Iragarkia
105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
230/2009 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Lanbide Heziketako ikasketak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak, Lanbide Hastapenerako Programak eta hasierako lanbide kualifikaziorako programak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesten dituena.
Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen hau onesteko. Ebazpen honen xedea jarraibide batzuk onestea da, Lanbide Heziketako ikasketak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak, Lanbide Hastapenerako Programak eta hasierako lanbide kualifikaziorako programak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko beren autonomiaren esparruan, 2009-2010 ikasturtean.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Geroago ageri diren jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Lanbide Heziketako ikasketak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak, Lanbide Hastapenerako Programak eta hasierako lanbide kualifikaziorako programak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzte 2009-2010 ikasturterako.
2. Ebazpen honen I. eranskinean aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.
3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau eta beraren eranskinak Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko uztailaren 23an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.
I. ERANSKINA
Lanbide Heziketako ikasketak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak, lanbide hastapenerako programak eta hasierako lanbide kualifikaziorako programak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketarako eta jardunerako jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideen helburuetako bat indarreko araudiko alderdi batzuk zehaztea eta argitzea da eta bestea arautu gabeko batzuk arautzea, ikastetxeen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horrez gainera jarraibideek ikasturterako lan-ildo nagusiak ezartzen dituzte.
Jarraibideetan bost kapitulu diferente daude:
Lehenengo kapitulua Urteko Programazio Orokorrari dagokio: ikastetxeek berrikusi, eguneratu eta garatu beharreko proiektu edo planei buruzko jarraibideak dira.
Bigarrenean apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduarekin lotutako prozedurak zehazten dira, bai eta Lanbide Heziketako ikasketak eta hasierako lanbide kualifikaziorako programak ematen diren ikastetxeen jardunerako behar diren antolaketa-alderdi batzuk ere.
Hirugarren kapitulua Nafarroako Lanbide Heziketaren Ildo Estrategikoei buruzkoa da; kapitulu horretan ildo horiek ikastetxeetan nola gauzatzen diren azaltzen da.
Laugarrenean ikastetxe integratuetarako berariazko jarraibideak ematen dira.
Bosgarrenean Arte Plastikoak eta Diseinua ematen duten ikastetxeei buruzko alderdiak zehazten dira.
I. Urteko programazio orokorra
1. Urteko programazio orokorra.
Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna bat da eta ikastetxeko plangintza, antolaketa, jarduna eta hobekuntza plana biltzen ditu. Prozesuak eta dokumentazioa zorroztasun, erraztasun eta erabilgarritasunaren eskakizunei lotu behar zaizkie.
Autonomiaren eta erantzukizunaren printzipioekin bat, Zuzendaritza Taldeak bere baliabideak kudeatzen ahalko ditu, eta planifikatu eginen ditu (antolaketa, ordutegia, barne eta kanpo koordinazioko egutegia, etab.) eskola orduetan eta horietatik kanpo 2009-2010 ikasturtean egiteko beharrezkotzat jotzen dituen jarduerak, bai autonomia bai indarreko araudia errespetatuz.
Lanbide Heziketako ikasketak eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren aplikazio-esparruan, beren autonomiaz baliaturik, plangintza instituzionaleko dokumentuak berrikusi egin beharko dituzte eta lege horretako V. tituluko II. kapituluan ezarritakora egokitu, bai eta heziketa ziklo bakoitzeko curriculumetan ezarritakora ere (curriculumak foru dekretuek arautu dituzte).
Aurreko paragrafoan ezarritakoari dagokienean, ikastetxe integratuek ebazpen honetako IV. tituluan ezarritako jarraibideak bete behar dituzte.
2009-2010 ikasturterako, ikastetxeek prestatua izan behar dute ezartzen diren ikasketen curriculumen zehaztapena.
Gainera, ikastetxeetan ezarritako planak aztertu eta programatu eginen dira, hala nola Tutoretza Plana, Ikastetxeko Bizikidetza Plana, Kalitate Plana, Berdintasun Plana eta Prestakuntza Plana, baita Lanbide Heziketaren Ildo Estrategikoekin zerikusia daukatenak ere, hala urteko programazio orokorrean sartzeko.
2. Programazio didaktikoak.
Heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeek lanbide moduluen programazioak egin beharko dituzte. Programazio horiek Urteko Programazioan jasoko dira.
Programazio didaktiko horien bitartez curriculum garapena gauzatzen da ikasgelaren eremuan. Arreta berezia jarri behar zaio apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduko 6. artikuluan ezarritakoari.
Hezkuntza sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan xedatzen denaren arabera, irisgarritasun unibertsalaren irizpidearekin bat, ikasketa horiek egiteko beharrezkoak diren bitarteko eta baliabideak jarriko dira. Nolanahi ere, egokitzapen horien koordinazioa eta jarraipena egitea ikaslearen tutoreari dagokio. Orientazio arloko langileen aholkuak jasoko ditu horretarako. Programazio didaktikoak helburu hori lortzeko beste baliabide bat izan beharko dira.
Kasuan kasu, ezgaitasunak dituzten pertsonen beharrizanak artatzeko curriculumeko egokitzapenak eginen dira. Hori, kurtsoetan moduluak ematen dituzten irakasleen ardura izanen da. Betiere kasuan kasuko zikloko koordinatzaileek edo departamentu didaktikoetako buruek gainbegiratuko dute lan hori.
3. Kalitatea.
Martxoaren 6ko 230/2006 Ebazpenak abian jarri zuen kalitatea kudeatzeko sistemak (SGCC-2006 Araua) ikastetxe publikoetan zabaltzeko programa. Oraindik ere erronka da ikastetxeentzat: erabateko kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea.
Hezkuntza Departamentuak ondoko oinarriak dituzten ereduak bultzatzen ditu ikastetxeen kudeaketarako eta berrikuntza pedagogikorako: sare-lana, aholkularitza, jardun onaren inguruko informazioa trukatzea, eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea irakaskuntzaren kalitate hobetzeko. hauexek dira helburuak: ahalik eta ikastetxe gehienek SGC eta EFQM ziurtagiriak edukitzea; sareko ikastetxeak aitzindari izatea berrikuntza pedagogikoaren eta kudeaketaren inguruko proiektuetan; lankidetza akordioak sinatzea hezkuntza erakundeekin eta profesional elkarteekin; ikastetxeak koordinatzeko eta haiei aholkuak emateko lanetan aditutako trebatzaile asko izatea.
SGCC-2006 Arauak ikastetxeetan nahitaez egin beharreko jarduerak jaso ditu. Gainera, berariazko prozesu bat ezarri du EFQM autoebaluaziorako, hau da, Hezkuntza Departamentuak erabateko kalitatea sustatzeko hautatu duen eredurako, eta beste bat zerbitzuen kartak abian jartzeko.
Ikastetxeei SGCC-2006 Arauan ezarritako sistema oso-osorik ezartzen laguntzeko, ikastetxeek prestakuntza eta jardun onaren inguruko informazioa trukatzeko sareak abiarazi dira, eta kalitatearen arduradunaren orduak aintzatetsi dira.
Ikastetxeko kalitatearen arduradunak SGCC ezartzen lagunduko dio Zuzendaritza Taldeari eta agirien eta adierazgarrien kudeaketaren ardura hartuko du.
Horretarako irakastorduak murriztuko zaizkio sareko prestakuntzan aritu ahal izateko eta postuari dagozkion lanak egiteko. Murrizpena ikastetxe motaren araberakoa izango da: 6 irakastordu BHIetan eta ikastetxe integratuetan. Ahal dela, irakastorduen murrizpena astearte goizean aplikatuko da, zuzendaritzakoei prestakuntzarako eta koordinaziorako egiten zaien bezala.
Programaren ezarpenaren eta garapenaren eta baliabideen erabilpenaren jarraipena Hezkuntzako Kalitatearen Atalaren ardura izanen da, Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalarekin koordinaturik. Ikasturtea amaitutakoan, sarean lan egiten duten ikastetxeek txosten bat egingo dute ikastetxean egindako lanaz. Txosten horretan hurrengo ikasturterako konpromisoak jasoko dira. Txostena Hezkuntza Kalitatearen Atalari bidaliko zaio. Gero honek, Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalarekin koordinatuta, burutzapen maila begiztatuko du eta, haren arabera, hurrengo ikasturterako kalitatearen arduraduna ematea aldeztuko du edo ez.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeetako kudeaketa sistemak ebaluatuko ditu (diseinatu eta ezarri bada), eta SGCC Arauak ezarritakoarekin bat datorren egiaztatuko du. Ebaluazioaren emaitza positiboa bada, "Ikastetxe bikaina" aitorpena ematea proposatuko da.
4. Bizikidetza.
632/2005 Ebazpenak Ikastetxeetako Bizikidetza Hobetzeko Plana ezarri zuen. Harrezkero elkarbizitza planak prestatu eta abiarazi dira ikastetxeetan eta denetariko garapen mailak lortu dira.
Prestakuntzako mintegiek zabalik jarraituko dute sareetan parte hartzeak berarekin dakartzan konpromisoak onartzen dituzten ikastetxeentzat.
2009-2010 ikasturtean ikastetxe bakoitzeko bizikidetzarako batzordeak bizikidetza plana prestatu eta ebaluatuko du.
Bizikidetzaren arduraduna ezartzen den ikastetxe publikoetan, arduradun hau bizikidetzarako batzordean ariko da eta Zuzendaritza Taldeari ikastetxeko bizikidetza plana prestatzen, abian jartzen, aplikatzen eta suspertzen lagunduko dio. Horretarako, 2 - 4 irakastordu gutxiago eman ahal izango ditu.
Bizikidetzaren arduraduna ezartzen den ikastetxeek konpromiso hauek hartu behar dituzte:
a) Irakastordu murrizpena bizikidetza sareei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona bati aplikatzea.
b) Bizikidetza funtzionalerako batzordea sortzea diziplina-jarduerak soilik egiten dituen egituratik kanpo.
c) Bizikidetza Plana ezartzea 2009/10 ikasturtean. Berrikuntzarako joera bultzatzea: ikasleen prestakuntza eta parte-hartze aktiboa, prebentzioa ardatz hartzea, estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko (batez ere hezkuntza-bitartekaritza), eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa lortzea.
Bizikidetzaren arduradunak egiteko hauek edukiko ditu:
-Bizikidetzarako batzordearen jarduna eta proiektuak bultzatzea, zehapenen esparruan bainoago hezkuntzaren eta prebentzioaren arloetan.
-Bizikidetza plana prestatzen, ezartzen, ebaluatzen eta eguneratzen parte hartzea, bai eta hezkuntza komunitatea inplikatzeko mekanismoetan ere, ezinbestekoa baita hura garatzeko, abiarazteko, ebaluatzeko eta gauzatzeko.
-Ondokoak antolatzea bizikidetza planaren esparruan: ikasleen prestakuntza eta parte-hartze aktiboa, prebentzioa eta estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko, eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa.
-Irakasleak arlo honetan trebatzea bultzatzea.
-Bizikidetza arduradun aritzeko prestakuntza hobetzea (Bizikidetzarako Aholkularitzak hainbat trebakuntza-jarduera eskaintzen ditu).
-Ikastetxeak, bere beharrizanak kontuan hartuta, ezartzen eta bultzatzen dituen bitartekaritza-taldeak edota bizikidetza hobetzeko programa guztiak (ikasle laguntzaileak, tutoreak, ...) koordinatzea eta beraien lana sustatzea, eta haietan aritzea, behar izanez gero.
-Ikastetxeko bizikidetza-taldeetako kideak eta komunitatek beste pertsona batzuk bizikidetzaz trebatzeko ardura hartzea.
-Ikastetxeak erabakiz gero, agiri hauek idaztea eta haien ardura hartzea:
-Ikastetxeko bizikidetza plana.
-Planaren urte bakoitzeko gauzapena; honen barruan arduradunaren lan plana sartu behar da.
-Urteko memoria.
Bizikidetzarako Aholkularitzak planen burutzapen maila begiztatuko du eta horren arabera, Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalarekin koordinaturik, ontzat emango du ikastetxe bakoitzean bizikidetza arduradunak hurrengo ikasturtean lanean jarraitzea edo figura hori sortzea.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2009-2010 ikasturteko planean ondokoak jasoko ditu: Bizikidetza Planaren ebaluazioa, honen urteko gauzapena eta bizikidetza arduradunak egindako azken memoria. Ikastetxe bakoitzak Urteko Programazio Orokorreko lehen bi dokumentuak aurkeztu behar dizkio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.
5. Berdintasuna.
Indarreko araudian genero berdintasunaz ezarritako jarraibideak aintzat hartuta, Hezkuntza Departamentuak 2009-2011 Berdintasun Plana egin du; bi helburu estrategiko ezarri eta garatu dira. Hain zuzen ere, berdintasuna eta genero ikuspegia Nafarroako hezkuntza sisteman txertatzeko esparrua finkatu da eta Hezkuntza Departamentuko langileak, baliabideak eta zerbitzuak kudeatzeko politikak diseinatu eta garatu dira.
1. helburu estrategikoan jardun-lerro hauek daude:
1. Berdintasunaren inguruko helburuak txertatzea arlo, gai eta maila guztietan, eta oinarrizko gaitasunen garapenean.
2. Berdintasun Planaren garapena sustatzea Nafarroako ikastetxeetan eta irakasleak prestatzeko zentroetan.
3. Sinergiak eta aliantzak sortzea: hezkuntza komunitatea eta gizarte ingurua informatzea, sentikortzea eta inplikatzea berdintasunerako hezkuntzarekin bizitzan zehar hartu behar den konpromisoari buruz.
Ekintza-lerro horien garapenean laguntza eta aholkua emateko ekintza prestatzaile bat hasi da 2008-2009 ikasturtean. Horretan parte hartu duten ikastetxeek, ikastetxearen diagnostikotik abiatuta, beren hobekuntzarako konpromisoak zehaztu ahal izan dituzte, berdintasuna eta hezikidetzaren ikuspegia pixkanaka beren urteko programazio orokorretan sartzeko. Ikastetxe horiek beren konpromisoen ezarpenean aurrera egin ahal izanen dute 2009-2010 ikasturtean zehar. Horretarako Departamentuaren laguntza izanen dute, prestakuntzari eta behar diren material eta baliabide didaktikoen garapenari dagokienez.
Nafarroako ikastetxe guztiek parte har dezaten 2009-2011 aldirako Berdintasun Planaren garapenean, ekintza prestatzaile horretarako deialdia eginen da berriz ere hurrengo ikasturteko lehen hiruhilekoan, lehen aldiz beren buruaren diagnostikoa egin eta beren urteko programazio orokorrean berdintasuna eta hezikidetzaren ikuspegia txertatzeko hobekuntza-konpromisoak ezarri nahi dituzten ikastetxeei zuzendua.
Hezkuntza Departamentuak behar den koordinazioa antolatzen lagunduko du sareko lana eta baterako ikaskuntza sustatzeko eta ikastetxeen artean praktika eta esperientzia onak trukatzeko. Halaber, ikastetxe bakoitzaren Urteko Programazio Orokorrean jasotako konpromisoen eta horien garapenaren jarraipena eginen du; konpromiso horiek nola egin duten aurrera azalduko da ikasturte amaierako memorian.
6. Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.
Ikastetxeek ikasleen eta hezkuntza komunitateko kide guztien osasuna babestu eta sustatuko duen eskola ingurunea sortzen ahalegindu behar dute eta bizimodu osasungarriak sustatu behar dituzte.
Ikastetxeek bizimodu eta aztura osasungarriak sustatzeko proposamenak sartu behar dituzte beren planetan, ondoak landuta: elikadura, ariketa fisikoa, adimen higienea, gorputzeko higienea, postura higienea, segurtasuna eta ezbeharren prebentzioa, drogazaletasunaren prebentzioa, eta hezkuntza afektibo-sexuala.
Proposatzen diren jarduerak Urteko Programazio Orokorrean jasoko dira, Eskola Kontseiluak onets ditzan.
Orobat, ikastetxeetako eskola kontseiluek erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) betearazi behar dute eta neurri egokiak ezarri behar dituzte ikastetxean edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko barne araudia prestatzerakoan.
7. Ebaluazioa eta hobekuntza.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan izaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko.
Inguru horretan, kanpoko ebaluazioa hartu behar da ongi dauden eta, beraz, mantendu eta areagotu behar diren alderdien eta hobetu behar direnen elementu identifikatzaile gisa. Diagnostikorako eginkizun horretaz gain, kanpoko ebaluazioaren bidez ikuspuntuak aldera daitezke, eta ikastetxeak berak egiten duen barne ebaluazioari kanpoko erreferente bat eman.
Ikastetxeetara egiten dituen ohiko bisitetan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak barne ebaluazioari buruzko aholkuak emanen ditu eta Hezkuntza Departamentuak ezarritako hobekuntza arloen jarraipena egingo du eta gainbegiratu eginen ditu. Barne eta kanpo ebaluazioen emaitzek hurrengo ikasturteetako hobekuntza arloetan aldaketak egiteko balioko dute.
II. Lanbide Heziketako ikasketak
1. Heziketa zikloen ebaluazioa.
Ebaluazioari dagokionez, LOGSE eta LOE aplikatzearen ondorioz Nafarroan ezarritako Lanbide Heziketako heziketa zikloetan apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatuko da.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloen ebaluazioa urtarrilaren 28ko 15/1997 Foru Aginduaren arabera egingo da, orain arte bezala, salbuespen honekin: apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduko azken xedapenetako lehenak 18.3. artikuluko testua aldatu du eta honela utzi du: "Ikasturte batean baino gehiagotan ematen diren lanbide-moduluak kontuan hartuko dira kurtsoz igotzeko".
2. Matrikula baliogabetzea.
Matrikula baliogabetzeak berarekin dakar dagokion eskaintzako modalitatea osatzen duten modulu guztien azken ebaluazioaren deialdiari uko egitea. Hori dela eta apirilaren 8ko 53/2009 Foru Aginduko 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Eskaerak ikastetxeko zuzendaritzak ebatziko ditu jaso ondoko zazpi egun baliodunetan; ebazpena eskatzaileari jakinarazi behar zaio.
Matrikula baliogabetzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da eta kontuan hartuko da baliogabetze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina.
3. Ebaluazio deialdiari uko egitea.
Matrikula baliogabetzeak berarekin dakar lanbide moduluetako batek edo batzuek azken ebaluaziorik ez edukitzea; hala ere, horrek ez deuseztuko matrikula. Modalitate orokorrean ezin da eskatu bi moduluri baino gehiagori uko egitea ikasturte bakoitzean; salbuespena: hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek gehiagori uko egitea eska dezakete. Hori dela eta apirilaren 8ko 53/2009 Foru Aginduko 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Eskaerak ikastetxeko zuzendaritzak ebatziko ditu jaso ondoko zazpi egun baliodunetan; ebazpena eskatzaileari jakinarazi behar zaio.
Ebaluazio deialdi bati uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da. Baimena emanez gero, eskatutako moduluari bakarrik egin ahal izango zaio uko.
4. Erreklamazioak.
Irakasle taldearen kalifikazioen edota erabakien kontrako erreklamazioetan hauxe aplikatuko dira: hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritakoa; Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan, urtarrilaren 28ko 15/1997 Foru Aginduan eta ebazpen honetan ezarritakoa.
Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, ikaskuntzaren emaitzen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, hala nola balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko emaitzena, kalifikazio irizpideena eta ikasketak ebaluatzeko ikasturtean erabiliko diren prozedurena.
Irakasle titularrak ikasleek edo, adingabeak izanez gero, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emanen die eta ikasleek zilegi izanen dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.
Ebaluazioa egiteko tresnak ikasturte amaierako kalifikazioak eman edo azken erabakiak hartu ondoko hiru hilabeteetan gordeko dira gutxienez.
Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izanen duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.
Ikasleek edo, adingabeak izanez gero, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasle titularrari.
Kalifikazio partzialen inguruko erreklamazioak ikastetxean bertan ebatziko dira. Irakasleak argibideak eman ondoren ikaslea kalifikazio partzialarekin ados ez badago, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dio idatziz ikasketaburuari jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epealdian. Ikasketaburuak neurri kontsultiboak ezarri ahal izango ditu erreklamazioa ebazteko.
Azken ebaluazioaren inguruko erreklamazioak hari dagozkion emaitzak eta erabakiak jakinarazi ondoko bi egun baliodunetan aurkeztu behar zaizkio ikasketaburuari. Ikasketaburuak irakasle taldeei bidaliko dizkie erreklamazioak. Bi aukera daude:
a) Lanbide moduluen edota zikloaren azken kalifikazioaren berrikuspena: Zikloko irakasle taldeak edo ebaluazio batzordeak, kasuan kasukoak, erreklamazioa aztertuko du jaso eta hurrengo bi egun baliodunetan, alegazioak aintzat hartuta.
b) Hurrengo mailara igotzeko edota Lantokietako Prestakuntzako moduluan sartzeko erabakia berrikustea: Zikloko irakasle taldeak edo ebaluazio batzordeak, kasuan kasukoak, erreklamazioa aurkezten denetik bi egun baliodun pasatu baino lehen aparteko bilera eginen du eta bertan erabakia aztertuko du aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta.
Batera zein bestera, tutoreak akta batean jasoko ditu irakasle taldeak edo ebaluazio batzordeak erreklamazioaren inguruan egindako azterketa eta eztabaidak, eta horrez gainera kalifikazioa edo erabakia berresten edo aldatzen den ere bai. Akta ikasketaburuari bidaliko zaio.
Ikasketaburuak idatziz jakinaraziko dio ikasleari (edo gurasoei edo legezko ordezkariei, adingabea izanez gero) kalifikazioa edo erabakia berretsi edo aldatu den, arrazoiak emanda. Horretarako bost eguneko epealdia edukiko du erreklamazioak aurkezteko epealdia amaitzen denetik. Jakinarazpenak erreklamazio bidea azkenduko du.
Erreklamazioaren prozesua amaitutakoan ikasleak bi eguneko epealdia edukiko du azken komunikaziotik ikastetxeko zuzendaritzari eskatzeko erreklamazioa Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari aurkezteko. Ikaslea adingabea bada, gurasoek edo legezko tutoreek ere aurkez dezakete eskaera.
Ikastetxeko zuzendaritzak hiru egun igaro baino lehen Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira bidaliko du erreklamazioaren espedientea. Zuzendari nagusiak ebazpena emanen du -eta horrek administrazio bideari amaiera emanen dio- hamabost egun balioduneko epean espedientea jasotzen denetik hasita, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak kontuan edukita.
Ikaslearen erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, bidezko zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.
5. Lanbide Heziketako kalifikazio liburuak ixtea.
Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuko 15. artikuluak ebaluazio prozesutik kanpo utzi du Lanbide Heziketako kalifikazio liburua. Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta akreditazio akademikoa arautzen ditu. Agindu horretan ezarri denaren arabera, ebaluazio agiriak ikaslearen ikasketa espedientea, ebaluazio akta eta banakako ebaluazio txostena dira.
Aurrekoarekin bat, irekita dauden Lanbide Heziketako kalifikazio liburuek indarreko legerian ezarritako egiaztapen ondorioak izanen dituzte 2008-2009 ikasturtea amaitu arte.
2008-2009 ikasturtea amaitutakoan Lanbide Heziketako kalifikazio liburuak itxi beharko dira; honela egin beharko da:
a) Lanbide Heziketako kalifikazio liburuko 22. orrialdean (edo hutsik dagoen hurrengoan) ixteko eginbidea txertatu behar da.
Lanbide Heziketako kalifikazio liburua ixteko eginbidearen eredua ebazpen honen II. eranskinean dago.
b) Lanbide Heziketako kalifikazio liburuan bete gabe geratzen diren orrialdeak marra diagonala eginez baliogabetu behar dira.
c) Lanbide Heziketako espediente akademiko berria aurreko kalifikazio liburuaren jarraipena bada, liburua espediente akademikoari batuko zaio eta beraren seriea eta zenbakia jasoko dira bertan. Kalifikazio liburua eta espediente akademikoa batera gorde eta lekualdatuko dira. Teknikariaren edo goi teknikariaren titulua lortzen duten ikasleei batera emango zaizkie Lanbide Heziketako kalifikazio liburua eta espediente akademikoa.
6. LOGSE zikloetako moduluren bat amaitu gabe duten ikasleak, LOE ziklo berriak ezartzeko prozesua amaitu ondoren (ezarpena 2008-2009 ikasturtean hasi da).
2008-2009 ikasturtean titulu berri hauek ezarri dira: Mekanizazioko teknikaria, Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikaria, Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategiko goi mailako teknikaria eta Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria. Hori dela eta, LOGSE curriculumeko 2. mailako ikasleen artean gerta liteke baten batek kentzeko den teknikari edo goi teknikari titulu bateko bigarren mailako modulu guztiak ez gainditzea; horrelako kasuetan honela jokatu behar da:
a) 2. mailako modulu guztiak suspenditu.
Kentzeko den LOGSE curriculumeko 2. mailako modulu guztiak suspenditzen dituzten ikasleek titulu berriko ikasketa guztiak egin beharko dituzte: gaindituta dituzten lehen mailako moduluak baliozkotuko zaizkie eta ziklo berriko gainerako modulu guztiak egin beharko dituzte.
Ikasturteko deialdiei eta maila promozioari dagokienean, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta akreditazio akademikoa arautzen dituen apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatuko da.
b) 2. mailako moduluren bat suspenditu.
Kentzeko den LOGSE curriculumeko 2. mailako moduluren bat suspenditzen duten ikasleek curriculum horren araberako zikloko bigarren mailako ikasketekin jarraitu ahal izango dute.
Ikastetxeak erraztasunak eman behar dizkie ziklo berriko teknikari eta goi mailako teknikari tituluetako ikasleei kentzeko den curriculumeko zikloan gainditu ez diren moduluen klaseekin baliozkotzen ahal diren moduluen klaseetara joateko (modulu horiek zein diren titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituen foru aginduaren 4. eranskinean zehazten da).
Gainditu gabeko moduluren batek ez badauka balioztatzen ahal den modulurik teknikari edo goi mailako teknikari titulu berriaren curriculumean, ikastetxeak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleek 2009-2010 ikasturteko deialdiak gainditzeko.
Ikasturteko deialdiei, maila promozioari eta Lantokietako Prestakuntza moduluan sartzeari dagokienean, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta akreditazio akademikoa arautzen dituen apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatuko da.
7. LOGSE zikloetako (2009-2010 ikasturtean ezarriko diren LOE zikloei dagozkien zikloak) lehen maila egin duten ikasleak.
2009-2010 ikasturtean titulu berri batzuk ezarriko dira (Instalazio Elektriko eta Automatikoetako teknikaria, Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria, Kimika Instalazioko teknikaria, Karrozeriako teknikaria, Eraikuntza Metalikoetako goi mailako teknikaria, Fabrikazio Mekanikoko Ekoizpen Programazioko goi mailako teknikaria eta Automozioko goi mailako teknikaria) eta gerta liteke ikasle batzuek kentzeko diren teknikari eta goi mailako teknikari tituluen lehen mailako modulu guztiak ez gainditzea eta ondorioz egoera berezian izatea; halako kasuetan honela jokatuko da:
a) LOGSE curriculumeko ikaslea 2. mailara pasatu ez.
LOGSE curriculumeko lehen maila egin ondoren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako teknikari eta goi mailako teknikari titulu bateko bigarren mailara pasatu ezin duten ikasleek titulu berriko ikasketak egin beharko dituzte eta, behar izanez gero, gainditutako mailako moduluak baliozkotu beharko dituzte eta ziklo berriko lehen mailako gainerako moduluak egin.
Deialdien kopuruari dagokionez, hezkuntza sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezarri duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan eta Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta akreditazio akademikoa arautzen dituen apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatuko da.
b) LOGSE curriculumeko ikaslea 2. mailara pasatu 1. mailako moduluren bat gainditu gabe.
LOGSE curriculumeko lehen maila egin ondoren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako teknikari eta goi mailako teknikari titulu bateko bigarren mailara pasatu ezin duten ikasleak kentzeko den curriculumeko zikloko bigarren mailara pasatuko dira. Ikastetxeak giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleek lehen mailan suspenditutako moduluak geratzen zaizkien deialdietan gainditu ahal izateko, gaur egun egiten den bezala.
8. Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera.
2010-2011 ikasturtean graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan hasi nahi duten goi mailako teknikariak azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat sartuko dira ikasketa horietan (errege dekretu horrek Espainiako graduko unibertsitate ikasketetarako sarbidea eta unibertsitate publikoetan onartzeko prozedurak arautu ditu).
Goi mailako heziketa zikloetako ekaineko azken ebaluazioa antolatzen denean, ikasleei aukera eman behar zaie 2010-2011 ikasturteko graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarbidea prestatzeko.
Kontuan izanik 2010-2011 ikasturtean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak iraileko lehen astean hasi ahal izango direla, moduluren bat gainditu gabe dutela 2009-2010 ikasturtean Lantokietako Prestakuntza moduluan hasi diren ikasleek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egin nahi badituzte, 2. mailako moduluak gainditzeko bigarren deialdia 2010eko ekaineko lehen hamar egunetan edukiko dute.
2010-2011 ikasturtean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egin nahi ez dituztenek eta Lantokietako Prestakuntza modulua egin ezin izan dutenek 2010eko ekainean edo irailean edukiko dute bigarren deialdia.
9. Antolakuntzako neurriak.
Ondoko neurriak aplikatu behar dira Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen funtzionamendua hobetzeko:
a) Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko, astearte goizetan zuzendariek ez dute edukiko klaserik eman beharrik.
Ikastetxe integratuetako zuzendariek ostegun goizak libre edukiko dituzte Lanbide Heziketako Zerbitzuaren ordezkariekin aldizkako bilerak egiteko.
b) Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan (indarreko araudiaren arabera) ezarritako eginkizunak edukiko ditu eta, horretaz gainera, 2009-2010 ikasturterako Lan Planaren garapenean buru izanen da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen inguruko jarduketak sartuko dira, eta Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza Plana egiteko eta garatzeko lanetako partaidetza eta jarraipena ere bai.
c) Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzen edo espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan nahitaez eman beharreko denboraren erdia zuzendaritza taldeak finkatuko duen gaietan emango da; gai horiek lehentasuna izanen dute irakasleen aukeraren aurretik.
Denbora horretan, hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan, hurrengo ikasturtean ezarriko diren zikloetarako curriculuma zehaztuko da.
10. Zaintza.
Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaindaririk ez duten ikasleei kasu egitea.
Irakasleren batek aurrez badaki huts eginen duela, antolaturik utziko du ikasleek zer lan egin behar duten gelan, eta ikasketaburuari emanen dio laneko plan hori.
Ikasleek ez badute inolako lan berezirik, edo hala hitzartzen badu hutsegiten duen irakasleak zaintzako irakaslearekin, zaintzako irakasleak zilegi izanen du ordu hori ikasleei bere gai propioa emateko erabiltzea, betiere ikasketaburuaren baimena baldin badu, eta gainerako ordutegia aldatzen ez bada.
b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, baita ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako dilijentziak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Ikasketaburuak zaintzei buruzko parte bat prestatuko du egunero, beti Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen dena. Gutxienez honako datuak izanen ditu:
-Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.
-Ikastetxeko egoitzetan izan diren gorabeherak.
-Gertatu diren istripuak.
-Zaintzako irakasleen sinadurak.
Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak Klaustroak onetsi baditu.
11. Heziketa ziklo bateko irakasleen jarduera lantokietako prestakuntza aldian.
Irakasleek ondoko eginkizun hauek izanen dituzte lantokietako prestakuntza aldian, batez ere:
a) Lantokietako prestakuntzan hasi ez diren ikasleak atenditzea.
b) Lantokietako prestakuntzako tutoreari laguntzea.
Halaber, jarduera horiei guztiei erantzuna eman ondoren, beste hauei heltzen ahalko zaie:
c) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetan parte hartzea.
d) Teknologia eta lanbidea hobetu eta eguneratzea enpresetako egonaldien, lantaldeen eta gainerakoen bitartez.
e) Beren konturako probak egitea Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko tituluak lortzeko.
f) Langileen prestakuntzan eta prozedura ez-formalen bidez lortutako gaitasun profesionalaren ebaluazioan laguntza ematea.
g) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluazio epaimahaietan nahiz heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko egin beharreko gainerako zereginetan parte hartzea.
h) Atzerriko programen ondoriozko beharrei erantzutea.
Horregatik, ikasketaburuak laneko plan bat egin beharko du eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman beharko du.
Laneko plana ongi garatu ahal izateko, horretan ari diren irakasleen banakako ordutegiak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.
12. Prestakuntza ikastaroko irakasleen jarduna hura amaitu ondoren.
Heziketa zikloetan sartzeko proben prestakuntza ikastaroko irakasleek, ikastaroa amaitzen denetik probak egin arte, ondoko egitekoetan emango dute denbora batik bat:
a) Probak eginen dituzten ikasleak atenditzen.
b) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluazio epaimahaietan nahiz heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko egin beharreko gainerako zereginetan parte hartzen.
13. Teknologia Berrien arduraduna.
Hauexek dira teknologia berrien arduradunaren lanaren ardatzak: ikastetxeko ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatzea eta mantentzea, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea, material informatikoa eta ikus-entzunezkoa behar bezala erabiltzeko irizpideak ezartzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilpena koordinatzea.
Teknologia berrien arduradunak ordu kopuru hau edukiko du bere lanak egiteko:
a) 30 irakasle arteko ikastetxeak: 2 irakastordu astean eta 2 osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).
b) 31 - 60 irakasle bitarteko ikastetxeak: 3 irakastordu astean eta 3 osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).
c) 60 irakasle baino gehiagoko ikastetxeak: 4 irakastordu astean eta 4 osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).
14. Hasierako lanbide kualifikaziorako programak (HLKP).
2009-2010 ikasturtean hasierako lanbide kualifikaziorako programak ezarriko dira (uztailaren 4ko 109/2008 Foru Aginduak arautu zituen).
Nafarroan lanbide hastapeneko programetan (LHP) eta gizarte garantiako programetan (LOGSE) behin betiko destinoarekin ari diren irakasleek 2009-2010 ikasturtetik aurrera hasierako lanbide kualifikaziorako programetan (LOE) jardun ahal izango dute, uztailaren 4ko 109/2008 Foru Aginduko 12. artikuluan ezarritako baldintzei lotuta.
Lanbide hastapeneko programetan behin betiko destinoa duten esparru praktikoko irakasleek edota hasierako lanbide kualifikaziorako programetan ari direnek, behar den titulu akademikoa ez dutenek izan ezik, beren ordutegia osatzen ahalko dute curriculum egokituko programetan, curriculum aniztasunerako taldeetan edo Lanbide Heziketako heziketa zikloetan eskolak emanez, 229/2002 Foru Dekretuko 10. artikuluan ezarritako hautaketa-ordenari lotuta.
Programetako irakasle taldean ari diren esparruko irakasleek koordinaziorako eta tutoretzarako dituzten hiru orduetatik bat bederen gordeko dute programazio didaktikoaren garapen eta ebaluazioaren inguruko koordinazio lanetarako eta tutoretza lana koordinatzeko lanetarako (uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuko 22.3 artikulua).
III. Lanbide Heziketaren ildo estrategikoak
1. 2009-2010 ikasturtean ezarriko diren Lanbide Heziketako titulu berriak.
2009-2010 ikasturtean titulu berri hauek ezarriko dira: Instalazio Elektriko eta Automatikoetako teknikaria, Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria, Kimika Instalazioko teknikaria, Karrozeriako teknikaria, Eraikuntza Metalikoetako goi mailako teknikaria, Fabrikazio Mekanikoko Ekoizpen Programazioko goi mailako teknikaria eta Automozioko goi mailako teknikaria.
2. Irakasleen prestakuntza.
Ikastetxe bakoitzak irakasleentzako prestakuntza plana eginen du, hauek kontuan hartuta: Lanbide Heziketako titulu berriak, beharrak eta Hezkuntza Departamentuak proposatutako ildo estrategikoak.
Ikastetxe bakoitzean prestakuntzako arduradun bat egon behar da. Ahal dela, zuzendaritza taldeko edo Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kidea izanen da. Haren eginkizunen artean hauexek daude: ikastetxeko prestakuntza plana ontzeko prozesua arintzea, plan horren ondoriozko Lanbide Heziketako berariazko beharrak Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza Bulegoari jakinaraztea eta beharrizan orokorrak kasuan kasuko ikasleendako laguntza zentroko aholkulariei, bere esparruko irakasleendako laguntza zentroko prestakuntza kontseiluan parte hartzea eta ikastetxeko irakasleak ordezkatzea. Ikastetxeak orduak baliagarri edukiz gero, prestakuntzako arduradunaren ordutegian pare bat ordu osagarri ezar litezke eginkizun horietan aritzeko.
Plan horrek, halaber, irakasleen prestakuntza sustatu beharko du lehentasunezko gaietan, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarrita dagoenaren arabera; hau da, gai hauetan: berrikuntza teknologiko eta didaktikoa, Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, hizkuntzak eta laneko arriskuen prebentzioa.
Ikastetxeetan lantaldeak eratuko dira heziketa ziklo berriak ezartzearen ondoriozko beharrizan guztiak nahiz Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketaren ildo estrategikoari lotutako proiektuak burutzearen ondoriozko beharrizanak atenditzeko helburuz.
Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko plaza kopuru jakina erreserbatuko dute Nafarroako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek ingelesa, frantsesa edo euskara ikasteko. Hizkuntza eskola ofizialek berek ezarriko dute inskripziorako eta esleipenerako prozedura.
3. Lantokietako prestakuntza.
LOGSE eta LOE aplikatzearen ondorioz Nafarroan ezarritako Lanbide Heziketako heziketa zikloetan Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 2ko 45/2009 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatuko da (horren bitartez lantokietako prestakuntzaren modulua arautu da, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzan).
Gobernu organoek eta irakaslana koordinatzeko organoek lantokietako prestakuntza modulua antolatuko dute Nafarroan Lanbide Heziketako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeen Erregelamendu Organikoa arautzen duten arauetan ezarrita dagoenaren arabera.
Lantokietako prestakuntza moduluaren antolamendua eta metodologia apirilaren 2ko 45/2009 Foru Aginduko V. kapituluan xedatu dira. Prestakuntza horretarako enpresak hautatzeko eta esleitzeko jarraibide hauek ezarri dira:
a) Lantokietako prestakuntzako tutorearen ardura ikasle bakoitzari bere ezaugarrien arabera modulua eginen duen lantokia esleitzea da, entitate laguntzaile bakoitza aurretiaz jakinaren gainean dagoela. Ikasleak ezin izanen du inola ere prestakuntzarako lantokia bere kabuz bilatu.
b) Ikastetxeak lantokietako prestakuntza egiteko aukeratu dituen entitate laguntzaileak ikastetxearen eragin eremuaren barruan egonen dira, ahal dela. Ikasleari lantoki bat edo bestea esleitzeko hori hartu beharko da kontuan, eta ez ikaslearen bizilekua.
c) Ikasleen bizilekua edozein dela ere, ziklo jakin bateko lantokietako prestakuntza modulua beste leku batean egitea erabakitzen ahalko da baldin eta enpresaren ezaugarriak, eginkizunak edo laneratzeko aukerak kontuan hartuta leku hori egokia dela uste bada. Kasu horretan, lankidetza hitzarmena sinatu aurretik, edo ikasleak bertara bidaltzeko konpromisoa hartu aurretik -hitzarmena aurreko urteetan sinatuta badago-, Zuzendariak Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalari baimena eskatu beharko dio.
Kanpoko Jarduera Profesionalen Departamentuak ikasturte amaieran beharrezkoak diren bilerak eginen ditu ikasturtean egindako Jardueren Plana baloratzeko. Inguruabar horretan, lantokietako prestakuntzari buruz ikasleek, moduluko tutoreek eta enpresek duten gogobetetasunari buruzko inkestak eginen ditu. Inkesta horien emaitza Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalari bidaliko zaio, azter dezan eta bere jarraipena egin dezan.
4. Berrikuntza proiektuak.
Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak biltzen dituen ildo estrategikoetako bat Lanbide Heziketako ikastetxeetan berrikuntza didaktikoa eta teknologikoa bultzatzea da.
Berrikuntzaren helburuak hauexek dira:
a) Nafarroako enpresek erabiltzen edo garatzen dituzten teknologiarik modernoenak Lanbide Heziketako espezialitateetan txertatzea.
b) Prestakuntza sistemak modernizatzea multimedia eta telekontrol arloko azken aurrerapenekin nahiz azken aurrerapen interaktiboekin, eta urrutiko prestakuntza elektronikoko plataforma sortzea Lanbide Heziketako ikastetxeetan.
Helburu horiek lortzeko, hirugarren deialdiko bederatzi proiektuak amaitu ondoren Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetarako beste deialdi bat egingo da.
5. Lanbide Heziketa nazioartera ateratzea.
5.1. Lantokiko prestakuntza beste herrialde batzuetako lantokietan egitea.
Lanbide Heziketako modulu bat egiten ari diren ikasleek lantokietako prestakuntza modulua egiten ahal dute hainbat herrialdetako enpresetan, dela modu ofizialean aintzatetsitako Europako programen bitartez, dela enpresekiko edo herri horietako erakundeekiko lankidetza hitzarmenen bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuko 27. artikuluan ezarrita dagoen bezala.
Horretarako, apirilaren 2ko 45/2009 Foru Aginduak lantokietako prestakuntza modulua arautu du eta arreta berezia jarri du atzerriko lantokietako prestakuntzaren jarraipenean eta hura ebaluatzeko neurrietan. Izan ere, ikastetxeek Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalaren laguntza eta aholkularitza baliatu ahal izanen dituzte.
5.2. Nazioarteko programetan parte hartzea.
Lanbide Heziketako ikastetxeek maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuko 27. artikuluan azaldutako modalitate eta helburuak dituzten nazioarteko proiektuak egiten badituzte edo horietan parte hartzen badute, proiektu horiek egiteko laguntza emanen da, uneoro zerikusia daukaten langileei proiektuen ondoriozko lanak egiteko erraztasunak emanez. Horretarako, ordutegi malguak eskainiko dira edo behar bezala justifikatu eta abalatutako baimenak emanen dira.
6. Langileen prestakuntzarako ikastaroak.
Lanbide Heziketako ikastetxeek jardunean dauden langileentzat -autonomoak zein besteren konturako langileak direla ere- eta langabezian dauden langileentzat etengabeko prestakuntzako jarduerak egiten ahalko dituzte, baita graduatu ondoko prestakuntza ere titulua duten pertsonentzat.
Emandako etengabeko prestakuntza Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuko 24. artikuluan ezarrita dagoenari nahiz Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak une bakoitzean ematen dituen zuzentarauei lotuko zaie.
Azaroan, Lanbide Heziketako ikastetxeek hurrengo urtean bete beharreko etengabeko prestakuntzaren programazioaren proposamena aurkeztuko diote Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalari. Proposamen horiek urteko programazio bakoitzerako zehazten diren irizpide, lehentasun eta betekizun ekonomikoen arabera onetsiko dira.
Ikastetxeek une bakoitzean ezarrita dauden lanbide arlo eta heziketa zikloetan oinarrituta egin beharko dituzte beren etengabeko prestakuntzako eskaintzak, eta ikastaroen proposamena egitean ondoko alderdi hauek hartu beharko dituzte kontuan:
-Eskaintza langile guztientzat egin bada, teknologia aurreratuekin eta lanbide bakoitzari aplikatzen ahal zaizkion alderdi berritzaileekin zerikusia duten ikastaroak nagusi izanen dira. Horrela, ikastetxearen eragin eremurako edo Nafarroarako eskaintza berezia konfiguratzen ahalko da.
-Enpresa bat edo batzuk xede dituen jarduerak badira, oso ikastaro zehatzak programatuko dira, enpresarentzako zerbitzu ona ziurtatzeko moduko arlo edo diziplinetan, bai baliabide materialen arabera, bai giza baliabideen arabera.
-Lanbide Heziketako ikastetxe bakoitzak enpresa munduari eskaintzen ahal dizkion benetako aukerak (ekipamendu maila, leku eta orduen erabilgarritasuna, irakasleen partaidetza, etab.).
-Maiatzean, Lanbide Heziketako ikastetxeek Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalean programaziorako beste proposamen bat aurkeztuko dute. Proposamen horretan, kontuan hartu beharko dira prestakuntza arloan beharrizan berriak antzeman diren edo onetsitako ikastaroak egite ezinezkoa den. Onetsi ondoren, proposamen berri hori irailetik abendura bitarteko aldian egiten ahalko da.
-Heziketa zikloetan eskolak ematen dituzten irakasleek beren irakastorduak osatzen ahalko dituzte langileen prestakuntzako ikastaroak emanez.
7. Lanbide arloko informazio eta orientazioa.
Lanbide Heziketako titulu berriak abian jarriko dira, beren arkitektura berriarekin, eta horren ondorioz, litekeena da lanbide heziketaren eskaintzaren plangintza doitu behar izatea. Beraz, komenigarria da difusio, informazio eta orientazio ekintzak bultzatzea. Ikastetxeen ikuspuntutik, ekintza horien ardatzak ondoko hauek izan beharko dira bereziki:
a) Heziketa ziklo berrietara eta hasierako lanbide kualifikaziorako programa berrietara sartzeari buruzko lanbide arloko informazio eta orientazioa.
b) Desagertzear dauden heziketa zikloak egiten ari diren eta agian lanbide moduluren bat gainditu gabe utzi duten ikasleentzako informazio eta orientazio akademikoa.
c) Heziketa ziklo berriak egiten dituzten ikasleentzako orientazio eta tutoretza berezia, laneratzeko prozesuan.
d) Heziketa ziklo berrietako lanbide moduluei dagozkien prestakuntza unitateak egiten ahal dituzten langileak.
2009-2010 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak aurrera egiten jarraituko du ikastetxe integratuetako nahiz Lanbide Heziketa ematen duten gainerako ikastetxeetako lanbide eta lan arloko informazio eta orientazioaren ereduaren definizioan. Eredu hori lanbide arloko informazio eta orientazioko sarearekin, sare horri lotutako Interneteko atariarekin eta ikastetxe integratuen proiektu pilotu esperimentalaren bilakaerarekin lotuta egonen da.
Aurreko ikasturtean abiarazi ondoren Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen lanbide arloko informazio eta orientaziorako atariari esker ikastetxeetako arduradunek hainbat tresna erabil ditzakete eskaintzen dituzten informazioa, orientazioa eta aholkularitza hobetzeko.
IV. Ikastetxe integratuak
1. Lege esparrua.
Ikastetxe integratuen antolamendua eta funtzionamendua abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan, irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuan, urriaren 3ko 119/2006 Foru Aginduan eta azaroaren 14ko 1173/2006 Ebazpenean ezarritako lege esparruari lotuko zaizkio. Gainera, Nafarroako ikastetxe integratuen proiektu pilotua garatzeko prozesuan jarraibide osagarriak ematen ahalko dira, proiektu esperimentala baita.
2. Ikastetxe integratuen proiektu pilotu esperimentala.
Urriaren 3ko 119/2006 Foru Aginduan azaltzen den bezala, 2009-2010 ikasturtean ondoko ikastetxe publikoek jarraituko dute 2006-2007 ikasturtean hasitako proiektu pilotu esperimentalarekin:
Donapea LHI. Iruña.
Virgen del Camino LHI. Iruña.
ETI LHI. Tutera.
Energia Berriztagarrien GMLHII. Imarkoain.
Ikastetxe integratuen funtzionamenduaren jarraipena behar bezala egiteko eta ikastetxe horiei proiektua gauzatzen laguntzeko, Lanbide Heziketako Zerbitzuak aldian aldiko bilerak eginen ditu zuzendariekin eta, hala badagokio, zuzendaritza taldeekin. Bilera horiek, ahal dela, ostegun goizetan eginen dira.
3. Ikastetxe integratuen tipologia.
Irailaren 4ko 63/2006 eta maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuetan ezartzen denaren arabera, honela sailkatzen dira ikastetxe integratuak: ikastetxe integratu politeknikoak eta ikastetxe integratu sektorialak. Mota bietako ikastetxeen oinarrizko helburuak bat datoz, baina barnean hartzen dituzten sektoreen kopurua da bien arteko diferentzia. Ikastetxe integratu politeknikoen eginkizunen erreferentzia hainbat sektore dira; ikastetxe integratu sektorialen kasuan, aldiz, sektore bakarra da, eta sektore hori lanbide arlo batek baino gehiagok osa dezake, baldin eta arlo horiek modu batean edo bestean antzekoak badira.
4. Ikastetxearen zuzendaritza.
Ikastetxe integratuen ezaugarri bereziengatik eta ikastetxe horien zuzendaritza eta koordinazioak proiektu pilotu esperimentalean duen indarrarengatik, zuzendarien ordutegia zuzendaritza zereginetarako guztiz erabiltzea gomendatzen da.
Ikastetxe integratuetako zuzendariek eta zuzendaritza taldeek koordinazio bileretan parte hartuko dute Hezkuntza Departamentuko arduradunekin ikastetxean garapenerako ildoak bultzatzeko eta, behar den kasuetan, ikastetxea beste era batera antolatzeko, ezarritako helburuak hobeto lortu ahal izateko. Gizarte Kontseiluak, onetsi beharko duen Proiektu Funtzionalaren bitartez, jarduera egokiak diseinatzeko lan, erakunde eta gizarte arloko giltzarririk esanguratsuenak ikastetxeari transferitu beharko dizkio.
5. Gizarte Kontseilua.
Organo horrek bere zereginen esparruaren barruan egiten ditu jarduerak. Hain zuzen ere, zeregin horiek 63/2006 Foru Dekretuan eta 2007-2008 ikasturtean onetsi zen Funtzionamenduaren Erregelamenduan ezarrita daude.
2009-2010 ikasturtean, Kontseilu horren ohiko bileretako batean, bere funtzionamendua ebaluatuko da. Horretarako, organo horren indarguneak, ahulguneak eta bidezkoak diren iradokizunak kontuan hartuko dira, eta aldeen iritziak aktan jasoko dira.
6. Jarduteko plana.
Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak Nafarroako Ikastetxe Integratuen Jarduera Planaren berri emanen die ikastetxe guztiei 2009ko azaroaren 30a baino lehen. Ikastetxe integratuaren beraren ikuspegia Jarduera Plan horretan txertatzeko helburuz, ikastetxeko zuzendariak edo, kasuan kasu, bertako gizarte kontseiluak, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari ikastetxearen iritziz Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak Plan hori egin baino lehen jakin behar dituen proposamen edo iradokizunak jakinarazten ahal izanen dizkio. Edonola ere, proposamenak 2009ko urriaren 30a baino lehen bidali behar dira.
7. Proiektu funtzionala.
Agiri horrek ikastetxea definitzen du eta haren plangintzaren eta jardueren oinarrizko zuzentarauak biltzen ditu. Proiektu horrek kontuan hartu behar du Hezkuntza Departamentuak eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko gainerako kideekin batera ikastetxe integratuentzat definitutako Jarduera Plana, eta plan hori garatu ere egin beharko du. Urtebete naturaleko iraunaldia du, baina alderdi batzuk urtebete baino luzeago hedatzen ahal dira.
Proiektu funtzionalak atal hauek edukiko ditu:
a) Proiektu funtzionala burutzeko zuzentarauak. 63/2006 Foru Dekretuan ezarri den bezala, ikastetxe integratuko Gizarte Kontseiluak Jarduera Planaren interpretazioa egin behar du ikastetxe bakoitzaren inguruabarra kontuan hartuta. Interpretazio horren ondorioz proiektu funtzionala burutzeko zuzentarau multzo bat sortu beharko da.
b) Ikastetxearen ezaugarrien zehaztapena. Neurri batean, ikastetxearen ezaugarriak zehaztea ikastetxearen gaur egungo hezkuntza proiektua berriro definitzea da, arreta ikastetxearen ezaugarri bereizgarrietan jarrita. Agiri hori urtean behin berrikusten ahalko da, baina epe ertainerako proiektu estrategikoa biltzen du. Besteak beste, ondoko alderdi hauek aipatzen ditu bereziki:
-Ikastetxearen definizioa: ikastetxearen identitatearen elementuak biltzen ditu, bere helburu orokorrak, ikuspegi estrategikoa, etab.
-Gizarte eta lanbide ingurunea: ikastetxearen gizarte eta lanbide inguruari buruzko gogoeta egiten da. Erreferentzia gisa, atenditzen duen eremu geografikoa hartzen du, eta bere eskaintza osatu behar duten lanbide arloek bete behar duten prestakuntza-eremuaren balorazioa oinarri hartzen du. Gainera, ikasleen edo irakasleen partaidetzarako proiektu egonkorren eraginpean dauden nazioarteko guneak ere kontuan hartzen dira.
-Enpresa eta erakundeekiko loturak: ikasleen, irakasleen edo langileen prestakuntzan lankidetza-harremanak izaten direneko produkzio-ingurunea azaltzen du.
-Jarduerako ildo estrategikoak eta ekintzen ebaluazio sistema: 63/2006 Foru Dekretuak esleitutako oinarrizko eginkizunen barruan, apurka sartzen diren garapenak eta dagozkien ebaluazioak txertatuko dira.
-Kudeaketa eredua: ikastetxearen organigrama eta maila guztien jarduketako lerro orokorrak azaltzen ditu ikastetxeen autonomiari eta erregelamendu organikoari buruzko arauak garatzen diren heinean.
c) Urteko plangintza. Urteko plangintzan erreferentzia-urtean lehentasunez landuko diren alderdiak biltzen dira:
-Urteko helburuak.
-Prestakuntza eskaintzak, batez ere etengabeko prestakuntzaren arloan.
-Ekintza estrategikoak.
d) Proiektu funtzionalaren garapenaren ebaluazioari buruzko memoria. Agiri hori, edo bere aurrerapena, proiektu funtzionalean txertatuko da jardueren hurrengo aldirako, hobetzeko planteatutako proposamen eta ekimenen bilakaera egiaztatzeko helburuarekin.
Proiektu funtzionala 2009ko abenduaren 31 baino lehen bidali behar zaio Gizarte Kontseiluari, onets dezan. Gainera, ikastetxeko ikuskatzaileari kopia bat bidali behar zaio.
8. Ildo estrategikoen garapena.
Ikastetxe integratuen ildo estrategikoak ikastetxe horiek sortzeari buruzko irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuari lotuta daude, baita lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuari eta ikastetxe integratuetarako urtero ezartzen den Jarduera Planari ere. Aurreko testuinguruan, 2009-2010 ikasturterako ikastetxe integratuek kontuan hartuko dute jarraibide horietan Lanbide Heziketako ikastetxeetarako ildo estrategikoei buruz azaltzen dena.
Aurreko guztia kontuan hartuta eta ikastetxe integratuen ezaugarri bereziengatik ondoko alderdiak sakonago azter daitezela bultzatuko da:
-Etengabeko prestakuntza.
-Berrikuntza.
-Nazioarteratzea.
-Lanbide arloko informazio eta orientazioa.
V. Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak
Jarraibide hauen prestaketa arautzen duen sinplifikazio printzipioari jarraikiz, Arte Plastikoak eta Diseinua ematen duten ikastetxeen antolaketa egitean kontuan hartu beharko da hezkuntza sistemako Lanbide Heziketari buruzko araudia, ondoren zehazten diren alderdietan izan ezik.
1. Ikastaro monografikoak.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeen jarduera osagarrien Urteko Programazio Orokorrean sartuko dira, hala denean, baimentzen diren ikastaro monografikoak. Ikastaro horiek indarra duten arauak betez baimenduko dira, eta baimena jaso ondoren iragarriko.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan ari diren irakasleek beren irakastorduak osatzen ahalko dituzte baimentzen diren ikastaro monografikoak emanez.
2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeetan Departamentuko burua hautatzea.
Departamentu bakoitzean buru bat egonen da. Horrek departamentuaren ardura izanen du eta departamentuko kideen lana koordinatu eta zuzenduko du.
Izendapena zuzendariak eginen du irailean eta ikasturte bat iraunen du.
Burutza hori Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun batek beteko du, irakasgai komunetako eta Arte Plastikoetako departamentuetan izan ezik, horietan Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasle katedradun batek beteko baitu. Katedradun bat baino gehiago egonez gero, katedradun izaera lehenik eskuratu zuenak beteko du burutza.
Katedradunik ez badago, zuzendariak departamentuko kideen artean izendatuko du burua, departamentuaren iritzia entzun ondoren; lehentasuna izanen dute ikastetxe horretan behin betiko destinoa duten espezialitateko irakasleek.
3. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeetan taldeak hautatzeko ordena.
Ikastetxeko zuzendariak, klaustroko bilkuran, departamentu didaktikoei jakinaraziko die Batxilergoko irakasgaiei eta heziketa zikloetako moduluei dagokien ordu kopurua eta, oro har, curriculum ofizialen arabera bakoitzari dagozkion eskola orduak.
Irakasgai komunetako eta Arte Plastikoetako departamentuen kasuan, kontuan harturik Bigarren Hezkuntzako Kidegoko irakasleek Batxilergoko arlo edo irakasgaiak emateko duten lehentasuna eta betebeharra, honako hurrenkera hau segitu beharko da hautatzerakoan:
1. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
2. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak, beren departamentuko espezialitateko titularrak, behin betiko destinoa ikastetxean.
3. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakaslanik ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi badituzte.
4. Zerbitzu eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak.
5. Destinoaren zain dauden Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleak.
6. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.
7. Zerbitzu berezietan diharduten Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko funtzionarioak eta mugagabeko lan kontratudunak.
8. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
9. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
10. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakaslanik ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi badituzte.
11. Zerbitzu eginkizunetan dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak.
12. Destinoaren zain dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko irakasleak.
13. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.
14. Zerbitzu berezietan diharduten Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko funtzionarioak eta mugagabeko lan kontratudunak.
15. Administrazio edo lan araubidean aldi baterako kontratatuko irakasleak.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eskumenpekoak diren Batxilergoko Arteen modalitateko irakasgaiak (arte plastikoen, diseinuaren eta irudiaren bidekoak), abenduaren 5eko 1284/2002 Errege Dekretuaren VI. eranskinaren arabera, ezin izanen dituzte hautatu Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasleek, baldin eta, hautatze horren ondorioz, ordutegia osatzeko aukera kentzen badiete irakaslana Batxilergoari berari dagozkion orduekin osatuko luketen Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleei.
8. puntutik 15.era bitarte aipatu den hautatzeko lehentasuna aplikatuko da heziketa zikloetako moduluen eskola orduak banatzeko txandetan.
Batxilergoko Arte modalitatearen curriculumeko arte lantegietako irakaslana Arte Plastikoetako eta Diseinuko Tailer Maisuen Kidegoko irakasleek egiten ahalko dute.
4. Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentua.
Arte Eskola bakoitzean Artea Garatzeko eta Sustatzeko Departamentua eratzen ahal da; horren betebeharren artean ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatzea eta garatzea egonen da, jarraian ezarritakoarekin bat:
A. Eraketa.
Departamentu horren barruan bertako burua egonen da eta, eginen den jarduera zehatz bakoitzeko, horren ardura duten irakasle eta ikasleak.
B. Departamentuburutza.
Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuko burua jarduneko irakasle bat izanen da, karrerako funtzionarioa edo mugagabeko lan kontratuduna, eta ikastetxe horretan beharko du izan behin betiko destinoa. Zuzendariak izendatuko du urtebeterako, gainerako departamentuetako buruek esandakoa entzun ondoren.
C. Departamentuko burutzaren eginkizunak.
Departamentuko buruak, ikasketaburuaren mende, ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
a) Curriculum Proiektuen prestakuntzan parte hartzea.
b) Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren Urteko Programa prestatzea. Programa horretan gainerako departamentuen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen proposamenak bilduko dira.
c) Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ematea; ikastetxean eginen diren erakusketa eta ekintza kulturalei buruzkoa bereziki.
d) Beste departamentu batzuen, klaustroaren, ikasleen ordezkarien batzordearen eta gurasoen elkarteen laguntzarekin erakusketak eta ekintza kulturalak sustatzea, koordinatzea eta antolatzea.
e) Ikasketa bidaiak, eskolen arteko trukaketak eta, oro har, ikastetxean ikasleentzat antolatzen den edozein txango edo bidaiaren antolamendua koordinatzea.
f) Eskola Kontseiluak jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ematen dituen baliabide ekonomikoak banatzea.
g) Arte Eskolako liburutegiaren erabilera antolatzea.
h) Egindako jardueren ebaluazioa jasoko duen memoria egitea eta Urteko Programazio Orokorraren amaierako memorian sartzea (Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidali behar zaio).
II. ERANSKINA
Izapidea, ................................................. ikaslearen Lanbide Heziketako kalifikazio liburu hau.
..................... (e)(a)n ixten dela jakinarazteko, Lanbide Heziketako espediente akademikoa ireki baita, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuko 15.7. artikuluan eta apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduko 27. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta kreditaziorako 2008-2009 ikasturtea amaitu arte jasotakoa soilik izango dela baliozko adierazteko.
.................................n, .......(e)ko .................aren ........(e)(a)n | |
Zuzendariaren oniritzia | Idazkaria |
Sin.: | Sin.: |
Moztu lerrotik eta itsatsi Lanbide Heziketako kalifikazio liburuko 22. orrialdean (edo hurrengo batean), behealdean trokelatutako zenbakia estali gabe.
Itsatsitako orrian zuzendariaren eta idazkariaren jatorrizko sinadurak agertuko dira.
Lekua utzi behar da ikastetxearen zigilua jartzeko; zigiluak kalifikazio liburuko orria eta itsatsitakoa hartu behar ditu.
Iragarkiaren kodea: F0920225
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
