105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

576/2009 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Foruzaingoaren instalazioetan (Fuente de la Teja kalea, zenbakirik gabe) erregistro bulego bat irekitzeko baimena ematen duena.

Nafarroako Foruzaingoaren buruak, 2009ko ekainaren 18ko eskaera bidez, zeini 2009ko ekainaren 30ean egindako beste bat gehitu baitzitzaion, Foruzaingoaren instalazioetan (Fuente de la Teja, zenbakirik gabe) erregistro bulego berri baten irekiera sustatu du.

Ildo honetan, adierazten du bere eskumen eremuan, azken urteotan bere jarduera asko areagotu dela eta, hortaz, Foruzaingoa barne kudeaketako prozesuak hobetzeko ari dela lanean, herritarrari gero eta zerbitzu eraginkorragoa ematea helburu. Jardueraren areagotzeak erabilitako dokumentu bolumena asko handitzea ekarri du. Horregatik, eskaeraren bitartez agiri horien sarrera, barneko kudeaketa eta irteera ordenatu nahi du.

Eskaera Barne Zuzendaritza Nagusira igorri zen eta hark, eskatzaileak adierazitako arrazoiak kontuan harturik, aldeko txostena eman zuen 2009ko uztailaren 3ko idazki baten bidez. Bertan, sinatzaileak, Barneko zuzendari nagusiak argudio horiek errepikatzen ditu eta eskatzen du bidezko tramiteak egin daitezela Foruzaingoak funtzionalitate hori izateko.

Ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren 2.4. artikuluak ezartzen du zerbitzuaren premiengatik hala behar denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak zilegi izanen duela baimena ematea erregistro bulego berriak zabaltzeko edo lehendik daudenak kentzeko, kasuko Departamentuaren eraikin berean edo hari datxezkion eraikinetan ez dauden Zuzendaritza Nagusien egoitzetan, betiere bateragarritasun eta segurtasun informatikoa eta idazpenen transmisioa segurtatzen badira.

Horrenbestez, Foruzaingoaren buruak egindako eskaera eta Barneko zuzendari nagusiak eta Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzuak egindako aldeko txostena ikusirik, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Foruzaingoaren instalazioetan (Fuente de la Teja kalea, zenbakirik gabe) erregistro bulego bat irekitzeko baimena ematea. Bulego hori erregistro bakarraren sistema informatikoan sartuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta jardunbidea arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau jakinaraztea Barneko zuzendari nagusiari, Foruzaingoaren buruari, Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzuari, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Erregistro Orokorreko eta Argibideetarako Bulegoari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko uztailaren 17an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0919681