105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioen lagapena eta haiek erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza
Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2009ko otsailaren 3an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriobeitiko Udalaren María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioen lagapena eta haiek erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza. Hura Nafarroako 44. Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko apirilaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2009ko uztailaren 16an.-Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

BERRIOBEITIKO UDALAREN MARÍA DE MAEZTU KULTUR ETXEKO INSTALAZIOEN LAGAPENA ETA HAIEK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legearen lehen tituluaren III. kapituluaren 2. idatz-zatiaren 2. azpiatalean xedatutakoari jarraituz ezarri da ordainarazpen hori, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Ordenantza honen helburua Berriobeitiko Udalaren jarduerarekin zerikusirik ez duten entitateek, partikularrek edo erakundeek María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioak erabiltzea da.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Pertsona fisikoek edo juridikoek, baita Udalaren baimena duten erakunde edo entitateek ere, Udalarena den María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioak erabiltzea da.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Prezio publikoaren subjektu pasiboak dira aipatu instalazioak erabiltzeko Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak.

Prezio publikoaren sorrarazpena eta haren ordainketa

4. artikulua. Prezio publikoaren sorrarazpena baimena ematen den unean berean gertatzen da eta ordainketa erabilera aurretik eginen da, eta betiere, 48 ordu lehenagotik.

Egindako erreserbak deuseztatzeko eskaerak bakar-bakarrik onartuko dira arrazoiak modu sinesgarrian frogatzen badira; idatzita eginen da eskaria eta, betiere, ekitaldiaren data baino 5 egun lehenagotik, gutxienez.

Erabilera

5. artikulua. Baimena ondoko erabilera arau hauei jarraituz emanen da:

1. Definizioa: María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioak, udaleko Kultura Zerbitzuaren egoitza direnak, jabari eta zerbitzu publikoko udal ondasunak dira. Batez ere gunearen xedea da kultura bere alderdi guztietan sustatzea eta Berriobeitiko bizilagunentzako partaidetza-zubi eta erreferentzia izatea gizarte-gaien eta kulturaren arloan. Kultur Gunea erabiliko da batez ere jarduera kultural eta soziokulturalak garatzeko, musikaren, antzerkiaren, zinemaren eta arte plastikoen arloetan, tarteka bestelako jardueretarako erabiltzen ahalko bada ere.

2. Eskumena: instalazio horren funtzionamendua arautzea Berriobeitiko Udalari dagokio eta "Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko espazioak eta baliabideen antolaketa eta kudeaketaren gaineko araudian" (Nafarroako 80. Aldizkari Ofiziala, 2007ko ekainaren 29koa) agertzen da.

3. Araubide ekonomikoa: Berriobeitiko Udalak Kultur Etxeko instalazioak erabiltzeko araubide ekonomikoa finkatuko du ordenantza baten bidez. Halaber, antolatzaileak erantzukizun zibileko poliza kontratatu beharko du, garatu beharreko jardueratik ondorioztatzen ahal diren gertakizunak estaltzeko.

4. Konpromisoak: antolatzailearen konturakoak izanen dira honako hauek:

-Ezarritako tasak eta, horrelakorik izanez gero, fidantza, ordaintzea.

-SGAEri egile eskubideak ordaintzea.

-Administrazioaren permiso eta baimenak.

-Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolamendua Udalarena ez denean, eta betiere, Kultur Etxeko langileek edozein mementotan ematen dituzten oharrei kasu egin beharko diete.

5. Ordutegiak: lagatako Kultur Etxeko instalazioak erabiltzeko orduak Berriobeitiko Udalak ezarriko ditu, eskaerak oro har zenbat diren begiratuz.

6. Baimena: instalazioak erabiltzeko orduan, Berriobeitiko Udalak antolatu edo babesten dituen jarduerek lehentasuna izanen dute entitateek edo partikularrek instalazioak erabiltzeko eskatzen dituzten baimenen aurrean. Horretarako, baimena eman baino lehen, Berriobeitiko Udalak txostena eginen du, instalazio hori noiz egonen den libre eta, hala denean, instalazioa lagatzeko zein baldintza orokor bete beharko diren adieraziko duena, behar bezala erabiliko direla bermatzeko asmoz.

7. Komunikazioa: ebazpena jakinarazi eta gero, Berriobeitiko Udalak horren berri emanen dio eskatzaileari.

8. Fidantza: kasu bakoitzean fidantza bat ezarriko da, edozein gertakizun estaltzeko, baita ordaindu beharreko gastu guztiak ere. Fidantza bankuko abalaren bidez gauzatzen ahalko da. Onetsi diren baldintzak betetzen ez badira edo eskabidean adierazi diren edukiak aldatzen badira, ez da fidantza osoa edo horren zati bat itzuliko.

9. Eskabideak: Berriobeitiko Udaleko bulego orokorretan tramitatuko dira, instalazioa erabiltzeko eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira derrigorrean:

a) Berariazko eskabide inprimakia, zuzen eta osorik beteta dagoena.

b) Eskatzailearen eta/edo entitate antolatzailearen NAN/IFZ.

c) Garatu beharreko jarduera deskribatzen duen memoria. Honako hauek eman beharko dira, gutxienez:

-Iragartzeko behin betiko kartelaren edo, horrelakorik ezean, zirriborroaren kopia.

-Aurreikusitako gehieneko ikusle kopurua.

-Aurreikusitako baliabide osagarriak.

-Jarduerako parte-hartzaileen eta edukien zerrenda (taldeak edo pertsonak).

-Salgai egonen diren sarreren gehieneko kopurua eta publikoarentzako salmenta prezioa.

-Txartel-lehiatilan bildutako diruagatik edo beste baliabide batzuengatik (zozketak, dohaintzak eta abar) aurreikusitako diru-sarrerak.

-Bestelakoak, eskatzaileek garatu beharrekoak.

10. Mugak: instalazioak ez dira lagako, Kultur Etxean lan egiten duten langileak oporretan daudenean.

11. Oro har, instalazioak erabiltzen dituzten entitate edo partikularrek ondoko baldintzok bete beharko dituzte:

I.-Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal, administratibo zein laneko zergei buruzkoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren eskutan soilik izanen dira beren erantzukizunak sorrarazten dituen kalte eta galeren ordainak, Udala erabat salbu geldituko delarik.

II.-Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen ekitaldirako.

IIII.-Instalazioak erabiltzeko eskaerak hamabost egun lehenagotik bederen aurkeztu beharko dira, Berriobeitiko Udaleko bulego orokorretan.

IV.-Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.

V.-Jarduera buruturik, entitate antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko prest gera daitezen, jarduera hasi zenean zuten egoera berean. Instalazioaren ardura duten langileek ikus-onetsia eman beharko diete.

VI.-Entitate antolatzaileen kontura da, instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen eta kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izan dela arrazoia edo zergatia. Horretarako, Berriobeitiko Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez duen berak zuzenean egin behar diren konponketen ardura hartzen, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

VII.-Kultur Etxeko zerbitzu teknikoek edozein mementotan ikuskatzen ahal dituzte jarduera egiteko instalazio osagarrien muntatze eta desmuntatze lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

12. Oro har, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitaterik egin, Udalak kasu bakoitzean gertaeraren babesleei buruz espresuki baimentzen duena izan ezik.

13. Udalak eskubidea izanen du instalazioetan gaizki portatzen diren pertsona guztiei kargu hartzeko eta are instalazioetatik kanpora bidaltzeko.

14. Berriobeitiko Udalari dagokio erregelamendu honetan jaso ez diren kasuak erabakitzea, eta zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa.

Salbuespenak

6. artikulua. Ezartzen diren kuotak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:

a) Berriobeitiko Udalak antolatzen dituenak.

b) Berriobeitin egoitza sozial legeztatua duten kultura, hezkuntza, kirol, gizarte edo josteta arloko entitateek antolatzen dituztenak, betiere antolatutako ekitaldiengatik dirurik kobratzen ez bada; izan ere, kasu horretan instalazioak erabiltzeko oro har finkatu diren tarifak aplikatuko zaizkie. Udalak espresuki onartu behar du irabazteko asmorik eza, gertatzen den aldiro.

c) Talde artistikoen edo sozialen kultur zerbitzuen truke Udalak zehazten dituenak.

Tarifak

7. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik, eranskineko tarifak aplikatuko dira.

ERANSKINA

1.1. Ekitaldi aretoa alokatzea:

-Jokaespazioa eta aldagelak alokatzea eta agertokira sartzea 5 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 220 euro.

-Jokaespazioa eta aldagelak alokatzea eta agertokira sartzea 10 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 305 euro.

-Ekitaldi aretoa, jokaespazioa eta aldagelak alokatzea eta agertokira sartzea 5 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 341 euro.

-Ekitaldi aretoa, jokaespazioa eta aldagelak alokatzea eta agertokira sartzea 10 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 609 euro.

1.2. Erakusketa aretoa alokatzea:

-Erakusketa aretoa alokatzea 5 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 183 euro.

-Erakusketa aretoa alokatzea 10 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 244 euro.

1.3. Erabilera anitzeko aretoa alokatzea:

-Erabilera anitzeko aretoa alokatzea 5 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 147 euro.

-Erabilera anitzeko aretoa alokatzea 10 ordutan baino gutxiagotan, eguneko: 195 euro.

Prezio horien barrenean hau dena sartzen da: alokatutako espazioaren erabilera, berotzea edo klimatizatzea (urte sasoiaren arabera) eta instalazioaren oinarrizko garbiketa, erabili ondokoa, betiere garbiketa arrunta bada, ez garbiketa berezia.

Prezio horien barrenean ez da hau dena sartzen: aretoko teknikarien zerbitzua, aretoko ekipo teknikoen erabilera, txartelak jasotzeko zerbitzua, aretozainak eta arropazainak.

Zerbitzu horiek eskatzen badira, aparteko tarifa jarriko zaie, Berriobeitiko Udalari une bakoitzean fakturatzen zaizkion prezioen arabera.

Fidantzak instalazioen egoera frogatu ondotik itzuliko dira, konponketei eta garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

Iragarkiaren kodea: L0919579