Iragarkia
105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUNBERRI
Irunberriko "Sasos del Salazar" ureztalurreko herrilurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza
Behin betiko onespena
Irunberriko Udalak, bi mila eta bederatziko apirilaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Irunberriko "Sasos del Salazar" ureztalurreko herrilurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza.
Onespenaren erabakia 2009ko maiatzaren 25ean argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (64. zk.). Jendaurrean egoteko epealdian inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat etorriz. Horrenbestez, haren testua osorik argitaratu da.
Udalak, 2009ko ekainaren 30eko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Irunberriko "Sasos del Salazar" ureztalurreko herrilurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza, ez baitzen aurkeztu erreklamaziorik, kexarik ez oharrik.
Irunberrin, 2009ko uztailaren 15ean.-Alkate udalburua, Mauro Gogorcena Aoiz.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako ahalmenak erabilita eman da.
2. artikulua. Ordenantzaren helburua Irunberriko herrilurretako "San Gregorio", "Bergua" eta "Saso Güesa" ("Sasos del Salazar" ere esaten zaie) alderdietako 91,60 inguru ha-ren aprobetxamendua arautzea da, 23 lote esleitzeko. Alderdiok lehorreko lurrak ureztalur bihurtzeko proiektu batean sartzen dira, hain zuzen ere Udalak 1997ko martxoaren 17ko bilkuran onetsitako proiektuan. Obrak Riegos de Navarra, SAk egingo ditu.
Baldin eta obrak amaitutakoan aurrean aipatutako loteak ez badatoz bat hasierako proiektuan ezarritakoekin, orduan taxututa diren loteak arautuko ditu ordenantza honek.
3. artikulua. Berariaz egindako proiektu teknikoaren arabera, loteak nekazaritzarako erabiliko dira, bai laborantza intentsiborako (lote bat berotegia egiteko prestatuko da), bai estentsiborako (lote batean bazkalekua jarriko da), bai iraupen luzeko landareen laborantzarako (mahastia, etab.).
4. artikulua. Herrilur horien aprobetxamendua eta erabilera ordenantza honek arautuko ditu. Ordenantzan aurreikusita ez dagoen zerbait gertatzen bada, Irunberriko Udalaren Herrilurren Aprobetxamenduaren Ordenantza Orokorra aplikatuko da.
Inork eskatu ez eta loteren bat libre geratzen bada, gehieneko kupoa eskuratu duten pertsonek eskatu ahal izango dute esleitzeko. Bigarren esleipenean lurzati baino eskatzaile gehiago badago, ordenantza honetan loteak esleitzeko ezarritako prozedura aplikatuko du Udalak.
II. KAPITULUA
Onuradunak
5. artikulua. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 154. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, orokorrean ondoren azalduko diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateak izanen dira herrilurretako aprobetxamenduen onuradunak:
A) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.
B) Irunberriko Biztanle Erroldan inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.
C) Irunberrin bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian gutxienez.
D) Irunberriko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.
6. artikulua. Herrilurrak esleipendunek beraiek landu behar dituzte, zuzenean; ezin dituzte errentan eman ez ustiatu lan pertsonala ez beste modu batean. Hala jokatzen ez badute, ordenantza honetako 41. artikuluan arau-hausteez xedatutakoa aplikatuko zaie.
7. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, lurrak ustiatzaileak zuzenean eta modu pertsonalean lantzen dituela pentsatuko da berak lantzen baditu, bakarrik zein berarekin bizi diren senideek lagunduta, soldatapeko inor erabili gabe (salbuespena: urtaroko lanek edo nekazaritzako ustiapenak norbait kontratatzera behartzen ahal dute).
Gainera, gaixotasuna edo Irunberriko Udalaren ustez lanean aritzea eragozten duen beste zerbait dela eta, ustiatzaileak soldatapekoren bat kontratatu arren, laborantza pertsonaltzat hartuko da.
8. artikulua. Lurzatia apartzerian ematen edo lagatzen duten esleipendunei lurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte, eta ordenantza honetako 41. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
9. artikulua. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 168.2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ondoko kasuetan esleipendunak lurrak zuzenean ez dituela lantzen pentsatuko da:
A) Nekazaritzako makineria eduki arren esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez baditu.
B) Erregaiak, ongarriak eta lehengaiak erosi izanaren agiriak edo saldutako produktuenak aurkezteko eskatu eta ezarritako epealdian aurkezten ez baditu.
C) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez badu, behartuta ez egon arren.
D) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.
III. KAPITULUA
Esleipena
10. artikulua. Loteak zozketa bidez esleituko dira; zozketa publikoa izango da eta lotea jasotzeko eskubidea duten eskatzaile guztiek hartuko dute parte. Eskaera idatziz aurkeztu behar zaio Irunberriko Udalari; horretarako epealdia ohi den bezala jakinaraziko da.
11. artikulua. Artikulu honetan esleituko diren loteak eta eskatzaileek jasoko dituzten puntuak zehaztuko dira eta esleipenerako izapideen berri emango da.
Bi lote mota daude:
Lote tipoa.-Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50 bermatzen du; honelako loteak lehentasuna duten onuradunei esleituko zaizkie, uko egin ezean.
Lote tipoa esleipenaren prozesuan bertan zehaztuko da (tamaina, kalitatea, kokalekua, etab.), lehentasuneko onuradunik egonez gero.
Esleipendunak lote tipoa galduko du lehentasuna galduz gero.
Oinarrizko lotea.- Udalak zehaztuko du (kalitatea eta azalera) eta antzeko balioa duten loteak taxutuko ditu.
Oinarrizko lote libreak zozketa bidez esleituko dira; zozketa publikoa izango da eta lotea jasotzeko eskubidea duten eskatzaile guztiek hartuko dute parte. Eskaera idatziz aurkeztu behar zaio Irunberriko Udalari; horretarako epealdia ohi den bezala jakinaraziko da.
Eskaerak loteak baino gehiago izanez gero, Udalak ondoren azalduko den baremo formula aplikatuko du zozketan parte hartuko duten eskatzaileak hautatzeko. Zozketa bat bakarrik egingo da eta parte-hartzaileen kopurua proiektu teknikoko obrak amaitu ondoko loteen kopurua bera izan behar da.
Esleipendunak hautatzeko puntuazioa
1.-Hasierako puntuazioa: +1.000 puntu.
Ahaide urrituren bat dutenak: +500 puntu.
2.-Egoera zibila ezkondua edo egitatezko bikotean bada: + 150 puntu.
3.-Adina:
-18 - 40 urte bitartean: + 500 puntu.
-41 urtetik aurrera: punturik ez
4.-18 urtetik beherako seme-alabak:
-Haur bakoitzeko: 50 puntu.
5.-Lanbidea:
-Baliaezintasun iraunkorragatiko ordainsaria: - 300 puntu.
-Nekazaria edo abeltzaina (jarduera nagusia): +1.500 puntu.
6.-Senarraren edo emaztearen edo egitatezko bikoteko kidearen lanbidea:
-Lanpostu finkoa: -300 puntu.
7.-Laborantza estentsiborako lotea esleitzen zaienek uko egin beharko diete ibarbasoetan edo sasoetan esleituta dituzten loteei.
Baremoa aplikatu ondoren hainbat eskatzailek puntuazio bera badute, esleipen-zozketan parte hartuko dutenak hautatzeko beste zozketa bat egingo da.
12. artikulua. Hala ere, mahasti loteak, laborantza nolakoa den kontuan hartuta, Irunberriko Udalak proiektu teknikoa onetsi ondoren esleituko dira, aurreko artikuluan araututako sistemari lotuta.
13. artikulua. Zozketaren ondoren loteren bat esleitu gabe geratzen bada, beste zozketa baten bidez esleituko da, prozedura bera erabilita.
IV. KAPITULUA
Epealdia
14. artikulua. Hauxe izango da aprobetxamenduaren iraupena:
A) Laborantza intentsibo eta estentsiboko loteena, 15 urte esleipenetik.
B) Mahastiena, landareak iraun bitartean.
C) Bazkaleku moduan (laborantza estentsiboa) erabiliko den lotearen aprobetxamenduaren iraupena esleipenean ezarriko da, Irunberriko Udalaren Belar Aprobetxamenduen Ordenantzan xedatutakoarekin bat etorriz.
D) Irunberriko Udalak beretzat gordeko du berotegiak egiteko lotearen gaineko eskubidea: esleipena bertan behera utzi ahal izango du, esleipendunari kalte-ordainik eman gabe, eta lotea zatitu ahal izango du eta gero ondoriozko loteak berariaz onesten dituen arauei lotuta esleitu.
E) Proiektu teknikoko obrek ukitzen dituzten lurzatietako batzuetan oraintsu sartutako mahats parralak daude. Bada, lurzati horien egungo azalera aldatu ahal izango da, sortuko diren lote berrietara moldatzeko. Lote horiek zuzenean esleituko zaizkie ukitutako lurzatien esleipendunei, Udalarekin elkar hartuta. Esleipen horretako alderdi guztiak, ekonomikoa barne, ordenantza honek arautuko ditu. Udala eta esleipendunak ados jartzen ez badira, Nekazaritza Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.
15. artikulua. Zozketaren ondoriozko esleipenaren ondoren ematen diren loteen aprobetxamendu-aldia jatorrizko esleipenean ezarritakoa izango da.
16. artikulua. Esleipen-aldia amaitutakoan loteak Irunberriko Udalaren esku geratuko dira. Iraupen luzeko landarerik landatu badute edo obraren bat egin, esleipendunek ez dute edukiko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.
V. KAPITULUA
Eskabideen aurkezpena
17. artikulua. Ordenantza honen xede diren loteen aprobetxamendurako eskaerak idatziz aurkeztu behar dizkiote Irunberriko Udalari horretarako eskubidea dutela uste duten pertsonek. Eskaerak aurkezteko epealdia jendaurrean azalduko da, ordenantza honetan ezarri den bezala.
18. artikulua. Eskaerarekin batera ondoko agiriak ere aurkeztu behar dira (jatorrizkoak edo notario edo administrazio baten aurrean kautotutako kopiak):
A) Nortasun agiri nazionala.
B) Familia unitateko kideei buruzko zinpeko adierazpena, eta horren egiaztagiria (familia liburua).
C) Eskatzailea Irunberrin bizi dela frogatzen duen errolda-ziurtagiria (antzinatasuna agertu behar da).
D) Eskatzaileak Irunberriko Udalarekiko zerga betebeharrak bete dituela frogatzen duen ziurtagiria, Udalak emana.
E) Eskatzaileak eta beraren familia unitateak Irunberriko udalerrian eta beste batzuetan dituzten landalurren katastro-ziurtagiria (bereiztu egin behar dira, alde batetik lehorrekoak eta bestetik ureztalurrak).
F) Eskatzaileak eta beraren familia unitateak Irunberriko udalerrian eta beste batzuetan dituzten abereei buruzko zinpeko aitorpena.
G) Fidantza (300 euro loteko) eratu dela frogatzen duen agiria. Loterik esleitzen ez zaienei fidantza itzuliko zaie eta esleipena jasotzen dutenei atxiki egingo zaie, kontratua behar bezala bete dezaten; esleipena amaitutakoan itzuliko zaie.
H) Errenta aitorpenaren kopia.
19. artikulua. Irunberriko Udalak eskaerak aztertuko ditu eta bazter utziko ditu ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen ez dituztenak, interesdunei nahi dutena esateko 10 egun balioduneko aldia eman ondoren.
20. artikulua. Onartutako eskaeren zerrenda prestatu ondoren ordenantza honetako 11. artikuluan ezarritako baremoa aplikatuko da, beharrezkoa izanez gero, eta zozketa egingo da aurreko artikuluetan ezarri den bezala.
21. artikulua. Esleipena zozketa publiko baten bidez egingo da Irunberriko udaletxean.
Hona zozketaren prozedura:
Loteen zenbakiak poltsa batean sartuko dira.
Zozketan parte hartzeko eskubidea duen eskatzaile bakoitzak zenbaki bat aterako du.
Loteen zozketa amaitu ondoren emaitzak plazaratuko dira Udalaren iragarki-oholean; datuak, nork zer jaso duen, oholean izango dira hamar egunez, nahi dutenek erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.
22. artikulua. Irunberriko Udalak zozketaren emaitzen arabera esleituko ditu loteak.
23. artikulua. Zozketa amaitutakoan, nahiz eta Udalaren osoko bilkurak loteak esleitu ez, ezin egin izango zaie uko, hurrengo artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.
Inork bere loteari uko egiten badio horretarako arrazoirik eduki gabe, zehapena ezarriko zaio (6 euro erreguko) eta kalteak ordaindu beharko dizkio Udalari, hain zuzen ere lotea beste bati esleitu arteko kalte-galerak; gainera, fidantza galduko du.
24. artikulua. Esleipenari uko egiteko arrazoiak:
A) Titularraren gaixotasun larria edo heriotza.
Honelako kasuetan lotea ezkontidearentzat izan daiteke, gero seme-alabentzat eta gero senideentzat, baldin eta herrilurrak erabiltzen ez badituzte, adinez nagusiak badira, Irunberrin bizi badira eta eskatzaileen baldintzak betetzen badituzte. Baldin hainbat seme-alabek loterako eskubidea badute, ordenantza honetan esleipen-prozeduraz ezarritakoa aplikatuko da.
25. artikulua. Titularrik gabe geratzen diren loteak beste zozketa baten bidez esleituko dira, ordenantzan ezarritako prozedura erabilita.
VI. KAPITULUA
Lotea galtzea
26. artikulua. Ondoko kasuetan lotea aprobetxatzeko eta erabiltzeko eskubidea galduko da:
A) Esleipendunak gaixotasun larria edukiz gero edo hura hilez gero.
B) Esleipendunak loteari uko egiten badio bidezko arrazoirik gabe.
C) Egoitza beste udalerri batera aldatuz gero.
D) Irunberriko udalerrian urtean gutxienez bederatzi hilabetez jarraian bizi ez bada.
E) Irunberriko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean ez badauzka.
F) Loteen aprobetxamenduaz Udalak hartutako erabakiak eta Alkatetzak emandako ebazpenak betetzen ez baditu.
G) Esleipendunak berak zuzenean lantzen ez badu lotea.
27. artikulua. Baldin eta, Irunberriko Udalak eskatuta, esleipendun batek bere lotea utzi behar badu, kalte-ordainak jasoko ditu bertan egindako inbertsioengatik, frutarbolarik edo mahatsondorik edo bestelako iraupen luzeko landarerik egonez gero, eta obrengatik.
Kalte-ordainaren zenbatekoa aditu teknikoek finkatuko dute alorraren errentagarritasun ekonomikoa kontuan hartuta.
Norbaitek iraupen luzeko landareen laborantzarako (mahastia, etab.) lotea bertan behera utziz gero, hari dagozkion eskubideak galduko ditu.
VII. KAPITULUA
Formalizazioa eta loteez jabetzea
28. artikulua. Esleipendunak kontratua sinatzean jabetuko dira loteez, Irunberriko Udalak esleipena egin ondoren.
VIII. KAPITULUA
Lote berriak
29. artikulua. Zerbaitegatik loteren bat esleitu gabe geratzen bada, edo loteak gehitzen badira, beste esleipen-prozesu bat egingo da ordenantza honetan ezarritako arauei lotuta.
IX. KAPITULUA
Mantentze-lanak
30. artikulua. Udalak bere gain hartuko ditu ponpaketa-zentraletik ur-hargunerainoko mantentze-lanen eta matxuren gastuak eta gero herritarrei jasanaraziko dizkie. Ur-hargunetik aurrera, mantentze-lanak eta matxurak esleipendunen kargura izango dira.
X. KAPITULUA
Funtzionamendua
31. artikulua. Esleipendunek lurzatien barruan jardun behar dute; hau da, esleipendun bakoitza bere lurzatiaren planoan ezarritako eremuari lotu behar zaio. Xedapen hau betetzen ez duenak isuna ordaindu beharko du; isunaren zenbatekoa ordenantza honetako 41. artikuluan ezarri da. Horrez gainera beste esleipendunek jasandako kalte-galerak ordaindu beharko ditu, bai eta bidezko erantzukizun guztiak bere gain hartu ere, eta lurrak eskatu bezain laster utzi beharko ditu. Kalteen tasazioa arloko teknikari adituek egingo dute.
32. artikulua. Esleipendunek bide eta zortasun publiko guztiak errespetatu eta artatu behar dituzte, eta Irunberriko Udalak herritarren interesekotzat edo zaindu beharrekotzat jotzen dituen guztiak ere bai. Aurrekoa betetzen ez dutenei lotea erabiltzeko eta aprobetxatzeko eskubidea kendu ahal izango zaie, eta ordenantza honetako 41. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.
33. artikulua. Behin zozketa egin ondoren ez da onartuko lote aldaketarik, Irunberriko Udalak baimena eman ezean.
34. artikulua. Irunberriko Udalak proiektu teknikoaren ondoriozko loteen egoera aztertu eta ikuskatu ahal izango du. Esleipendunek lan horietan lagundu behar diote.
Udalak zuzenduko du ureztatze lanen funtzionamendu egokia.
XI. KAPITULUA
Belarren aprobetxamendua
35. artikulua. Belarren aprobetxamendurako eskubidea Irunberriko Udalak dauka; bazkalekuaren erabilera duenari esleituko dio.
Debekatuta dago abereak sartzea laborantza intentsiboko loteetan eta iraupen luzeko laborantzako loteetan (mahastiak, etab.), esleipendunek berariazko baimena eman ezean.
36. artikulua. Esleipendunek bi egun itxaron beharko dute fruituak biltzen dituztenetik berriz ere laborantzan hasi arte, abereek belarra jan dezaten.
XII. KAPITULUA
Prezioa
37. artikulua. Esleipendunek urtean behin ordainduko dizkiote Udalari lotearen kanona eta gainerako gastuak. Ordainketa nola eta noiz egin geroago ezarriko da.
Laborantza intentsiboko eta estentsiboko loteen urteko kanona 9 euro erreguko izango da; prezio hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz eguneratuko da. Hirugarren urtean, prezioaren berrikuspenean lurzatiaren ekoizpena eta hobekuntza-gastuak hartuko dira kontuan.
Iraupen luzeko laborantzako eta mahastizaintzako loteen urteko kanona 3 euro erreguko izango da, jatorrizko lurzatietako anduiak dauden loteetan izan ezik. Prezioa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz eguneratuko da. Bosgarren urtean, prezioa aurreko urteetako errentagarritasunaren bilakaeraren arabera doituko da.
Jatorrizko lurzatietako anduiak dauden loteen urteko kanona 12 euro erreguko izango da lehen urtetik, jatorrizkoa aldatzen ez den heinean. Prezioa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz eguneratuko da. Bosgarren urtean, prezioa aurreko urteetako errentagarritasunaren bilakaeraren arabera doituko da.
38. artikulua. Berotegiak jartzeko prest utziko den lotearen prezioa geroago ezarriko du Irunberriko Udalak.
XIII. KAPITULUA
Betebeharrak
39. artikulua. Esleipendunek beren gain hartu behar dituzte ondoren azalduko diren gastuak (Udalak jakinarazpena bidaltzen duenetik hilabete pasatu baino lehen ordaindu behar dira):
A) Obraren finantzaketaren gastuak.
B) Langileen soldatak (zaintza).
C) Uraren eta elektrizitatearen horniduraren gastuak.
D) Instalazio orokorren mantentze-lanen gastuen derrama.
XIV. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
40. artikulua. Arau-hausteak dira:
1.-Lote-aldaketa, berariazko baimena eduki ezean.
2.-Ordenantza honetan ezarritako betebeharretako bat garaiz ez ordaintzea.
3.-Lotea ez lantzea.
4.-Lotea norberak zuzenean ez lantzea.
5.-Ezpondak, bideak edo altxonbideak goldatzea.
6.-Bideetara edo altxonbideetara harriak eta bestelako materialak botatzea.
7.-Irunberriko Udalak loteak erabiltzeko ematen dituen aginduak ez betetzea.
8.-Instalazioak gaizki erabiltzea.
9.-Ordenantza honetan ezarritako zerbaiten kontra jotzea.
41. artikulua. Aurreko artikuluko 1, 2, 3 eta 4. zenbakietan ezarritako arau-hausteek zehapen hau jasoko dute: lotearen esleipenaren galera.
Gainerako kasuetan 300 euroko isuna ezarriko da.
42. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritako zehapenak gorabehera, arau-hausleak sortutako kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu (geroago ezarriko da nola); kalte-galeren zenbatekoa tekniko adituek finkatuko dute.
Xedapen gehigarria
Lehenengoa.- Udalak aintzat har dezake herritar batzuek elkar hartuta ustiatzea laborantza-alorrak, errentagarritasuna hobea izan daitekeela eta alorrak herrilurretan daudela kontuan edukita.
Bigarrena.- Proiektu teknikoko lanak amaitutakoan zozketatuko diren behin betiko loteen planoa egingo da.
Hirugarrena.- Ureztatze eremuko lurzatien lehen zozketan lurzatiren bat esleitu gabe geratzen bada, mahastien esleipendunek haietako bat esleitzeko zozketan parte hartu ahal izango dute; ahaideek ere eskubidea edukiko dute, eta zozketa aurrekoak bezala egingo da.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak.
Iragarkiaren kodea: L0919823
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
