1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
136/2009 FORU AGINDUA, uztailaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan aurreikusita dagoen Arbitraje Batzordeko idazkaria izendatzen duena.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan, 1. idatz-zatian, arbitraje batzorde bat aurreikusten da, eginkizun hauek izanen dituena:
a. Hitzarmen hau interpretatzearen ondorioz eta bakoitzaren tributu harremanei buruzko kasu konkretuetara aplikatzearen ondorioz administrazio interesdunen artean sortzen diren gatazkak ezagutzea.
b. Ondotik adierazten diren gaien arloan, Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta beste autonomia erkidego bateko administrazioaren artean sortzen diren gatazkak ebaztea: Nafarroako Foru Komunitateak ordainarazi behar dituen tributuen lotura puntuen aplikazioa eta, sozietateen gaineko zergan eta balio erantsiaren gaineko zergan, baterako tributazioa egiten denean administrazio bakoitzari dagokion proportzioa zehaztea.
c. Zergadunen helbideratzea dela-eta sor daitezkeen desadostasunak ebaztea.
Martxoaren 24ko 353/2006 Errege Dekretuaren bidez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusi zen Arbitraje Batzordearen Erregelamendua onetsi zen. Erregelamenduaren 7. artikuluan hauxe dago ezarrita:
"1. Arbitraje Batzordeak idazkari bat izanen du, baina ez da batzordekidea izanen. Idazkariak Nafarroako Foru Komunitatearen edo Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzuko langilea izan beharko du.
2. Arbitraje Batzordeko idazkaria hiru urterako izendatuko dute, txandaka, batean Ekonomia eta Ogasun Ministerioak, eta hurrengoan Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak. (...)"
Hori horrela, oraingo idazkariak, 2006ko uztailaren 21eko Foru Aginduaren bidez izendatu zenak, hiru urteko epea bete duenez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusi zen Arbitraje Batzordearen Erregelamenduaren (martxoaren 24ko 353/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) 7. artikuluaren 2. idatz-zatian xedatutakoa betetzeko asmoz,
AGINDU DUT:
1. Jesús Alonso García jauna, Estatuko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioa, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkari izendatzea. Funtzionario horren egungo destinoa Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Ordezkaritza Berezian dago.
2. Foru agindu hau interesdunari, Ekonomia eta Ogasun Ministerioari eta Arbitraje Batzordeko buruari jakinaraztea.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2009ko uztailaren 22an.-Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.
Iragarkiaren kodea: F0920260