104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Tuterako udalerrian hiri garraio publikoaren tarifak arautzen
dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2009ko maiatzaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu ordenantza, eta argitaratu, berriz, 2009ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 22an. Jendaurreko epea inork erreklamazio, kexa eta oharrik aurkeztu gabe iragan denez, aipatu ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/2008 Foru Legearen 325 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da. Hona hemen:

Ordenantza, Tuterako udalerrian hiri garraio publikoaren tarifak arautzen dituena

1. artikulua. Xedea. Ordenantza honek hiri garraio publikoaren tarifak arautzen ditu, bereziki talde hauek tarifa murriztuen bidez hiri garraio publikoa eskura izan dezaten: 65 urtez goitikoak, ezgaitasuna dutenak, 52 urtez goiti eta 65ez beheiti izanik legez langabezian egon eta diru-sarrera mugatuak dituztenak eta familia larrietakoak.

2. artikulua. Tarifen aplikazio esparrua. Tuterako udalerriko hiri garraioaren lurralde esparruan aplikatuko dira tarifak.

3. artikulua. Tarifa motak. Lau tarifa mota izanen dira, baldintza hauetan:

-Bonobus tarifa, ondoko tarifetan sarturik ez egon arren, bonobus txartela erosten duten guztiendako.

-A gizarte tarifa, diru-sarrera mugatuak dituzten 65 urtez goitiko jendeendako, hurrengo artikuluan zehazten den arabera.

-B gizarte tarifa, aitzineko atalean aipatu baino diru-sarrera handiagoak dituzten 65 urtez goitiko jendeendako, ezgaitasuna dutenendako eta langabetuendako, hurrengo artikuluan zehazten den arabera.

-C gizarte tarifa, familia larrien kide direnendako, Familia Larriei buruzko 20/2003 Foru Legearen 3. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

-Linea aldaketa, hiri garraioaren erabiltzaile guztiendako; doan izanen eta ez du frogagiririk beharko.

Tarifa hauek ordaintzeko, garraio txartela erosiko da, ordenantza honen borzgarren artikuluak aipatzen duen tramitazioaren ondotik.

Tarifa hauek ez dira elkarren artean metagarriak.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Bonobus tarifa eskuratzen ahalko dute hiri garraioaren erabiltzaileek, banakako txartela erosi beharrean, ohiko bideak erabiliz bonobus txartela erosten badute.

2. "A" gizarte tarifa eskuratzen ahal dute 65 urtez goitikoek, haien urteko banakako diru-sarrerak, kontzeptu guztiengatik (pentsioak, kapital higigarri nahiz higiezineko errentak) ez badira Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa bider 1,13 edo indarra duen OAEAP baino handiagoak, edo OAEAP bider 1,35, ezkontiderik edo bizikidetza harreman bereko lagunik izanez gero, bien diru-sarrera osoak baturik. Ezkontidearenak ez diren familia kargak izanez gero (seme-alaba adingabeak, 23 urte arteko seme-alabak, 23koak ere barne, legezko langabezia egoeran daudenak, edota ikasketak egiten, nahiz diru-sarrerarik gabeko seme-alaba ezinduak), aipatu muga ekonomikoei OAEAP bider 0,23 gehituko zaie mendeko lagun bakoitzeko.

Orobat, ondare pertsonala edo mendeko lagunena ez da izaten ahal 21.000 euro baino gehiagokoa, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta. Urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, horiek 14 hilabetetan hainbanatuko dira.

3. "B" gizarte tarifa eskuratzen ahal dute:

-65 urtez goitikoek, haien gaitasun ekonomikoa "A" txartela eskuratzeko aipatu dena baino handiagoa bada.

-5etik 65 urte bitartekoek, baldin badute erabateko ezintasuna, baliaezintasun handia edo %65eko edo gehiagoko minusbaliotasunaren kalifikazioa.

-52tik 65 urte bitartekoek, legezko langabezian badaude eta haien urteko banakako diru-sarrerak, kontzeptu guztiengatik, ez badira OAEAP bider 1,58 baino gehiago, edo OAEAP bider 1,81, ezkontiderik edo bizikidetza harreman bereko lagunik izanez gero, bien diru-sarrera osoak baturik. Ezkontidearenak ez diren familia kargak izanez gero (seme-alaba adingabeak, 23 urte arteko seme-alabak, 23koak ere barne, legezko langabezia egoeran daudenak, edota ikasketak egiten, nahiz diru-sarrerarik gabeko seme-alaba ezinduak), aipatu muga ekonomikoei OAEAP bider 0,23 gehituko zaie mendeko lagun bakoitzeko. Orobat, ondare pertsonala edo mendeko lagunena ez da izaten ahal 21.000 euro baino gehiagokoa, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta. Urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, horiek 14 hilabetetan hainbanatuko dira.

Erranak erran, onuradun izateko baldintzak betetzetik gelditzen den puntuan iraungiko da garraioren tarifa berezia eskuratzeko eskubidea.

4. "C" gizarte tarifa eskuratzen ahalko dute familia larrien kideek, Familia Larriei buruzko 20/2003 Foru Legearen 3. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta Foru Lege horrek ezarritako titulu ofiziala eskuratu badute.

5. artikulua. Tarifetarako eskubideen frogagiriak.

a) Bonobus tarifaren onuradun izateko, aski izanen da hura eskatzea Tuterako Udaleko HLZan.

b) "B" tarifaren onuradun izan nahi dutenek, 65 urtez goitikoak badira, halakoak direla frogatzeko NANa aurkeztu beharko dute.

c) "A" tarifari, "B" tarifako gainerakoei eta "C" tarifari dagozkien txartelen onuradun izan nahi dutenek eskatu beharko diote Tuterako Udalari.

c.1.) A" eta "B" tarifei dagozkien txartelen eskatzaileek, 65 urtez goitikoak kenduta, agiri hauek ekarri beharko dituzte:

-Interesdunak espresuki egiten duen eskaera.

-Eskatzailearen NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia.

-Karneterako argazki bat.

-Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo hura aurkeztera beharturik ez daudela dioen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, baita eskatzailearen diru-sarrerak frogatzen dituzten bertzelako dokumentuak ere.

-Eskatzaileak adierazten badu baduela mendekotasuna duen norbait bere ardurapean, horren frogagiriak ekarri beharko ditu, baita pertsona horien gaitasun ekonomikoari buruzkoak ere.

-Ezgaitasunen bat alegatu badu, horren ziurtagiria.

-Lan eskariaren ziurtagiria, langabeziako prestazioak jasotzen dituela edo ez dituela adierazi bada, inguruabar hori alegatu duten 52tik 65 urte bitarteko jendeen kasuan.

c.2.) "C" tarifari dagozkion txartelen eskatzaileek agiri hauek ekarri beharko dituzte:

-Interesdunak espresuki egiten duen eskaera.

-Familia larriaren titulu ofiziala, Familia Larriei buruzko 20/2003 Foru Legearekin bat.

-Eskatzailearen NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia. Eskaera adin txikiko batek aurkezten badu, haren legezko ordezkariaren baimena ere aurkeztu beharko du.

-Karneterako argazki bat.

Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzen duen urriaren 29ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat, aditzera ematen da ezen, txartel mota hau eskatzeko agirietan dauden datuetatik, Tuterako Udalak horretarako nahitaezkoak direnak baizik ez dituela lagako; interesdunek eman beharko dute horretarako baimena, eskabidea egiten den unean.

Eskabidean ezarritako datu pertsonalak ez emateak edo sistemaren kudeaketan parte hartzen duten entitateei datu pertsonalak lagatzeko baimenik ez emateak ekarriko du eskabidea artxibatzea. Horrek ordenantza honen 6. artikuluan eskabideak artxibatzen direnerako aurreikusten diren ondorioak izanen ditu.

6. artikulua. Sistemaren kudeaketa. Tuterako Udalak kudeatuko ditu garraioaren tarifak; horrek bere jarduketak koordinatuko ditu hiri garraioaren zerbitzuaren kontzesioa duen enpresarekin eta bertzelako entitateekin, haien lankidetza beharrezkoa bada.

a) Eskabideak.

Eskaerak Tuterako Udaleko HLZan bildurik, interesdunek ekarritako datuak egiaztatuko dira eta, premia izanez gero, eskatuko du horiek argitzeko edo aurkezteko ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko beharrezkoa den dokumentazio osagarria.

Datuak argitzeko edo ekartzeko eskaturik, horretarako ezarritako epea informazioa osatu gabe iragaten bada, ulertuko da eskatzaileak uko egiten diola bere eskariari eta artxibatuko da eskaera. Eskaera bat arrazoi horiengatik artxibatuz gero, interesdunek ez dute berriz ere aurkezten ahalko harik eta urtebete iragaten den arte artxibatzen denetik.

b) Eskaeren gaineko erabakia.

Aipatu dokumentazioa ikusirik, Tuterako Udalak erabakiko du tarifa berezia ematen duen edo eskaera ezesten duen, eta erabakia jakinaraziko dio interesdunari.

Eskaeraren gaineko erabakia gehienez ere hilabetez hartu beharko da, aurkezten denetik. Epe hori iraganik horren gaineko ebazpen espresurik eman ez bada, ezetsitzat joko da.

Tarifa onartuta, Udaleko HLZetan jasotzen ahalko da dagokion garraio txartela; horretarako, fidantza bat ordaindu beharko da, Tuterako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak urtero finkatuko duena.

c) Eskaeren berrikuspena.

Tuterako Udalak beti eguneraturik izanen du garraioaren tarifa bereziaren onuradunen erregistroa. Noiznahi egiten ahalko dituzte egiatazpenak, onuradunei aurreko urtean eskatu zitzaizkien baldintzak betiere betetzen direla frogatzeko.

Nolanahi ere, tarifa bereziei loturiko txartelek urtebeterako balioko dute. Urtea iraganik, Tuterako Udalari frogatu beharko zaio tarifaren onarpena ekarri zuen egoera bere horretan dagoela, aitzineko artikuluetako irizpideen arabera.

Ofizioz emanen zaie baja onuradun izateko baldintzak betetzen ez dituzten onuradunei edo baldintzak betetzen dituztela frogatzeko eskatzen diren agiriak ekartzen ez dituztenei eta horretarako ematen den epean ekartzen ez dituztenei. Orobat, frogatzen baldin bada onuradunen bat tarifaz baliatu dela ordenantza honen kontrako arau-haustea eginik, behar den zehapen espedientea irekiko zaio, eta ulertuko da, kontrakoa frogatu ezik, baldintzak betetzen zirela frogatzeko agiriak ekartzen ez badira, gizarte tarifaz modu bidegabean baliatzen zela. Onuradun baten baja gertatzen bada aitzineko paragrafoan laguntzeko aipatzen den eginbeharra ez betetzeagatik eta zehapenik jaso ez badu, haren portaera ez zelako ordenantza honen kontrako arau-hausterik, ezin izanen du tarifa berezia berriz ere eskatu harik eta urtebete iragan arte baja eman zaionetik.

Erregistroko baja gertatzen bada bada laguntzeko betebeharra ez betetzeagatik eta zehapena ezarri bazaio haren portaera ordenantza honen kontrako arau-haustea izateagatik, ez du berriz ere tarifa berezia eskatzen ahalko harik eta ezarritako zehapena preskribatzen ez den arte.

7. artikulua. Onuradunen eta Administrazioaren arteko harreman juridikoaren edukia.

1. Onuradunen eskubideak.

Onuradunek eskubide hauek dituzte:

a) Ordenantza honetan ezarritako tarifa eskuratzeko, beren adin, gaitasun eta egoera sozioekonomikoaren arabera.

b) Onuradunaren frogagiria izateko. Frogagiria NANa izaten denetan izan ezik, Tuterako Udalak ziurtagiri batez hornituko ditu; hartan onuradunaren izen-deiturak, helbidea eta NAN zenbakia agertuko dira, eta "A", "B" edo "C" txartelaren titular bilakatzen duen pasa-hitza.

c) Garraio txartel bat jasotzeko; hartan behar bezalako profila sartuko da, ordenantza honen xede diren tarifak ordaindu beharrez.

2. Onuradunen eginbeharrak.

Onuradunek eginbehar hauek dituzte:

a) Beren burua identifikatzeko gidariaren, Tuterako Udalaren edo garraioko ikuskaritzaren aitzinean, horretarako errekeriomendua egiten bazaio. "A", "B" eta "C" tarifa bereziak eskuratzea pertsonala eta eskualdaezina da; beraz, hura bertze batek modu bidegabean erabiltzen badu zehapena ezarriko da, behar den zehapen espedientea abiarazi ondoan.

b) Tarifa berezia onartzeko bidea eman zuen egoeran aldaketarik izanez gero, hura jakinarazteko.

3. Arau-hausten araubidea.

Ordenantza honetako xedapenak ez betetzea arau-hauste arina izanen da.

Egitate hauek arau-hauste larritzat joko dira:

a) Eskaeran gezurrezko datuak paratzea.

b) Garraio txartela titularra ez den bertze lagun batek erabiltzea, baita hura lagatzea ere nahikeria horrekin.

c) Garraio txartela onartzeko bidea eman zuen egoeran edozein aldaketa jakinarazteko eginbeharra ez betetzea.

Edozein arau-hauste egiteak dagokion zehapen espedientea abiaraztea ekarriko du; hura administrazio prozeduraren gaineko arauei jarraikiz tramitatuko da.

Arau-hauste arinak 6 hilabeteko epean preskribatuko dira eta larriak, berriz, urtebetean; noiz jakin diren, orduantxe hasiko dira epeak kontatzen.

4. Zehapen araubidea eta arau-hausteen ondoriozko bertzelako erantzukizunak.

Arau-hauste arinak egiteak ekar dezake txartela 6 hilabete baino gutiagoan kentzea eta 600 eurorainoko isuna ezartzea.

Arau-hauste larriak egiteak ekar dezake 3.000 eurorainoko isuna ezartzea. Orobat, erabaki daiteke txartela 6 hilabete baino gehiagoan eta 5 urte baino gutiagoan kentzea. Horrek ez du kentzen, erantzukizun penalak ere eskatu ahal izatea, baita arau-hausteak Tuterako Udalari ekarri dizkion kalte-galerak ordaintzeko eta modu bidegabean erabili diren diruak itzultzeko ere.

Berreroriz gero, kasu bakoitzeko zehapen denik handiena ezarriko da. Berrerortzetzat joko da arau-hauste baten erantzuleak zehapena jaso eta, zehapen hori preskribatu gabe egonda, ordenantza honen kontrako bertze arau-hauste bat egiten duenean. Arau-hauste arin batean eta bertze bat larrian berreroriz gero, zehapena izanen da arau-hauste larrienari dagokiona, eta hartan ertaina.

Zehapen arinak urtebetean preskribatuko dira eta larriak, berriz, 2 urtean; zehapena administrazio bidean irmo denean, orduantxe hasiko dira epeak kontatzen.

5. Goiti-beheitiak.

Txartela galdu edo ebatsiz gero, onuradunak horren berri eman beharko du gehienez ere zazpi eguneko epean, eta prestrazioa bertzerik gabe berrituko da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, eta ohartarazten da behin betiko onespen honen aurka jotzen ahal dela bide hauetakoren bat erabiliz:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2009ko uztailaren 31n.-Ogasuneko zinegotzi delegatua, Jose María Navarro Fandos.

Iragarkiaren kodea: L0920450