Iragarkia
105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
390/2009 FORU AGINDUA, abuztuaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, nekazaritzako lanbide erakundeei diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta 2009ko laguntzen deialdia onesten duena. Diru-laguntzak nekazaritzako ustiategien titularrak eta haietan lan egiten dutenak enpresaren kudeaketarako eta komunikazio elektronikorako teknologia berrietan (IKTak) trebatzeko laguntza teknikoa emateko jardueretarako dira.
Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.
Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta haren antolaketarekin bat, Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa Nafarroako Foru Komunitateari dagokio.
Testuinguru horretan nabarmentzen da nekazaritzaren produkzio sistema eta ereduen bilakaerak nekazaritza ustiategien behar eta eskariak aldarazi dituela, bereziki antolaketa sistemei dagokienez, produkzio eta merkataritza prozesuaren eraginkortasun tekniko eta ekonomikoa ahalik eta handiena izan dadin.
Horrela, ezinbestekotzat jotzen da egungo egituren egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea, eta horretarako nekazaritza ustiategiei eta nekazaritzako enpresaburuei enpresa kudeaketaren, komunikazioaren, informazio-sareetako sarbidearen eta kudeaketa eta komunikaziorako sistema elektronikoen (IKTak) inguruko gai guztietan laguntzeko ekimenetarako laguntzak ezarri behar dira.
Trebakuntzak ondorio onak sortzen ditu gizarte osoarentzat; izan ere, trebakuntzari esker langile kualifikatuen kopurua handitzen da eta lehiakortasuna hobetzen, eta gainera enplegu arloko estrategiarako garrantzitsua da.
Orobat, trebakuntza, linean ikastea barne (e-learning), ezinbestekoa da ezagutza (izugarrizko garrantzia duen ondare publikoa) sortzeko, eskuratzeko eta hedatzeko.
Kontuan izanik onuragarria dela nekazaritzako ustiategiek titularren zein langileen trebakuntzan inbertitzea, batez ere ezagutza "orokorren" trebakuntzan, egokitzat jo da laguntza ekonomikoak ezartzea trebakuntza hori sustatzeko, batez ere enpresa kudeaketarako, komunikazioetarako eta informazio-sareetako sarbiderako teknologia berrietan eta kudeaketa eta komunikaziorako sistema elektronikoen (IKT) inguruko gai guztietan.
Funtsean hiru helburu lortu nahi dira:
a) Nekazaritza enpresaburuek komunikazio telematikoko sistemak erabiltzea eta informazio sareetan sartzea sustatzea.
b) Batera kudeatzeko sarea sortuko duten sistema informatizatu eta monitorizatuetara sarbidea ziurtatzea.
c) Nekazaritzaren sektorean goi teknologiako sistemak sartuko direla ziurtatzea; hots, nekazaritza modernoaren eskariei erantzuteko fidagarriak eta egokiak direnak, bai informazio sareetako sarbideari dagokionez bai kudeaketa sistemei, aholkularitzari eta bezeroarentzako zerbitzuei dagokienez, IKTBak ezartzeko oinarri gisa.
Xede horiek Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoan (2006an onetsian) ageri diren helburuei lotuta daude, bereziki "Nekazaritzako egiturak eta azpiegiturak" izeneko 1. ardatz estrategikoan ageri direnei, non bi helburu nagusi zehazten baitira eta horietan sartzen foru agindu honetan ezarritakoa kontuan hartzen duten jarduketa ildoak eta neurriak: 1. helburua: "Ustiategien egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea", 1.2. ildoa "Ustiategien dimentsioak aldatzen laguntzea, bereziki elkarteak sortzeari laguntza emanez", L. 1.2. B azpi-ildoa ''Zerbitzuak batera erabiltzea'', eta 4. helburua: "Ustiategien lehiakortasuna hobetuko duten zerbitzuak bultzatzea", L.4.1. ildoa "Ustiategiei laguntzeko zerbitzuak sustatzea, labore motak eta abeltzaintza errentagarriek dituzten eskari berezi eta berrietarako eta dibertsifikaziorako" eta L.4.2 ildoa "Kooperatibismoaren eboluzioari laguntza ematea", L.4.2.A azpi-ildoa "Kooperatiben lanari laguntzea, zerbitzuak ematen dituzten aldetik".
Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da botere publikoek parte hartzea eta laguntzak ematea nekazaritzako lanbide erakundeei nekazaritzako ustiategien titularrak eta haietan lan egiten dutenak enpresaren kudeaketarako, komunikaziorako eta informazio-sareetako sarbiderako sistema informatikoak erabiltzen trebatzeko laguntza teknikoa eman dezaten.
Inbertsio horien errentagarritasuna ziurtatzeko, komeni da diru-laguntza horiek nekazaritzako lanbide erakundeetara bideratzea, hain zuzen ere zerbitzu koordinatu eta zentralizatua eskainiz, diru-laguntza osoko zerbitzuak emateko erabiltzen dela bermatzen duten erakundeetara, eta horrela nekazari partikularra zerbitzu horren azkeneko onuradun bakarra izanen da.
Deialdi honetako laguntzak Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1857/2006 (EE) Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira. Erregelamendu hori nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainetarako Estatuko laguntzei Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 70/2001 (EE) Erregelamendua aldatu du (2006-12-16ko EEAO-L, 358).
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-Arauen onespena.
Nekazaritzako lanbide erakundeei diru-laguntzak emateko arauak onesten dira. Diru-laguntza horiek nekazaritzako ustiategien titularrak eta haietan lan egiten dutenak enpresaren kudeaketarako eta komunikazio elektronikorako teknologia berrietan (IKTak) trebatzeko laguntza teknikoa emateko jardueretarako dira.
Lehen xedapen gehigarria.-2009ko laguntzen deialdia.
1. Nekazaritzako lanbide erakundeei diru-laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten da. Diru-laguntza horiek nekazaritzako ustiategien titularrak eta haietan lan egiten dutenak enpresaren kudeaketarako eta komunikazio elektronikorako teknologia berrietan (IKTak) trebatzeko laguntza teknikoa emateko jardueretarako dira.
2. 2009an laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea foru agindu honek indarra hartzen duen egunean hasiko da eta 30 egun natural igaro ondoren bukatuko da.
Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuetako kredituak.
Laguntza hauetarako 136.000 gastua onestea, 2009ko aurrekontu orokorretako 700000-71400-4819-411100 "Nekazaritzako lanbide erakundeentzako diru-laguntzak" kontu-sailaren kargura.
Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2009ko abuztuaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
ERANSKINA
Nekazaritzako lanbide erakundeei diru-laguntzak emateko arauak, nekazaritzako ustiategien titularrei eta haietan lan egiten dutenei enpresaren kudeaketarako eta komunikazio elektronikorako teknologia berrietan (IKTak) trebatzeko laguntza teknikoa eman dezaten
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen bidez ezartzen diren arauen helburua da nekazaritzako lanbide erakundeek enpresen kudeaketarako eta komunikazio elektronikorako teknologia berrietan (IKTak) trebatzeko jasoko dituzten laguntzak arautzea.
2. artikulua. Onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradunak nekazaritzako lanbide erakundeak izanen dira, betiere bermatzen badute aurreikusitako zerbitzuen erabiltzaileak eta azkeneko onuradunak nekazaritzako ustiategien titularrak eta nekazaritzako langileak izanen direla.
2. Edonola ere, entitate onuradunek ETEen beharkizunak bete beharko dituzte, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europar Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta gastuak.
1. Nekazariak eta nekazaritzako langileak informaziorako, kudeaketarako eta komunikaziorako teknologia berrietan (IKTak) trebatu eta hezteko laguntza teknikoa ematean sortzen diren kostu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Trebakuntza programaren antolaketa kostuak, esaterako:
-Irakasleen kostuak, joan-etorrien gastuak barne.
-Gastu arruntak, esaterako, proiektuari zuzenean lotutako materialak eta hornigaiak.
-Tresnen eta ekipoen amortizazioa, trebakuntza proiekturako erabiltzen diren proportzioan.
-Lineako aplikazioak eta informazioa mantentzearen eta eguneratzearen kostuak.
-Laguntza ematen den ekitaldiko lizentzien kostuak.
-Zeharkako kostu orokorrak (gastu administratiboak, alokairuak, gastu orokorrak), aurreko ataletan aipatutako gainerako kostu lagungarrien %50 gehienez.
b) Trebakuntza proiektuaren inguruko aholkularitza zerbitzuen kostuak.
2. Diru-laguntza jasotzeko, jarduerek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Laguntza espezietan emanen da, diruz lagundutako zerbitzuen bitartez, eta ezin izanen zaie zuzenean ekoizleei dirutan pagatu.
b) Zerbitzua erabiltzeko ez da izango beharrezkoa erakunde onuradun batean afiliatuta egotea. Afiliatuta ez dauden pertsonek erakundearen administrazio kostuetarako egiten dituzten ekarpenak zerbitzuaren kostuaren proportziozkoak izanen dira.
c) Arau honetan ezarritako ekintzak, diru-laguntza jaso dezaketenak, 2009. urtetik 2013.era bitarte egin behar dira.
3. Jarduera hauetarako ez da laguntzarik emanen:
a) Nafarroan egiten ez direnak.
b) Eskabideak aurkeztu baino lehen hasten direnak.
c) Nekazaritza ustiategiei enpresa kudeaketaren, komunikazioaren, informazio-sareetako sarbidearen eta komunikaziorako sistema elektronikoen (IKTak) inguruko gaietan laguntzeko ez direnak.
4. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Diru-laguntza jaso dezaketen kostuen %75eko laguntza ezarri da.
2. Guztira, diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen kostua 30.000 eurotik gorakoa izan behar da.
3. Deialdi honetan onuradun bakoitzari ematen ahal zaion laguntza, gehienez ere, 136.000 eurokoa izanen da.
5. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea.
1. Eskaerak laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri eta departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.
3. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.
4. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, 7. artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
6. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honetako laguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emanen dira.
2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:
a) 7. artikuluan ezarritako ekintza planeko jardueretarako izena ematen dutenen kopurua kontuan hartuta:
-Izena ematen duten 20 pertsonako puntu bat emango da, 50 puntu gehienez.
b) Eskuragai dauden terminalen kopuruaren arabera:
-100 terminal baino gehiago: 30 puntu.
-50 terminal baino gehiago: 20 puntu.
-25 terminal baino gehiago: 10 puntu.
-10 terminal baino gehiago: 5 puntu.
Eskaera batzuek puntuazio bera badute, ekintza planerako eskuragai dauden terminalen kopuruaren arabera lehenetsiko dira.
7. artikulua. Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua eta laguntzak emateko irizpide objektiboak.
Proiektua deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:
1. Eskatzailearen IFKren kopia.
2. Erakundearen idazkariak luzatu eta bertako buruak ikus-onetsitako ziurtagiria, ondokoen berri ematen duena: zuzendaritza organoko kideen zerrenda, bazkideei arreta emateko bulegoen zerrenda eta horien helbideak, eta bulego bakoitzean arreta jaso dezaketen bazkideen kopurua.
3. Garatu nahi den ekintza planaren memoria, ondoko alderdi hauek bilduko dituena:
a) Aurrekariak.
b) Proiektuaren helburuak; ondoko alderdiak zehaztu behar dira: jardueren programak; jarduerak non egingo diren (lokalak eta instalazioak); jardueren egutegia; programak burutzeko proposatzen den sistema; jardueren aurrekontua, kontzeptu nagusiak banakatuta.
Hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela bermatzeko xedez, diru-laguntza ematen den urtean laguntza jaso dezaketen gastuen aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kasuan edo ekipamendu-ondasunen horniduren kasuan, hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko dira, salbu eta merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo justifikatzen bada hornitzailea irizpide teknikoei edo esklusibitate eskubideak babesteari buruzko irizpideei jarraikiz hautatu dela.
c) Entitate onuradunaren deskribapena, negozioaren bolumena, bestelako enpresekin duen menpekotasun maila eta guztira dituen langileak, kontratu motaren arabera sailkatuak (finkoak eta aldi baterakoak).
d) Laguntza teknikoa emateko lokalen zerrenda, datu hauekin: helbidea, telefonoa, faxa, e-maila, arretaren arduraduna (zehaztuta badago) eta bakoitzean dauden terminalen kopurua.
e) Lokal bakoitzari buruz hauxe zehaztu behar da: proposatutako jardueretarako izena eman dutenen zerrenda (zerbitzua hasten denerako eskatzaileen izen-deiturak, NANa eta sinadura eduki beharko dira). Lokal batean izena eman arren, gerta liteke zerbitzua erakunde onuradunaren beste lokal batean jasotzea.
4. Erantzukizuneko aitorpena, xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.
5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen adierazpena.
6. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..............., neure izenean/....................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari hauxe egiaztatzeko: nekazaritzako lanbide erakundeek, nekazariak eta nekazaritzako langileak sistema informatikoen erabileran trebatzeko, nekazaritzako ustiategiei laguntza teknikoa emateko jardueretarako diru-laguntzen 2009ko deialdia tramitatzeko prozeduran nik / ordezkatzen dudan erakundeak zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eguneratuak ditudala / dituela."
7. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.
8. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.
8. artikulua. Ebaluazio organoa.
Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.
9. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.
1. Eskaera hartuta, ezarritako baldintza hauek betetzen dituen egiaztatuko da: eskatzailea onuradun izan daitekeen, 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta 7. artikuluan aurreikusten diren agiriak ekarri dituen. Eskatutako agiriak aurkezten ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamabost egun naturaleko epean, gehienez ere, aurkez ditzala, eta adieraziko zaio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta hori ere jakinaraziko zaiola.
2. Eskaera beterik, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluazioa egin eta ebazpena proposatuko du.
3. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko ditu ezetsi diren eskaerak.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epea ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
10. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.
Laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, betiere laguntza eskatzen den urteko abenduaren 5a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1. Egindako gastuen laburpen orokorra. Bertan, gastuak zerrendatu eta multzoka agertuko dira, diru-laguntza eskatzen denean aurkezten den aurrekontuko epigrafeekin bat.
2. Egindako gastuak eta dagozkion ordainketak frogatzen dituzten egiaztagiriak. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak entitate onuradunari itzultzen zaizkionean.
3. Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria; gutxienez datu hauek jaso behar ditu:
-Egindako jardueren deskripzioa, lorturiko emaitzen balorazioa eta jardueren ezarpenaren gradua.
-Trebakuntzako eta hezkuntzako material esanguratsuenaren ale bat, material informatikoa barne, ekintzen funtsa azaltzen dutena.
4. Erantzukizuneko aitorpena, eskaera egindako egunaren ondoren xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.
11. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.
1. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak agiri guztiak aztertuko ditu, eta aurkezturiko gastuen hautagarritasuna, frogagirien balioa eta agiri guztien nahikotasuna onetsiko. Gainera, egiaztagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutakoa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.
2. Halaber, egiaztatu beharko du ekintza berberek finantzabide bikoitzik ez dutela, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearentzako Estatuko laguntzen bitartez.
3. Diru-laguntza guztia batera ordainduko da, diru-laguntzaren xedea lortu dela eta harturiko dirua foru agindu honetan ezarri bezala erabili dela egiaztatu eta gero.
12. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Foru agindu honetako laguntzak bateraezinak dira ekintza berean diruz lagundu daitezkeen gastu berberetarako legez ezarritako beste edozein laguntzarekin, beste instituzio edo erakunde batzuek eman ditzaketenak barne.
13. artikulua. Onuradunen eginbehar orokorrak eta publizitatekoak.
1. Aurreikusitako laguntzetarako eskaera aurkezteak berekin dakar foru agindu honetan ezarritako konpromisoak onartzea eta betebeharrak betetzea.
2. Erakunde onuradunek ezarritako epeetan eta laguntzak emateko ebazpenerako oinarritzat hartu zen ekintza planaren arabera bete beharko dituzte diruz lagundutako ekintzak; hala egin ezean, diru-laguntzen banaketa aldatzen ahalko da, foru agindu honen 14. artikuluarekin bat etorriz.
3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari frogatu behar zaio hartutako funtsak diru-laguntza ematea eragin duen xederako erabili dela, ezarritako moduan eta epeetan gauzatu dela ekintza plana, eta hartutako funtsak erabiltzeko izandako gastuak justifikatu behar dira.
4. Ordainketa egin aurretik, entitate onuradunek jarduera berberetarako jasotako beste edozein laguntzaren berri eman beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
5. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartu behar dira.
6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak eduki behar ditu.
7. Diru-laguntzen onuradunek finantziazioaren publizitatea egin beharko dute enpresan jarritako informazio panelen bidez edo beren web orriaren bitartez.
14. artikulua. Emandako diru-laguntzen aldaketa, ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.
Ekintza plana buruturik, egiazko gastuaren zenbatekoa ekintza plan horretarako onetsitakotik beherakoa baldin bada, laguntzaren zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituta, inolako zehapenik gabe, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu gauzatutako planak teknikoki eta ekonomikoki baliozkoak izan direla.
15. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Arau hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak ETE izaera galtzen badu eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.
16. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Foru agindu honetan ezarritako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.
Iragarkiaren kodea: F0920734
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
