1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
391/2009 FORU AGINDUA, abuztuaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko arauak ezartzen dituena, eta 2009rako deialdia onesten duena.
Desagerrarazte programei lotutako gaixotasunek murrizketak ezartzen dituzte maiz aziendaren mugimenduan eta hiltzean. Programa horiek ustiategia osasun arrazoiengatik hustu beharra ekar dezakete eta, halakoetan, produkziorik gabeko aldia abereak berriz sartu arte luza daitekeenez, galera ekonomiko handia sortzen zaio abeltzaintzako ustiategiari.
Azienda ustiategitik ateratzeko debekua ere ekar dezakete programa horiek, eta herrilurretako larreak aprobetxatzea galarazten du (araubide estentsiboko ustiategi askoren produkzio oinarri dira) eta, zezenketarako behi-aziendako ustiategietan, berriz, debeku horrek galarazi egiten du abereak hiltzen ez direneko festa ikuskizunetara eramatea, kontuan hartuta horixe dela halako ustiategiek Foru Komunitatean duten diru iturri nagusia.
Indarra duen araudiak kalte-ordain batzuk ezarri ditu abere horiek hil beharrak sortzen duen galera ekonomikoa arintzeko. Dena dela, kalte-ordain horiek ez dituzte kontuan hartzen kasu bakoitzean ezarritako murrizketen ondorioz ekoizleek izaten dituzten urritze ekonomikoak, alegia, batzuetan ustiategiko diru-sarreren ehuneko handi bat galtzea ekartzen ahal dutenak.
Horregatik, beharrezkoa da jabeari sortutako kalteengatik ordaina emateko bideak ezartzea, osasun egoeraren erantzuleak ez diren kasuetarako, neurri horien bidez kaltea jasan duen ustiategiaren jarraipena arriskuan jartzea saihestuz. Laguntza hauen bitartez, azken batean, halako arrazoiengatik jarduera ez uztea bultzatu nahi da.
Deialdi honetako laguntzak Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1857/2006 (EE) Erregelamenduaren 10. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira. Erregelamendu hori nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainetarako Estatuko laguntzei EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 70/2001 (EE) Erregelamendua aldatu du (AO L 358, 2006-12-16, 321 or.).
Era berean, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 39. artikuluak dio abeltzainaren errentarako laguntzak sortuko direla, ustiategiko jardueraren geldialdiak irauten duen bitarterako.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-Arauak onestea.
Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko arauak ezartzen dira. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.
Lehen xedapen gehigarria.-Laguntzetarako 2009ko deialdia.
1. Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko 2009. urterako deialdia onesten da.
2. Eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izanen da, abereak mugitu gabe edukitzeko epea bukatu eta biharamunetik hasita.
Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.
120.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2009ko Gastuen Aurrekontuko "Ordaina abereak hiltzeagatik, ustiategiak mugitzeko debekuaren ondoriozko lortu gabeko irabazia dela eta" izeneko 711000 71320 7700 412200 kontu-sailaren kargura.
Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Xedapen indargabetzaile bakarra.-2001eko martxoaren 2ko Foru Agindua indargabetzea.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2001eko martxoaren 2an eman Foru Agindua indargabetzen da. Horren bidez, abeltzainendako laguntza bat ezarri zen beren ustiategia hustu behar izanaren ondorioz.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2009ko abuztuaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
I. ERANSKINA
Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko
deialdiaren arauak
1. artikulua. Xedea eta diru-laguntzen xede izan daitezkeen egoerak.
1. Foru agindu honen xedea da abeltzaintzako ustiategiek lortu ez duten irabazia ekonomikoki konpentsatzeko laguntzak ezartzea, abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuan ezarritako planetan ageri diren gaixotasunak desagerrarazteko nahitaezko osasun neurriak aplikatzen direnean jarduera utzi ez dadin. Dekretu horrek gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen ditu.
2. Epizootien Nazioarteko Bulegoan eta Kontseiluaren 90/424/EEE Erabakiaren eranskinean azaltzen diren abereen gaixotasunen zerrendako gaixotasunak direla-eta emanen da laguntza.
3. Berrogeialdiko betebeharrengatik abeltzaintzako ustiategiek diru-sarreretan izaten dituzten galeren ondoriozkoak dira diruz lagundu daitezkeen egoerak. Horien artean dago ustiategia osasun arrazoiengatik hustu beharra, bai eta herrilurretako larreak aprobetxatu ezina eta abereak festa ikuskizunetara eraman ezina ere.
4. Foru agindu honen ondorioetarako, "ustiategia osasun arrazoiengatik hustu beharra" jarduerarik gabeko denbora aldi bat da, hau da, ustiategiko abere guztiak nahitaez hil behar direnetik beste batzuk sartu artekoa. Berrogeialdiak hiru hilabete ditu gehienez eta hilabete bat gutxienez, ustiategiko azken aberea hiltzen denetik hasita. Berrogeialdia hilabete batetik gorakoa eta hiru hilabetetik beherakoa bada, ustiategia jarduerarik gabe egiazki zenbat egunez egon den hartuko da kontuan.
5. "Zezenketarako aziendaren ustiategi batean lortu gabeko irabazia" da abereak garraiatzeko osasun murrizketa, horrela abereak festa ikuskizunetara eramatea edo abeltzaintzari lotutako beste diru-sarrera batzuk izatea galarazten baita. Ustiategi horiek II. eranskineko 3. puntuan aipatzen diren laguntzak bakarrik hartzen ahalko dituzte.
6. Laguntzak ezin izanen dira eman eritasun batzuetarako Europar Batasuneko arautegiak horietarako borrokarako berariazko neurriak ezarri baditu.
7. Europar Batasuneko araudian xedaturikoaren arabera nekazaritzako ustiategiek ordaindu beharreko neurriak ez dira laguntzaren xede, non eta laguntza neurri horien kostua ez den osotara berdintzen ekoizleek ordaindu beharreko nahitaezko ordainarazpenekin.
8. Gastua egin edo galera erregistratu ondoren sartu beharko dira laguntzak hiru urteko epean. Laguntzak lau urteko epean ordaindu beharko dira, momentu horretan hasita.
2. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta muga.
1. Agintaritza publikoak onartutako gaixotasunen ondoriozko galeretarako soilik izanen da laguntza.
2. Laguntzen zenbatekoa foru agindu honen II. eranskineko taulan lortutako kalkuluetan oinarrituz zehaztuko da, osasun murrizketak ustiategiaren merkataritza jarduerari aplikatzeko aldia kontuan hartuta, eta ez du frogatutako galeren %100a gaindituko.
3. Ustiategi bakoitzeko laguntzen zenbatekoa 60.000 eurokoa izanen da gehienez. Pertsona fisiko edo juridiko bat abeltzaintza ustiategi bat baino gehiagoren titularra bada, muga hori onuradunari aplikatuko zaio, ezin izanen baitu 60.000 eurokoa gainditu, ukituriko ustiategiak zenbat diren kontuan hartu gabe.
4. Laguntzarako eskubidea sortzen duten kostu edo galeren gehieneko zenbatekotik honakoak kendu behar dira:
a) Aseguru araubideen arabera harturiko zenbateko oro, eta
b) gaixotasunagatik egin ez diren kostuak, bestelako gorabehera batzuetan, egin izan balira.
3. artikulua. Onuradunak eta laguntza kobratzeko betebeharrak.
1. Batzordeak 2008ko abuztuaren 6an eman 800/2008 EE Erregelamenduaren I. eranskinean aipatzen diren abeltzaintza txiki eta ertainen titularrak izanen dira laguntzen onuradunak, betire ustiategi horietan azienda mugitzeko murriztapenak ezarririk ere, 1. artikuluan aipatzen diren egoera batzuk gertatzen badira, diru-laguntzaren xede direnak alegia. Erregelamendu haren bidez, laguntza kategoria batzuk merkatu erkidearekin bateragarritzat jo ziren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioaren ondorioz (kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).
2. Ez dute laguntza lortzerik izanen foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten edo abereen osasunari buruzko edozein araudi betetzen ez duten eskatzaileek. Halaber, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 40. artikuluan aurreikusita dauden gainerako baztertze arrazoiak aplikatuko dira.
3. Foru agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratu ahal izateko, betebehar hauek izanen dituzte onuradunek:
a) Beharrezkoak diren saneamendu kanpainak egitea Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako epean, eta lan hori egiteko ardura duten saneamendu ekipoei ahalik eta gehien lagunduz.
b) Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialei laguntza ematea, gaixotasuna desagerrarazteko eskatzen diren osasun jarduketa guztietan.
c) Ustiategiko titularrak saneamendu kanpainaren xede den gaixotasun batengatik antzeko laguntzarik lortu ez izana gaixotasuna diagnostikatu aurreko bi urteetan.
d) Ustiategia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea.
e) Nekazaritza ogibide nagusia izatea. Pertsona juridikoak izanez gero, lehentasunezko ustiategia izatea.
4. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.
1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistrora igorriko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.
2. Laguntza eskaerekin batera, baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte:
a) Abereak mugitu gabe edukitzeko jakinarazpen ofizialaren data edo, hala denean, ustiategia osasun arrazoiengatik hustekoari dagokiona.
b) Hala denean, azken aberea hil eta ustiategia hustu dela frogatzen duen agiria eta beste abere batzuk sartu eta abeltzaintzako jarduerarik gabeko aldia bukatu dela frogatzeko agiria.
c) Herrilurretako larreak aprobetxatu ezinaren ondorioz irabazirik lortzen ez denean, jatorri eta osasun gidak edo aurreko hiru urteetan edo ustiategiko jarduera hasiz geroztik larreak aprobetxatu direla frogatzen duen beste agiriren bat.
d) Zezenketako zezenen ustiategien lortu gabeko irabaziaren kasuan, aurreko hiru urtean izenpeturiko kontratuak, zezenketako abereen herri zezen ikuskizunetan daudela frogatzen dutenak eta kasuan kasuko fakturak eta ordainagiriak.
e) Kasu guztietan, idatziz hitz eman behar dute ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantenduko dutela, gaixotasuna azken aldiz diagnostikatu zen egunetik hasita.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.
g) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..............., nire izenean/....................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ..... urtean, Nafarroan ..................... diru-laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko".
h) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta/edo Sozietateen gaineko Zergaren azken hiru urteotako aitorpena.
i) Ustiategiko kudeaketaren liburu ekonomikoa, ustiategiak azken urtean izandako gastuak eta diru-sarrerak azalduko dituena.
3. Indarreko laguntza deialdirik gabeko denboran abereak mugitzeko debekua edo ustiategia husteko agindua izan dutenentzat hiru hilabeteko epea ezarri da eskaerak aurkezteko, kasuan kasuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
Deialdi honen xedeko diru-laguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez emanen dira.
6. artikulua. Ebaluazio organoa.
Eskaerak Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu.
7. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, eskatzaileak onuradun izateko 3. eta 4. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatutako agiri guztiak aurkezten ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean ekar ditzala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 6 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
8. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
9. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.
Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, laguntzaren kontzesioa ebatzi eta gero.
10. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.
Diru-laguntzaren onuradunek ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantendu beharko dute, gaixotasuna diagnostikatu zen egunetik hasita. Era berean, gaixotasuna deklaratu zen egunean zeuzkaten ALUen %80 gutxienez mantendu beharko dute.
11. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Foru agindu hau aplikatuta ematen diren laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.
12. artikulua. Ez betetzeak.
1. Arau hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntzak galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.
2. 10. artikuluak aipatzen duen ez-betetzeak berarekin ekarriko du laguntza osorik itzuli beharra, diru-laguntza ordaintzen den egunetik hasita legez dagozkion interesak barne.
13. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea
Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.
II. ERANSKINA
Laguntzaren kalkulua, ustiategia osasun arrazoiengatik hustu behar izateagatik, herrilurretako larreak aprobetxatu ezinagatik eta zezenketako ustiategiak mugitzeko debekuagatik
1. Ustiategia hustu behar izanaren ondoriozko laguntzaren kalkulua.
JARDUERA | UNITATEAK | MARJINA GORDINA |
Haragitarako behi-azienda | Behi heldua | 626,24 |
Esnetarako behi-azienda | Litroak/kuota/urtean | 0,18 |
Haragitarako ardi-azienda | Ardi heldua | 23,45 |
Esnetarako ardi-azienda | Ardi heldua | 107,73 |
Laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da: ustiategia husteko datari dagokion ustiategiko zentsua edo esne kuota aurreko taulan ezarritako urteko marjina gordinaren balioaz biderkatuta ateratzen dena. Urteko zenbateko hori 365ez zatituta eguneko zenbatekoa aterako da eta hori ustiategiaren huste aldiaz biderkatuko da.
2. Herrilurretako larreak aprobetxatu ezinaren ondoriozko laguntzaren kalkulua.
-Haragitarako behi azienda.
1. Bigak (8-30 hilabete) 0,871 euro/egunean.
2. Behi heldua 1,323 euro/egunean.
Ardi-azienda.
1. Ardi heldua 0,180 euro/egunean.
Banakako balioa biderkatuko da aurreko hiru urteetan edo jardueraren hasieratik larreak aprobetxatu dituzten abereen eta izan diren egunen batez bestekoaz (aprobetxamendu hori agiri bidez frogatu beharko da).
3. Zezenetako ustiategietan mugitzeko debekuaren ondoriozko laguntzaren kalkulua hauen balio txikienagatik zehaztuko da:
-Aurreko hiru urtean izenpeturiko zezenketa jaialdietako kontratuen batez besteko balioaren %70, mugitzeko debekualdi berarekin batatoz eta I. eranskineko 4. artikuluko d) puntuaren arabera behar bezala frogatzen badira.
-Ordainketa bat ustiategiko behi heldu bakoitzeko, zezenketako liburu genealogikoan inskribaturik badago, 5 euro ezin mugituz dagoen egun bakoitzeko, ekainaren 1etik urriaren 30era bitarte.
Iragarkiaren kodea: F0920738