Iragarkia
105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LIZARRA
HAPOko Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorraren aldaketa, geralekuak, garajeak, aparkalekuak eta automobilentzako zerbitzuak ezartzeari dagokionez. Behin betiko onespena
Lizarrako Udalak, 2009ko martxoaren 5ean egin osoko bilkuran, hasieran onetsi zuen geralekuak, garajeak, aparkalekuak eta automobilentzako zerbitzuak ezartzeari buruzko ordenantza orokorraren aldaketa (62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko maiatzaren 20an).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Lizarran, 2009ko uztailaren 9an.-Alkatea, Begoña Ganuza Bernaola.
GERALEKUAK, GARAJEAK, APARKALEKUAK ETA AUTOMOBILENTZAKO ZERBITZUEN INSTALAZIOAK
63.1. artikulua.-Definizioak.
Hona hemen aparkalekuaren definizioa, ordenantza hauen ondorioetarako: edozein motatako ibilgailuak aparkatzeko zernahi leku, bai lur azalekoak -geralekuak deituko baitira- bai eraikinen barnekoak zein orubeko lursail eraikigarrien zoru nahiz zorupekoak -barneko aparkalekuak edo garaje-aparkalekuak deituko baitira-.
Garaje-aparkalekuen titulartasun publiko edo pribatuko araubidea gorabehera, ordenantza honen eta bete beharreko baldintzen ondorioetarako, mota hauek bereizten dira:
1.-Aparkaleku arruntak.
2.-Aparkaleku robotizatuak. Horien barruan, ibilgailuak hartzeko guneetan zehar edo ibilgailuak uzteko eta biltegiratzeko guneetara automatikoki lekualdatzen dira, jasotzeko eta garraiatzeko ekipamenduen bitartez, eta horrenbestez, ibilgailuak hartzeko edo uzteko gune horietatik kanpo ezin dira ibilgailuak -beren kabuz- eta erabiltzaileak ibili.
3.-Aparkaleku erdiautomatikoak. Horietan, ibilgailu guztiak beren kabuz ibiltzen dira aparkaleku plazetaraino edo leku horien ingururaino. Aparkaleku plaza arrunten edukiera handitzen da jasotzeko ekipoen edo garraio horizontaleko gailuen bitartez, eta gainerako ezaugarri morfologikoak aparkaleku arruntenak dira.
Aparkalekuaren definizio orokorraren barnean sartuko dira, ondorio guztietarako sartu ere, garraiorako zerbitzu publikoak, ibilgailuak igaro, itxaron edo egoteko tokiak, baita automobilak saldu edo desegiteko altxatokiak ere.
Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen gasolindegiaren definizioa: erregai, gasolio eta labaingarrien hornidurarako gailuak dituen instalazio oro, eta motordun ibilgailuekin zerikusia duten bestelako instalazioak ere.
Ondorio berberetarako, automobilentzako tailerrak dira ondokoak ere: automobilak artatu eta konpontzeko tailerrak, garbitzeko edo olioztatzeko zerbitzuetakoak barne.
63.2. artikulua.-Aplikazio esparrua.
Baldintza hauek hiri osoan aplikatuko dira. Hala ere, aparteko kasu zehatzetan eta txosten arrazoitua egin ondoren, arau hauek ez aplikatzeko erabakia hartzen ahal du Udalak, hala egitea komeni bada eraikinaren kokalekua, erabilera edo kategoria direla-eta, kokalekuaren bideen garrantzia dela-eta, edo garraio kolektiboetara iristeko distantzia dela-eta.
63.3. artikulua.-Baldintza orokorrak.
1.-Automobilen zerbitzuko garaje-aparkalekuak eta lokalak ezarri eta erabiltzeko, atal honetako manuak jarraituko dira, baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
2.-Udalak ez ditu gisa horretako instalazioak baimenduko baldin eta finka batzuetako trafikoari edo hirigintzako ezaugarriei begira halakorik ez jartzea komeni bada, kasuan kasuko traba horiek zuzentzeko neurri egokiak hartzen direnean izan ezik. Garaje-aparkalekuen instalazioari ezetza ematen zaionean ere, jabeek instalazio horiek toki eta modu egokietan ordezteko beharra izanen dute.
63.4.artikulua.-Aparkaleku plazen kopurua.
Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorrean garaje-aparkalekuen plaza kopururako ezarrita dagoen aurreikuspenaren ordez, geraleku plazak ezartzen ahal dira plan partzial edo berezien nahiz xehetasun azterlanen bitartez; dena dela, eraikin bakoitzaren aurreikuspen zehatzen ondorioz sortutako aparkatzeko leku horiek ezin izanen dira inola ere zenbatu plan horiek edo xehetasun azterlanek bide sistemaren osagarri gisa eskatzen dituzten lekuen artean.
63.5. artikulua.-Azalerak.
1. Aparkalekuetan edo garaje-aparkalekuetan aparkaleku plazen kopurua kalkulatzerakoan kontuan hartu behar den eraikuntza-azalera, azalera eraiki osoa izanen da. Azalera horren barruan, aurreikusi den jarduerarako lokalaren azalera ez ezik jarduerari atxikitako zerbitzuena, biltegiena eta beste eranskin batzuena ere kontuan hartu behar da.
2. Metro karratutan emandako gutxieneko determinazioak aplikatzearen ondorioz plazetarako zatikizko zenbakia ateratzen bada, erdiak eta erditik beherako zatikiak deskontatzen ahalko dira, eta erditik gorako zatikiak toki oso bat balira bezala zenbatu beharko dira.
63.6. artikulua.-Aparkaleku plaza.
A) Aparkaleku arruntak:
1.-Aparkaleku plaza bakoitzak gutxienez babes ofizialeko etxebizitzen araudian horietarako aurreikusita dagoen azalera izanen du, eta gutxienez bizigarritasunari buruzko araudian ezarrita dauden neurriak.
2.-Minusbaliotasunen bat duten pertsonen ibilgailuentzat erreserbatutako plazen erreserba eta neurriak aplikatu beharreko araudiak finkatzen dituenak izanen dira.
3.-Aparkatzeko tokiak eta ibilgailuentzako pasabideak seinalatu eginen dira garaje-aparkalekuetako zoruan, eta lizentziak eskatzeko aurkezten diren proiektuetako planoetan ageriko dira.
B) Aparkaleku robotizatuak eta erdiautomatikoak:
Aparkaleku robotizatuetan eta erdiautomatikoetan aparkaleku plazatzat hartuko da helburu horretarako aurreikusita eta neurriak komenigarria den moduan ezarrita dituen aparkatzeko plataforma edo espazio bakoitza, kontuan hartu gabe erabiltzaileek plaza bakoitza erabiltzeko aukera aurrez ezarrita duten ala ez.
63.7. artikulua.-Gutxieneko altuera.
Garaje-aparkaleku arrunterako erabiltzen diren lokalek bizigarritasunari buruzko araudian lokal horietarako ezartzen den altuera librea izanen dute gutxienez.
63.8. artikulua.-Plazen antolaera.
Geraleku, aparkaleku eta garaje-aparkaleku arrunteko plazak horietara guztietara zuzenean sartzeko moduan antolatuko dira.
63.9. artikulua.-Kanpoko aparkalekuak.
Kanpoko aparkalekuak edo geralekuak osatzeko zoladura eta seinaleak baino ez dira erabiliko, eta zuhaitzik bada, bere horretan mantenduko dira.
Garajeetarako ezarri neurri berberak erabiliko dira geraleku plaza mugatzeko.
63.10. artikulua.-Zirkulazioarekiko harremana.
Establezimenduen eta garaje-aparkalekuen proiektuak egitean kontuan hartuko dira beti horietara sartzeko aukerak eta ibilgailuen zirkulaziorako dauden beharrizanak. Proposatzen den konponbidea zirkulazioaren izaerari eta intentsitateari buruzko azterlan baten bitartez arrazoitu beharko da.
63.11. artikulua.-Korridoreak eta sarbideak.
A) Aparkaleku arruntak eta aparkaleku erdiautomatikoak:
1.-Lizentzia eskabideekin batera aurkeztuko diren proiektuetako planoetan aparkatzeko tokiak eta ibilgailuak sartzeko pasabideak seinalatuko dira, bai geralekuetan bai aparkaleku nahiz garaje-aparkalekuetan.
2.-Proiektuak burutzerakoan, zoladuran bertan seinalatuko dira bai aparkatzeko tokiak bai pasabideak, eta seinalatuko da, orobat, erabiltzaileak oinez egin beharko duen bidea, harrapatzeko arriskurik egon ez dadin.
3.-Eremu publikorako sarbideetan zirkulazio seinale derrigorrezkoak paratuko dira, oinezkoak nahiz ibilgailuak ohartarazteko.
4.-Garajeak oinezkoentzat dituen sarbide eta irteerek Eraikuntzaren Kode Teknikoan edo horren ordezko araudian zehaztuta dagoena bete beharko dute. Aparkatzeko 40 eta 100 plaza artean dituzten garajeek oinezkoentzat bi sarbide izan beharko dituzte eta gainerako ehun plaza bakoitzeko, beste sarbide bat izanen dute.
B) Aparkaleku robotizatuak:
1.-Aparkalekuko erabiltzaileak sartu ahal diren aldeetan oinezkoentzako irteeren gutxieneko kopurua eta antolaera zehazteko, Eraikuntzaren Kode Teknikoan edo horren ordezko araudian ebakuaziorako ezarrita dauden baldintza orokorrak aplikatuko dira. Mantentze-lanetarako barneko aldeetan eta antzekoetan larrialdietarako irteerak egonen dira.
2.-Eremu publikorako sarbideetan zirkulazio seinale derrigorrezkoak paratuko dira, oinezkoak nahiz ibilgailuak ohartarazteko.
63.12. artikulua.-Ibilgailuentzako arrapalak, sarbideak eta irteerak.
A) Aparkaleku arruntak eta aparkaleku erdiautomatikoak:
1.-Zirkulazio norabide bakarrerako sarbideen gutxieneko zabalera, baldin eta hamabi (12) metro baino gutxiagoko zabalerako kaleetara begira badaude, lau (4) metrokoa izanen da. Gainerako kasuetan zabalera hori hiru (3) metrokoa izanen da.
2.-Zirkulazio norabide bakarreko sarbideak norabide batean edo bestean txandaka erabiltzen ahalko dira seinale egokiak jarriz.
3.-Sarbideen eta zirkulatzeko guneen neurriak ezartzeko, bizigarritasunari buruzko araudian xedatuta dagoenari jarraituko zaio.
4.-Berrogei (40) plaza baino gehiagoko edukiera duten garaje-aparkalekuek bi zirkulazio norabidetarako sarbidea izan beharko dute, gutxienez. Sarbide horren gutxieneko zabalera bost metro eta berrogei zentimetro (5,40 m) izanen da. Bestela, norabide bakarreko bi sarbide izanen dituzte, eta sarbide bakoitzak gutxienez hiru (3 m) metroko zabalera izanen du. Sartzeko eta kanpora ateratzeko itxarote guneak Eraikuntzaren Kode Teknikoan edo horren ordezko araudian ezarrita dagoena bete beharko du.
5.-Ehun (100) plaza baino gehiagoko edukia duten garaje-aparkalekuek gutxienez bi sarbide izan beharko dituzte. Kasu horretan, baliza egokiak jarriko dira zirkulazioko norabide bakarra ezartzeko moduan.
B.) Aparkaleku robotizatuak:
1.-Ibilgailuak hartzeko gunea lurzatiaren barruan egonen da. Gune horren neurriak aurkeztu beharreko proiektuan justifikatu beharko dira trafikoak inguruko bide sarean izanen duen eraginari buruzko azterlan baten bidez. Ibilgailuak hartzeko guneak gutxienez bi ibilgailutarako edukiera izanen du, uzteko kabina barne dela. Ibilgailuak uzteko gunea lurzatiaren barruan jarriko da eta gutxienez ibilgailu baterako edukiera izanen du, baita erabiltzaileek itxaroteko espazio egokia ere.
2.-Ibilgailuak hartzeko eta uzteko gune komuna onartzen da. Gune hori txandaka erabiltzen ahalko da seinale egokiak jarriz.
3.-Sartzeko bideen kopurua eta antolaera nahiz sarbidearen zabalera eta norabidea zehazteko, artikulu honen A puntuan xedatuta dagoenari jarraituko zaio.
63.13. artikulua.-Arrapalen malda.
Arrapalen maldak bizigarritasunari buruzko araudian ezarrita dagoena bete beharko du. Sartzeko eta kanpora ateratzeko itxarote guneak Eraikuntzaren Kode Teknikoan edo horren ordezko araudian zehaztuta dagoena bete beharko du.
63.14. artikulua.-Autoak altxatzeko gailuak.
Autoak altxatzeko gailuak erabiltzea baimentzen ahalko da garaje-aparkalekuetara sartzeko, bizigarritasunari buruzko araudian ezarrita dagoenaren arabera.
63.15. artikulua.-Oinezkoak aparkaleku publikoetara sartzea eta horietatik irtetea.
Oinezkoak garaje-aparkaleku publikora zerbitzu propiorako soilik erabiliko diren lokal edo pasabideetatik sartuko dira. Sarbide horiek Eraikuntzaren Kode Teknikoan edo horren ordezko araudian ezarrita dauden baldintzak bete beharko dituzte.
63.16. artikulua.-Garaje-aparkalekuak mankomunatzea.
Ibilgailuentzako sarbideak ahalik eta gutxien izan daitezen, garaje-aparkalekuak mankomunatzea baimenduko da, betiere behar bezalako bermeak ezarrita.
63.17. artikulua.-Osasun ekipamenduak.
1.-30 eta 100 plaza bitarteko garaje-aparkalekuek komun bat izanen dute.
2.-100 plaza baino gehiago eta gehienez 300 plaza dituzten garaje-aparkalekuek bi komun izanen dituzte.
3.-300 plaza baino gehiago dituzten garaje-aparkalekuek beste komun bat izanen dute gainerako 100 plaza bakoitzeko.
63.18. artikulua.- Barrutia nola eraiki.
1.-Barrutia isolaturik egonen da eraikinaren gainerako aldeetatik edo finka mugakideetatik, tartean paratuz horma eta forjatuak, suaren kontrakoak eta isolamendu akustikoa bermatzen dutenak, indarreko araudiaren arabera, bestelako erabilera duten patio edo lokalekin komunikazio tarterik gabe.
2.-Garaje-aparkalekuen eta ondokoen artean sarbideak jartzen ahalko dira, baina betiere Eraikuntzaren Kode Teknikoko edo horren ordezko araudiko baldintzak betez gero: eskailera, igogailua, galdara-gelak, makina gelak, trastelekuak edo bestelako erabilera baimenduak dituzten eraikin bereko lokalak.
3.-Debekatuta daude garaje-aparkalekuetako barrutien eta ikuskizunen aretoen edo bertako atondoen arteko pasabideak, bereziki debekatuta ere.
4.-Etxesail baten patioko zorupean egiten diren garaje-aparkalekuetan etxesaileko patioetan eraikitzeko baldintzak beteko dira. Ibilgailuak aparkatzeko edo garbitu nahiz olioztatzeko baino ez dira erabiliko barruti horiek.
5.-Solairuarteak. Beheko solairuaren azalera osoan solairuarteak egiten ahalko dira, soilik automobilen aparkaleku gisa erabiltzeko, betiere baldintza hauek betetzen badira:
a) Gutxieneko altuera librea 2,20 metro izanen da toki guztietan, bai azpian bai gainean.
b) Solairuarteak beheko solairuari lotuta egonen dira, eta lokal osoa aparkaleku gisa erabili beharko da. Sarbidea beheko solairuan egonen da, eta betiere beheko solairuarekiko lotura egonen da.
c) Lokalaren zoladuraren kota sestra baino baxuagoa denean sartzeko puntuan, sarrerak 2 metroko altuera librea izanen du ateburuaren beheko lerrotik espaloiko sestraraino.
d) Trastelekuak egiten badira, horien azalera gehienez ere lokalaren azalera osoaren %10 izanen da.
Helburu horretarako solairuarteak egitean ez da aprobetxamendurik kontsumitzen, beharrezko erabilera delako, Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorrean ezarrita dauden baldintzekin.
Aparkaleku gisa egindako solairuarteak finkatutzat joko dira baldin eta erabilera berberari eusten bazaio.
Gerora erabilera aldatzen bada, merkataritzako lokaletarako ezarrita dauden gehieneko atzeraemate eta azalerak nahiz aplikatzen ahal diren gainerako ordenantza eta araudiak bete beharko dira.
63.19. artikulua.-Baldintza akustikoak.
Garaje aparkalekuaren maila akustikoak aplikatu beharreko araudia bete beharko du.
Jasotzeko eta garraiatzeko ekipamenduen funtzionamendua, aplikatu beharreko araudiak isolamendu akustikoari eta asots eta bibrazioen sorrera eta transmisioari buruz ezartzen dituen baldintzen mendean egonen da.
63.20. artikulua.-Argiztapena.
Argiztapen maila aplikatu beharreko araudiak eskatzen duena izanen da.
63.21. artikulua.-Aireztapena.
A) Aparkaleku arruntak eta aparkaleku erdiautomatikoak:
1.-Aireztapena aplikatu beharreko araudiaren araberakoa izanen da.
2.-Eraikinen edo etxesail osoen barneko aparkalekuetan, aireztapen zuloak baimenduko dira kaleko fatxadetan, haien eta finka mugakideen artean gutxienez ere 4 metroko tartea badago, eta ez da, ordea, baimenduko zulorik etxe saileko patioen fatxadetan. Beheko solairuetako barneko aparkalekua aipatu xedapen horri lotzen ahalko zaio.
B) Aparkaleku robotizatuak:
Ibilgailuak hartzeko eta uzteko guneetan eta, orokorrean, ibilgailuak beren kabuz ibiltzen diren gune guztietan, errekuntza gasak ez metatzeko aireztapen sistemak egonen dira. Aireztapen instalazioen diseinurako irizpideak artikulu honetako A puntuan adierazita daudenak izanen dira.
Aparkalekuaren gunearen barnealdean segurtasuneko aireztapena egonen da, suterik izanez gero kea ateratzeko, aplikatu beharreko araudiaren arabera.
63.22. artikulua.-Ekipamenduak.
Garaje-aparkalekuek ondoko hornidurak izanen dituzte: edateko ura, eta hustubidea, txorrota eta mahukarako errakorea barne, eta hustulekua.
63.23. artikulua.-Istripuen aurkako babesaren baldintzak.
Aparkaleku nahiz garaje-aparkalekuetan seinale bidez mugatuko da erabiltzaileek oinez egin beharreko bidea, eta harrapatzeko arriskurik gabekoa izanen da bide hori, aplikatu beharreko araudiaren arabera.
63.24. artikulua.-Segurtasun neurriak aparkaleku mekanikoetan.
A) Gutxieneko segurtasun baldintzak aparkaleku robotizatuetan:
1.-Ibilgailuak aldi baterako garraiatu eta biltegiratzeko plataformak eta bestelako gailuak:
-Ibilgailu bakoitzeko gutxienez bi mila kilogramoko zamari eusteko moduan diseinatuta egon beharko dira. Horietako bakoitzaren sarbidean onartzen diren gehieneko zama eta neurriak adieraziko dira.
-Lekualdatu eta biltegiratzean ibilgailuei nahi gabeko mugimendurik ez eragiteko sistemak izanen dituzte.
-ibilgailuak garraiatu eta biltegiratzeko gailuen ibiltarteen inguruan pertsonarik egonez gero automatikoki gelditzeko sistema izanen dute.
-Gelditzeko larrialdiko gailua izanen dute. Gailu hori eskuz erabiltzen ahalko da.
2.-Kanpoko laguntza zerbitzuetako langileek ibilgailuak biltegiratzeko mailetako bakoitzera sartzeko modua izan beharko dute Eraikuntzaren Kode Teknikoan edo horren ordezko araudian zehaztuta dagoenaren arabera.
3.-Jenderik sartu ezin den guneak argi eta garbi seinaleztaturik egon beharko dira.
B) Gutxieneko segurtasun baldintzak aparkaleku erdiautomatikoetan:
1.-Jasotzeko eta garraiatzeko ekipamenduek beren berariazko araudia nahiz aplikatu ahal zaizkien bestelako xedapenak bete beharko dituzte.
2.-Ibilgailuak aldi baterako garraiatu eta biltegiratzeko plataformek eta bestelako gailuek, artikulu honetako A idatz-zatiko 1. puntua betetzeaz gain, hau ere bete beharko dute:
-Gelditzeko larrialdiko gailuek, eskuz erabiltzen ahal diren horiek, sistemak behar ez den bezala funtzionatu duela ohartarazteko alarma sistema piztuko dute.
-Funtzionamenduko jarraibideak nahiz larrialdietan edo ekipamenduek txarto funtzionatzen dutenean egin beharrekoak azaltzeko errotuluak jarriko dira.
63.25. artikulua.-Suteen prebentzioa.
Suteen prebentzioaren arloan Eraikuntzaren Kode Teknikoan edo horren ordezko araudian nahiz aplikatu beharreko gainerako araudian xedatuta dagoena bete beharko da.
63.26. artikulua.-Saneamendua.
Garaje-aparkalekuetako hustubideak saneamendu sareari lotuta egon beharko dira.
63.27. artikulua.-Olioztatzea eta garbiketa tunelak.
Mota horretako instalazioak onartuko dira aparkaleku arruntetan, gasolindegietan eta automobilentzako tailerretan.
63.28. artikulua.-Bateriak kargatzea.
Bateriak kargatzeko instalazioak onartuko dira baldin eta lokala garajeko gainerako eremuetatik isolaturik badago eta aireztapen nahikoa badu. Ez da horrelakorik onartuko aparkaleku robotizatuetan.
63.29. artikulua.-Motorrak probatzea.
Ez da mota horretako instalazioetarako baimenik emanen, industria guneetan izan ezik.
63.30. artikulua.-Gasolina-hornigailuak.
Ez da baimenik emanen garaje-aparkalekuetan gasolina-hornigailuak instalatzeko.
63.31. artikulua.-Gasolindegia.
Honako ordenantza hauetan eta aplikatzekoak diren egungo legezko xedapenetan ezarritako baldintzez gain, ondokoak ere bete beharko dira:
a) Hornigailuek bina toki izanen dute gutxienez ere, eta haietara trabarik gabe iristeko adina aparkaleku egon beharko da.
b) Automobilentzako tailer atxikiak 100 m²-koak izanen dira gehienez ere, eta aparkatzeko toki bat izanen dute tailerrak hartzen duen 25 m² -ko edo horren zatikiko.
63.32. artikulua.-Automobilentzako tailerrak.
Ez da baimenik emanen aparkaleku robotizatuetan automobilentzako tailerrak jartzeko.
Honako ordenantza hauetan eta aplikatzekoak diren indarreko legezko xedapenetan ezarritako baldintzez gain, ondokoak ere bete beharko dira:
a) Garaje-aparkalekuei erantsita baldin badaude, garajetik isolatuak egon beharko dute suaren aurkako pareten bidez eta ateak babesturik. Langileentzat larrialdiko irteera zuzena izanen dute.
b) Lokalaren barnean aparkaleku plaza bat izanen dute tailerrak hartzen dituen 10 m²-ko.
63.33. artikulua.-Salgaien garraioko zerbitzu publikorako estazioak.
Horretarako erabiltzen diren lokalek aparkatzeko toki bat izanen dute eraikitako azalerak hartzen duen 150 m²-ko, halako moldez non zamalanetarako moldaturiko espazioak gordeko baitira lokal horien barnean.
63.34. artikulua.-Bidaiarien garraioko zerbitzu publikorako estazioak.
Honako ordenantza hauetan eta indarreko legezko xedapenetan ezarritako baldintzez gain, ondokoak ere bete beharko dira:
a) Beren kokalekua dagozkien planeamenduko figuretan zehaztuko da, era aplikatu beharreko berariazko erregelamendua bete beharko da.
b) Ibilgailuek barrutiko sarbide nahiz irteeretan dituzten arazoetarako konponbide orohartzaile bat atonduko da, eta Udalak horren arabera onetsiko du instalazio hori.
63.35. artikulua.-Ibilgailu erabilien altxatokia.
Ibilgailu erabiliak biltegiratzeko, indarreko xedapenetan ezarri segurtasun baldintzak bete beharko dira, eta fabrikazko hormak edo heskaiak izanen dituzte inguru osoa ixteko, inor sar ez dadin eta ibilgailuak kanpotik ikus ez daitezen. Horien kokalekuak indarreko planeamendua bete beharko du.
63.36. artikulua.-Fuel-oileko tankeen instalazioak. Erregaiak biltegiratzea.
Petrolioaren eratorriak biltegiratzeko berariazko araudiaren mendean egonen dira."
Iragarkiaren kodea: L0919437
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
