinak, tasak eta erabakiak hartzeko arauak. Banaketa alderdiak proiektuen hautapenean.

16. gaia.-Diru-sarrera publikoak. Diru-sarrera publikoak sailkatzeko irizpideak. Zerga: kontzeptua eta osagaiak. Zergapetze mota nagusiak.

17. gaia.-Zergapetzearen printzipioak. Onuraren eta ordaintzeko gaitasunaren printzipioak. Zergapetzearen kostuak. Iruzur fiskala: kontzeptua, ondorioak eta baldintzatzen duten elementuak.

18. gaia.-Prezioak, tasak eta kontribuzio bereziak. Tasak: kontzeptua eta sailkapena. Kontribuzio bereziak. Enpresa publikoa eta prezioen finkapen publikoa.

19. gaia.-Defizit publikoa eta Ogasun berezia. Defizit publikoa: motak eta finantzatzeko arazoak. Defizitaren ondorio ekonomikoak. Aktibo publikoen pribatizazioak. Inflazioa, zergapetze mota bat.

20. gaia.-Zor publikoa: kontzeptua, motak eta ondorio ekonomikoak; zor publikoaren zama. Zor publikoaren administrazioa eta haren eraginaren azterketa.

Bigarren multzoko gaiak. Auditoretza eta kontu-auzitegiak.

1. gaia.-Auditoretzako printzipioak eta arau teknikoak. Sektore publikoaren aipamen berezia.

2. gaia.-Auditoretza eta haren motak. Aipamen berezia auditoretza publikoari.

3. gaia.-Auditoretzako txostenen motak eta edukia. Aipamen berezia auditoretza publikoari.

4. gaia.-Auditoretza planifikatzea. Auditoretzako arriskuaren azterketa.

5. gaia.-Auditoretzaren ebidentzia: izaera, helburua eta motak. Lorpena eta ebaluazioa.

6. gaia.-Garrantzi erlatiboa. Lan programak. Egindako lana gainbegiratu eta kontrolatzea.

7. gaia.-Zerga bidezko dirusarreren auditoretza.

8. gaia.-Zergaz kanpoko dirusarreren auditoretza.

9. gaia.-Langileria gastuen auditoretza.

10. gaia.-Ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuen auditoretza.

11. gaia.-Transferentzia gastuen auditoretza.

12. gaia.-Inbertsioen auditoretza.

13. gaia.-Auditoretza enpresa publikoetan, fundazio publikoetan eta beste entitate publiko batzuetan.

14. gaia.-Eraginkortasunaren, eragimenaren eta ekonomiaren auditoretza.

15. gaia.-Hirigintzako kudeaketaren auditoretza.

16. gaia.-Informatika sistemen auditoretza. Ingurumen auditoretza. Kalitatearen auditoretza.

17. gaia.-Barne-kontrola. Barne-kontrolaren kontzeptua, egiaztapena eta ebaluazioa.

18. gaia.-Kontu auzitegiak. Ezagutza orokorra. Haien kontrol-ekintzaren eremua. Parlamentu eta gobernuekiko harremanak. Barne-kontrolarekiko lotura.

19. gaia.-Kontuen Auzitegiaren osaera, beraren lege organikoan eta funtzionamendu legean: izaera, antolaketa eta funtzioak.

20. gaia.-Nafarroako Comptos Ganbera: sorrera eta bilakaera. Gaur egungo araubidea. Eginkizunak eta antolaketa. Haren funtzionamendurako arau oinarrizkoak.

Hirugarren multzoko gaiak. Zuzenbide Publikoa

1. gaia.-Europar Batasuneko erakundeak. Kontseilua. Europako Parlamentua. Batzordea. Justizia Auzitegia. Kontuen Auzitegia. Batasuneko Zuzenbidea. Europar Batasuneko legeriaren iturriak eta haren aplikazioa. Europar Batasuneko eta kide diren estatuetako legerien arteko harremanak.

2. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak eta egitura. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia. Konstituzioaren erreforma.

3. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza. Nafarroa Gaztelan sartu aurretik eta ondoren. 1841eko Lege Hitzartua: aurrekariak, izaera juridikoa eta edukia. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa: izaera, egitura eta edukia.

4. gaia.-Nafarroako Parlamentua: aurrekariak. Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua. Parlamentuaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Eginkizunak: bereziki legegintzako eginkizuna eta legegintza prozeduraren oinarrizko alderdiak. Parlamentarien eskubideak eta betebeharrak. Parlamentuko taldeak. Parlamentuko kontrol tresnak. Parlamentuaren eta Comptos Ganberaren arteko harremanak.

5. gaia.-Nafarroako Gobernua: aurrekariak. Jarduteko oinarrizko printzipioak, Hobekuntzan eta foru lege arautzailean ezarritakoak. Antolaketa, eginkizunak eta eskumenak. Gobernuko lehendakaria. Gobernuko kideak. Nafarroako Gobernuaren araugintzako ahalmena. Erantzukizun politikoa eta Parlamentuaren kontrola. Bateraezintasunaren gaineko araubidea.

6. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araubide juridikoa. Jarduketaren oinarri orokorrak. Antolaketa eta funtzionamendua. Administrazio prozeduraren oinarrizko alderdiak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ondare-erantzukizuna. Erakunde publikoak eta haien menpeko beste entitate batzuk.

7. gaia.-Foru Komunitateko beste erakunde batzuk: Nafarroako Kontseilua. Foru Komunitateko Arartekoa. Erakunde horien araubidea, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Administrazio Auzitegia: aurrekariak, antolaketa eta eskumenak.

8. gaia.-Administrazio Zuzenbidearen iturburuak. Konstituzioa. Legea. Lege-dekretuak. Legegintzaren delegazioa. Erregelamendua. Legearen eta erregelamenduaren arteko loturak. Erregelamendu-ahalmena: titulartasuna, mugak eta kontrola.

9. gaia.-Administrazio Publikoa eta zuzenbidea. Administrazio ahalmenak. Legezkotasunaren printzipioa. Administrazioaren autotutoretzarako ahalmena. Zerbitzu publikoaren kontzeptua. Zerbitzu publikoa kudeatzeko moduak.

10. gaia.-Erakundeen administrazioa. Erakunde autonomoak. Enpresa-entitate publikoak. Estatuko merkataritza sozietateak. Gainerako entitate publikoak.

11. gaia.-Osasunari buruzko Foru Legea. Osasungintzan aplikatu beharreko oinarrizko printzipioak. Herritarren eskubideak. Administrazio publikoen eskumenak eta eginkizunak. Osasun arloko lurralde antolamendua. Nafarroako Osasun Zerbitzua: egitura organikoa, oinarrizko araubide juridikoa. Ekimen pribatuarekiko lankidetza.

12. gaia.-Unibertsitateak. Antolaketaren, funtzionamenduaren eta kudeaketaren arloetan aplikatu beharreko oinarrizko araubide juridikoa. Araubide ekonomikoa eta aurrekontuena. Unibertsitateen zerbitzuko langileak. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aipamen berezia.

13. gaia.-Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Aurrekariak. Oinarrizko printzipioak. Legearen egitura eta edukia. Aurreikusten dituen berrikuntzak. Aplikatu beharreko arau orokorrak. Aplikazio-esparrua. Kontratuak esleitzeko prozedurak eta irizpideak.

14. gaia.-Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Administrazio publikoen kontratu motak. Kontratatzeko espediente motak. Kontratazio espedientearen oinarrizko edukia. Kontratuak betetzea: oinarrizko alderdiak. Kontratuak aldatzea, berrikustea eta etetea. Erreklamazioak eta bestelako kontrol neurriak kontratazio publikoaren arloan.

15. gaia.-Nafarroako Ondareari buruzko Foru Legea: aurrekariak. Ondasun eta eskubideen sailkapena, eskumenak eta ondarea kudeatzeko irizpideak. Ondasunak eskuratzea, besterentzea eta lagatzea. Nafarroako Ondarea administratu, babestu eta defendatzea. Jabari publikoko ondasunen araubide juridikoa. Jabari pribatuko ondasunen araubide juridikoa. Enpresen ondare publikoa.

16. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa arautzen duen Foru Legea. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. Haien funtzionamendua. Toki entitateen oinarrizko eskumenak. Toki entitateen ondasunak. Kudeatzeko moduak. Toki ogasunak. Toki entitateen jarduketen kontrola.

17. gaia.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileak: motak. Funtzionario publikoak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak. Funtzionario bihurtzea eta funtzionario izateari uztea. Funtzionarioen egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Oinarrizko ordainsariak eta osagarriak. Funtzionario publikoen diziplina araubidea. Garapenerako erregelamenduak. Bateraezintasunaren gaineko araubidea.

18. gaia.-Gizarte Segurantza. Araubide orokorra. Araubide bereziei buruzko aipamena. Funtzionario publikoen gizarte segurantza. Nafarroako administrazio publikoetako mutualitateetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko foru legea: arau orokorrak, kotizazioa eta sistemaren prestazioak.

19. gaia.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea. Jatorrizko printzipioak. Legearen egitura eta edukia. Lurralde antolamenduko eta hirigintzako tresnak. Lurzoru motak. Lurzoru moten araubideak. Lurzoruaren balorazioa. Planeamendua gauzatzeko tresnak. Lurzoruaren merkatuan gauzatzeko bitartekoak.

20. gaia.-Diru-laguntzei buruzko Foru Legea. Aurrekariak eta legearen aplikazio eremua. Diru-laguntza publikoen kudeaketaren arloko printzipio orokorrak. Diru-laguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola. Diru-laguntzen itzulketa. Diru-laguntza publikoak arautzen dituen estatuko legearen aipamen laburra.

Laugarren multzoko gaiak. Finantza, Kontabilitate eta Merkataritza Zuzenbidea

1. gaia.-Finantza Zuzenbidea: kontzeptua, autonomia eta edukia. Ogasun publikoa Espainiako Konstituzioan.

2. gaia.-Aurrekontu Zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra: printzipio orokorrak. Estatuko aurrekontu orokorrak Espainian: prestatu, eztabaidatu eta onestea. Aurrekontuen egitura eta haien aldaketak.

3. gaia.-Gastu publikoa: kontzeptua eta Konstituzioko printzipioak. Gastu publikoa egiteko prozedura orokorra eta prozedura bereziak. Pagatzeko prozedura. Nafarroako Ogasun Publikoaren betebeharrak.

4. gaia.-Kontabilitateko plan orokorra. Kontabilitatearen esparru kontzeptuala. Erregistro eta balorazio arauak. Urteko kontuak. Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra. Printzipioak eta egitura. Urteko kontuak eta baloratzeko arauak.

5. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoaren araubidea. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak. Finantza eragiketak. Diruzaintza. Foru sektore publikoa osatzen duten entitateen kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren barne kontrola. Kontabilitatea. Erantzukizunak.

6. gaia.-Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituak. Administrazio Publikoaren aurkako delituak: prebarikazioa, destinoa bertan behera uztea, delituak pertsegitzeko eginbeharra ez betetzea, desobeditzea, laguntza ukatzea, agiriak zaintzeko desleialtasuna, sekretuak urratzea, funtzionarioen eroskeria, eragimen-trafikoa, bidegabeko eralgitzea, iruzurrak, legearen aurkako ordainarazpenak, funtzionario publikoei debekaturiko negoziazio eta jarduerak, eta abusuak eginkizunetan aritzean.

7. gaia.-Foru Komunitateko sektore publikoa osatzen duten entitate eta erakundeak. Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa izeneko sozietatea sortzeari buruzko Foru Legea: helburua, esparrua eta edukia.

8. gaia.-Finantza jardueraren kanpo-kontrola Foru Komunitateko sektore publikoan. Nafarroako Comptos Ganbera: helburua, haren jarduketa arautzen duten printzipioak, haren txostenen eragina eta edukia. Fiskalizatzeko prozedura.

9. gaia.-Kontuen Auzitegiaren kontabilitate arloko jurisdikzioa. Jurisdikzio horren izaera eta ezaugarriak. Kontabilitate arloko erantzukizun kasuak. Erantzukizun mota hori eskatzeko prozedurak. Kontabilitateari buruzko jurisdikzioaren organoak. Nafarroako Comptos Ganberaren eskumenak kontabilitateari buruzko erantzukizunaren arloan.

10. gaia.-Zerga Zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra: jatorrizko printzipio orokorrak. Tributudunen eskubide orokorrak. Tributuen kudeaketa, oinarrizko kontzeptuak eta prozedurak. Diru-bilketa. Tributuen gaineko ikuskapena. Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

11. gaia.-Tributuak Nafarroan: kontzeptua eta sailkapena. Zergak eta horien motak. Tasak. Prezio publikoak. Kontribuzio bereziak. Tributu ikuskapena: planak eta jarduteko prozedurak.

12. gaia.-1841eko Lege Hitzartuaren xedapenak Ogasunaren arloan. Hitzarmenaren eta Kontzertu Ekonomikoaren arteko aldeak. Nafarroaren eta estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoen historia. Nafarroako Foru Eraentza Hobetu eta Berrezartzeari buruzko Lege Organikoaren arlo horretako xedapenak.

13. gaia.-1990eko uztailaren 31ko Hitzarmen Ekonomikoa eta horren eguneratzeak. Xedapen orokorrak. Tributu-harmonizazioa. Tributu moten tratamendua eta araubidea. Arbitraje Batzordea. Diru ekarpena. Batzorde Koordinatzailea.

14. gaia.-Ekonomia eta Ogasun Departamentua. Aurrekariak, eginkizunak eta egitura. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa: egitura eta eginkizunak.

15. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen Foru Legea: printzipioak, egitura eta edukia. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak.

16. gaia.-Nafarroako toki entitateen aurrekontua eta gastu publikoa. Tokiko gastu publikoaren kapitulu nagusiak. Aurrekontuaren betearazpena eta likidazioa. Toki entitateen diruzaintza. Toki entitateen kontabilitatea. Kontrola eta fiskalizazioa. Erantzukizunak.

17. gaia.-Nafarroako toki sektore publikoa osatzen duten entitateen deskripzioa eta bakoitzaren oinarrizko ezaugarriak.

18. gaia.-Sozietate anonimoen eta erantzukizun mugatuko sozietateen gaur egungo araubidea. Konkurtso Legea: legearen printzipioak eta helburuak. Konkurtso adierazpena eta konkurtso administrazioa. Konkurtso adierazpenaren ondorioak.

19. gaia.-Sozietateen urteroko kontuak. Motak, urteko kontuak egitea, egiaztatzea, onestea eta gordetzea. Merkataritza Erregistroa: inskripzioaren kontzeptua, edukia eta esanahia.

20. gaia.-Kontuen Auditoretzari buruzko Legea eta haren erregelamendua. Kontabilitaterako eta Kontuen Auditoretzarako Institutua: Antolaketa eta eginkizunak.

Iragarkiaren kodea: F0921702