Iragarkia
105. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
269/2009 FORU AGINDUA, uztailaren 29koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, akatsak zuzentzen dituena honako honetan: 238/2009 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2009an eta 2010ean laguntza, prestakuntza eta ikerketa modalitateetako garapenerako lankidetza teknikorako proiektuak egiteko diru-laguntzetarako dei egiten duena.
2009ko uztailaren 27an 238/2009 Foru Agindua argitaratu zen (238/2009 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2009an eta 2010ean laguntza, prestakuntza eta ikerketa modalitateetako garapenerako lankidetza teknikorako proiektuak egiteko diru-laguntzetarako dei egiten duena).
Foru agindu horretan zenbait akats material atzemanik, eta onuradunek hobeki uler dezaten, foru agindu horren oinarrien testu osoa argitaratuko da berriz, zuzendurik.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehenbizikoa.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren 238/2009 Foru Aginduko testuan atzemandako akatsak zuzentzea (2009ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an). Horretarako, osorik argitaratuko dira diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, lankidetza teknikorako proiektuak egin daitezen, laguntza, prestakuntza eta ikerketa modalitateetako, 2009 eta 2010 urteetarako. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.
Bigarrena.-733.623 euroko gastua baimentzea, honela banaturik: 283.623 euro 2009ko ekitaldirako, 2009ko gastu aurrekontuko "Garapenerako lankidetzaren gaineko prestakuntza, ikerketa eta laguntza teknikoa" izeneko 900001-91200-4819-143106 kontu-sailetik; eta 450.000 euro 2010eko ekitaldirako.
Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko uztailaren 29an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
2009an eta 2010ean laguntza, prestakuntza eta ikerketa modalitateetako garapenerako lankidetza teknikorako proiektuak egiteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak
Lehena.-Xedea eta helburua.
1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak 2009rako eta 2010erako diru-laguntzetarako dei egin du. Horien bidez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin, unibertsitateekin, prestakuntza eta ikerketa zentro espezializatuekin, sindikatuekin eta enpresaburuen erakundeekin batera garapenerako milurte honetako helburuak lortzeko behar den gaitasuna sendotzeko proiektuak finantzatuko dira, oinarri honen 3. atalean aipatzen diren herrialdeen berezko garapenean zuzenean edo zeharka diharduten pertsona edo erakundeenak.
2. Gaitasuna sendotzea prozesu bat da. Horren bidez, gizabanakoek eta erakundeek jarduera ekonomikoak, ekoizpena, transferentzia teknologikoa, teknikak, prestakuntza, ikerketa edo sistematizazioa arrakastaz kudeatzeko behar den gaitasuna sortu, handitu, egokitu eta luzaz mantentzen dute, diharduteneko eremuetako giza garapen iraunkorra sustatzeko. Nafarroako entitateek prozesu horretan parte hartzen ahal dute aholkularitzaren, prestakuntzaren, gaikuntzaren eta ikerketa aplikatuaren bidez.
3. Lankidetza Ekonomikorako eta Garapenerako Erakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordeak aintzakotzat hartu dituenak izanen dira proiektuak eta garabideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldeak.
4. Proiektuak Nafarroan edo aurreko puntuan aipatzen diren herrialdeetan egin beharko dira. Azkeneko kasu horretan, esku hartzen duen lantalde teknikoa entitate eskatzaileko kideez osatuko da nahitaez.
Bigarrena.-Aurrekontuetako dirua.
Horretarako 2009an 283.623,00 euro erabiliko dira, 2009rako Nafarroako Aurrekontu Orokorreko "Garapenerako lankidetzaren gaineko prestakuntza, ikerketa eta laguntza teknikoa" izeneko kontu-sailetik. 2010ean 450.000,00 euro erabiliko dira gehienez.
Hirugarrena.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Deialdiko diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek, unibertsitateek, prestakuntza eta ikerketa espezializatuko zentroek, sindikatuek eta enpresaburuen erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona juridikoak izatea, beren izaera juridikoarekin bat legez osatuak. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Espainiako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.
Gainera, bi entitate edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.
b) Entitatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
c) Elkartearen helburuak lortzeko aski den egitura, eskarmentua eta antolamendua izatea.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.
e) Elkarteak izanez gero, entitate bakoitzak bete beharko ditu lehen aipatu diren baldintzak.
Laugarrena.-Lankidetza teknikorako proiektuen betekizunak.
Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Bat etortzea deialdiaren lehen oinarriko helburu eta xedeekin, Garapenaren Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioekin eta Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzailearen printzipio eta helburuekin.
b) Finantzaketaren %20, gutxienez, funts propioetatik, beste administrazio publiko batzuetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuen eta erakunde autonomoen funtsak kenduta- edo beste entitate batzuetatik aterako da.
c) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.
d) Urte bakoitzerako eskatzen den dirua gehienez ere 60.000 euro izanen da, proiektua bakarrik Nafarroan egiten bada, edo 100.000 euro, garabidean dagoen herrialde batean egiten bada.
e) Proiektuak xede-talde hauek izaten ahalko ditu:
e.1. Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildoak:
-Pobrezia errotik erauztea.
-Sexuen arteko berdintasuna sustatzea.
-Ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea. Bereziki baloratuko da ingurumena zaintzeko, baliabideak zentzuz erabiltzeko eta edateko ura izateko estrategien gaineko ikerketak edo praktika onen balorazioak egitea.
-Giza eskubideak babestea, demokratizazioa eta nortasun kulturala errespetatzea. Bereziki kontuan hartuko da lehentasuna duten herrialdeen, herrialde berezien eta bultzatu beharreko herrialdeen giza, ekonomia, gizarte eta kultura eskubideen egoerari buruzko prestakuntza, baita gutxiengo etniko edo indigenen kultura nortasunarekiko loturari begira ere.
-Gizartea antolatzeko gaitasuna sortzea.
e.2. Oinarrizko giza beharrak asetzeko gaitasuna hobetzea:
-Edateko ura eta oinarrizko saneamendua.
-Elikagaien eta nutrizioaren segurtasuna.
-Oinarrizko osasuna, sexu eta ugalketa osasuna eta GIB/HIESaren, malariaren eta garabideko herrialdeetan prebalentzia berezia duten beste gaixotasun batzuen kontrako borroka.
-Helduen oinarrizko hezkuntza, lanbide heziketa eta alfabetatzea.
-Haurren aldeko jarduketak (elikadurari, osasunari eta hezkuntzari dagokienez).
-Herri indigenak (autogarapenari, antolamenduari eta kulturari dagokienez).
-Egoera ahulean dauden emakumeak (hezkuntzari, lanari eta jabekuntzari dagokienez).
-Iheslariak eta mugiaraziak.
e.3. Demokratikoki gobernatzea, instituzioak garatzea eta gizarte zibila sendotzea:
-Demokratikoki gobernatzea, gobernu ona sustatzeko asmoz.
-Gizarte zibilaren egiturak sendotzea.
-Giza eskubideak eta bakearen kultura.
-Lan eta sindikatu arloko eskubideak.
e.4. Ekonomia eta ekoizpen arloko gaitasuna hobetzea:
-Herrietan edo hirietako eremu baztertuetan pobrezia errotik erauzteko ekimenak sustatzen dituzten ekoizleak gaitzea.
-Enpresa txiki eta ertainen bilbea sendotzea, bereziki elkartasunerako ekonomia sustatzen duten enpresena. Bereziki kontuan hartuko da elkartasunezko ekonomiari, mikroenpresei, kooperatibismoari eta Nafarroako sektore pribatuaren eta elkarlanean aritzen deneko herrialdeetako enpresa txiki eta ertainen arteko lan sozietateei buruzko prestakuntza.
-Nekazariek lurra edukitzea.
-Banatzen eta merkaturatzen laguntzea, herrietako, herrialdeetako eta nazioarteko merkatu sareetara sarbidea emanez, bereziki nazioarteko bidezko merkataritzaren bideetara.
-Lanerako prestatzea, eta mikroenpresak, kooperatibak eta lan sozietateak sortzea.
-Nafarroako sektore pribatuaren eta elkarlanean ari direneko herrialdeetako enpresa txiki eta ertainen arteko aliantzak.
-Mikrokredituak eta txandakako funtsak, bereziki berme etiko eta elkartasunezkoen barruan daudenak.
e.5. Garapenerako hezkuntza.
Bosgarrena.-Eskaeren aurkezpena.
1. Entitateek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea zk.g., 31002, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, postako funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.
Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.
Deialdian parte hartu nahi duten entitateek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 2 multzoetatik bakoitzari dagokion karpetan edo gutun-azalean):
a) Entitate eskatzailearen agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.
a.1. Entitatea GGKE bat bada, Garapenerako Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren frogagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela; aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahal da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena. Ziurtagiri horrek edo horiek gehienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko du edo dute, deialdi hau argitara ematen den egunetik hasita. Gainerako kasuetan, kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko da, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.
a.2. Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko debeku batean ere ez dagoela dioena, hirugarren oinarriko d) puntuarekin bat, eta Nafarroako Gobernuko Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuari eman beharreko baimena, egokitasuna egiaztatzeko behar diren jarduketak egin ditzan.
a.3. Aurreko urteko kontuen kopia.
a.4. Entitatearen plan estrategikoa edo antzekoa, haren egitura eta haren barne antolaketa biltzen dituen agiria, salbu eta eskabidearen inprimaki ofizialari dagokion atalean aipatzen dena bada.
a.5. Erantzukizuneko aitorpena, aurkezturiko proiektuaren antzeko jarduketen gainekoa, azken bost urteetan egin badira. Jarduketa horiek funts publikoekin burutu badira, kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, diru-laguntzaren edo kudeaturiko kontratuaren zenbatekoa adieraziko duena, salbu eta administrazio hori Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua baldin bada.
Entitate elkarteak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:
a.6. Elkartearen eraketa-agiria. Taldeak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian espresuki azaldu beharko da taldeari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.
a.7. Talde edo elkartea osatzen duen entitate bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non elkartearen izenean eta horren kontu proiektua burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.
b) Proiektuko agiriak:
b.1. Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.
b.2. Proiektua garabidean dagoen herrialde batean burutzen ari bada, lankidetza teknikoa hartzen duen erakundearen eskaera espresua aurkeztuko da. Hura herrialdeko bazkide edo erakundetzat joko da. Eskaera horretan adieraziko dira proiektuaren xede den gaitasuna berariaz indartu beharra, burutu nahi den moduaren zehaztasuna, laguntza hartzen ahal duten pertsona eta erakundeen ezaugarriak eta lankidetza teknikoa eskatzeko zergatikoa. Eskaerarekin batera entitate eskatzaileak eta herrialdeko bazkideak sinatuko duten hitzarmen edo kontratuaren eredua aurkeztuko da. Agiriak jatorrizkoak izanen dira, herrialdeko bazkidearen legezko ordezkariak sinatuak.
b.3. Aholkularitza, prestakuntza edo ikerketa taldeko kide bakoitzaren curriculum zehatza (prestakuntza akademikoa, lan arloko esperientzia eta argitalpenak).
b.4. Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.
b.5) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek proiektuko zikloaren edozein fasetan parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana programaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.
Zazpigarrena.-Instrukzioa.
1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.
2. Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskaturiko diru-laguntzarenak, entitate eskatzailearenak eta/edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aipatzen direnak, interesdunari eskatuko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19.3 artikuluarekin bat, hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.
Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1. Eskaerak 0 puntutik 1.000 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:
a) Gaitasun instituzionala (300 puntu bitarte): entitate eskatzailearen gaitasun finantzarioa, estrategikoa eta operatiboa baloratuko da, eta ekintza egiten duen langile taldearen esperientzia eta gaitasuna ere bai. Hona hemen baremoa:
a.1. Gaitasun finantzarioa (40 puntu bitarte).
a.2. Gaitasun estrategikoa (60 puntu bitarte).
a.3. Gaitasun operatiboa (100 puntu bitarte).
a.4. Talde teknikoaren gaitasun operatiboa (100 puntu bitarte).
Entitate elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarentzako baloratuko da, eta, elkartea bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan (300 puntu egin arte).
b) Ekintzaren kalitatea (500 puntu bitarte): proiektuaren osagai teknikoak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:
b.1. Ekintzaren barne koherentzia (200 puntu bitarte): eskariaren jatorria (80 puntu bitarte), orotariko helburuaren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (40 puntu bitarte), jardueren eta emaitzen arteko harremana (40 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (40 puntu bitarte).
b.2. Aurrekontua (80 puntu bitarte): gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (40 puntu bitarte), gastuaren beharra (40 puntu bitarte).
b.3. Metodologia (220 puntu bitarte): gaitasunak atzematea (50 puntu bitarte), proiektua burutzeko metodologia (90 puntu bitarte), xede-populazioa (40 puntu bitarte) eta partaidetza (40 puntu bitarte).
c) I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildo estragikoekiko eta lehentasun geografikoekiko egokitasuna (200 puntu bitarte): egiaztatuko da edukiak zeharkako ildo bakoitzaren behar adinako osagaiak biltzen dituela, gaitasuna sortzekoa izan ezik. Izan ere, ekintza mota horren ezaugarriak bat datoz harekin. Plan Zuzentzaileko lehentasunezko eremu geografikoetako helburu estrategikoekiko egokitasuna ere egiaztatuko da. Hona hemen baremoa:
c.1. Pobrezia errotik erauztea (40 puntu bitarte).
c.2. Genero ikuspegia (40 puntu bitarte).
c.3. Ingurumen ikuspegia (40 puntu bitarte).
c.4. Giza eskubideen eta eremuko nortasun kulturalekiko begirunearen ikuspegia (40 puntu bitarte).
c.5. Nafarroako Lankidetzarako Plan Zuzentzaileko lehentasunezko eremu geografikoetako helburu estrategikoekiko egokitasuna (40 puntu bitarte).
2. Diru-laguntzaren eskaera aintzakotzat har dadin, proiektuak guztira 500 puntu beharko ditu batera. Horietariko 80 puntu, gutxienez, plan zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei egokituko zaizkie. Gainera, ezin izanen dituzte 15 puntu baino gutxiago izan proiektuaren eta zeharkako ildo bakoitzaren arteko egokitasuna baloratzeko irizpide bakoitzean.
3. Diru-laguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.
4. Positiboki baloraturiko proiektuei dagozkien zenbateko eskatu guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.
Bederatzigarrena.-Alegazioen tramitea.
Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
Hamargarrena.-Ebazteko epea.
1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.
2. Deialdiaren gaineko ebazpenean diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.
Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.
Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesdunei.
Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren aurrerakinak.
1. Lehenengo urteko diru-laguntza aldez aurreko ordainketa bakar bidez eginen da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariazko baimena emanez gero, laguntza emateko ebazpena eman eta gero. Diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, aldez aurretik bankuaren abala edo legerian ezartzen den beste berme bat aurkeztu beharko da, aurreratu beharreko zenbateko osoaren adinakoa.
2. Hurrengo urteko diru-laguntza pagatzeko, aurreko urteko diru-laguntza eta Nafarroako Gobernuaren ez beste guztien diru-ekarpena, urte horretakoa, osorik justifikatu beharko dira, kasuan kasuko ebazpenean ezartzen diren baldintzetan. Gainera, urte bakoitzean aurretik ordaintzeko arau horiei jarraituko zaie.
3. Urte bakoitzeko diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, organo emaileak erabakitzen ahalko du 60.000 euroko edo hortik goitiko zenbatekoak aurreraturik pagatzea. Horrela, diru-laguntzaren onuradunak ez du behin ere izanen 60.000 eurotik gorako aurrerakinik bermerik aurkeztu gabe. Bigarren aurrerakina aurreko aldian eginiko gastuen %70 justifikatu arte ez da pagatuko, bai Nafarroako Gobernuaren funtsen bidez, bai bestelako diru-ekarpenen bidez, exekuzioaren hein bateko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkezturik.
Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren justifikazioa.
1. 2011eko martxoaren 31 baino lehen, entitate onuradunek txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute proiektuaren betetze mailari buruz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.
2. Urte bakoitzeko hein bateko txostenek eta azkeneko txostenak kontu justifikatiboaren itxura izanen dute. Osagai hauek bilduko dituzte:
a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
b) Txosten teknikoa proiektuaren betetze mailaz, eredu ofizialaren araberakoa, gutxienez helburuak, lorturiko emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena.
c) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.
d) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantzaketa iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru-mota eta zenbatekoa eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze mailari buruzko laburpen zehatza aurkeztuko da.
e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.
3. Gastuen zerrendekin batera, agiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Frogagiriak fakturak izanen dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala kreditatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.
Hamalaugarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontu-sail hauetakoak izan daitezke:
a) Zuzeneko gastuak:
a.1. Ondasun higiezinak alokatzea.
a.2. Ekipamenduak, materialak eta hornidurak.
a.3. Langileen gastuak.
a.4. Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak.
a.5. Gastu finantzarioak, notarioenak, erregistrokoak eta bankuaren bermearenak.
b) Zeharkako gastuak.
Proiektuaren diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak entitate eskatzaileak Nafarroan duen ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak dira, esku hartzeko bidea ematen dutenak.
Gastuak frogatzeko, hamalaugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta frogatzeko zaila den gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, entitatearen legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Frogagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diru-laguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.
2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, baldin eta jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.
3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.
4. Diru-laguntzen xede diren gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.
Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak ekintzaren zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15i dagokiona, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamaseigarrena.-Eginbeharrak.
Proiektu jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Proiektua diru-laguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da.
b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatzea eta hura erabili ahal izatea diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak sartzeko, hori burutzen ari den bitartean, herrialdean garapena eragotzi edo zailtzen duten goraberak gertatzen direnean. Funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa eta kokagunea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik. Ekintza gauzatzen ari den bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak kasuan kasuko txosten partzialean edo amaierako txostenean jakinaraziko dira.
c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea.
d) Organo emailearen aurrean frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera burutu dela eta diru-laguntza emateko helburua lortu dela, deialdiko hamalaugarren oinarrian aipatzen diren txosten partzialen eta amaierakoen bidez.
e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.
f) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.
g) Proiektuaren publizitate eta hedatze guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du.
h) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetako hemezortzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
k) Ondasun inbentariagarriak erosiz gero, onuradunek diru-laguntzaren xederako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hiru urtez.
Hamazazpigarrena.-Ez-betetzeak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, diru-laguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.
2. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez betetzat hartuko da.
3. Ez betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:
-Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.
-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.
4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hemezortzigarrena.-Errekurtsoak.
Deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F0920824
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
