2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORKOIEN
Gazteen txokoaren barne araubidearen erregelamendua
Behin betiko onespena
Orkoiengo Udalak, 2009ko martxoaren 25ean egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen gazteen txokoaren barne araubidearen erregelamendua.
Onespenaren erabakia 2009ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ean. Jendaurrean izan den epealdian aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoan, Orkoiengo gazteen txokoaren barne araubidearen erregelamendua behin betiko onetsi da eta xedatu, osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Orkoienen, 2009ko uztailaren 27an.-Alkatea, Casimiro Larrea Ruiz.
GAZTEEN TXOKOAREN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA
1. Xedea.
Hauxe da erregelamendu honen xedea:
-Aipatutako udal instalazioaren erabilera arautzea, zerbitzu publikoa eta herritar guztientzako dela kontuan harturik, hain zuzen ere 12 eta 30 urte bitarteko herritarrek aisialdiko eta denbora libreko jardueretarako erabiltzeko prestatutako instalazioa.
-Instalazioak modu egokian eta ordenatuan erabiltzea, herritar guztiek erabiltzeko aukera berak dituztela.
-Txoko barruko elkarbizitzarako eta errespeturako oinarrizko arauak ezartzea.
-Herritarrak elkarrekin bizitzearen kontrako jarduerak eta portaerak zuzentzea, hala jokatzen duten pertsonak hezita.
2. Erabiltzaileen eskubideak:
-Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea.
-Gazteen txokoa erabiltzea, hain zuzen ere bertako ondasun eta zerbitzu guztiak.
-Informazioa eta aholkuak eskatzea gai pertsonalez, aisialdiko eta denbora libreko jarduerez, ikasketez, lanaz eta etxebizitzaz, banaka zein taldeka.
-Gazteentzako programan parte hartzea bertako zerbitzuak eta proposamenak erabiliz, eta ideiak eta iradokizunak aurkeztea (hori guztia dagoeneko dauden bideetatik edo berariaz sortuko direnetatik gauzatuko da). Norberak erabakiko du zenbateraino parte hartu.
-Kexuren bat aurkeztu behar izanez gero, udaletxean erreklamazio-orriak edukitzea.
-Erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren berri jakitea.
3. Erabiltzaileen betebeharrak:
-Txokoko langileak eta erabiltzaileak errespetatzea (etnia, sexua, sexu-orientazioa...) eta duintasunarekin tratatzea.
-Instalazioko ondasunak eta zerbitzuak behar den bezala erabiltzea. Horretarako ondasunak (altzariak, materialak...) eta lokala bera errespetatu behar dira.
-Instalazioa garbi mantentzea.
-Jarduera batean parte hartuz gero, instalazioak eta erabilitako materiala hasi aurretik egon diren bezala utzi behar dira, berriro erabiltzeko moduan.
-Kasu batzuetan (ikastaroak, tailerrak, txangoak, joan-etorri autobusa...) zenbateko bat ordainduko da parte hartu ahal izateko.
-Lokalaren funtzionamenduko ordutegiak errespetatzea.
-Lokaleko langileei zerbitzu egokiak eragozten dituzten gorabeheren, akatsen eta narriaduren berri ematea.
4. Betebeharrak egin ezean aplikatuko diren neurriak:
Gure ustez lokalera biltzen diren gazteek beren ekintzen ardura dute eta, beraz, baita egiten dutenaren ondorioena ere. Horrenbestez, beren gain hartu behar dituzte beren erruz gertatzen diren gorabeheren ondorioak, eta ahaleginak egin behar dituzte besteen jarduna ez eragozten, begirunezko giroan aritzeko eskubidea baitute.
Adingabeen ekintzen erantzukizuna haien gurasoek edota legezko tutoreek edukiko dute.
4.1. Erabiltzaileek beren betebeharrak egin ezean aplikatuko diren neurriak:
-Lehenbiziko neurria beti izango da gertatutakoaz hitz egitea.
-Bigarrena zehapen-prozedura abiaraztea izango da. Zehapen-prozedura honela izango da: erregistro batean gazteen txokoaren erabiltzaileen hutsegite guztiak jasoko dira, bakoitzaren larritasuna eta noiz egin den zehaztuta, jarraipena egin ahal izateko.
Hutsegiteak honela kalifikatuko dira:
-Hutsegite arina.
-Hutsegite larria.
-Hutsegite oso larria.
-Hirugarren neurria hutsegite larria gertatzen denean aplikatuko da. Honelako bat gertatuz gero, gazteen txokoko hezkuntza taldeak, zehapen kontseiluaren aholkuak entzunik, egindako kalteari dagozkion zehapena eta ordaina zehaztuko ditu, eta kasuaren jarraipenaz ere arduratuko da. Hutsegitea egin duena ezin sartu izango da gazteen txokoan hezkuntza taldeak behin betiko erabakia hartu arte.
-Laugarren neurria hutsegite oso larria eginez gero aplikatuko da. Honelako bat gertatuz gero, espedientea irekiko da eta zehapen kontseiluaren bilerarako deialdia egingo da. Kontseiluak kalteari dagozkion zehapena eta ordaina zehaztuko ditu, eta kasuaren jarraipenaz ere arduratuko da. Hutsegitea egin duena ezin sartu izango da gazteen txokoan kontseiluak behin betiko erabakia hartu arte.
4.2. Arau-hausteen kalifikazioa.
4.2.1. Hutsegite arina:
Hutsegite arinak dira:
-Noizean behin errespetua galtzea jendeari, hala zentroko erabiltzaileei nola profesionalei.
-Langile arduradunen eta jardueren begiraleen jarraibideei kasurik ez egitea.
-Besteak zor zaien errespetuarekin ez tratatzea (arraza, sexua, sexu-orientazioa, itxura,..).
-Hautapen edo portaera okerren ondorioz edota nahita arituta Udalaren materiala, altzariak edota instalazioa bera narriatu edo hondatzea, edo arrisku horretan jartzea.
-Lokala garbi mantentzen ez laguntzea.
-Ordutegia ez errespetatzea.
-Hezkuntza taldearen bulegoa ez errespetatzea eta haren jarduna eragoztea.
Horiek guztiak eta gazteen batzordeak zehazten dituenak hutsegite arinak dira.
Horrelako bat gertatzen den bakoitzean huts egin duenak abisua eta ohartarazpena jasoko ditu, gehienez ere hiru aldiz egunean. Hiru abisu jasotakoan zehapen-prozedura abiaraziko da.
Hutsegite arinaren jakinarazpena:
Arau-hausleari zehapen-prozedura abiarazi dela jakinaraziko zaio; hutsegitea zein izan den zehaztuko da.
4.2.2. Hutsegite larria:
Hutsegite larriak dira:
-Astebetean bost hutsegite arin pilatzea.
-Pertsonei modu larrian errespetua galtzea: erasoa, mehatxua, abusua, larderia.
-Gaizki erabiltzearen ondorioz edo nahita Udalaren materiala, altzariak edota instalazioa bera hondatzea.
-Lokalaren barruan estupefazienteak, alkohola edo tabakoa kontsumitzea.
Zehapenak:
Hutsegitea egin duenari ez zaio utziko lokalean sartzen, egun bat gutxienez eta hilabetean gehienez. Nolanahi ere, horren ordez kontraprestazio bat ezar daiteke.
Zehapena astebete baino luzeagoa bada, erabakia zehapen kontseiluak hartuko du espedientea ireki ondoren.
Espedientea irekitzea:
1. Arau-hausleari hutsegitea jakinaraztea, zer gertatu den, arrazoiak eta data zehaztuta.
2. Jakinarazpena jasotzen duenetik arau-hausleak 15 eguneko epealdia edukiko du bere eskubideen alde egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.
3. Zehapen kontseiluak zehapena proposatuko du espedientea aztertu ondoren.
4. Zehapenaren berri emango da eta noiz aplikatuko den argituko (hartu-agiriarekin).
Hutsegite larriaren jakinarazpena:
-Gaztea adingabea bada, legezko tutoreei jakinaraziko zaie telefonoz; adinduna bada, berari zuzenean.
-Idatzizko zentzarazpena bidaliko da (hartu-agiriarekin), hutsegitea nolakoa izan den eta noiz egin den zehaztuta.
4.2.3. Hutsegite oso larria:
Hutsegite oso larriak dira:
-Hutsegite larriak behin eta berriz egitea.
-Jendeari behin eta berriro errespetua galtzea eta mehatxuak edo eraso fisikoak egitea, hala zentroko erabiltzaileei nola langileei. Nahita eraso egitea.
-Materiala, altzariak edota instalazioa bera behin eta berriz gaizki erabiltzea edota nahita hondatzea. Gertaera horiek hutsegite arina eta larria sortzen dutenak baino gogorragoak dira.
-Lokaleko edo erabiltzaileen zein langileen materiala edo beste edozein gauza lapurtzea.
-Lokalaren barruan drogak saltzea (tabakoa, alkohola, estupefazienteak...).
-Lokalean arma batekin sartzea.
-Hutsegite larriagatik ezarritako zehapena ez betetzea.
Zehapenak:
Hutsegite oso larrietan, zehapen kontseiluan gazteen txokoaren arduraduna, gazteriaren zinegotzia eta udal teknikari bat ariko dira.
Hutsegite oso larria egiten dutenek aurre egin beharko diete haien ondoriozko erantzukizunei dirua ordainduta, kontraprestazioa emanda zein gazteen txokora aldi jakin batez ezin sartu izatea onartuta.
Hutsegite oso larriek berekin dakarte lokalera sartzeko debekua. Ondoren zehapena edo kontraprestazioa zehaztuko da eta beste aukerarik dagoen aztertuko.
Hutsegite oso larria gertatzen bada, parte diren pertsona guztiei entzungo zaie; baten bat adingabea izanez gero, legezko tutoreei ere biltzeko deia egingo zaie.
Espedientea irekitzea:
1. Arau-hausleari hutsegitea(k) jakinaraztea, zer gertatu den, arrazoiak eta data zehaztuta.
2. Jakinarazpena jasotzen duenetik arau-hausleak 15 eguneko epealdia edukiko du bere eskubideen alde egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.
3. Zehapen kontseiluak zehapena proposatuko du espedientea aztertu ondoren.
4. Zehapenaren berri emango da eta noiz aplikatuko den argituko (hartu-agiriarekin).
Hutsegite oso larriaren jakinarazpena:
-Gaztea adingabea bada, legezko tutoreei jakinaraziko zaie telefonoz; adinduna bada, berari zuzenean.
-Idatzizko zentzarazpena bidaliko da (hartu-agiriarekin), hutsegitea nolakoa izan den eta noiz egin den zehaztuta.
Iragarkiaren kodea: L0920224