105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Irunberriko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2009ko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Irunberriko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Onespenaren erabakia Nafarroako 64. Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko maiatzaren 25ean. Jendaurrean egoteko epea buruturik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, delako ordenantza behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat. Horrenbestez, bidezko da haren testua osorik argitaratzea.

Udalaren osoko bilkurak 2009ko ekainaren 30ean hartutako erabakiaren bidez, Irunberriko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza behin betiko onetsi da, inork ez baitu erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Irunberrin, 2009ko uztailaren 15ean.-Alkate udalburua, Mauro Gogorcena Aoiz.

BEHIN BETIKO ONESPENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.-Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz eman da.

2. artikulua.-Ordenantza honen helburua bizilagunek Irunberriko Udalaren herrilurretan egindako aprobetxamenduak arautzea da, Herrilurrei buruzko maiatzaren 28ko 6/1986 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

3. artikulua.-Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herrilurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.

II. KAPITULUA

Onuradunak

4. artikulua.-Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradunak izanen dira honako baldintza hauek betetzen dituen titularra duten familia unitateak, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 154. artikuluan ezarritakoaren arabera:

A) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

B) Irunberriko Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribaturik egotea,

bi urteko antzinatasunarekin.

C) Irunberrin urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

D) Irunberriko Udalarekin tributu betebeharrak egunean izatea.

Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Edonola ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi izan arren, betiere beraien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak baldin badira.

5. artikulua.-Herrilurretako lurzatiak esleipen-hartzaileek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez. Bestela, ordenantza honen arau-hausteei buruzko 43. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

6. artikulua.-Ordenantza honen ondorioetarako, zuzenean eta pertsonalki lantzen duen pertsonatzat joko da berez edo berarekin bizi diren senideen laguntzaz ustiapena gauzatzen duena, urtaroko edo nekazaritza ustiapeneko eskakizunek justifikatutako zirkunstantzietan baino ezin dituela hartu soldatapeko langileak.

Pertsonalki lantzen duen nekazariaren izaera ez da galduko, Irunberriko Udalaren iritziz, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapeko langile bat edo gehiago hartzen direnean.

7. artikulua.-Beren laborantza partzuergoan eman edo laga egiten duten esleipen-hartzaileei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte. Halaber, ordenantza honen 43. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

8. artikulua.-Lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dela uste izanen da hurrengo kasuetan, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 168.2 artikuluan ezarritakoaren arabera:

A) Nekazaritzako makineria izanik, esleituta dituen herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

B) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak aurkezteko eskatu, eta agindutako epean aurkezten ez dituenean: erregaiak, ongarriak eta lehengaiak erostea eta berak egindako produktuak saltzea.

C) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

D) Laborantzako lurren jabe izanik, haiek hirugarrenei errentan ematen dizkietenean.

III. KAPITULUA

Esleipena

9. artikulua.-Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

Onuradunak.-Onuradunak honako hauek izanen dira:

a) Familia unitateak, unitateko kide bakoitzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik beherako diru-sarrerak dituztenak. Kideetako baten bat ezindu fisikoa edo adimen ezindua bada, diru-sarreren portzentajea %60koa izanen da kide horrentzat.

Horretarako, familia unitatearen diru-sarrera guztiak familiako kideez zatituko dira, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendua jasotzeko eskubidea izateko adierazi diren portzentajeak gainditzen diren ala ez zehazteko asmoz.

b) Familia unitateak, kide guztien diru-sarrera guztiak batuta lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoaren %150era heltzen ez direnak.

10. artikulua.-Artikulu honen helburua esleitu beharreko loteak, eskatzaileei eman beharreko puntuak eta esleitzeko tramiteak zehaztea da.

Bi lote mota daude:

-Lote tipoa. Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50 bermatzen du eta lehentasuna duten onuradunei esleituko zaie, horri espresuki uko egiten ez bazaio.

Lote tipoa esleitzeko prozesuaren une egokian zehaztuko da (neurriari, kalitateari, kokapenari eta abarri dagokienez), lehentasuna duen onuraduna baldin badago.

Esleipen-hartzaileak lote tipoa galduko du, lehentasuna izateari uzten dion unean.

-Oinarrizko lotea. Udalak zehazten du kalitatearen eta hedaduraren arabera; antzeko balioa duten oinarrizko loteak egin ohi dira.

Oinarrizko lote libreak zozketa publikoaren bidez esleituko dira horiek jasotzeko eskubidea duten eskatzaileen artean. Eskaerak idatzizkoak izanen dira eta Irunberriko Udalean aurkeztuko dira, ohiko baliabideen bidez adierazi eta argitaratuko den epearen barnean.

Eskaerak esleitu beharreko loteak baino gehiago badira, Udalak hurrengo baremo-formula aplikatuko du zozketa horretan parte hartuko duten eskatzaileen kopurua azaltzeko. Zozketa bakarra eginen da, eta aipatutako kopuru hori eta lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak esleitu ondoren benetan dauden loteen kopurua berdinak izanen dira.

Esleipen-hartzaileak aukeratzeko puntuazioa:

-1. Hasierako puntuazioa: + 1.000 puntu.

Adimen urriko senidea dutenak: + 500 puntu.

-2. Ezkonduen edo izatezko bikoteen egoera zibila dutenak: + 150 puntu.

-3. Adina:

18 eta 40 urte bitartekoak: +500 puntu.

41 urte edo gehiago dituztenak: 0 puntu.

-4. 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenak.

Ume bakoitzeko: +50 puntu.

-5. Lanbide jarduera:

Baliaezintasun iraunkor ordaindua: -300 puntu.

Ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza duen nekazaria edo abeltzaina: +1.500 puntu.

-6. Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen jarduera.

Lanpostu finkoa: -300 puntu.

-7. Laborantza estentsiboen lotearen esleipena hartzen duenak uko egin beharko die une horretan Sason edo Soton esleituta dituen loteei.

Baremoa aplikatzean hainbat eskatzaileren artean puntuen berdinketa badago, lote kopuruaren baliokidea den kopuru zehatza lortzeko, eskatzaileen arteko ordena ezarriko da aldez aurreko zozketa baten bidez, loteak esleitzeko zozketa kontuan hartu gabe.

11. artikulua.-Zozketa egin ondoren soberako loteak badaude, beste zozketa baten bidez esleituko dira. Zozketa horretan parte hartzen ahalko dute ureztatzeko eta mahastiak landatzeko herrilurretako lurzatien esleipen-hartzaileek.

Ureztatzeko eta mahastiak landatzeko herrilurretako lurzati bat duen pertsona fisiko bati esleipena egiten bazaio, gehienez ere esleipena behin-behinekoa izanen da, hau da, hori esleitzeko eskubidea duen beste pertsona batek eskatzen duen unean, esleipena kenduko zaio aurreko esleipen-hartzaileari. Kasu horretan aintzat hartuko dira balizko onuradunak, lehentasun ordenari jarraitu gabe.

Esleipenaren iraunaldi osoan eskatzen ez bada, ureztatzeko eta mahastiak landatzeko lurzatiaren esleipen-hartzaileak laborantzako bigarren lurzati hori erabiltzen ahalko du esleipenaren iraunaldi osoan, eskubide osoko esleipen-hartzaileen baldintza berak izanda. Dena den, ez da galduko behin-behineko esleipenaren izaera.

Esleitu ondoren lehentasuna duen onuradun batek eskaera aurkezten badu, esleipenak eten eginen dira, honako ordenari jarraikiz:

-1. Bigarren zozketako esleipen-hartzaileak. Etenak esleipena jasotzeko lortu diren puntuazioen alderantziz eginen dira. Puntuaziorik ez badago, zozketa bidez eginen da.

-2. Lehen zozketako esleipen-hartzaileak. Etenak esleipena jasotzeko lortu diren puntuazioen alderantziz eginen dira. Puntuaziorik ez badago, zozketa bidez eginen da.

12. artikulua.-Adierazi diren errenta mailak zehazteko irizpideak ondokoak izanen dira:

PFEZren aitorpena.

Lansarietako diru-sarrerak.

Nekazaritza edo abeltzaintza jabetzen etekina.

Zergak, eta familia unitateen egoera ekonomikoa islatzeko udalak komenigarritzat jotzen duen guztia.

Horretarako, onuradunak behartuta daude lurzatiak esleitu baino lehen diru-sarrerei buruzko informazio zehatza ematera, udalak eskatzen badu, eta aprobetxamenduaren iraupen osoan ordenantza betetzen dela erakustera, gutxienez behin eta udalak eskatzen badu.

13. artikulua.-Loteen onuradunek ordaindu behar duten kanona Nekazaritza eta Abeltzaintza Prezioen Indizea eguneratu ondoren udalak ezartzen duena izanen da.

IV. KAPITULUA

Epea

14. artikulua.-Aprobetxamenduaz baliatzeko epea hauxe izanen da:

A) 15 urte esleitzen denetik, laborantza intentsibo eta estentsiboetarako (ureztatzeko lurrak).

B) Landareak iraun arte, mahastietarako.

C) Bazkalekurako loteari dagokionez, laborantza estentsibotzat jotzen baita, iraupena bazkalekuaren esleipenak zehazten duena izanen da, Irunberriko Udalaren belarren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren arabera.

D) Negutegietarako prestatutako loteari dagokionez, berriz, udalak lote horren gaineko eskubidea gordeko du beretzat. Dena den, esleipena deuseztatzen ahalko da, inolako kalte-ordainik sortu gabe, eta lotea zatitzen ahalko da, zatiketa horiek Irunberriko Udalak onesten dituen arauen arabera esleitzeko.

E) 8 urte, Sasoko eta Sotoko herrilurretako lurzatietarako.

15. artikulua.-Edozein arrazoi dela-eta zozketatik ondorioztatutako esleipena egin ondoren loteen aprobetxamenduaz baliatzen diren pertsona guztientzat, lote horietaz baliatzeko epea jatorrizko amaierarako ezarritako egunean amaituko da.

16. artikulua.-Esleipen aldia amaitu eta gero, loteak Irunberriko Udalaren esku geratuko dira. Horrenbestez, esleipen-hartzaileak ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen, nahiz eta iraupen luzeko landaketak edo edozein motatako obrak egin.

V. KAPITULUA

Eskabideak aurkeztea

17. artikulua.-Ordenantza honen helburu diren loteen aprobetxamendua eskatzeko eta horretaz baliatzeko, idatzizko eskaera aurkeztu beharko da Irunberriko Udalean, horiek eskatzeko eskubidea dutela uste duten pertsonentzat jendaurrean zehazten den epearen barnean, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

18. artikulua.-Eskabideekin batera, hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira, jatorrizko agiriak edo notario edo administrazioaren bidez kautotutako kopiak emanda:

A) Nortasun agiri nazionala.

B) Familia unitatea osatzen duten kideen zinpeko aitorpena, horren egiaztagiriarekin batean (familia liburua).

C) Errolda ziurtagiria, Irunberriko bizilaguna dela adierazten duena eta inskripzioaren antzinatasuna agertzen duena.

D) Irunberriko Udalarekin tributu betebeharrak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria, Irunberriko Udalak egindakoa.

E) Eskatzaileak eta bere familia unitateak Irunberriko Udalean zein beste udal batzuetan dituzten landalurreko ondasunei buruzko katastro ziurtagiria. Lehorrekoak eta ureztatzekoak direnak zehaztu beharko dira.

F) Eskatzaileak eta bere familia unitateak Irunberriko Udalean zein beste udal batzuetan dituzten abereen ondasunei buruzko zinpeko aitorpena.

G) Loteko ezarri den 50.000 pta-ko (300 euro) fidantza ordaindu izana egiaztatzen duen agiria. Fidantza hori esleipena jasotzen ez dutenei itzuliko zaie. Esleipen-hartzaileei, aldiz, atxiki eginen zaie, kontratua ongi betetzen dela bermatzearren, eta esleipena amaitzen denean itzuliko zaie.

H) Errentaren aitorpenaren kopia.

19. artikulua.-Irunberriko Udalak egiten diren eskaerak aztertuko ditu eta ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak baztertuko ditu, interesdunari 10 egun balioduneko aldian entzunaldia eman eta gero.

20. artikulua.-Onartutako eskaerak biltzen dituen zerrenda egin ondoren, ordenantza honen 9. eta 10. artikuluetan ezarritako baremoa aplikatuko da, beharrezkoa bada, eta zozketa eginen da, aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera.

21. artikulua.-Esleipena zozketa publikoaren bidez eginen da, Irunberriko udaletxean.

Zozketa honako prozedura honen bidez eginen da:

Poltsa batean loteen zenbakiak sartuko dira.

Loteak jasotzeko eskubidea duten eskatzaileek zenbaki bana aterako dute.

Loteen zozketa amaitutakoan, emaitza argitaratuko da udaletxeko iragarki oholean hamar eguneko aldian, eskatzaile bakoitzari egokitu zaizkion zenbakiak adierazita, erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.

22. artikulua.-Irunberriko Udalak loteak esleituko ditu zozketaren emaitzaren arabera.

23. artikulua.-Zozketa egin ondoren, Udalaren osoko bilkurak lotea esleitu ez badu ere, inork ezin izanen die loteei uko egin, hurrengo artikuluetan adierazitako kasuetako batean egon ezean.

Arrazoi justifikaturik gabe uko egiten duenari 1.000 pta-ko (6,01 euro) zehapena ezarriko zaio erregu lur bakoitzeko. Era berean, kalte-ordaina ordaindu beharko du, lote hori titular berri bati esleitu arte Udalari sorrarazten zaizkion kalte-galerak ordaintzeko, eta utzitako fidantza galduko du.

24. artikulua.-Hurrengoa uko justifikatutzat joko da:

A) Titularraren eritasun larria edo heriotza.

Kasu horretan, lehenik eta behin loteak ezkontideen eskura eta gero seme-alaben eskura geratzen ahalko dira. Ondoren, herrilurrez baliatzen ez diren, adinez nagusiak diren eta Irunberrin bizi diren neba-arreben eskura geratuko lirateke, eskatzaileak izateko ezarri diren baldintzak betetzen baldin badituzte. Lotea jasotzeko eskubidea duten seme-alabak hainbat badira, ordenantza honetan esleitzeko prozedurarako ezarri dena aplikatuko da.

25. artikulua.-Titularrik gabe geratzen diren loteak beste zozketa baten bidez esleituko dira, ordenantza honetan ezarritako prozedura aplikatuta.

VI. KAPITULUA

Lotea galtzea

26. artikulua.-Loteez baliatu eta horiek aprobetxatzeko eskubidea galduko da, hurrengo kasuetan:

A) Esleipen-hartzailearen eritasun larria edo heriotza.

B) Esleipen-hartzailearen ukoa, bidezko arrazoirik gabe.

C) Etxebizitza beste udalerri batera aldatzea.

D) Irunberrin urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian ez bizitzea.

E) Irunberriko Udalarekin tributu betebeharrak egunean ez izatea.

F) Loteen aprobetxamenduari buruz Udalak hartutako erabakiei eta Alkatetzak hartutako ebazpenei men ez egitea.

G) Loteak zuzenean eta pertsonalki ez lantzea.

27. artikulua.-Esleipen-hartzaileren batek lotea utzi behar badu Irunberriko Udalak eskatu duelako, kalte-ordaina jasoko du lotean egin dituen inbertsioengatik, horretan fruta-arbolak, mahastiak edo iraupen luzeko beste labore batzuk eta obrak daudenean.

Kalte-ordaina emanen da arloko adituek balorazio teknikoa egin ondoren. Balorazio horretan laborea eraginkorra egiten denean izanen duen errentagarritasun ekonomikoa hartuko da kontuan.

Iraupen luzeko loteetan (mahastia, etab.) landatzeko eskubideei dagokienez, esleipen-hartzaileak esleipena uzten badu, eskubideak galduko ditu, loteari atxikita baitaude.

VII. KAPITULUA

Gauzatzea eta loteez jabetzea

28. artikulua.-Loteez jabetzea kontratua sinatzeko egintzaren bidez gauzatuko da, Irunberriko Udalak esleipen-hartzaileei loteak esleitu ondoren.

VIII. KAPITULUA

Lote berriak

29. artikulua.-Edozein arrazoi dela-eta zenbait lote esleipen-hartzailerik gabe geratzen direnean edo erabilgarri dauden loteak gehitzen direnean, prozesu berri bat eginen da horiek esleitzeko, ordenantza honetan ezarritako arauen arabera.

IX. KAPITULUA

Baratzeak

30. artikulua.-Baratzeak. Herrian herrilurretako lurzati batzuk baratzeak lantzeko emateko ohitura dagoenez, horiek gaur egun xede horretarako erabiltzen diren azalera berean esleituko dira.

Esleipena zozketa bidez eginen da, eta esleipen-hartzaileek azalerarekin eta lurraren eremuarekin proportzionala den kanona ordaindu beharko dute.

Aipatutako kanona urtero eguneratuko da, Nekazaritza eta Abeltzaintza Prezioen Indizearen gehikuntzaren arabera.

31. artikulua.-Loteen esleipen-hartzaile guztiak behartuta daude igarobideak eta gainerako zortasun publikoak errespetatu eta kontserbatzera, baita Irunberriko Udalak zaindu beharrekotzat edo interes orokorrekotzat jotzen dituenak ere. Aurretik esandakoa errespetatzen ez dutenei loteez baliatu eta horiek aprobetxatzeko eskubidea kentzen ahalko zaie, esleipenak irauten duen bitartean, eta bidezko zehapena aplikatuko zaie, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

32. artikulua.-Zozketa egin eta gero ez da onartuko loterik aldatzea, Irunberriko Udalak berariazko baimena eman ezean.

33. artikulua.-Irunberriko Udalak proiektu teknikoa gauzatu ondoren sortzen diren loteen egoera ikertu eta ikuskatzeko ahalmena izanen du. Esleipen-hartzaileak laguntzera behartuta egonen dira, arau honi dagokionez.

Laborantza intentsibo eta estentsiboko lurzatiei (ureztatzeko lurrak) dagokienez, Udalak ureztaketaren funtzionamendu ona zuzenduko du.

X. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

34. artikulua.-Artikulu honen helburua herrilurretako eta, ohiturari jarraikiz, konpentsazioagatik lagatzen diren finka pribatuetako belarrek osatutako larreen aprobetxamenduak antolatzea da, baita horietan kokaturiko udalaren eskortak ere. Horretarako, ondoko bazkalekuak arautuko dira:

a) Lardin bazkalekua.-Zaraitzu ibaitik Erromantzatuko mugaraino doazenak eta Arripodaskoak, Irati ibaiaren ezkerreko ertzetik Puente de Laidarainokoak; hortik Iruña-Nabaskoze errepiderainokoak, eskualdeko Irunberri-Agoitz errepidetik igota eta industrialdeko mugatik jaitsita; hortik Nabaskozeko errepiderakoak, herrigunea saihestuta, Portal de Cierzon dagoen lursail txikiren bat izan ezik; horrelakorik badago, Zaraitzu ibaiaren ertzerainokoak eta hortik Erromantzatuko mugarainokoak.

b) San Babil-San Bartolome bazkalekua.-Iparraldean Nardoze-San Vicenten du muga; hegoaldean, Ledea-Rocaforten; ekialdean, Irati ibaian; eta mendebaldean, ordea, Nardoze-Oibarren (Nardozeko bizilagunek Irunberri udal mugapean dituzten lurzatiak, Saso Viejo eta Larana udal mugapeetan dituzten lurren ondoan daudenak, izan ezik).

1.398 Ha-ko azalera du, guztira. Eta herrilurretako azalera, aldiz, 597 Ha-koa da.

Bertan bai azienda larria, bai azienda xehea bazkatzen ahalko dira eta ez da egonen mugarik han bazkatuko diren abelburuei buruz (azienda karga).

c) La Piedra bazkalekua.-Hona hemen mugak: Irati ibaitik -Ledeako mugaren ondoan- Trinidadeko harkaitzetaraino; hortik 13. gurutzeraino eta zuzen joanda, gotorlekuko gainaldetik pasatuta, San Adriango labarretaraino; labarretatik jaitsita Debajo de la Peñako bideraino eta hortik Leireko bidearen eskuineko ertzetik hesiaren pareraino, pinudiaren ertzetik ibiliz eta dauden hesien beheko partetik Sielvako bideraino; hortik 6. poligonoko 443 B lurzatiaren hasieraraino eta hortik Zaraitzu ibairaino, ertzetik joanda Irati ibaira heldu arte, Ledeako mugaraino ertzetik joanda.

669 Ha-ko azalera du, guztira. Eta herrilurretako azalera, aldiz, 507 Ha-koa da.

Azienda xehea baino ezin izanen da bazkatu han, eta ez da egonen mugarik han bazkatuko diren abelburuei buruz (azienda karga).

d) La Sierra 1 bazkalekua.-Trinidadeko labarrak barne hartzen ditu, San Adriango labarretaraino zuzen pasatuta, 13. gurutzetik eta gotorlekuko gainaldetik pasatuta, San Adriango labarretatik jaitsita beheko partetik, Leireko bidean dagoen Debajo de la Peñako bidetik hurbil dagoen hesiraino. Bidea eskuineko ertzetik igotzen da Sielvako pinuditik urrunen dagoen hesiaren pareraino, hara helduta Arangoitirako noranzkoan Ibarra sakaneko parte baxuenetik, 443 B lurzatian; gero, zuzen jaitsita Zaraitzu ibairaino, eskuineko ertzetik ibaian gora eginda Adansa-Irunberriko mugaraino heldu arte; hortik ibiliko da Los Cerrosko bidera heldu arte eta Los Cerrosko bidetik itzuliko da Sierrako mendi hegaletik urrunen dagoen partetik Ibarra sakanaren ondoko hesietara heldu arte; hesiaren ertzetik joanen da Irunberrirako noranzkotik urrunen dagoen sakanera helduta; hortik igoko da muinora heldu arte eta muinotik ibiliko da Irunberritik hurbilen dagoen Barranco Grande alderdira heldu arte; hortik igoko da zuzen Barranco Grandeko behealdetik goialdera Ledeako mugara heldu arte; mugatik joanen da Trinidadetik hurbilen dauden labarretarako noranzkoan Ledeako mugara; labarretatik igoko da gainaldetik eta handik jaitsiko da, Vía bideko 13. gurutzearen parera heldu arte.

e) La Sierra 2 bazkalekua.-Biotzari-Leire-Irunberriko mugatik Irunberrirako noranzkoan hurbilen dagoen Barranco Grandeko bidegurutzeraino doa zuzen, Leire-Irunberriko eta Esa-Irunberriko mugatik joanda Ledeako mugan geldituta; Barranco Grandeko ebaki horretatik jaitsiko da Los Cerrosko pinudiko hesira heldu arte eta hesiaren ertzetik joanen da Irunberrirako noranzkoan, Adansako mugaraino; Adansa-Irunberriko eta Biotzari-Irunberriko mugetatik doa (Irunberri-Biotzariko partzuergoa barne) Biotzariko eta Irunberri-Leireko mugara heldu arte.

f) La Sierra 3 bazkalekua.-Ibarrako sakanetik Arangoititik hurbilen dagoen ebakitik igoko da, muinoa hasi arte. Mendi hegal eta muinoko gaineko ertzetik ibiliko da Arangoitiko noranzkoan, Irunberritik hurbilen dagoen Barranco Grandeko ebakiraino; hortik jaitsiko da Los Cerrosko pinudiko hesiraino eta horien ertzetik joanen da pinudiko gainaldetik; Adansako mugaraino jaitsiko da, Los Cerrosko bideko bidegurutzetik Irunberriko noranzkoan, Ibarra sakaneko behealdera heldu baino lehen dauden finken hesietara heldu arte; hesiaren ertzetik ibiliko da Arangoititik hurbilen dagoen Ibarra sakaneko ebakira heldu arte. Mendi hegaleko muinoa bazkaleku horretatik kanpo dago.

35. artikulua.-Debekatuta dago konpentsazioa ordaintzera behartzen duten baratzeetan, fruta-arboletan, mahastietan, alorretan eta bazka laboreetan bazkatzea.

Debekatuta dago laborantzako lurretan bazkatzea, euria egin ondoren 48 ordu igaro arte, abereek kalterik sor ez dezaten. Berariaz debekatuta dago mahastietan bazkatzea, baita uztondoetan ere, uzta bildu ez bada.

Sokari lotutako abereak herriaren inguruan bazkatzen ahalko dira, baina herrigunetik kanpo eta hurrengo paragrafoan adierazten den inguruan. Hemen adierazitako lekuetan eta auzo larreetan baino ezin izanen dira bazkatu abereak.

36. artikulua.-Honako hauek herrilurretako auzo larretzat joko dira, abeltzaintza indartzen bada:

Mendian, Sierra 1 deritzon eremua.

San Babil-San Bartolome gunean, Idako zubitik Tabarreko errepidera doan eremutik kontzeju horrekiko mugaraino doan eremua; muga horretatik San Vicenteko eta Irati ibaiko mugaraino helduko da, Idako zubira heldu arte.

37. artikulua.-Hiribilduan auzo azienda dagoenez, larreen aprobetxamenduak zuzeneko auzo esleipenaren ohiko moduari jarraikiz esleituko dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako moduan eta baldintzetan.

Prezioa

38. artikulua.-Esleipen-hartzaileek kanona eta esleipenari egotz dakizkiokeen gainerako gastuak ordainduko dizkiote Udalari, unean zehazten diren moduan eta egunean.

"La Piedra 1" bazkalekuari (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa ezarri zaio larreen benetako esleipenerako; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 159. artikulua aplikatuta eginen da.

"San Babil-San Bartolome" bazkalekuari (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa ezarri zaio larreen benetako esleipenerako, eta (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa, aldiz, eskortaren esleipenerako; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 159. artikulua aplikatuta eginen da.

"La Sierra II" bazkalekuari (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa ezarri zaio larreen benetako esleipenerako; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 159. artikulua aplikatuta eginen da.

"Lardín" bazkalekuari (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa ezarri zaio larreen benetako esleipenerako, eta (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa, aldiz, eskortaren esleipenerako; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 159. artikulua aplikatuta eginen da.

"La Piedra 2" bazkalekuari (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa ezarri zaio larreen benetako esleipenerako; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 159. artikulua aplikatuta eginen da.

"La Piedra 3" bazkalekuari (oraindik zehaztu gabe dago) euroko prezioa ezarri zaio larreen benetako esleipenerako; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 159. artikulua aplikatuta eginen da.

Bazkalekuen esleipen-hartzaileek ordaindu behar duten kanona urtero eguneratuko da, Nekazaritza eta Abeltzaintza Prezioen Indizearen arabera.

39. artikulua.-Aprobetxamenduaz baliatzeko epea hamabost urtekoa izanen da.

40. artikulua.-Esleipen datan labore mota bakoitza baloratuko da, larreen esleipenak irauten duen bitartean sortzen ahal den edozein gertakaritarako erreferentziazko prezioa izan dadin esleipen hori.

41. artikulua.-Salbuespenezko kasuetan, Irunberriko Udalak bazkaleku bati dagozkion lurzatietako batzuk edo guztiak erabiltzen ahalko ditu. Salbuespenezko kasu horietan esleipen-hartzaileak ordaindu beharreko kanonaren doikuntza eginen da, aurreko artikuluan aipatu den labore moten araberako balorazioa erreferentzia hartuta.

Kasu berezi horien artean, azpiegituretako (eskorgak-nabeak) larreak bereiz esleitzeko aukera hausnartu da, eskaerak direla-eta baterako esleipena egin ezin bada. Gauzak horrela, lehentasuna izanen lukete nekazaritza eta abeltzaintza erabilerek.

XI. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

42. artikulua.-Etxerako egurraren aprobetxamenduak otsailean eta martxoan eskatuko dira, eta apirilean Nafarroako Gobernuko bidezko zerbitzuek horiek seinalatuko dituzte.

Salbuespenezko kasuetan baino ez zaie arretarik eskainiko adierazitako epetik kanpo egindako eskaerei.

Lotea zozketa bidez esleituko da, erabat debekatuta dagoela hura saltzea.

Egurraren aprobetxamenduek ez dute kanonik sorraraziko, urtero bizilagunek diru-kopuru zehatz bat ordaintzen baitute mendiak ustiatzeagatik.

Nafarroako Gobernuaren baimena jaso ondoren, Udalak oihan loteen aprobetxamenduak ematen ahalko dizkie familia unitateko kide bakoitzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik beherako diru-sarrerak dituzten auzokoei edo kide guztien diru-sarrera guztiak batuta lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoaren %150era heltzen ez direnei.

Lote tipoa bost metro kubikokoa izanen da hiru kide, gutxienez, dituen familiako; eta hortik gora duen kide bakoitzeko, beste 0,5 emanen da.

Lote guztiak ez dira inoiz izanen mendiko errentaren %25etik gorakoak.

Oihan loteen ustiapena Udalak eginen du batera: enkantean salmenta publikoa egin ondoren, onuradunei lortutako zenbatekoa emanen die, gastuak kendu eta gero.

XII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

43. artikulua.-Honako hauek arau-hausteak izanen dira:

1.-Berariaz baimendu ez den loteen aldaketa.

2.-Ordenantza honetan ezarritako edozein motatako obligazioak epearen barnean ez ordaintzea.

3.-Loteak ez lantzea.

4.-Loteak pertsonalki eta zuzenean ez lantzea.

5.-Ezpondak, bideak edo abelbideak goldatzea.

6.-Harriak edo bestelako materialak jaurtitzea bide edo abelbideetara.

7.-Irunberriko Udalak loteez baliatzeari buruz eman dituen aginduak ez betetzea.

8.-Instalazioak behar bezala ez erabiltzea.

9.-Ordenantza honetan eta herrilurrei buruzko legean agindutakoa urratzen duen edozein gertaera.

44. artikulua.-Aurreko artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. zenbakien bidez adierazitako arau-hausteak lotea galduz zehatuko dira.

Aurreko artikuluan agertutako gainerako kasuak 50.000 pezetako (300 euro) isunarekin zehatuko dira.

45. artikulua.-Aurreko artikuluetan ezarritako zehapenak sortzen ahal izan dituzten kalte-galeren zenbatekoa ordaintzeari kalterik egin gabe ulertuko dira; horrenbestez, horiek behar den moduan eskatuko dira eta arloan eskumena duten teknikariek baloratu eta ebaluatuko dituzte.

Xedapen gehigarria

Lehena.-Udalak laborantzarako lurzatiak batera ustiatzeko elkartu diren bizilagunen ikuspegia kontuan hartzen ahalko du, ekonomiaren aldetik errentagarriagoak izateagatik eta herrilurren eginkizun sozialarekin neurri handiagoan bat etortzeagatik.

Bigarrena.-Proiektu Teknikoan adierazi diren obrak amaituta, zozketatu beharreko behin betiko loteak agertzen dituen planoa eginen da.

Hirugarrena.-Sotoko eta Sasoko lurzatien lehen zozketan lurzati guztiak esleitzen ez badira, ureztatzeko lurren eta mahastien esleipen-hartzaileek lurzatia esleitzeko aukera izanen dute bigarren zozketan. Eskubide hori esleipen-hartzaileei eta haien senideei hedatuko zaie, lehen esleipenek bete beharreko baldintza beretan.

Azken xedapena

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0919458