105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

363/2009 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautuko duten jarraibideak onesteko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2009-2010 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean daude.

2. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Atzerriko Hizkuntzen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko uztailaren 15ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautzeko jarraibideak

I. Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

I.1. Edukia.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ikasturtea hasi aurretik, Urteko Programazio Orokorra eginen dute; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela bermatuko du.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du Urteko Programazio Orokorra. Programazioak alderdi hauek izanen ditu:

A. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta planifikatzeko irizpideak.

B. Departamentuen programazioak.

C. Ikastetxeko prestakuntza plana.

D. Jarduera osagarrien urteko programazioa.

E. Memoria administratiboa.

I.1.A. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta planifikatzeko irizpideak.

Ikastetxearen ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak egin behar duenak, bide emanen du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak, bai irakaskuntzaren arlokoak bai osagarriak, aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxearen ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat zein ordutan egonen den irekita. Ildo horretan, ikastetxeko zuzendaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxeak oporraldietan goizez irekita edukitzeko.

b) Eskolaldiko orduen banaketa eskola egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz eginen da:

-Irakaskuntza arautua.

Eskola ordutegia astelehenetik ostiralera izanen da, biak barne, 8:00etatik 22:00etara, bi txandatan: bata 8:00etatik 15:00etara eta bestea 15:00etatik 22:00etara.

-Espezializazio ikastaroak.

Hizkuntza eskola ofizialek zilegi izanen dute, Hezkuntza Departamentuak urteko baimena emanez gero, hizkuntza ikastaro espezializatuak antolatzea.

c) Planifikatzeko irizpideak.

Txandak, kurtsoak, taldeak, ordutegiak eta abar ikastetxeak planifikatuko ditu, Hezkuntza Departamentuak adierazten dituen irizpideei jarraikiz.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek ikaspostu kopuru bat erreserbatuko dute, bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programaren bidez ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat. Eskaeren kopurua erreserbaturiko ikaspostuena baino handiagoa bada, ikaspostuak zozketaz esleituko dira.

Era berean, ohiko eskaintzaren barruan, bertaratu beharreko araubideko ikaspostu kopuru bat gordeko dute Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasle funtzionarioek ingelesa, frantsesa edo euskara ikas dezaten. Horretarako, izena emateko eta ikaspostuak esleitzeko prozedura eskolek berek ezarriko dute.

I.1.B. Departamentuen programazioak.

Departamentu bakoitzak, irailean, 2009-2010 ikasturteko jarduketa plana prestatzeko behar diren bilerak eginen ditu. Planean, departamentuko bileren aurreikuspenaz gainera (mailaka antola daitezke bilera horiek), ikasturtean egin beharreko lanik aipagarrienak jasoko dira, besteak beste hauek: maila bakoitzeko berezitasunen berrikuspena, ziurtagiriak emateko ebaluazioaren estandarizazioa eta proben gidaritza beste eskolekin koordinatuta. Departamentuek, orobat, C1 mailako programazioak egin beharko dituzte, dagokion araudian ezartzen denari jarraikiz.

Departamentuko programazioan ondoko alderdi hauek bilduko dira nahitaez:

1. Helburuak, edukiak eta denboraren banaketa.

2. Metodologia.

3. Baliabide gelaren erabilera.

Departamentuburuak, departamentu bakoitzeko programazioa prestatzeko arduradun nagusia den aldetik, haren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, ikastetxeko zuzendariak ezarritako epean. Zuzendariak, programazioa aztertu ondoren, puntu honetan ezarritakoaren araberakoa baldin bada, ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean sartuko du gainerako programazioekin batera.

Departamentuaren programazioa puntu honetan ezarritakoaren araberakoa ez bada, departamentura itzuliko da, berregin dezaten.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata ikastetxeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, kopia bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.

I.1.C. Ikastetxeko prestakuntza plana.

Zuzendaritza taldeak ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, beharren eta hobekuntza planen arabera. Ikastetxeak prestakuntzarako dituen interesek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen gainean.

I.1.D. Jarduera osagarrien urteko programazioa.

Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta eskola kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.

I.1.E. Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak memoria administratiboa eginen du eta horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorriko ditu ikastetxeetara agiri hori betetzeko inprimakiak, eta bertara itzuliko dira urriaren 23a baino lehen.

I.2. Urteko Programazio Orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko Programazio Orokorra zuzendariak prestatuko du, zuzendaritza taldearekin batera. Horretarako, kontuan hartuko dituzte departamentu didaktikoek aurkezten dituzten proposamenak eta irakaskuntza horretarako Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lan planak.

Urteko Programazio Orokorra Eskola Kontseiluak onetsi eta ebaluatu beharko du eta ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute. Ondoriorik aipagarrienak III.1.B. puntuan aipatzen den memorian jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, uztailaren 9a baino lehen.

Urteko Programazio Orokorra, beranduenik, urriaren 30ean aurkeztuko da. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da; beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta eskola kontseiluko kideek aztertu ahal izateko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du Urteko Programazio Orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

II. Irakasleak.

II.1. Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren irakasle lanerako egokitua. Irakasleentzat jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian ere jaiegun direnak.

Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, horietan sartuta irakastorduak eta ordu osagarriak, bai astean zenbatzekoak, bai urtean zenbatzekoak.

Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, zeregin hauetan emanen dira:

-Irakasleen lana hobetzen.

-Irakaslanak prestatzen.

-Batzordeetan eta hautapen epaimahaietan parte hartzen edo antzeko jarduerak egiten, horietarako izendatzen dituztenean.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte.

Ekaineko eta iraileko eskolarik gabeko lanegunetan, irakasleei baimena ematen ahalko zaie egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko, salbu eta lanaldi zatituan programatutako jardueretan.

II.2. Ordutegiaren banaketa.

Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko irakastorduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara. Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.

II.2.A.-Irakastorduak.

Lanaldi osoko irakasleek 17 irakastordu izanen dituzte astean; salbuespenez 19tara iristen ahal dira. Horien artean irakaskuntza lan zuzenekoak eta irakastordu gisa zenbatzen direnak sartuko dira.

Edonola ere, irakasleen irakastorduek bermatuko dute uztailaren 4ko 88/2007 eta irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduek ezartzen dituzten 130 irakastorduak betetzen direla, ikasketa horietako maila desberdinetako kurtso arautuetan.

Irakasle batek 17 irakastordu baino gehiago baldin baditu, kontuan hartuko da, betiere, irakasle bakoitzaren banakako ordutegian ageri diren irakastorduen eta asteko konputuko ordu osagarrien baturak 25 ordukoa izan behar duela astean.

Irakastorduak zenbatzerakoan ondoko jarduera eta inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Eskolara bertaratu beharreko ikasleen matrikula kopurua ikusirik, eskola bakoitzeko zuzendaritza taldeak gehienez ere bi irakastordu erabiliko ditu karguari dagozkion lanetarako, hots:

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean astero 49,5 ordu gehienez, zuzendaritza taldeko kide guztien artean banatuak, kontuan harturik kide guztiek talde bati gutxienez eman beharko diotela eskola.

Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean astero 31,5 ordu gehienez, zuzendaritza taldeko kide guztien artean banatuak, kontuan harturik kide guztiek talde bati gutxienez eman beharko diotela eskola.

b) Departamentuko buru eta koordinatzaileak.

Kargu horiek betetzen dituztenek talde bati dagozkion asteko irakastorduak erabiltzen ahal dituzte zeregin horietarako.

II.2.B. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatzeko ordu osagarrien multzoan, irakasle bakoitzari esleituriko eginkizunen arabera, ondoko hauek sartzen ahalko dira:

a) Zaintza orduak.

b) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

c) Ikasleen arretarako bi ordu gehienez astean.

Aipatu diren lanak betetzen badira, asteko ordu osagarrien multzoan honakoak sartzen ahalko dira:

-Bi ordu, gehienez, koordinazio didaktikorako eta klaustroetarako.

-Ordu bat Eskola Kontseiluko kideentzat.

-Zuzendaritzak ondoko lanak egiteko banatuko dituen orduak:

  • Ziurtagiria emateko probak prestatzen laguntzea.
  • Gidaritzaren kontrolean eta azterketan parte hartzea.
  • Batzordeetan parte hartu eta haiei laguntzea.
  • Ekipo teknikoez eta irakaskuntzarako materialaz arduratzea.

II.2.C. Urtean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren urtean zenbatzeko asteroko 5 ordu horiek, irakasle guztiek egin beharrekoak, honelako lanetarako erabiliko dira:

-Araubide libreko azterketak aplikatu eta zuzentzea.

-Ikasle berriak onartzeko probak prestatu, aplikatu eta zuzentzea. Proba horiek Eskola Kontseiluak erabakiko ditu.

-Proben emaitzak aztertzea.

-Departamentuei dagozkien lan jakin batzuk, programazio didaktikoetan sartu beharrekoak.

II.3. Ordutegiak prestatzea.

Ordutegiak honelaxe prestatuko dira:

Ikasketaburuak departamentuburuei jakinaraziko die zenbat ikasle talde dauden hizkuntza eta txanda bakoitzean eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak.

Departamentuek aparteko bilkura bat eginen dute, taldeak bere irakasleen artean banatzeko, betiere klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoak eta jarraibide hauen II.3.B puntuan ageri direnak errespetatuz.

II.3.A. Txanden eta taldeen banaketa.

Eskola goiz eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.

Irakasleren batek ezin baldin badu aukeratutako txandan bere ordutegia osatu, bestean osatu beharko du.

Txandak hautatu ondoren, taldeak nola banatu erabakiko da. Departamentuko kideak taldeak eta/edo txandak banatzeko ados jartzen ez badira, II.3.B puntuan ezartzen den ordenari jarraikiko zaio.

Ordutegiak egiten direnean, eskolak unibertsitatean ere ematen dituzten irakasleen egoera kontuan hartuko da, ordutegi bateragarriak eduki ahal izateko; horrek ez du esan nahi irakasle horiek Hizkuntza Eskola Ofizialean bete behar duten ordutegian murrizketarik egin daitekeenik.

Taldeak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela aukeratuko dira taldeak:

Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian agertzen diren departamentuko irakasle guztiekin txanda oso bat egin arte.

Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, irakasle guztiek irakastordu guztiak osatu edo talde guztiak esleitu arte.

Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.

Taldeak hautatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio berehala.

II.3.B. Aukeratzeko ordena.

Aukera egiteko honela jokatuko da:

a) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

b) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.

c) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.

e) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.

f) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.

g) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

h) Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Arestiko a), b), c) eta d) letretan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentziak alde batera utzita), eta antzinatasuna berdina baldin bada, letra bakoitzaren lehentasun ordena ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

-Ikastetxean antzinatasun handiena.

-Kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago.

-Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien izatea.

e) letran, taldeak hautatzeko lehentasun ordena ezartzeko, prozesua gainditu zuten oposiziogileen ebazpenetan agertzen den ordenari segituko zaio.

g) eta h) letretan, ordea, lehentasun ordena ezartzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuan ageri diren zerrendetan egokitu zaien ordenari segituko zaio.

II.3.C. Ordutegiak prestatzea.

Departamentuek egindako maila banaketa ikusirik, ikasketaburutzak ikasle eta irakasleen ordutegiak eginen ditu, klaustroak finkatzen dituen irizpide pedagogikoei eta Urteko Programazio Orokorrean agertzen direnei jarraikiz.

Departamentuko kide guztien irakastorduak jarraibide hauetan finkatutakoari egokitzen zaizkion ere egiaztatuko da; halaber, talde guztiek irakaslea duten edo bete gabeko ordu libreak dituen irakaslerik ote dagoen begiratuko da.

Irakasleen irakastorduak asteko egun guztietan banatuko dira, eskolarik ez dagoen ostiraletan izan ezik. Egunean 5 eskola emanen dituzte gehienez, lan kontratu partziala duten irakasleen kasuan izan ezik.

II.3.D. Zaintza orduak.

Ikasketaburuak beharrezkoak diren zaintza orduak zuzentasunez banatuko ditu.

Eskolako orduetan ikasleei behar bezala kasu emateko arduraduna ikastetxeko zuzendaria da; beraz, zaintzako irakasleren bat behar da beti ikastetxean.

Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Liburutegi-baliabide gelara joaten diren ikasleei laguntzea.

b) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

c) Bere zaintza txandan irakasleek duten puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.

Ikasketaburuak zaintza orduen eguneroko kontrola eginen du. Zaintza orduei buruzko txosten bat eginen du astero, eta horretan, gutxienez, honako datuak sartuko ditu:

1.-Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

2.-Ikastetxearen barruan gertatzen diren gorabeherak.

3.-Gertatu diren istripuak.

4.-Zaintzako irakasleen sinadurak.

Ikasketaburuak irakasleen artean esleituko ditu astean egin beharreko zaintza orduak, ikastetxearen beharren arabera, kontuan harturik, betiere, irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla guztira.

Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuei eskatzea zaintza ordu horiek egin ditzatela.

II.3.E. Irakasleen ordutegi pertsonala.

Irakasleek ikastetxeko jardueretan astean eman beharreko 25 orduak paratuko dituzte horretarako prestatutako inprimakian, ebazpen honen aginduei jarraikiz.

Ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori eskolarik ez dagoen ostiral goizetan izanen da.

Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen ordutegia txanda guztietan kide bat gutxienez egoteko moduan banatu beharko da.

Azken azterketak egiteko ezarritako egunetan, irakasleek beren ordutegia egokituko dute, azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera.

II.4. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsiko du ordutegia. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hartuko du edozein erreklamazioren gaineko ebazpena.

Toki ikusgarri batean paratuko dira irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko argibideak: irakastorduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.

II.5. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan edo administrazio araubideko kontratudunak zein egunetan hasi diren lanean.

Irakasleek beren lanetan gertatzen den edozein absentzia edo atzerapenen berri emanen diote ikastetxeari, ahalik eta lasterren.

Irakasleek absentzien frogagiriak aurkeztu behar dizkiote zuzendariari, horrek eskatu gabe.

Ikastetxeetako zuzendariek aurreko hilabeteko asistentzia orriak igorriko dituzte Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen; horretarako, ikastetxeetara bidaliko diren ereduak erabiliko dituzte.

Eredu horietan ikastetxean nahitaez egon beharreko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emanen da, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Nolanahi ere, asistentzia orrietan ondoko arauak beteko dira:

-"Hutsegitearen arrazoia" laukia ez da inoiz hutsik utziko eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

-Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

-"Hutsegitearen arrazoia" izeneko laukian "Norberaren arazoetarako ordaindu gabeko lizentzia" jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari baimena ematea.

Justifikazioa aurkezteko epea amaitu eta biharamunean, ikasketaburuaren iritziz justifikatu gabe dauden hutsegite nahiz atzerapen guztien berri emanen dio zuzendariak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, irakaslearen lansaritik behar den kenketa egiteko eta, hala behar bada, espedientearen tramitazioa hasteko. Kasuko irakasleari ere horren berri emanen zaio, idatziz.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea Nafarroako Gobernuko langileentzat orokorrean ezartzen dena izanen da.

Asistentzia orriaren kopia bat irakasle gelan paratuko da, ikusgai, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen. Beste kopia bat Eskola Kontseiluaren esku jarriko da.

Irakasleen hutsegiteen justifikanteak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta ondoren asistentzia orrietan jasoko dira.

III. Irakaslana koordinatzeko organoak.

III.1. Departamentuak.

Departamentuak lan taldeak dira eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuburuari dagozkio, eta hori ez badago, ikasketaburuari. Ongi jarduteko, beharrezkoa da kide guztien lan koordinatua.

Orobat, ezinbestekoa da Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztietako departamentuen arteko koordinazioa. Beraz, Hezkuntza Departamentuak prestatzen dituen helburuekin eta lan planekin bat arituko dira.

III.1.A. Departamentu kopurua.

Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.

Ikastetxeko irakasle guztiak, zein irakasgaitan ematen duten ordu gehien, irakasgai horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.

III.1.B. Departamentuaren eginkizunak.

Departamentuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Eranskin honetako "Departamentuen programazioak" izeneko I.1.B atalean xedaturikoaren arabera prestatzea kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa.

b) Lan plana eta jardueren egutegia prestatzea.

c) Ebaluazioko proba idatziak prestatzea, bai ziurtagiria ematekoak bai ebaluazio arruntekoak.

d) Gidaritzaren kontrolean eta azterketan parte hartzea.

e) Ahozko adierazpeneko probak egiteko behar diren euskarriak prestatzea.

f) Ziurtagiria emateko proben ebaluazioa estandarizatzeko saioetan parte hartzea.

g) Ikasturte bukaerako memoria egitea, honako alderdi hauek bilduta:

-Emaitzen balorazioa:

  • Kalifikazioen estatistikak, talde eta mailen arabera.
  • Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak azalduta.
  • Hobetzeko proposamenak.

-Funtzionamenduaren balorazioa:

Hau da, programazioaren garapenaren azterketa, bereziki ondoko alderdi hauena:

  • Garatutako helburuen, edukien, jardueren eta metodologiaren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako baliabideena eta taldeen eskaintza, antolaketa eta funtzionamenduarena ere; halaber, agertu diren akatsen arrazoia azaldu eta zuzenketak proposatu beharko dira.
  • Ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren irizpideen, prozeduraren eta jardueren balorazioa, baita ikasle libreentzako probena ere.
  • Egindako jarduera osagarrien azalpena eta balorazioa.

Ebazpen honen III.1.C ataleko b) puntuan azaldu bezala, departamentuburuak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.

h) Beste eginkizun batzuk.

Departamentuei dagokie, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta departamentuko kideen hobekuntza zientifikoa eta didaktikoa sustatzea, ebaluazioa egiteko irizpide bateratuak prestatzea, jarduera osagarriak antolatu eta egitea eta ikasle libreen probak prestatzea. Proba guztiak ezberdinak izanen dira eta aurrez finkatutako irizpideei jarraikiz zuzenduko dira.

Halaber, beste irakasle kidego batzuen prestakuntza beharrei kasu eginen diete, hezkuntza administrazioak hala eskatzen dienean.

III.1.C. Departamentuko bilerak.

a) Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean ordu bat utziko da gutxienez, batez beste, departamentuko kide guztiak bil daitezen, eta ordu hori ikastetxeko eskola ordutegiaren barruan egonen da.

Bilera horretan, maila bakoitzaren programazioaren garapena aztertu, behar den materiala elkarrekin prestatu, emaitzak aztertu eta ebaluaziorako irizpideak adostu eta zehaztuko dira, curriculumaren helburuei jarraikiz, eta ezartzen diren gainerako eginkizunak burutuko dira.

b) Ekainean, departamentuko kideek behar diren bilerak eginen dituzte, jarduketa plana eta programazioak aztertu eta hurrengo ikasturteari begira egin beharreko zuzenketak proposatzeko; hori guztia ikasturte bukaerako memorian sartuko da.

c) Departamentuko dokumentazioa. Departamentu guztiek liburu bat osatuko dute egindako bilera guztien aktekin. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Halaber, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izanen dute.

Departamentuan gordeko dira ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta dokumentuak; ikasturtearen bukaeran, ikasleen erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, botatzen ahalko dira.

III.1.D. Departamentuko burutza.

a) Izendapena.

Departamentu bakoitzean buru bat izendatuko da.

Ikastetxeko zuzendariak eginen du izendapena, eta ezin izanen zaio izendapenari uko egin.

Departamentuko burutza, ahal dela, honako honek beteko du: hizkuntza eskola ofizialetako irakasle katedradun bat, ikastetxean behin betiko destinoa duena eta katedran antzinatasun handiena.

Katedradunik ez badago, departamentuari entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko da, horrelakorik baldin badago.

Nolanahi ere, departamentuko burutza beste edozein zuzendaritza kargurekin bateraezina izanen da.

Izendapena irailean eginen da, ikasturte baterako.

Ohiko 24 ikastalde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek departamentuko kide bat izenda dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan. Ohiko taldeak dira irakaskuntza arautuko ikastaroak egiten dituztenak. Ohiko 50 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.

Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.

b) Departamentuburuaren eginkizunak.

Departamentuburuak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

-Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

-Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Aktak akten liburuan bilduko dira nahitaez.

-Irakasgaiaren programazioa eta ikasturte bukaerako memoria egin eta koordinatzea, programazioa betetzen den begiratzea (gutxieneko eduki eta mailei dagokienez) eta nahikotasun proba komun bat egitea ikasturtea bide arruntean gainditu ez dutenei.

-Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

-Ikasle libreen azken proben prestaketa eta antolaketa koordinatu eta zuzentzea.

-Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

-Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.

-Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak gordetzea.

-Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.

-Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

-Hezkuntza Departamentuak eskatuta, ontzat ematea ziurtagirirako probak eta horretarako ezarritako ebaluazio irizpideak.

-Hezkuntza Departamentuak eskatuz gero, ziurtagirirako probak prestatu behar dituztenak izendatzea eta, behar denean, gainerako eskolekiko harremanez arduratuko den departamentuaren ordezkaria.

III.2. Informatikako koordinazioa.

Eskolek informatikako koordinatzaile bat izenda dezakete, langile egokirik izanez gero. Kargu hori klaustroko kide batek beteko du eta ikasturte baterako izanen da.

Informatikako koordinatzaile aritzen den irakasleak ohiko ikasle talde bati eskola emateko erabiltzen den denbora erabiltzen ahalko du koordinatzaile karguaren eginkizunetarako, ondoren adierazten den moduan.

Hauek dira kargu horri dagozkion eginkizunak:

1) Koordinatzailearen eginkizunak:

-Ikastetxeko zuzendariaren eskuordetzaz, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Teknologia Berrien Atalarekin bitarteko lana egitea.

-Departamentuburuei aholkuak ematea, baliabide informatikoak modu koordinatuan erabil daitezen hizkuntza guztietan.

-Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera berriak emateko irizpideak.

2) Sostengu teknikoko eginkizunak:

-Baliabide informatikoen egoera operatibo egokia zaintzea; horretarako, instalazio eta ekipamendu informatikoak gainbegiratuko ditu eta aurreikusitako jarduerak burutzeko behar diren programen erabilgarritasuna bermatuko.

3) Irakaslanak sustatu eta bideratzeko eginkizunak:

-Departamentuei aholkuak ematea, hizkuntzak irakasteko teknologia informatikoaren erabilerari buruz.

-Dagozkien departamentuei programa didaktikoak, aplikazio orokorrekoak eta espezialitatekoak aurkeztea.

-Hezkuntzaren arloko informatikari buruzko informazioa zabaldu eta horren gainean dagoen dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.

-Departamentuei aholkuak ematea, haien kideen interes eta premiei komeni zaizkien prestakuntza modalitateei buruz.

4) Administrazio eginkizunak:

-Ikastetxeko zuzendaritzari aholkuak ematea, baliabide berekiak erosterakoan, hezkuntza administrazioaren irizpideei jarraikiz.

-Ikastetxeko zuzendaritzari laguntzea baliabide informatikoen inbentarioa egiten eta zaintzen, ikastetxeak unitate eta aplikazio informatiko orokorretarako eman duen aurrekontua kudeatzen eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Teknologia Berrien Atalarekin koordinatzen.

IV. Ikasleak eskoletara joatea.

Bertaratu beharreko modalitatean, ikasle guztien eskubide eta betebeharra da eskoletara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea.

Ikasleei asistentziaren %70 eskatuko zaie, gutxienez, etengabeko ebaluaziorako eskubidea izan eta hurrengo ikasturtean ikastetxean segitu ahal izateko. Bestela, postua erreserbaturik edukitzeko eskubidea galduko dute.

Irailean, urrian eta azaroan, 18 orduz edo gehiagoz justifikatu gabeko hutsegiteak egiten badira, ikasleak matrikula eskubidea galdu eta baja emanen zaio dagokion hizkuntzan. Baja horiek matrikulazio berriekin beteko dira.

Horretarako, irakasle bakoitzak ikasleak egunero eskolara joaten diren kontrolatu eta egoera orri bat beteko du. Orri horretan, ikasle bakoitzaren absentziak adieraziko ditu. Orri hori sinatu ondoren ikasketaburuari eman beharko zaio, ondoko hilabeteko lehenbiziko eskola egunean, hark espresuki eskatzen ez badu ere.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikasleei absentzien kopurua jakinaraziko die, hiru hilabetean behin, ikastetxeak ezartzen duen prozeduraren bitartez.

Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dira, eskola kontseiluaren ustez justifikatuak badira. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, hauek onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo instituzioetan aritzeko bekak edo kontratuak, unibertsitateko lan praktikaldiak), laneko oporrak, laneko baimena ezkontzeagatik, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.

Ikastetxeetako barne araudiko erregelamenduak atal honetan zehaztutakoa garatuko du.

Edonola ere, araudian adierazitako kasuetan zilegi izanen da matrikulari uko egitea.

V. Alkoholari eta tabakoari buruzko arauak.

Ikastetxeek giro higieniko eta osasuntsua bultzatu behar dute, hezkuntza komunitatean osasunerako on diren ohitura eta jarrerak sustatuz.

Hori helburu, tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legea bete dadin:

a) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan tabakoa saltzea.

b) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan erretzea.

Ikastetxeetako eskola kontseiluek behar diren neurriak hartuko dituzte, indarrean den araudiari jarraikiz, ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko.

Baldintza horiek kontuan hartuko dira barne araubideko erregelamendua prestatzerakoan.

Iragarkiaren kodea: F0919851