1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
1033/2009 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana; honen bidez Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioa aldatzeko akta, 09-06-25ekoa (espediente zenbakia: 1/2009 AI), erregistratzea, gordetzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki da.
2009ko uztailaren 1ean Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioa aldatzeko akta jaso zuen Departamentuak; akta hori 2009ko ekainaren 25ean egin zuen Jarraipen Batzordeak.
Estatuaren lan arloko eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua da lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzeko eskumena duena. Eginkizun horiek martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita daude. Horiek horrela, kontuan harturik hitzarmen kolektiboen eta lanbidearteko akordioen erregistro eta gordailuei buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan ezarritakoa.
Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioa aldatzeko akta, 2009ko ekainaren 25ekoa, Departamentuko dagokion erregistroan inskriba dadila agintzea.
2. Ebazpen hau Jarraipen Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2009ko uztailaren 3an.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
AKTA
Iruñean, 2009ko ekainaren 25ean.
Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioaren Jarraipen Batzordea bildu da (1995eko ekainaren 8an eratu zen; 1995-7-21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Hauexek dira Batzordeko kideak:
José Manuel Ayesa Dianda jauna eta Javier Martinena Bergasa jauna, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren (NEK) ordezkariak.
José María Molinero de Frutos jauna eta Pilar Arriaga García andrea, Comisiones Obreras de Navarra (CCOO) sindikatuaren ordezkariak.
Juan Goyen Delgado jauna eta Jesús Santos Pérez jauna, Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuaren ordezkariak.
Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioaren lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoa dela bide,
ERABAKI DUTE:
Lehenengoa: Nafarroako Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioaren 6. artikulua ezabatzea. Horren ondorioz, artikulu hauen zenbakiak aldatu dira: 7. artikulua 6. artikulua izanen da aurrerantzean, 8. artikulua 7.a, eta halaxe gainerako guztiak.
4., 5., 7., 10. eta 13. artikuluak aldatzea. Zenbakia aldatuta, honela geratu dira:
4. artikulua. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiaren egitekoak.
Hauexek dira Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiaren egiteko nagusiak: lan gatazkak, pertsonalak zein taldekoak, arauen aplikazioaren eta interpretazioaren gainekoak zein interesek eragindakoak, modalitate guztietan, alderdien borondatez konpontzeko sistemak, mekanismoak eta praktikak sustatzea, erraztea eta eskaintzea.
Banako gatazkak direla eta, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiaren egitekoak akordio honen bigarren xedapen gehigarrian ezarri dira.
1. Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak egiteko hauek dauzka:
a) Aurkezten zaizkion lan gatazketan adiskidetze eta bitartekaritza lanetan aritzea. Horretarako prozedura akordio honen IV. kapituluan ezarri da.
b) Negoziazio batzordeek eskatzen diotenean, bitartekari aritzea hitzarmen kolektiboen negoziazioetan.
c) Alderdiek eskatuz gero, bitartekari aritzea Langileen Estatutuko 40., 41., 47. eta 51. artikuluetan ezarritako kontsultaldian sortzen diren desadostasunak konpontzen.
d) Arbitro aritzea akordio honen V. kapituluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Prozedura horietan printzipio hauek aplikatu behar dira: doakotasuna, berdintasuna, inpartzialtasuna, independentzia, ahozkotasuna, entzunaldia eta kontradikzioa.
2. Halaber, Epaimahaiak gatazkak aztertzeko eta prebenitzeko jarduerak sustatuko ditu eta bere jardun eremuan sartuko ditu.
5. artikulua. Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiaren osaera.
Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiaren osaera paritarioa izango da, hau da, langileek eta enpresariek ordezkari kopuru bera edukiko dute. Erabakiak aho batez hartu behar dira.
Hamar kide titular egongo dira: hiru Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuak izendatuko ditu, bi Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuak eta bost Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (NEK).
Adiskidetze eta bitartekaritza lanetan Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiak osoko bilkuretan zein batzorde txostengileetan jardun dezake.
Batzorde txostengileak eratuta esku hartzen duenean, bakoitzean enpresarien bi ordezkari eta sindikatuen beste bi egonen dira (sindikatu bakoitzak bat izendatuko du).
Batzorde txostengileko kideek aho batez hartu behar dituzte erabakiak. Erabaki horiek Epaitegiaren osoko bilkurak hartzen dituen erabakien balio bera edukiko dute.
Gainera, sinatzaileek ordezko ordezkariak izendatu behar dituzte, hain zuzen ere ordezko bi titular bakoitzeko. Ordezkoak titularren ordez ariko dira haiek osoko bilkuretan edo batzorde txostengileetan jardun ezin dutenean.
Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiko kideen agintaldia, titularrena zein ordezkoena, mugagabea izanen da. Sinatzaileek beren ordezkariak aldatzen ahalko dituzte idazkariari idazkia bidalita.
6. artikulua. Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiko idazkaria.
Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiko kideek aho batez izendatu behar dute idazkaria; kargu horretan aritzen den pertsonak trebakuntza eta esperientzia onak eduki behar ditu lanaren gaineko arlo juridikoan.
Idazkariak egiteko hauek edukiko ditu: bilkuretarako deialdiak egitea Epaimahaiko kideei eta araudi honetan ezarritako prozeduretara aurkezten diren guztiei; bilkuretako aktak egitea (erabakiak jaso behar dira); akten ziurtagiriak egitea, alderdiren batek eskatuz gero.
Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiko idazkariak ez du edukiko botoa emateko eskubiderik.
9. artikulua. Adiskidetzeko eta bitartekaritzako prozedura.
1. Lan gatazkak, taldekoak (interesek eragindakoak eta juridikoak) zein banakoak (akordio honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako mugekin), Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiari aurkezten ahal zaizkio. Adiskidetzearen edo bitartekaritzaren bidez konpontzen saiatuko da.
Gatazkan dauden langileak eta enpresariak akordio honetan ezarritako adiskidetze eta bitartekaritza prozedurak onartu dituztela pentsatuko da, banakotu beharrik gabe, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatearen barruan aplikatzen ahal den hitzarmen kolektiboan hauxe dioen klausula bat ezarri bada: hitzarmenaren zati diren langileen eta enpresarien ordezkari diharduten negoziatzaileek aurrean aipatutako adiskidetze eta bitartekaritza prozedurak berariaz onartzen dituzte.
Gauza bera gertatuko da beste eremu batzuetako hitzarmen kolektiboekin ere, baina Nafarroako Foru Komunitatean ari diren langileei eta enpresei edo lan zentroei soilik aplikatuta, hitzarmenean hala ezarriz gero.
2. Lan Gatazkak Konpontzeko Epaitegiak esku hartzeko ezinbestekoa da berariazko idazkia aurkeztea bere erregistroan.
3. Prozedura abiarazteko idazki horretan, hauek agertu behar dute (taldeko gatazketan zein banakoetan):
a) Oro har, langileek edo enpresariek berariaz adierazi behar dute gatazka konpontzeko adiskidetzeaz eta bitartekaritzaz baliatu nahi dutela, eta hitzarmen kolektiboa eta klausula aplikagarriak zehaztu behar dira.
b) Banako gatazketan: enpresaren izena, egoitza, jarduera eta hitzarmen edo itun kolektiboa, egonez gero. Taldeko gatazketan: enpresa taldearen edo sektorearen deskripzioa.
c) Banako gatazketan: parte diren langileen izena, antzinatasuna, lanbide kategoria eta ordainsaria. Taldeko gatazketan: langileen taldea eta kopurua, eta bakoitzaren lanbide kategoria.
d) Gatazka zerk eragin duen azaldu behar da, alderdien iritziak eta interpretazioak jaso behar dira, eta bakoitzak zer lortu nahi duen zehaztu.
e) Gatazka hitzarmen edo itun kolektibo baten interpretazioak edo aplikazioak eragin badu eta bertan ezarrita badago gatazkak konpontzeko batzorde paritariora jo behar dela, hala egin dela frogatu behar da.
f) Alderdi interesdunen sinadura, edo haien legezko ordezkariena.
Idazkia ahalik errazen egiteko, Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak eredu normalizatuak emanen dizkie interesdunei.
Aurreko baldintzetako bat betetzen ez bada ere, horrek ez du eragotziko alderdiei adiskidetzerako deialdia egitea, kasu hauetan izan ezik: idazkia irakurri ezin bada edo adiskidetze prozeduraren helburua ongi zehaztu ez bada. Akatsak ondoko bilkuretan konponduko dira.
4. Prozedura abiarazteko idazkia jaso ondoren (erregistratu eginen da), Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak bitartekaritza eta adiskidetze izapidea non eta noiz (tokia, eguna eta ordua) eginen den erabakiko du (idazkia aurkeztu eta hurrengo bost egun baliodunetan izanen da) eta alderdiei jakinaraziko die.
5. Alderdiek nahitaez agertu behar dute adiskidetze egintzara; beraiek joan daitezke edo legezko ordezkariak edo ahaldunak bidali (egiaztagiria eraman beharko dute). Alderdiek aholkulariak eraman ditzakete bilkurara. Alderdiren bat edo biak agertu ezean, adiskidetze akta eginen da eta adiskidetzeko ahaleginak egin direla jasotzeko, edo bestela prozedura artxibatuko da. Hala ere, alderdiren batek edo biek eskatuz gero (arrazoia azalduta), beste deialdi bat egiten ahalko da prozedura berean.
6. Bitartekaritza eta adiskidetze izapidean bi alderdien ordezkariak entzunen dira; bakoitzak behar beste aldiz hitz egiten ahalko du.
Egintzan zehar Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak egoki deritzen proposamenak eta konponbideak eskaintzen ahalko ditu.
7. Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiko idazkariak adiskidetze eta bitartekaritza izapidearen akta eginen du; akta horretan bertaratutakoen izenak eta inguruabar pertsonalak jasoko ditu, bai eta noren ordezkari diren ere, gatazka zerk eragin duen azalduko du eta hartzen diren erabakien berri emanen du, edo alderdiak ados ez direla jarri adieraziko.
8. Alderdiak ados jartzen ez badira, Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak hurrengo artikuluan aipatzen den arbitraje izapidera jo dezaketela azalduko die.
9. Alderdiek adiskidetzearen bidez edo, taldeko gatazketan, bitartekaritzaren bidez lortzen duten akordioak hitzarmen kolektiboaren balio bera edukiko du, Lan Arloko Prozedurari buruzko Legearen 154-2. artikuluan eta Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritakoaren arabera, hurrenez hurren. Banako gatazketan, akordioak Lan Arloko Prozedurari buruzko Legearen I. liburuko V. tituluko I. kapituluan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritako ondorioak sortuko ditu.
Bi kasuetan akordioak gatazka azkenduko du, eta alderdiek bertan ezarritako guztia bete beharko dute, indarreko legerian ezarritako bermeak aintzat hartuta.
10. Prozedura eskatzen denetik hamabost egun baliodunetan adiskidetze akordiorik ez badago edo alderdiek bitartekaritza proposamenetako bat onartu ez badute, adiskidetze edo bitartekaritza prozedura amaitutzat joko da.
11. Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiko idazkariak aktaren ziurtagiri bana emanen die alderdiei, behar diren ondorioetarako.
12. Hitzarmen edo itun kolektiboetako arauen interpretazioak eragindako gatazken adiskidetze prozeduretan, aktaren kopia bidaliko zaio lan agintaritzari, argitara dezan.
12. artikulua. Arbitraje prozedura.
1. Bitartekaritza eta adiskidetze izapidean alderdien arteko akordiorik lortzen ez bada, Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak arbitrajera jotzea eskainiko die alderdiei, eta horretarako Lan Arbitroen Elkargoko arbitroen zerrenda emanen die (akordio honen 8. artikuluan arautu da). Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak berak jardun dezake arbitro edo, bestela, alderdiek elkar hartuta hautatzen duten profesionalak (lan arloko aditu ezaguna izan behar du).
Nolanahi ere, Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiko idazkariak akta batean jasoko du alderdiek arbitrajeaz baliatu nahi dutela. Gainera, egintza berean, edo geroago, arbitraje ituna sinatuko da. Batera zein bestera, nolako arbitrajea eskatzen den zehaztu behar da (zuzenbidezkoa edo ekitatezkoa), eta alderdi bakoitzak zer eskatzen duen ere bai.
2. Bitartekaritza eta adiskidetze izapiderik egin ez duten langileek eta enpresariek arbitrajera jo nahi badute beren arteko gatazka konpontzeko, eskaera idazkia bidali behar diote Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiari, eta bertan alderdiek hauxe adierazi behar dute: batetik, beren borondatez jo dutela arbitrajera eta haren ebazpena onartuko dutela; bestetik, akordio honen 10-3. artikuluan bitartekaritza eta adiskidetze izapidea abiarazteko idazkiaz ezarritako baldintza formalak beteko dituztela, bai eta aurreko lerroaldearen azken zatian ezarritakoak ere.
3. Lanbidea edo kargua dela-eta gatazka baten inguruko zerbaiten berri izan dutenek ezin dute jardun arbitro haren konponketan. Beraz, bateraezintasun hori dela-eta izendatutako pertsona ezin bada izan arbitroa, ahalik azkarren horren berri eman behar dio Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiari (ondoren azalduko diren epealdiak etenda geratuko dira).
4. Oro har, arbitrajea eskatzen denetik ebazpena eman arte ezin dira hogei egun baino gehiago igaro.
Salbuespen gisa, arbitrajerako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaia (adiskidetze edo bitartekaritza izapidean parte hartu duena) hautatzen bada, laudoa aho batez eman beharko du hiru egun balioduneko epean.
5. Arbitroak izendatzea eta prozedura:
a) Onarpen idazkia edo adiskidetze akta sinatu eta bi egun balioduneko epean Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak arbitroen zerrenda emanen die alderdiei, hurrengo hogeita lau orduetan arbitroak izenda ditzaten (kopuruak bakoitia izan behar du), artikulu honetan ezarritako prozedurari lotuta.
Baldin eta alderdiek elkar hartuta, artikulu honen 1. idatz-zatian zehaztu den bezala, arbitroren bat proposatzen badute, proposamena idatziz jakinarazi behar diote Epaimahaiko idazkariari. Gero idazkariak arbitraje prozeduran parte hartu nahi duten galdetuko die.
b) Alderdiak ez badira ados jartzen arbitroak izendatzeko proposamenean, Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak zerrenda bat eginen du Arbitroen Elkargoko kideak hautatuta, hain zuzen ere alderdiek itundutako kopurua halako bi eta bat gehiago, gutxienez, eta gero alderdiek zerrendako pertsonak baztertuko beharko dituzte txandaka, harik eta ezarritako arbitro kopurura iritsi arte.
c) Izendapenaren ondoko hiru egun baliodunean arbitroek bilerarako deialdia eginen diete alderdiei. Bilera horretara arbitroak edo haien ordezkariak joan daitezke (ordezkariek egiaztagiria beharko dute), eta aholkulariak eramaten ahalko dituzte.
d) Alderdien azalpenak entzunik eta espedienteko dokumentazioa eta arbitroen ekimenez egindako txostenak, peritazioak eta gainerako eginbideak azterturik, eta alderdien jarrerak hurbiltzeko ahaleginek huts egin ondoren, arbitroek laudoa emanen dute zazpi egun balioduneko epean.
e) Arbitro guztiak ez badatoz bat, ebazpena aho batez eman beharrean gehiengo soilaz emanen da.
f) Eskatuz gero, Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaiak arbitroen ebazpenaren kopia emanen die alderdiei.
6. Arbitroek ebazpena eman aurretik, prozeduran zehar izendatutako arbitroek gatazkaren inguruabar garrantzitsuak egiaztatzeko behar dituzten agiriak eskatzen ahalko dizkiete alderdiei, eta haiek ebazpena eman aurretik aurkeztu beharko dituzte.
Gainera, arbitroek txostenak eta peritazioak ere eskatzen ahalko dituzte aurreko xede bererako.
Hala gertatzen bada, ebazpena emateko epealdia etenda geratuko da arbitroek eskatutakoa jaso arte. Nolanahi ere, ahaleginak eginen dira eginbideak ahalik azkarren burutzeko.
7. Oro har, arbitrajea eskatzen denetik ebazpena eman arte ezin dira hogei egun baliodun baino gehiago igaro.
8. Laudoa loteslea izanen da alderdientzat.
9. Arrazoi hauengatik bakarrik aurkezten ahalko da laudoaren kontrako errekurtsoa auzitegi eskudunetan: prozeduraren gaineko gertaera batengatik (zitazioa edo entzunaldia egin ez); ebazpenaren formaren gaineko arrazoi batengatik (inkongruentzia).
10. Laudoa jakinarazi ondoren, alderdiek zazpi eguneko epealdia edukiko dute arbitroei zerbait argitzeko eskatzeko.
11. Hitzarmenak interpretatzen sortutako gatazketan, laudoaren kopia bidaliko zaio Lan Administrazioari, argitara dezan.
Bigarrena: akta hau Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari bidaltzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eskatzea.
Eta beste gairik ez dagoenez, bilera goiburuan aipatutako eguneko 14:00etan bukatu da.
Iragarkiaren kodea: F0919847