Iragarkia
105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
386/2008 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, erdi mailako eta unibertsitate mailako beken deialdi orokorra onesten duena, 2009-2010 ikasturterako.
Ikusirik departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak 2000-2010 ikasturteko beketarako deialdi orokorrari buruz aurkeztu duen txostena.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Erdi mailako eta unibertsitate mailako beken deialdi orokorra onestea, 2009-2010 ikasturterako. Ebazpen honen eranskin bakarrean ageri da testua.
2. Deialdi honetarako gastua 3.629.104,00 eurokoa da eta 2010erako Nafarroako aurrekontuetako kontu-sail honetan sortutako kredituen kargura finantzatuko da: 410002 41150 4800 323100, ''Erdi mailako irakaskuntzarako eta goi mailako ikasketetarako beka eta laguntzak'' izenekoa.
Eman litezkeen beka guztiak ordaintzeko behar adina krediturik ez bada aurrekontuan, familiaren errenta erabilgarriaren arabera ordainduko dira, txikienetik handienera, kreditua bukatu arte. Kreditu ezagatik ordaintzen ez diren eskaerak ukatutzat hartuko dira.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Beka Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Deialdi hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Iruñean, 2009ko ekainaren 25ean.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Esparza Sánchez.
ERANSKINA
2009/2010 ikasturteko beka eta laguntzetarako deia egiten da. Deialdia ondorengo arauek erregulatuko dute, eta horiek nahitaez bete beharko dira.
I.-Deialdiaren ezaugarriak.
1. araua. 1. Nafarroako Gobernuak ikasketetarako eskaintzen dituen beka eta laguntzak Hezkuntza Ministerioak eta/edo Eusko Jaurlaritzak dei egindakoen osagarri dira.
Deialdi honen bidez araututako beka eta laguntzak onartu eta ordaintzeko muga Nafarroako Parlamentuak 2010erako aurrekontuan ezartzen duen kreditua izanen da. Hori horrela, ematen diren beka guztiak ordaintzeko aurrekontu krediturik aski ez badago, familiaren errentaren arabera ordainduko dira, txikienetik handienerako ordenan, kreditua bukatu arte. Kreditu ezagatik ordaintzen ez diren eskaerak ukatutzat hartuko dira.
2. Honako hauek izanen dira ikasteko beka edo laguntzen eskatzaile eta onuradun, kasu guztietan:
a) Gurasoak edo legezko tutoreak, eginiko ikasketei dagokienez:
-30 urtetik beherako seme-alabengatik (2008ko abenduaren 31n).
-30 urtetik gorako seme-alabengatik (2008ko abenduaren 31n), %33ko edo hortik gorako minusbalioa badute.
Betiere seme-alabak haiekin bizi badira eta beste familia unitate bat osatu ez badute.
b) Beren izenean, aurreko lerroaldean sartzen ez direnak.
Eskatzaileak edozein egoera zibil duela ere, familiatik aparte eta bere kontu bizi dela alegatzen badu, modu sinesgarrian egiaztatu beharko du aparte bizitzeko baliabide ekonomiko aski dituela, eta etxebizitza baten titulartasuna edo alokairua ere bai. Etxebizitza hori ikasturtean zehar ikaslearen bizileku dena izan beharko da, ondorio guztietarako. Eskaera zehatz-mehatz aztertuko da, eskatzailearen eta bere gurasoen errenta eta benetako egoera egiaztatuz, baita behar dituen baliabide ekonomikoak irabazi-asmorik gabe ematen dizkionaren dohaintzak ere. Kontu horiek 2008ko abenduaren 31rako aski frogatu ezik, eskaera ukatu eginen da.
II.-Deialdian sartzen diren ikasketak.
2. araua. Deialdi honetan sartzen diren beka edo laguntzak ondoko ikasketa hauetarako izanen dira:
-Fakultateetan, unibertsitate kolegio edo institutuetan, goi eskola teknikoetan, unibertsitate eskoletan eta UHUNen egindako ikasketak, lizentziadun, ingeniari, arkitekto, diplomadun, maisu-maistra, ingeniari tekniko eta arkitekto tekniko izateko titulua lortzeko direnak.
-Master ofizialetako ikasketak.
-Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitutako unibertsitate ikasketak, graduko eta masterreko titulu ofizialak lortzeko direnak.
-Turismo Eskola Ofizialean edo horri atxikitako eskoletan egindako turismo ikasketak.
-Erlijio ikasketak.
-25 urtetik gorakoentzako sarbide-kurtsoa, UHUNek emana.
-Bigarren zikloko unibertsitate ikasketak jarraitu nahi dituzten unibertsitate eskoletako tituludunentzako edo unibertsitateko irakaskuntzen lehenbiziko zikloa gainditu dutenentzako egokitzapen kurtsoak.
-Goi mailako heziketa zikloetara sartzeko prestakuntza ikastaroa.
-Lanbide hastapeneko kualifikazio programak.
-Erdi eta goi mailako heziketa zikloak.
-Batxilergoa.
-Kirol irakaskuntzak.
-Goi mailako arte ikasketak (Musika eta Dantza, Arte Dramatikoa, Kultur Ondasunen Kontserbazioa eta Zaharberritzea, Arte Plastikoak eta Diseinua)
-Hizkuntza eskola ofizialetako oinarrizko eta goi zikloko hizkuntza ikasketak.
III.-Ikasketak zein ikastetxetan egin beharko diren.
3. araua. Beka edo laguntza eskatzen duten ikasleek beren ikasketak Espainiako ikastetxe publiko nahiz pribatuetan, Hezkuntza Ministerioak edo behar den autonomia erkidegoak aitortu eta baimenduetan, burutu beharko dituzte.
IV.-Ematen diren beka edo laguntza motak.
4. araua. Deialdi honetako beka edo laguntzen xedea izanen da premia duten familiei laguntza ematea, familiako kideen ikasketa gastuen zati bat ordaintzeko.
Beka edo laguntzak honako kontzeptu hauetarako eskatzen ahalko dira:
-Irakaskuntza edo matrikula. Laguntza hau ez da eskatzen ahal Hezkuntza Ministerioak, Nafarroako Gobernuak edo beste autonomia erkidego batek itundutako edo diruz lagundutako ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleentzat.
-Hiriarteko garraioa (betiere garraioa diruz laguntzen ez bada eta bi tokien arteko distantzia 5 km-koa edo hortik gorakoa bada).
Nafarroako Gobernuak antolatutako unibertsitateko garraioa erabiltzen dutenek ez dute zerbitzu horretako bidaiari dagokion laguntzarik jasoko.
-Jantokia (ikasleak astean bi egunetan edo gehiagotan, eskola ordutegia dela kausa, etxetik kanpo bazkaldu behar badu eta jantokiak diru-laguntzarik hartzen ez badu, eta ikastetxea dagoen herritik familiaren etxea dagoen herrira gutxienez 5 km-ko tartea badago).
-Egoitza: distantziaren, garraiobide erregularrik ez izatearen edo eskolara egin beharreko joan-etorrien arabera.
Garraiorako, jantokirako eta egoitzarako beka edo laguntzen ondorioetarako, bekadunak hautatuko dituen organoak familiaren etxetzat har dezake ikastetxetik hurbilen dagoena, legezko helbidea ez bada ere. Esan nahi baita, deialdiko beka eta laguntzen ondorioetarako, familia unitateko kideek dituzten etxeetan ikastetxetik hurbilen dagoena hartuko dela familiaren etxetzat.
Egoitzarako laguntza bateraezina da garraioari eta jantokiari dagozkienekin, baita Nafarroako Gobernuak antolatutako unibertsitateko garraioari dagokionarekin ere.
Garraiorako eta jantokirako laguntzen zenbatekoen baturak ezin izanen du gainditu egoitzarako laguntzaren zenbatekoa.
-Laguntza berezia (kasu bakanetan bakarrik, ikus 11.4.7 araua).
V.-Laguntzak ukatzeko arrazoiak
5. araua. 1. Ikasketa hauetarako ez da ez bekarik ez laguntzarik emanen: unibertsitateko hirugarren zikloa edo doktoregoa, espezializazio ikasketak, karrera bukaerako lan edo proiektua, lizentziako tesina, unibertsitateetako berezko tituluak, Lehen Hezkuntza, Haur Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloak, lanbide hastapeneko programak eta Nafarroan ikasketa planak iraungiak dituzten irakaskuntza ertainetako ikasketak.
5.2. Lanbide heziketa, batxilergoa edo erdi mailako beste ikasketa bat titulartasun publikoa duten ikastetxeetan, ikastetxe pribatu itunduetan edo diruz lagundukoetan eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza berariazkoa duten ikastetxeetan egiten ari diren ikasleei ere ez zaie irakaskuntzarako bekarik emanen.
5.3. Ikastetxe publiko, itundu edo diruz lagundutako batean edota familiaren etxetik hurbil egoteagatik aipatu beka edo laguntzen beharrik ez duen ikastetxe batean ikasketak egiteko aukera izanik besteren batean matrikulatzen diren ikasleek oso inguruabar berezietan jasotzen ahalko dituzte irakaskuntza, garraio, jantoki edo egoitzarako beka edo laguntzak, eta agiri bidez frogatu beharko da inguruabar berezi hori. Berdin jokatuko da Nafarroako Unibertsitatearen zentroren batean ikasketa homologatuak egiteko beka eskaerekin.
Edonola ere, unibertsitateaz kanpoko ikasketetetarako beka eta laguntzek martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak eman zituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretua aldatu zuen.
Foru Komunitatean bertan ikasketak egiteko aukera izanik kanpoko ikastetxe batean matrikulatzen den ikasleari kasu hauetan bakarrik ematen ahal zaio beka edo laguntza:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoan beka edo laguntzaren xede diren ikasketak egiteko tokia eskatu, baina eman ez bazaio, karrera edozein dela ere.
b) Ikaslea matrikulatu den ikastetxea hurbilago baldin badago bere etxetik Foru Komunitatean kokatuta daudenak baino.
Bi kasuotan, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko ikastetxeetan egindako goi mailako ikasketen kasuan, ez da kontzeptu horietarako beka edo laguntzarik emanen, baldin eta Foru Komunitateko ikastetxe batean eginez gero baino garestiago ateratzen bada.
5.4. Araubide libreko ikasketetan, eta hizkuntza eskola ofizialekoetan, ikasketa osagarriak direnez, laguntzak bakar-bakarrik irakaskuntzagatik edo matrikulagatik emanen dira.
5.5. Ez zaie beka edo laguntzarik emanen lanbide jardueretan aritzeko gaitasuna ematen duen titulu akademiko baten jabe diren ikasleei, non eta egin nahi dituzten ikasketak ez diren maila edo gradu handiagokoak (hau da, diplomadun titulu akademikoa izatea eta lizentzia bateko ikasketak egitea -4. edo 5. maila, hala badagokio-, edo master bat).
Ez da beka edo laguntzarik emanen bigarren diploma lortzeko helburua duten ikasketetarako.
Ez da beka edo laguntzarik emanen bigarren lizentzia lortzeko helburua duten ikasketetarako.
Ez da beka edo laguntzarik emanen bigarren master ofiziala lortzeko helburua duten ikasketetarako.
5.6. 2009ko urriaren 31n aurreko ikasturteetako beka edo laguntzen zenbatekoak itzultzeke dauzkaten familia unitateetako kideei ez zaie beka edo laguntzarik emanen.
5.7. Ikasketak aldatzeko bekarik ez da emanen, ikasmailetan gora egiten ez bada. Batxilergoko 2. maila gainditu ondoren goi mailako prestakuntza zikloak egiten hasten diren ikasleak arau horretatik salbu geldituko dira.
5.8. Unibertsitateko lehenengo ikasmaila egin ondoren goi mailako prestakuntza ziklo bat egitera aldatzen diren ikasleei ez zaie bekarik emanen, salbu eta unibertsitateko ikasmaila hori egiteko bekarik izan ez bazuten.
5.9. Nafar emigranteen seme-alabentzat ez da bekarik emanen, horientzat deialdi berariazko bat baitago.
VI.-Eskatzaileak bete beharreko baldintza orokorrak.
6. araua. Eskatzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
A) Nafarroan erroldatua egon eta bertan bizitzea 2008. urtean eta eskaera aurkezten den unean.
B) Eskatzaileak eta familia unitateko gainerako kideek PFEZa Nafarroan pagatzea 2008an, errentaren aitorpena egitera beharturik egonez gero. Nolanahi ere, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko beteharrak eguneratuak izan beharko dituzte.
C) Beka edo laguntza eskatua duen familiako kideak deialdian aipatutako ikasketak adierazi diren ikastetxeetakoren batean egitea.
D) 2009-2010 ikasturterako beka eskatu izana Hezkuntza Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari (horretarako betebeharrak betetzen badira), eta beka ukatu bazaie zergatiko hauengatik ez izatea:
1. Deialdi horietan agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.
2. Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa, eskatu bazaio ere, ez aurkeztea.
E) Ikasturte berean beste ikasketa batzuetarako beste beka bat eskatu ez izana.
F) Ikasketetarako beka edo laguntzen eskatzailea eta onuradunak beharturik daude beka edo laguntza eman den xederako erabiltzera, klasera joatera, azterketetara aurkeztera eta, gastuak, zeinetarako ematen baita laguntza, ordaintzera.
VII.-Unibertsitateaz kanpoko mailako ikasketetarako baldintza akademikoak.
7. araua. 1. Irakaskuntza ertainetako beka edo laguntza lortzeko ezinbestekoa da eskatzailea 2009/2010 ikasturtean mailaz igo izana, indarra duten ikasketa planen arabera.
Batxilergoko lehen kurtsoan, lanbide hastapeneko kualifikazio programetan eta erdi edo goi mailako heziketa zikloetan, ikasmaila horretan matrikulatuta egoteko baldintzak betetzea.
Irakasgai edo lanbide moduluren bat gainditu ez arren, mailaz igotzea onartzen duten unibertsitateaz kanpoko ikasketetako ikasmailetan arituz gero, beka emanen da, baldin eta irakasgai bat edo lanbide modulu bat baino gehiago uzten ez bada.
7.2. Maila errepikatzen ari diren ikasleei ez zaie bekarik emanen.
7.3. Irakaskuntza ertainetako ikasleen matrikulak kurtso osokoa izan beharko du, kasu bakoitzean indarra duen ikasketa planaren arabera. Hau salbuespentzat hartuko da:
Urrutiko Batxilergoaren ikasketa ofizialetako ikasleek, aurrez lehen kurtso osoan matrikulaturik egon badira eta, beraz, irakasgai solteetako matrikula egin badezakete, beka erdietsi ahal izateko, gutxienik lau irakasgaitan matrikulatu beharko dute, eta horiek osorik gainditu.
7.4. Ikasturteren bat ikasi gabe pasa baldin bada, 2008-2009 ikasturterako adierazitako baldintzak ikasleak egindako azken ikasturtean betetzea eskatuko da.
7.5. Bekadun gisa osoki edo partzialki egindako irakaskuntza ertainen kasuan, ezin izanen da beka edo laguntzarik lortu ikasketak aldatu badira, aldaketa horrek hezkuntza prozesuan ikasturte bat edo gehiago galtzea baldin badakar, 5.7 eta 5.8 arauetan xedatutakoa izan ezik.
7.6. Ikasgairen bat edo modulu profesionalen bat gainditu gabe edukiz gero eta aurreko arauek ikasleari beka edo laguntza lortzeko bide ematen badiote, haren zenbatekoa %70 gutxituko da eskubidea sortzen duten kontzeptu guztietan, eskatzailea sarturik dagoeneko per capita errenta tartearen arabera.
VIII.-Unibertsitate mailako ikasketetarako baldintza akademikoak.
8. araua. 1. Unibertsitate mailako ikasketetarako beka edo laguntza lortzeko, honako baldintza akademiko hauek bete behar dira:
A) Kredituka egituratuta dauden ikasketak
1.-2008-2009 ikasturtean ondoko kalifikazioak lortzea:
Goi eskola teknikoetako, itsasgintza zibileko, informatika fakultateetako, arkitektura eta ingeniaritza teknikoko eta informatikako unibertsitate eskoletako ikasketetan, ekain eta iraileko deialdietan matrikula egin zuen kredituen %70 gutxienik gainditzea.
Gainontzeko unibertsitate edo goi ikastetxeetako ikasketak badira, ekain eta iraileko deialdietan matrikula egin zuen kredituen %80 gutxienik gainditzea.
Aurreko bi kasuetan, deialdiren batean ikasleak azterketa egiteari uko egiten badio edo matrikula baliogabetzen badu, irakasgai horiek gainditu gabeko irakasgaitzat hartuko dira.
2.-Ikaslea, gutxienik, 2009-2010 ikasturtean kreditu kopuru honetan matrikulaturik egotea: ikasketa plana osatzen duten kredituen kopurua zati ikasketa plan horren urte kopurua, alde batera utzita hautapen libreko ikasgaien kredituak. Betiere, planen urte kopurua kontatzeko orduan, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Derketuan (abenduaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) eta ondoko aldaketetan ezarritakoa aintzat hartuko da, izan ere, errege dekretu horren bidez ezarri ziren Espainia osoan ofizialak eta baliozkoak diren unibertsitate tituluetako ikasketa planetarako jarraibide orokor komunak.
Ikasketa planek edo unibertsitateko araudiak mugatzen badute ikaslea matrikula daitekeen kredituen kopurua, ikasleak beka lor dezake baldin eta ahal duen irakasgai edo kreditu guztietan matrikulatzen bada, aurreko lerroaldeak aipatutako gutxieneko kopurura iristen ez bada ere. Hori guztia ikastetxeko matrikula ziurtagirian agertuko da.
B) Kurtsoka egituratutako ikasketak (ikasketa plan zaharrak).
1.-2008-2009 ikasturtean ondoko kalifikazioak lortzea:
Goi eskola teknikoetako, itsasgintza zibileko, informatika fakultateko, arkitektura eta ingeniaritza teknikoko eta informatikako unibertsitate eskoletako ikasketetan, ekaineko eta iraileko deialdietan matrikulatutako ikasgai guztiak gainditzea, bi izan ezik gehienez.
Gainontzeko unibertsitate ikasketak edo goi mailako ikasketak badira, ekaineko eta iraileko deialdietan matrikulatutako ikasgai guztiak gainditzea, bat izan ezik gehienez.
Aurreko bi kasuetan, deialdiren batean ikasleak azterketa egiteari uko egiten badio edo matrikula baliogabetzen badu, irakasgai horiek gainditu gabeko irakasgaitzat hartuko dira. Lauhileko edo seihileko irakasgaiak urte osoko irakasgai erditzat hartuko dira.
2.-Ikaslea, 2009-2010 ikasturtean, hurrengo mailako irakasgai guztietan lehen aldiz matrikulaturik egotea.
C) Gradua lortzera bideratutako unibertsitate ikasketak
1.-2008-2009 ikasturtean ondoko kalifikazioak lortzea:
Goi eskola teknikoetako, itsasgintza zibileko, informatika fakultateetako, arkitektura eta ingeniaritza teknikoko eta informatikako unibertsitate eskoletako ikasketetan, ekain eta iraileko deialdietan matrikula egin zuen kredituen %70 gutxienik gainditzea.
Gainontzeko unibertsitate ikasketak edo goi mailako ikasketak badira, ekain eta iraileko deialdietan matrikula egin zuen kredituen %80 gutxienik gainditzea.
Aurreko bi kasuetan, deialdiren batean ikasleak azterketa egiteari uko egiten badio edo matrikula baliogabetzen badu, irakasgai horiek gainditu gabeko irakasgaitzat hartuko dira.
2.-Beka lortu ahal izateko, eskatzaileek 2009-2010 ikasturtean 60 kreditutan matrikulatuta egon beharko dute, hau da, ikasketetan arduraldi osoan aritu beharko dute.
3.-Matrikula sei hilean behin edo lau hilean behin egiten den ikasketa planen kasuan, beka lortu ahal izateko, aurreko atalean ezarritako kreditu kopuruaren %50ean matrikulatu beharko dira ikasleak. Hala ere, hurrengo lauhilekoan edo seihilekoan matrikula osatu beharko dute, 2. puntuan adierazitako kreditu kopurura iristeko.
8.2. Gutxieneko ikasgai edo kredituetan baino gehiagotan matrikulatuz gero, horiek denak kontuan hartuko dira ebazpen honen bidez ezarririko betebehar akademikoak baloratzeko.
Hori deusetan ukatu gabe, hautapen organoek baloratu eta aintzat hartzen ahalko dute ikaslearen ohi ez bezalako aprobetxamendu akademikoa, kasuan kasuko ikasketa planak ezarritako urte kopurua baino denbora laburragoan egiten baditu bere ikasketak.
Ikasleak 2009-2010 ikasturtean matrikulaturik egon behar duen irakasgai edo kredituen gutxieneko kopurua, aurreko ataletan finkatutakoa, ez zaie karrerako azken kurtsoa egiten ari direnei eskatuko, horren zergatikoa aurreko kurtsoko edo kurtsoetako aprobetxamendu akademiko hobea baldin bada. Horregatik ez bada, 2009-2010 ikasturtean matrikulaturiko ikasgai edo kredituek gutxienez ere beka lortzeko behar direnen %50 izan beharko dute.
Aurreko ataletan aipatutako gutxieneko horietan ez dira inolaz ere sartuko espezialitate desberdinetako irakasgaiak, ez kasuan kasuko titulua eskuratzeko behar den kreditu kopurua gainditzen duten irakasgaien kredituak, ez eta irakasgai baliozkotuak ere.
Ikasketa planaren kurtsoak adina deialditan lortu ahal izanen da beka, ez gehiagotan.
8.3. UHUNek hogeita bost urtetik goitikoentzat antolatzen duen unibertsitatera sartzeko prestakuntza kurtsoa egiten duten ikasleek kurtso horretarako beka urte bakarrean izanen dute.
UHUNen egiten diren lizentzia edo diplomako ikasketetarako, goragoko ikasmaila bateko matrikula gehienez ere bi ikasturteko epean egin beharko da, aurreko ikasturtean bekaren %50 eman bazen.
UHUNen egiten diren gradu ikasketetan, ikasleak 30 kreditutan matrikulatu beharko dira gutxienez. Hurrengo urtean beka jaso nahi izanez gero, kreditu guztiak gainditu beharko dituzte.
8.4. Beka edo ikasketarako laguntza lortzen duten goi mailetako ikasleei, 2008-2009 ikasturteko ikasgai edo kredituren bat gainditu gabe badute, bekaren %70 besterik ez zaie ordainduko, eskubidea sortzen duten kontzeptu guztiak murriztuz, eskatzailea sarturik dagoeneko per capita errenta tartearen arabera.
IX.-Master ikasketetarako baldintza akademikoak.
9. araua. 1. Master ikasketetarako beka edo laguntza lortzeko, honako baldintza akademiko hauek bete behar dira:
1.-Ikasleak master bat egiteko aukera ematen dizkion aurreko ikasketak gaindituak izan beharko ditu edo behar den titulua eduki beharko du.
2.-Master ofizialetako lehenengo mailan beka eskatzeko, ikasleak gutxienez 60 kreditutan egon beharko du matrikulatuta 2009-2010 ikasturtean.
Gutxieneko kredituetan baino gehiagotan matrikulaturik badago, horiek guztiak hartuko dira kontuan ikaslearen errendimendu akademikoa baloratzean.
Master ofizialen kasuan, ikasketa planaren kurtsoak adina deialditan lortu ahal izanen da beka, ez gehiagotan. Horretarako, ulertuko da 90 kredituk osatzen dituzten ikasketa planek urte eta erdi dirautela. Kasu horretan, bigarren urteko bekaren zenbatekoa deialdian xedatutakoari jarraikiz bidezko izanen zatekeenaren %50ekoa izanen da, irakaskuntzarako laguntza izan ezik, osorik pagatuko baita.
3.-Master ofizialetako bigarren mailan beka eskatzeko, ikasleak 2008-2009 ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak gainditu dituela frogatu beharko du eta titulua lortzeko falta zaizkion kredituetan matrikulatu beharko da.
4.-Master ofizialetako ikasketetako lehenengo mailarako beka eskatzen dutenek masterra egiteko aukera ematen dioten unibertsitate ikasketetako espediente akademikoan 6,00 puntuko batez besteko nota dutela frogatu beharko dute. Horretarako, irakaskuntza teknikoetako ikasketen batez bestekoak 1,17 koefizientearekin biderkatuko dira.
Masterra egiteko aukera bigarren zikloko titulazioak gainditzeari esker lortu bada, batez bestekoa kalkulatzeko, aurretik egindako lehen zikloko kalifikazioak ere hartuko dira kontuan.
Masterreko bigarren urterako beka eskatzen dutenek, lehenengo urterako eskatu ez badute, master ikasketak egiteko eskatutako batez bestekoa dutela frogatu beharko dute.
5.-Aurreko puntuan adierazten den batez bestekoa kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:
5.1. Kalifikazioak baremo honen arabera kontatuko dira:
Ohorezko matrikula (bikain eta aipamena) = 10 puntu.
Bikain (9-10 puntu) = 9 puntu.
Oso ongi (7-8,9) = 7,5 puntu.
Nahikoa edo gai (5-6,9) = 5,5 puntu.
5.2. Ikasgaien arabera antolatutako ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota guztira lortutako puntuak ikasgaien artean zatituz lortuko da.
Kredituen arabera antolatutako ikasketa planen kasuan, ikasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatu eta gero lortzen den puntuazioa hori osatzen duten kreditu kopurua kontuan hartuta haztatuko da, formula honi jarraikiz:

B = Ikasgai bakoitzean lortutako notaren haztapenaren balioa.
P = Ikasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko puntuko baremoa kontuan hartuta.
IKK = Ikasgaiaren kreditu kopurua.
EKK = Eginiko kreditu kopurua, agindu honen arabera kontatzen ahal dena.
Formula horren aplikazioaren ondoriozko balioak batu eginen dira. Horren emaitza izanen da azken batez bestekoa.
5.3. Baliozkotu eta egokitutako ikasgai edo kredituak abiapuntuko ikastetxean lortutako kalifikazioari dagozkion puntuetan emanen dira.
Kalfikazio hori ez dagoenean nahikotzat joko da (5,5 puntu).
5.4. Kalifikaziorik ez daukaten ikasgai eta kreditu onartuak ez dira espedientean sartuko.
5.5. Atzerriko unibertsitateetatik datozen espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, hautapen epaimahaiak Espainiako hamartar sistemara egokituko du, ikasgaiz ikasgai, kontuan hartuz jatorrizko kalifikazioan gainditzeko behar den gutxieneko nota eta gehieneko nota eta horren arabera Espainiako hamartar kalifikazioko sisteman dagokiena.
5.6. Masterreko lehenengo maila egin behar duten ikasleen batez bestekoaren ziurtagiriak egitean, unibertsitateek irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretua hartu beharko dute kontuan. Dekretu horrek ezartzen ditu kredituen Europako sistema eta kalifikazioen sistema, Espainia osoan balio duten unibertsitateko titulazio ofizialetan.
X. Baldintza ekonomikoak.
10. araua. Honako hauek dira eskatzen diren baldintza ekonomikoak:
10.1. Ikasketarako beka edo laguntza hartu ahal izateko, familiaren errenta erabilgarriaren eta familiaren ondarearen atalasea hartuko da kontuan, deialdiaren 10. eta 11. arauetan xedatu bezala.
10.2. Familiaren errenta.
a) Familia unitatea zer den.
Bekarako, familia unitateko kide hauek hartuko dira kontuan: eskatzailea, haren aita eta haren ama edo, bidezko bada, tutorea edo ikasle adingabea zaindu eta babesten duen pertsona, senide ezkondugabeak, 2008ko abenduaren 31n 30 urtetik beherakoak badira eta egun horretan familiaren etxean bizi baziren, edo zaharragoak, legez %33ko edo hortik gorako minusbalioa badute.
Gurasoak bereiziak edo dibortziatuak badaude, beka eskatzen duen ikaslearekin bizi ez dena, aita edo ama, ez da zenbatuko.
Alargunak edo dibortziatuak berriz ezkonduz gero, ezkontide edo bikotekide berria familia unitateko kidetzat hartuko da ondorio guztietarako. Izatezko bikoteen kasuan, berdin jokatuko da.
Ikaslea ezkondua bada edo bikotekidearekin bizi bada, familia unitatea eurek osatuko dute, bai eta arestian aipatu diren adinaren, bizikidetasunaren eta minusbalioaren gaineko baldintzak betetzen dituzten seme-alaba ezkongabeek ere, horrelakorik badu.
b) Familia unitateko kide bakoitzaren errenta nola kalkulatu.
2008ko urtean PFEZaren aitorpena aurkeztu beharra duten familia unitateko kideen kasuan, hauxe izanen da banakako errenta:
-Zerga oinarriaren zati orokorra.
-Ken ezkontidearen aldeko konpentsazio pentsioak eta elikatzeko urteko sariak, epailearen erabakiz eskatzailearen seme-alaben alde ezartzen direnak izan ezik, eta bikotekide egonkorraren alde ordaindutako kantitate legez galdagarriak.
-Gehi likidazio-oinarri berezia, gehi oinarri horri aplikatzen ahal zaizkion murrizketak norberaren gutxienekoagatik, familiari dagokion gutxienekoagatik eta Gizarte Segurantzari aplikatzen ahal zaizkion kotizazioengatik.
-Gehi PFEZaren ondorioetarako salbuetsita dauden gainerako errentak, hala nola erabateko baliaezintasun iraunkorrekoak edo baliaezintasun handikoak, kalte-ordainak, loteria sariak, aitak edo amak seme-alabak elikatzeko hartzen dituen urteko sariak, kontuan hartu gabe jasotako ikasketa beka edo laguntzak.
Ondorio praktikoetarako, banakako errenta, 2008ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion laukitxoekin, eragiketa hauen bidez kalkulatuko da:
507 laukia - 511 laukia + 524 laukia + 811 laukia + 812 laukia + 529 laukia.
PFEZaren aitorpena egitera beharturik ez dauden familia unitateko kideen kasuan, bakoitzaren errenta honela kalkulatuko da: 2008. urtean eskuratutako diru-sarrera gordinen batura, edozein dela beren iturria, barnean sarturik ondasun higiezinak alokatzeagatik jasotako errentak eta enpresa, lanbide eta nekazaritza jardueren ondoriozko diru-sarrera garbiak. Ateratzen den zenbatekotik besteren konturako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioak kendu beharko dira.
c) Familiaren errenta erabilgarriaren kalkulua.
Familiaren errenta eskatzailearen eta haren ezkontidearen banakako errenten eta familia unitateko beste kideen banakako errenten %50aren batura izanen da, aurreko atalean adierazi bezala kalkulatuak. Guztira ateratzen den kopuru horretatik 2008ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetan familia unitateko kideei dagokien aurretiazko kuota diferentziala kenduko da (578 laukitxoa edo horrelakorik ezean 569 laukitxoa).
10.3. Familiaren errenta erabilgarriaren kenkariak.
Beka emateari dagokionez ezarri denaren arabera familiaren errenta erabilgarria lortu eta gero, errenta horretatik kontzeptu hauei dagozkien kopuruak kentzen ahalko dira:
A) Familia ugaria.
-Hiru edo lau seme-alaba dituzten familiak: 603 euro seme-alaba bakoitzarengatik.
-Lau seme-alaba baino gehiago dituzten familiak: 603 euro lehenbiziko lauengatik (bakoitzarengatik) eta 805 euro bosgarren eta hurrengoengatik.
B) Familiako buruaren, ezkontidearen, ikaslearen edo anai-arrebetako baten minusbalioa:
-2.012 euro, %33ko edo hortik gorako minusbalioa duen kide bakoitzarengatik.
-3.219 euro, %66ko edo hortik gorako minusbalioa duen kide bakoitzarengatik.
C) Unibertsitateko ikasketak direla eta etxetik kanpo bizi diren bi anai-arreba edo gehiago daudenean:
-1.255 euro egoera horretan dagoen seme edo alaba bakoitzeko.
10.4. Familiaren errenta alde batera utzita, beka ukatu eginen da familiako kide konputagarri guztien ondarea dela eta, familia unitateko kideen ondasun eta eskubideen ondare garbiaren balioa 334.448 eurokoa baino handiagoa bada (hiri finkak, ohiko etxebizitza barne, landa ondasunak, merkataritza, industria edo lanbide jarduerei lotutako ondasun higigarriak, nekazaritzako makineria, abelburuak, tituluak, baloreak, ordain errazak diren kredituen eskubideak edo banku-gordailuetan den eskudirua eta gainerako ondasun edo eskubideak).
Ondasun eta eskubide horiek guztiak PFEZean ezarritako arauei jarraikiz zenbatuko dira.
Orobat, beka edo laguntza ukatu eginen da familia unitateko kide konputagarri bat edo batzuk enpresa, merkataritza, industria, nekazaritza eta abeltzaintza edo lanbide jardueren titular izan eta, enpresa horren igorpen eta trafikoko jardunean, urteko negozio bolumena 449.746 eurokoa baino handiagoa bada, Balio Erantsiaren Zerga kenduta.
Ondare eta negozio bolumenaren gainean 10.4 arau honetan ezarritako gehienekoak %20an handituko dira familia unitatearen bosgarren kidetik aurrera.
10.5. Eskatzaile den familia unitateko kide guztiek beren betebehar fiskal eta parafiskalak eguneratuak eduki beharko dituzte.
Baldin eta behin-behineko ebazpena ematen den unean ez badituzte betebeharrak eguneratuak, geroago bete dituztela egiaztatzen duen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eraman beharko dute, behin-behineko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta gehienez ere hilabeteko epean.
Beka edo laguntza eskatu duenak edo haren familia unitateko kideek, PFEZaren aitorpena aurkeztera beharturik egonik, PFEZaren aitorpen osagarriak aurkezten badituzte, errenta iturri berberengatik edo beste batzuengatik, besterik gabe, eskatutako beka edo laguntza ukatuko zaie, edozein direla ere inguruabarrak edo aurkezten den dokumentazio osagarria.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako PFEZaren likidazio behin-behineko edo behin betikoa badago, hori erabiliko da familiaren per capita errenta zehazteko.
10.6. Honako kontzeptu hauei dagokienez: oinarri orokorra, berezia, zerga-oinarria, likidazio-oinarria, konpentsazioak, murriztapenak, errenta salbuetsiak, pentsio planak, gizarte aurreikuspeneko sistema alternatiboak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, atxikipenak, PFEZaren konturako ordainketak, aurretiazko kuota diferentziala eta PFEZaren aitorpena egin beharra, legeriak agintzen duenari men eginen zaio.
10.7. Baldin eta 2008. urteari buruz aitortutako inguruabar ekonomikoek PFEZaren aitorpenak aurkezteko datan espero ez zen urripen larriren bat jasan badute, errentak erdiesten dituen familia unitateko kideren bat hil delako edo lanerako ezgaitasunaren edo langabeziaren egoerara iragan delako, eskatzaileak horrela adieraziko du espresuki eskabideari atxikitako orri batean eta egoera hori egiaztatzen duten agiriak erantsi beharko dizkio nahitaez, 2008. urteko PFEZaren aitorpenaren kopiarekin batera.
Aldaketa hori eskaera aurkezten denetik deialdiaren gainean behin-behinekoz ebatzi bitartean gertatzen bada, berdin eginen da, Beka Bulegora eskabide bat igorriz, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiko Erregistro Orokorrean aurkeztuz (Santo Domingo kalea, zk.g., 31001 Iruña).
15.3 arauan aipatutako epea amaitutakoan ez da onartuko 2008. urtearekin alderatuta diru-sarreren urripen larria frogatzeko beste dokumentaziorik.
10.8. Eskatzailea ikaslea bera bada eta bere kargura ahaiderik badu (guraso eta/edo senideak), horiek elementu zatitzaile izanen dira, egoera hori agiri bidez frogatzen baldin badu, eta bere karguko ahaideen diru-sarrerak batu eginen dira familiaren per capita errenta erabilgarria ateratzeko.
10.9. Lanbidearteko gutxieneko soldatatik beherako familia errenta duten familia unitateen eskaerak Ekonomia eta Ogasun Departamentura igorriko dira, azterketa zehatz-mehatza egin diezaieten.
Edozein errenta-iturri ezkutatzen bada, eskatutako laguntza ukatuko da.
Iruzurrari aurre egiteko asmoz, bekak erdiesteko aurkezten diren eskaeren gaineko kontrolean, hezkuntza administrazioak erabaki dezake aurreko atalak aipatzen duen ezkutatzea eman dela, edonolako frogaren bidez eta, bereziki, administrazio publikoetako beste organoetan dauden datuez baliatuz.
Bekarako eskaera aurkezteak berarekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez lortzeko, betiere bekaren ondorioetarako.
XI.-Beka eta laguntzak hartzea eta haien zenbatekoa.
11. araua. 1. Nafarroako Gobernuak ikasle batengatik beka edo laguntzaren bat ematen badu, eta Hezkuntza Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak ere ikasle horri beka edo laguntza ematen badio edo matrikula ordaintzetik salbuesten badu, Nafarroako Gobernutik bi zenbateko horien guztirako absolutuen arteko aldea bakarrik jasotzeko eskubidea izanen du, Nafarroako Gobernuarena beste entitateak emandakoa baino handiagoa baldin bada betiere. Bien arteko aldea zero edo Nafarroako Gobernuarena txikiagoa bada, nahitaez beste entitateak emandako beka edo laguntza hautatuko du. Aipatu alde hori kalkulatzeko, ez da sartuko Nafarroako Gobernuak emandako Laguntza Bereziaren zenbatekoa, ezta Nafarroako Unibertsitatean eta Iruñeko "San Miguel Arcángel" Ikasketa Teologikoetako Goi mailako Ikastetxean matrikulatutako ikasleentzat irakaskuntza kontzeptuagatik ematen diren laguntzak ere, edota Hezkuntza Ministeriotik edo Eusko Jaurlaritzatik liburuetarako edo eskolako materialerako edo laguntza osagarri gisara har daitezkeenak.
11.2. Bestelako kontzeptuengatik matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek irakaskuntzagatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira.
11.3. Beka edo laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskuarki, eskaerak familiaren errenta eskuragarriaren arabera ordenatuko dira, 10. arauan ezarritakoaren arabera kalkulatu ondoren, tarte hauek eginez:
KIDE KOPURUA | 1. TARTEA EURO | 2. TARTEA EURO | 3. TARTEA EURO | 4. TARTEA EURO |
1 | 6.846 | 8.968 | 10.682 | 11.855 |
2 | 13.692 | 17.936 | 21.364 | 23.710 |
3 | 20.538 | 26.904 | 32.046 | 35.565 |
4 | 27.384 | 35.872 | 42.728 | 47.420 |
5 | 34.230 | 44.840 | 53.410 | 59.275 |
6 | 41.076 | 53.808 | 64.092 | 71.130 |
Hortik gorako kide bakoitzeko: | 5.653 | 7.405 | 8.819 | 9.788 |
11.4. Beka edo laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da irakaskuntza kontzeptuen eta mailen arabera:
11.4.1. Irakaskuntzarako beka edo laguntzak
Irakaskuntza kontzeptuari dagokionez, irizpide hau aplikatuko da zenbatekoa kalkulatzeko:
Unibertsitateko maila, goi mailako ikasketa artistikoak eta master ofizialak.
a) Ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten badira, errenta tarteei dagozkien bekak honako hauek izanen dira:
-1. tartea: matrikularen kostuaren %100.
-2. tartea: matrikularen kostuaren %70.
-3. tartea: matrikularen kostuaren %50.
b) Unibertsitateko ikasketak edo master ofizialak Nafarroako Unibertsitatean eta Iruñeko "San Miguel Arcángel" Goi Mailako Ikasketa Teologikoen Ikastetxean egiten badira, errenta tarteei dagozkien bekak edo laguntzak honako hauek izanen dira:
1. tartea: kasuan kasuko ikastetxe pribatuko matrikularen kostuaren eta dagokion ikastetxe publikoko matrikularen kostuaren arteko aldearen %93 (Hezkuntza Ministerioaren prezio akademikoak).
2. tartea: kasuan kasuko ikastetxe pribatuko matrikularen kostuaren eta dagokion ikastetxe publikoko matrikularen kostuaren arteko aldearen %80 (Hezkuntza Ministerioaren prezio akademikoak).
3. tartea: kasuan kasuko ikastetxe pribatuko matrikularen kostuaren eta dagokion ikastetxe publikoko matrikularen kostuaren arteko aldearen %53 (Hezkuntza Ministerioaren prezio akademikoak).
4. tartea: kasuan kasuko ikastetxe pribatuko matrikularen kostuaren eta dagokion ikastetxe publikoko matrikularen kostuaren arteko aldearen %40 (Hezkuntza Ministerioaren prezio akademikoak).
Atal honetako goi mailako ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan ikasteko beken zenbatekoak, irakaskuntza kontzeptuari dagozkionak, zehaztutako portzentajeen arabera kalkulatuko dira eta ez dira inolaz ere hauek baino handiagoak izanen:
1. tartea: ikasketa berberak ematen dituen ikastetxe publikorako Hezkuntza Ministerioak ezarrita duen tasa halako 4,8.
-2. tartea: ikasketa berberak ematen dituen ikastetxe publikorako Hezkuntza Ministerioak ezarrita duen tasa halako 3,5.
-3. tartea: ikasketa berberak ematen dituen ikastetxe publikorako Hezkuntza Ministerioak ezarrita duen tasa halako 2,5.
-4. tartea: ikasketa berberak ematen dituen ikastetxe publikorako Hezkuntza Ministerioak ezarrita duen tasa halako 1,5.
c) Ikasketak arestiko a) eta b) ataletan sartzen ez diren goi mailako beste ikastetxe publiko zein pribatuetan egiten badira, bekak hauek izanen dira:
-1. tartea: Hezkuntza Ministerioaren prezio akademikoaren %100.
-2. tartea: Hezkuntza Ministerioaren prezio akademikoaren %70.
-3. tartea: Hezkuntza Ministerioaren prezio akademikoaren %50.
Aurreko lerroaldeetako tasen zenbatekoa kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko bigarren aldiko edo hurrengo aldietako kreditu edo irakasgaien matrikulak, ezta administrazio zerbitzuetako tasa hauek ere: espedientea irekitzea ikasketak hasteagatik, lekuz aldatzea, nortasun txartelak luzatzea, baliozkotzeak, etab.
Maila ez-unibertsitarioa:
2009-2010 ikasturtean Nafarroako ikastetxe itunduetan goi mailako heziketa zikloak egiten dituzten ikasleentzako laguntzak, hurrenez hurren, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2009ko ekitaldirako eta 2010eko ekitaldirako ezarriko diren hileroko kuoten %100, %70 eta %50 izanen dira, familiaren errenta eskuragarriko 1., 2. eta 3. tarteen arabera.
Derrigorrezko ikasketen ondotik egiten diren unibertsitateaz kanpoko gainerako ikasketetako edo goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat, aurreko kasuan sartuak ez daudenentzat, diru-laguntzarik jasotzen ez duten edo itundu gabe dauden ikastetxe pribatuetan arituz gero, bekak honenbestekoak izanen dira:
1. TARTEA EURO | 2. TARTEA EURO | 3.TARTEA EURO |
501 | 301 | 188 |
Hizkuntza Eskola Ofiziala:
IRAKASKUNTZA | 1.TARTEA EURO | 2. TARTEA EURO | 3. TARTEA EURO |
OFIZIALA | 78,80 | 58,07 | 41,73 |
LIBREA | 33.19 | 23,21 | 16,55 |
11.4.2. Garraiorako beka edo laguntzak.
Garraioaren kostua kalkulatzeko, herrien arteko distantzia (Km) bider astean egin beharreko bidaia kopurua eginen da. Eta gero, hortik ateratzen dena bider 2,56.
Aurreko formulan kalkulatutako kostuaren ehuneko jakin bat ordainduko da, familiaren errenta erabilgarriaren tartearen arabera.
1. TARTEA | 2. TARTEA | 3. TARTEA |
%100 | %80 | %60 |
2009/2010 ikasturtean goi mailako heziketa zikloen bigarren kurtsoan egon eta ikasturtearen zati batean lantoki batean prestakuntza praktikak egiten dituzten ikasleek garraiorako laguntzaren %30 baizik ez dute jasoko.
11.4.3. Jantokirako beka edo laguntzak.
OTORDU KOPURUA ASTEAN | 1. TARTEA EURO | 2. TARTEA EURO | 3. TARTEA EURO |
5 | 636,74 | 445,72 | 318,36 |
4 | 509,40 | 356,58 | 254,69 |
3 | 382,02 | 267,43 | 191,01 |
2 | 254,69 | 178,29 | 127,38 |
11.4.4. Egoitzarako beka edo laguntzak.
1. TARTEA EURO | 2. TARTEA EURO | 3. TARTEA EURO |
2.601 | 1.821 | 1.300 |
2009-2010 ikasturtean erdi edo goi mailako heziketa zikloetako bigarren kurtsoa egiten ari diren ikasleek, haien jardunaldi osoa lantokietako prestakuntzak hartzen badu, egoitzarako laguntza jasotzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta garraiobide erregularrik ez bada edo, bestela, familiaren bizitokiaren eta prestakuntza ematen duen enpresaren kokalekuaren artean distantzia handia izan eta aipatu laguntza beharrezkotzat jotzen bada. Horrelako kasuetan, emanen den laguntza izanen da atal honetako lehenbiziko lerroaldean egoitzarako aipatzen den laguntza orokorraren %35, betiere eskatzailearen errenta tartearen arabera.
11.4.5. UHUNeko eta urrutiko batxilergoko ikasleek ez dute eskubiderik izanen egoitzarako edo jantokirako laguntzarik hartzeko. Garraiorako laguntza hartzeko eskubidea izanen dute goian aipatu diren kopuru orokorren %50 adina.
UHUNen baita ere, irakaskuntzagatik, orokorki adierazitako zenbatekoen %50ari dagokiona soilik jasotzeko eskubidea izanen dute, non eta ez diren kurtso osoan matrikulatzen.
11.4.6. Nafarroan ekintza terroristetan hilda edo lanerako ezinduak gelditu direnen seme-alabei, haiekiko mendekotasun ekonomikoa baldin bazuten, beka edo laguntzen gehieneko zenbatekoak emanen zaizkie, betiere ikasleak deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen baditu.
11.4.7. Laguntza berezia
Behar ekonomiko larria deklaratu eta frogatzen duten familia unitateek bakarrik izanen dute horretarako aukera.
Laguntza berezia jasotzeko eskubidea izateko beharrezkoak izanen dira, deialdi honetako baldintza orokorrez gain, jarraian aipatzen diren 1. eta 2. baldintzak eta 3. atalean zehazten direnetako bat:
1. Familiaren per capita errenta erabilgarria 3.182 eurotik beherakoa izatea.
2. Laguntza eskatzen duen ikaslea 1993ko irailaren 1a baino lehen jaio izana.
3. Familia multzo hauetako batean egotea:
a) Errenta hartzaile nagusia langabezian duten familiak.
b) Gurasorik gabeko umezurtzak.
c) Aita edo ama ezkongabeen edo dibortziatu edo legez bereizitako ezkontidearen seme-alabak, diru-sarrera bakarra kasu bakoitzean sortutako mantenu-sariak direnean.
d) Gurasoek edo ikasleak berak legez kalifikatutako minusbalioren bat dutenean (%33koa edo handiagoa).
d) Errenta jasotzaile nagusia pentsioduna duten familiak.
Betiere, laguntza eman aurretik benetako egoera sozioekonomikoa zehatz-mehatz aztertuko da, eta aurreko baldintzak egiaztatzen dituzten agiriekin batera, PFEZaren aitorpenaren kopia eta gizarte laguntzako unitateek, gizarte zerbitzuek edo udalek emandako agiri bereziak aurkeztu beharko dira.
Laguntza berezi gisara, diru-zenbateko hauek emanen dira:
-Unibertsitate mailako ikasleentzat: 1.471 euro bitarte.
-Goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat: 1.074 euro bitarte.
Deialdian sartutako gainontzeko ikasleentzat: 781 euro bitarte.
11.4.8. Beka edo laguntzaren kontzeptu guztiak baturik, guztira ordainduko den kopurua ezin izanen da lanbidearteko gutxieneko soldataren indarreko zenbatekoa baino altuagoa izan (gaur egun 8.736 euro), ikasleari eman zaizkion laguntza guztien baturak kopuru hori gainditzen badu ere.
XII.-Bekak eman eta ukatzea.
12. araua. 1. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emanen du beka eta laguntzen eskaerei buruzko behin-behineko ebazpena, bai eta behin betikoa ere, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposatuta.
12.2. Beka edo laguntzaren kontzesioa eskatzailearen alde eginen da legezko ondorio guztietarako.
12.3. Hezkuntza Departamentuak edozein momentutan agintzen ahal du laguntza ematerakoan oinarri izan ziren eskaera espedienteak berrikusteko, horietan ezarritako datuak egiazkoak ote diren ziurtatzeko.
12.4. Ikuskapen prozesuan laguntzeari uko egiten dioten onuradunek edo eskatutako informazioa eta dokumentazioa aurkezten ez dutenek besterik gabe galduko dute izaera hori eta itzuli egin beharko dute jasotako bekaren edo laguntzaren diru-zenbatekoa.
12.5. Ikasketa, ekonomia edo inguruabarrei buruzko datuak ezkutatu edo faltsutuz gero, emandako laguntzak bertan behera utzi eta atzera itzuli beharra agintzen ahalko da.
XIII.-Aurkeztu beharreko agiriak.
13. araua. Beka edo laguntzetarako eskaerak inprimaki ofizialetan aurkeztuko dira. Horiek Nafarroako irakaskuntza ertain eta unibertsitarioetako ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuko bulegoetan eskuratzen ahalko dira eta, deialdian onartuak izateko, goitik behera bete beharko dira.
Eskabidea 3 inprimakik osatzen dute: "A", "B", eta "C1" edo "C2", edo "C3".
Eskabideari honako hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Elbarritasun pentsioaren, langabezi sariaren eta PFEZari atxiki gabeko beste diru-sarrera batzuen ziurtagiriak, horiek guztiak 2008. urteari buruzkoak.
b) Estatuari beka eskatu zaiola frogatzen duen gordekinaren fotokopia (horretarako betebeharrak betez gero).
c) Diru-sarrera zein familiabururen izenean egitea nahi den, haren izeneko banku, aurrezki kutxa edo kreditu kooperatibako libretaren lehen orriaren fotokopia. Bat bakarra finkatuko da familia unitate bakoitzeko.
d) Eskatzailearen, ezkontidearen eta 14 urteko edo hortik gorako familiako kide guztien NANaren etra IFKren fotokopiak.
e) Familia unitateak PFEZaren aitorpena egin ez badu, legez horretara beharturik ez dagoelako, honako hauek erantsi beharko dizkio eskabideari:
-Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2008. urteari dagokiona, udalak luzatua.
-Besterentzat lanean ari direnen edo pentsiodunen kasuan, 2008. urtean izandako diru-sarreren frogagiria.
-Enpresaburu edo profesional liberalen kasuan, 2008. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen aitorpena (A bekako inprimakia).
g) Kenkarien egiaztagiri eguneratuak (familia ugaria, minusbalioak, etab).
h) Bidezkotzat hartzen diren dokumentu eta ziurtagiri guztiak.
XIV.-Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
14. araua. 1. Nafarroako Gobernuaren 2009-2010 ikasturterako beka edo laguntza eskaerak hiru inprimaki mota ditu:
1. "A" inprimakia, familiaren datu orokorrak dituena.
(Inprimaki honen bi aldeak berdinak dira, 2008-2009 ikasturteko bekadunei gure datu-basean haiei buruz dauden datu pertsonalekin igortzeko, haiek egiaztatu ondoren datu horietakoren bat okerra izanez gero, atzeko aldea osorik bete dezaten datu zuzenak idatziz).
2. "B" inprimakia, beka edo laguntza zertarako eskatzen den eta Hezkuntza Ministerioaren edo Eusko Jaurlaritzaren bekaren datuak jasotzen dituena.
3. "C1" inprimakiak, ikasketei buruzko datuak jasotzen dituztenak. Unibertsitateko ikasketak badira eta horien ikasketa planak kredituka egituraturik badaude, "C2" inprimakia bete beharko da.
4. "C3" inprimakiak, master ikasketak egiten dituztenek bete beharrekoak. Masterraren izen osoa eta espezialitatea adierazi beharko dira.
"A" inprimakiaren ale bakarra aurkeztuko du familia bakoitzak (baldintza hori betetzen ez duten eskaerak ez dira onartuko).
"B" eta "C1" edo "C2" inprimakietatik ale bana aurkeztuko da beka edo laguntza eskatzen duen kide bakoitzeko.
14.2. Eskabidea, agiri guztiekin batera, ikastetxe laguntzaileetan aurkeztu beharko da (Nafarroan) edo Hezkuntza Departamentuko bulegoetan (Santo Domingo kalean, zk., 31001 posta kodean, Iruñean), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 2009ko urriaren 30eko 14:30 bitarte.
2010eko otsailean hautapen ikasmaila bateko ikasgai bat edo bi gainditzeke dituzten unibertsitate-ikasleek, gainditu eta hurrengo ikasmailan matrikulatzen badira, beka edo laguntzaren eskaera 2010eko martxoaren 25a arte aurkezten ahalko dute. Aurreko epeetan, familia unitateko beste kide batek eskatu bazuen, beka edo laguntzaren kontrol zenbakia adieraziko da.
14.3. Eskaera bertan adierazitako datu, ziurtagiri eta gainerako dokumentuak goitik behera behar bezala bete ondoren aurkeztuko da.
Eskatzaileen borondatetik kanpoko inguruabarrak direla eta, eskatutako ziurtagiriak inprimakietan jaso ezin direnean, egokiak diren dokumentu eta ziurtagiriak erantsi beharko dizkiote eskaerari.
14.4. Deialdiaren barnean sartzen ez diren ikasketa edo ikastetxeetarako eskaerak ez dira onartuko, ez eta V. arauan espresuki aipatzen diren kasuei buruzkoak ere.
14.5. Eskaerak biltzen laguntzen duten ikastetxeek, 2009ko azaroaren 12a baino lehen, aurkeztutako eskaeren zerrenda igorriko dute, bi aletan, alfabetozko hurrenkerari jarraituz, eta espediente oso eta diligentziatuak ere bai.
XV.-Ebazpena eta erreklamazioak.
15. araua. 1. Espedientearen instrukzioa egiteko organo arduraduna Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzua da.
15.2. Onartu eta ukatzen diren beka eta laguntzen behin-behineko zerrenda Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposatuta.
15.3. Behin-behineko zerrenda hori ontzat jotzen ez duten eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari. Horretarako hilabeteko epea izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zerbitzu horrek, halaberean, ofizioz berrikusten ahalko ditu espedienteak, deialdian aurreikusitakoaren aurkako arau-hausterik edo akatsik baldin bada.
15.4. Berrikusteko eskaerak aurkezteko epea akitzen denetik hiru hilabete iragan ondoren, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposatuta, onetsiko da eman eta ukatzen diren beka eta laguntzen zerrenda, baldin eta ofizio bidezko berrikuspenak, edo interesdunak hala eskatutakoak, behin-behineko ebazpenean aldaketak ekarri baditu.
15.5. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposatuko du aldaketei buruzko behin betiko ebazpena, Beken Batzordearekin kontsultatu ondoren.
Batzorde horrek proposatzen ahalko du, deialdiko baldintza ekonomiko eta emaitza akademiko guztiak bete ez arren, batzordearen ustez beka edo laguntza jasotzeko merezimendu aski dituzten ikasleei ere bekak ematea, merezimenduak behar bezala justifikatuz gero.
Beken batzordeak kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia.
Mahaiburuordea: Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordekideak: Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria edo haren eskuordetza duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzako Goi mailako Ikuskatzailetzaren Arloko zuzendaria.
Ikasketetarako Laguntzen Ataleko burua.
Beka Bulegoko burua.
Hezkuntzako ikuskatzaile tekniko bat.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuko ikuskatzaile edo kudeatzaile bat.
Unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleen bi guraso.
Unibertsitate mailako bi ikasle, bata Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta bestea Nafarroako Unibertsitatekoa.
Unibertsitateetako bi ordezkari, unibertsitate bakoitzeko bat.
Idazkaria: Hezkuntza Departamentuko letradu bat.
15.6. Emandako eta ukatutako beka eta laguntzen zerrenda zuzenduak lehen aipatutako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du behin behiko izaera. Era berean, hasieratik eman edo ukatu ziren beken eta laguntzen behin-behineko zerrendak, hots, zuzentzeko eskatu ez ziren eskaerenak, egun berean hartuko du behin betiko izaera.
15.7. Onartu eta ukatzen diren beken behin-behineko eta behin betiko zerrendak haiek onesteko ematen den ebazpenean aipatzen diren Nafarroako Gobernuko administrazio bulegoetako iragarki oholetan paratuko dira.
15.8. Bekak eta laguntzak eman edo ukatzeari buruzko behin betiko ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, deialdiko 15.4. arauan aurreikusitako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.
15.9. Ez da erreklamazio bakarrik ere onartuko, jaso duen zentroak behar bezala zigilatu eta zenbakitutako gordekina aurkezten ez bada.
XVI.-Beka edo laguntzen ordainketa.
16. araua. 1. Nafarroako Gobernuari beka edo laguntza eskatu ahal izateko, aurretik Hezkuntza Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari eskatu behar diotenek Beka Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk. g, 31001 Iruña) aurkeztu beharko dute 2010eko urriaren 31 baino lehen erakunde horren bekaren onarpenaren edo ukapenaren behin betiko jakinarazpenaren fotokopia. Fotokopia hori ez dute aurkeztu beharrik izanen irakaskuntza ertainetako ikasketak Nafarroan egiten ari diren ikasleek, ez eta Nafarroako Unibertsitatean nahiz Nafarroako Unibertsitate Publikoan goi mailako ikasketak egiten ari direnek ere.
16.2. Eskatzailearen aldeko beka edo laguntzen ordainketa eskaeran azaltzen den banku, aurrezki kutxa edo kreditu kooperatibaren bidez eginen zaio eskatzaileari.
16.3. Ebazpen honen bidez deitutako ikasketetarako beka edo laguntzen onuradunak beharturik daude beka edo laguntza eman den xederako erabiltzera, hots, matrikula egitera, klasera joatera, azterketetara aurkeztera eta, gastuak, zeinetarako ematen baita laguntza, ordaintzera.
Horren ondorioetarako, beka edo laguntza eman zaion helburuetarako erabili ez duela ondorioztatuko da ondoko kasuren bat gertatzen bada:
a) Unibertsitateaz kanpoko ikasketak:
1. 2010eko otsaila baino lehen, ikastetxean baja hartzea.
2. Eskola ordu guztietatik ehuneko berrogeita hamarrera edo gehiagora ez joatea, salbuetsita egon ezean.
3. Ikastetxeak emandako zerbitzuak ez ordaintzea, beka zerbitzu horiek finantzatzeko eman bazen.
1. eta 2. puntuetan azaldu diren kasuetan erortzen diren ikasleek bekaren kontzeptu guztietarako emandako dirua itzuli beharko dute. 3. puntuan adierazitakoa gertatuz gero, ordaindu gabe utzitako zerbitzuei dagokien zatia itzuli beharko dute bakarrik.
b) Unibertsitateko ikasketak eta masterrak.
1. Matrikula baliogabetzea.
2. Matrikulatutako kredituen heren bati gutxienez dagozkion azterketetara ez joatea, deialdi arrunta eta berezia hartuta.
Bi kasu horietan, emandako bekaren kontzeptu guztiei dagokien dirua itzuli beharko da.
Ikastetxeetako idazkaritzek 2010eko urria baino lehen jakinarazi beharko diote Hezkuntza Departamentuari zenbat ikasle dauden 16.3 atalean aipatutako egoeretako batean.
Ikaslea ikasturtean zehar hilko balitz, beka edo laguntza oso-osorik kobratzeko eskubidea izanen luke.
16.4. Espedienteak osatu ahala, ordainketak informatika bloke osoen bidez eginen dira.
2010eko ekaineko ordainketaren ondoren ebazteke dauden espediente osatugabeek bloke informatiko bakar bat osatuko dute eta haien gaineko ebazpena gero emanen da, 2010eko irailean, batera. Espedienteren baten gainean geroago ebazten bada, 2010-2011 ikasturteko bekekin batera pagatuko da.
XVII.-Laguntzak ezeztatzea.
17. araua. Bekadunek noiznahi gal dezakete onartutako laguntza, Administrazioaren arrazoibidezko egintzaren bidez, deialdi honetako arauetan ezarritakoa egiaztatzeko espedientea ireki ondoren, deusetan galarazi gabe behar diren erakundeetan bidezkoak diren egintzetara jotzea. Espediente hori Hezkuntza Departamentuak ireki eta ebatziko du.
Espediente baten ondorioz laguntza ezeztatuz gero, jasotako dirua itzuli beharko da, eskatzaileak edota laguntza jaso duen ikasleak hartu ahal izan dituen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak ezertan galarazi gabe.
XVIII.-Datuak bildu eta uztea.
18. araua. Beka edo laguntzen eskatzaileek inprimaki ofizialetan eskatzen zaizkien datu guztiak eman beharko dituzte. Datu horiek eman nahi ez izateak eskatutako beka ukatzea ekar dezake berarekin.
Inprimaki horretan jarritako datu pertsonalak, eta bekak edo laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean jasoko dira.
Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabil ditzake fitxategi horretako datuak, egiazkoak ote diren baieztatzeko.
Hezkuntza Departamentuak familia unitateko kideen datu ekonomiko-finantzarioak eskura ditzake Ekonomia eta Ogasun Departamentutik, paperean eta euskarri informatikoan hartzeko moduko igorpen elektronikoaren bidez, beka eta laguntzen deialdi orokorreko 6. eta 10. arauetan aipatzen diren baldintza ekonomikoen gaineko informazioa osatzeko, hots: diru-sarrerak, errentak, inbertsioak, ondareko ondasunak, subsidioak, onurak, pentsio planak, zerga beharkizunak eta beste.
Hezkuntza Departamentuak ahalmena du eman eta ukatu diren beka eta laguntzen zenbateko eta kontzeptuei buruzko datuak eta eskatzaileen identifikazio eta ikasketei buruzkoak Hezkuntza Ministerioari, udalei eta beste ikasketa zentroei lagatzeko, eta bankuko datuak, orobat, beka edo laguntza kobratzeko eskatzaileak hautatutako finantza entitateei.
XIX.-Informazioa
19. araua. Beketarako lehiaketa orokorraren emaitzak, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren argibide bulegoetan jarriko dira jendaurrean.
Berriro aipatu nahi da:
1. Nafarroako Gobernuaren 2009-2010 beken deialdi honetan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da Hezkuntza Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari kasuan kasuko beka eskatu izana, betebeharrak betez gero.
2. Familia unitate bakoitzeko eskaera bakar bat aurkeztu behar dela ("A" inprimakia) behar diren dokumentu guztiez osatua, Hezkuntza Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeraren gordekinaren fotokopia barne dela, horrelakorik baldin bada.
3. Nafarroako Gobernuari egindako beka eskabidea erabat osaturik aurkeztu behar dela puntu guztietan, Hezkuntza Ministerioari beka eskatu ala ez.
Deialdi honetan adierazitakoa irakaskuntzarako beka eta laguntzen arloan eskumenak dituzten autonomia erkidegoetan egindako ikasketei aplikatuko zaie.
20. araua. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.
Iruñean, 2009ko ekainaren 16an.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Esparza Sánchez.
Iragarkiaren kodea: F0918920
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
