104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

354/2009 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta bi helburu nagusi ditu:

a) Hizkuntza eskola ofizialetako irakaskuntzak ematea urrutiko irakaskuntzaren modalitatean, hizkuntzen urrutiko irakaskuntza ofizialaren curriculumari jarraikiz.

b) Bigarren Hezkuntzako hizkuntza curriculumak eta araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzaren curriculumak bateratuko dituzten ikastetxe laguntzaileetan hizkuntzen irakaskuntza koordinatzea.

Lehenengo helburua betetzeko asmoz, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak That?s English izeneko urrutiko ingeles ikastaroa eman eta koordinatzen du, eta bigarren helburua betetzeko, Hezkuntza Departamentuak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin lankidetza programa bat garatu du.

Martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailen curriculuma ezartzen du, eta ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretuak, berriz, irakaskuntza horien maila aurreratuaren curriculuma.

That's English izeneko ingeles ikastaroak araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzako oinarrizko eta erdiko mailak irakastea du helburua, ingelesekoak hain zuzen, urrutiko irakaskuntzaren modalitatean.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuekiko lankidetza programak aukera ematen die Bigarren Hezkuntzako ikasleei, nahi izanez gero, araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzan sartu (ingelesa, frantsesa eta euskara ikasteko) eta ziurtagiri horiek lortzeko, nork bere ikastetxean eta bere irakasleen bitartez.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2009-2010 ikasturtean Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean daude eta laguntza administratiboko zentroetan, tutoretzako laguntza zentroetan eta ikastetxe laguntzaileetan ere aplikatuko dira.

2. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari, Euskara Atalari eta ikastetxe interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko ekainaren 29an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2009-2010 ikasturtean arautzeko jarraibideak

I. Urrutiko irakaskuntza: That's English! ikastaroa.

I.1. Ikastaroaren azalpena.

That's English! ikastaroko ikasketak ingeleseko irakaskuntza espezializatuko oinarrizko eta erdiko mailakoak izanen dira, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuak ezarritako curriculumaren arabera.

That's English! ikastaroaren bidez, urrutiko modalitatean, bi kurtso oinarrizko mailan eta kurtso bat erdikoan irakasten dira. Kurtso bakoitza iraupen eta ezaugarri berdineko hiru modulutan egituratzen da.

-1., 2. eta 3. moduluak oinarrizko mailako lehen kurtsoari dagozkio.

-4., 5. eta 6. moduluak oinarrizko mailako bigarren kurtsoari dagozkio.

-7., 8. eta 9. moduluak erdiko mailari dagozkio.

6. modulua gainditzeko proba oinarrizko mailaren ziurtagiria lortzeko berariazko proba izanen da, uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan ezarri eta arautua dagoena. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak prestatuko du proba hori, ezarrita dauden irizpideei jarraikiz.

Era berean, 9. modulua gainditzeko proba erdiko mailako ziurtagiria lortzeko berariazko proba komuna izanen da. Proba hori oinarrizko eta erdiko mailak antolatzeko uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan ezarri eta arautua dago Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztientzat.

I.2. Ikasleak onartzeko irizpideak.

Hizkuntzen urrutiko irakaskuntzan sartzeko ezinbestekoa izanen da hamasei urte beterik izatea ikasketak hasten diren urtean.

Oinarrizko mailako bigarren kurtsoan edo erdiko mailan matrikulatzeko, ikasketa horietarako baldintza orokorrez gain, ikasleek honako baldintza hauetakoren bat bete eta ziurtatu beharko dute, aurretik egin ez badute:

-Hizkuntza eskola ofizialetako lehen kurtsoa gaindituta izatea, bertaratzeko modalitatean edo urrutikoan, oinarrizko mailako bigarren kurtsoan matrikulatu ahal izateko.

-Hizkuntza eskola ofizialetako bigarren kurtsoa gaindituta izatea, bertaratzeko modalitatean edo urrutikoan, erdiko mailan matrikulatu ahal izateko.

-1. eta 2. moduluak gaindituta izatea oinarrizko mailako 2. kurtsoan matrikulatu ahal izateko, eta 4. eta 5. moduluak gaindituta izatea erdiko mailan matrikulatu ahal izateko.

-Sailkapen proban aldeko txostena lortzea.

Errekuperatzeko 3. edo 6. moduluak besterik ez dituen ikasleak, baldin eta ez badu hurrengo kurtsoan matrikulatu nahi (oinarrizko mailako bigarrena edo erdiko maila), errepikatzaile moduan inskribatzen ahal da oinarrizko mailako lehen edo bigarren kurtsoan, hurrenez hurren. Gainditu gabe 9. modulua besterik ez duen ikaslea errepikatzaile moduan inskribatzen ahalko da, kasu honetan erdiko mailan.

Sailkapen proba, oinarrizko eta erdiko mailak antolatzeko uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan aurreikusi dena, ondokoentzat da: aurretik ingeles maila aski izanik, aurreko mailak gainditu gabe oinarrizko mailako bigarren kurtsoan edo erdiko mailan sartu nahi duten pertsonentzat. Proba hori ikasturte hasieran eginen da.

Sailkapen proban aldeko txostena lortzeak ez du berez irakaskuntzako ondoriorik izanen. Sailkapen probak 2009-2010 ikasturtean izanen du balioa eta, beste irizpiderik ezarri ezean, 2011-2012 ikasturtera arteko balioa izanen du, hori barne.

Aurreko ikasturtean edozein hizkuntza eskola ofizialetan egin nahi duten mailaren aurrekoan matrikulatuta egon diren eta maila hori gainditu ez duten ikasleek ez dute ikaslearen sailkapen proba egiteko aukerarik izanen.

Hori hala izanik ere, ingeleseko departamentu didaktikoak kontuan izan ditzake, ikasle berri bat dagokion kurtsoan sartzerakoan, ikasle horrek hizkuntzen bere portfolio europarrean alegatutako gaitasunak.

That's English! ikastaroko ikasleak, ondorio guztietarako, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasle ofizialak izanen dira eta, aldi berean, ezin izanen dira ikasketa berean matrikulatu inongo hizkuntza eskola ofizialetan, ez ikasle ofizial gisa ez ikasle libre gisa.

I.3. Matrikulazioa eta deialdi kopuruaren muga.

2009-2010 ikasturtean kurtso bakoitzeko matrikula, aurreko 1. puntuan ezarritakoari jarraikiz, 2009ko irailaren 10etik azaroaren 30era bitarte eginen da.

Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon diren ikasleei ikaspostua bermatuko zaie. Gainerako ikasleei eskabideen ordena hertsiki betez esleituko zaizkie ikaspostuak.

Matrikula Internet bidez egiten ahalko da edo Eskolan bertan edo Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak Tuteran duen Laguntza Administratiborako Zentroan (Magallón kalea, 10). Matrikula egiteko, ikasleak matrikularen inprimakia aurkeztuko du, behar bezala beteta, eta horrekin batera NANaren fotokopia eta bi argazki.

Sailkapen proba egitea eskatzen duten ikasleek aurreinskripzioa egin beharko dute iritsi nahi duten maila horretan. Horren emaitzak jakin ondoren, matrikula eginen da, prezio hauen arabera:

MATERIALA ETA MAILA

PREZIOA

MATRIKULA ARRUNTA

Pack osoa, oinarrizko mailako 1. kurtsokoa

182 euro

Pack osoa, oinarrizko mailako 2 kurtsokoa

182 euro

Pack osoa, erdiko mailakoa

182 euro

IKASLE ERREPIKATZAILEA

Ariketen koadernoa + Gidaliburua, oinarrizko mailako 1. kurtsokoa

41 euro

Ariketen koadernoa + Gidaliburua, oinarrizko mailako 2. kurtsokoa

41 euro

Ariketen koadernoa + Gidaliburua, erdiko mailakoa

41 euro

FAMILIA UGARIA (3-4 seme-alaba)

Pack osoa, oinarrizko mailako 1. kurtsokoa

91 euro

Pack osoa, oinarrizko mailako 2. kurtsokoa

91 euro

Pack osoa, erdiko mailakoa

91 euro

FAMILIA UGARIA (4 seme-alaba baino gehiago)

Pack osoa, oinarrizko mailako 1. kurtsokoa

0 euro

Pack osoa, oinarrizko mailako 2. kurtsokoa

0 euro

Pack osoa, erdiko mailakoa

0 euro

IRAKASLE FUNTZIONARIO EZ ERREPIKATZAILEAK

(4 seme-alaba baino gehiago)

Pack osoa, oinarrizko mailako 1. kurtsokoa

91 euro

Pack osoa, oinarrizko mailako 2. kurtsokoa

91 euro

Pack osoa, erdiko mailakoa

91 euro

Material didaktikoari dagokion matrikula itzultzea bidezkoa izanen da, bakar-bakarrik, interesdunari ezin lepora dakizkiokeen arrazoiengatik deuseztatzen denean.

Ikasleak bizilekua aldatzen duenean espedientearen lekualdaketa egiteko eskaerak jatorrizko ikastetxearen bidez tramitatuko dira, interesdunak eskaturik, destinoko ikastetxean ikasposturik badela berretsi eta gero. Destinoko ikastetxeak espedientea jaso duela berresten denean, jatorrizko ikastetxeak ikaslearen baja emanen du.

Baldin eta That's English! programako ikasle batek ikasketak bertaratzeko modalitatean jarraitu nahi baditu, hizkuntza eskola ofizialek jendea onartzeko ezarria duten prozedura orokorra aplikatuko da modalitate horretan sartzeko.

I.4. Ikastetxeak.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak, egoitza nagusia ez ezik, bidezko baimena duten beste ikastetxe batzuen laguntza izanen du. Batzuk laguntza administratiborako zentroak izanen dira eta beste batzuk tutoretzarako laguntza zentroak. Horiek ikasleek behar dituzten azpiegiturak eskainiko dituzte.

Halaber, azterketak egiteko, eskolak beste ikastetxe batzuetako ikasgelak erabiltzen ahalko ditu.

I.5. That's English! ikastaroa ematen duten irakasle-tutoreak.

Ingeles irakasleak Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoak izanen dira.

That's English! ikastaroa, gehienbat, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleek emanen dute. Behar izanez gero, beren ordutegia hizkuntza eskolan osatzen duten dedikazio partzialeko irakasleak ere sartzen ahalko dira programan, hala nahi badute.

Programa hauetako irakasleek ikasturte osorako konpromisoa hartu beharko dute, hala ikasleen tutoretzako laguntzari nola ebaluazioari dagokionez.

Irakasle-tutore bakoitzaren dedikazioak astero ordu eta erdiko ahozko praktikako saioa bermatuko du dagokion ikasle taldearekin, baita idatziz egiten diren jarduerak eta moduluko probak zuzentzeko, idatzizko azterketak zaintzeko eta ahozko proben epaimahaietan esku hartzeko beharrezko denbora ere. Halaber, irakasleak koordinazio bileretara joanen dira, baldin eta dei egiten badiete.

I.6. Tutoretza.

Ikasleek tutoretza ordu bat izanen dute astean, ikasturteak dirauen bitartean.

Tutorearen laguntza saioak taldeetan eginen dira eta asistentzia borondatezkoa izanen da. Halere, ikasleen asistentzia ebaluatzeko, hilabetean behin egiaztatuko da asistentzia hori.

Tutoretza saioen helburuak hauek izanen dira:

-Ahozko adierazpena garatu eta beste gaitasunekin integratzea.

-Ingelesaren ikaskuntza erraztuko duten teknikei eta estrategiei buruzko aholkuak ematea.

-Idazteko jarduerak zuzentzea eta haien azterketa eta zuzenketa bermatzea.

Halaber, zilegi izanen da tutoretza telematikoak eta errekuperazio taldeak antolatzea.

I.7. Baliabide didaktikoak.

Baliabide didaktikoen banaketa Urrutiko Irakaskuntza Berritu eta Garatzeko Zentroak (UIBGZ) eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak (NUHEO) zuzendu eta koordinatuta eginen da. Bi erakunde horiek laguntza administratiboko zentroendako hornidura bermatuko dute. Ikasleen matrikulak formalizatu ondoren, materiala bertara eramanen da.

Ikasle berriak matrikulatu den ikastaroaren material guztia jasoko du (testuliburuak, material osagarriak eta ikus-entzunezko materiala), jarraibide osagarriekin batera.

Ikasle errepikatzaileek matrikulatutako ikastaroari dagozkion ariketa koadernoa eta gidaliburu osagarria jasoko dituzte.

Halaber, ikasle guztiek informazio liburuxka bat eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren ezaugarrien berri ematen duen gehigarri bat jasoko dituzte.

I.8. Ebaluazioa.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala modulu guztien ebaluazio proben arduraduna izanen da.

Probak Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ezartzen dituen zentroetan eginen dira eta tutoretzaren erantzukizuna duten irakasleek zaindu eta zuzenduko dituzte, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Ingeles Departamentuak koordinatuta. Beharrezkoa den kasuetan, ikasturtean zehar ordezkapenak egiten dituzten irakasleen laguntza erabiltzen ahal da eta, aparteko kasuetan baino ez, ingeles irakasle espezialistak diren baina ikastaro honetan ez dauden irakasleen laguntza, dela Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegokoena, dela Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoena.

Ikasturtean zehar idatzizko hiru ebaluazio proba eginen dira oinarrizko eta erdiko mailetan:

-Lehenbizikoa abenduan, honako modulu hauetarako: lehenengo kurtsoko 1. modulurako; bigarren kurtsoko 4. modulurako; eta erdi mailako 7. modulurako.

Gainera, 3. eta 6. moduluen errekuperazioa eginen da.

-Bigarrena martxoan, 2., 5. eta 8. moduluetarako.

Gainera, 1., 4. eta 7. moduluen errekuperazioa eginen da.

-Hirugarrena ekainean izanen da, honako hauetarako: oinarrizko mailako lehen kurtsoko 3. modulurako; oinarrizko mailako 6. modulurako (Oinarrizko Mailako Ziurtagiria lortzeko proba izanen da), eta 9. modulurako (Erdiko Mailako Ziurtagiria lortzeko berariazko proba komuna izanen da).

Gainera, 1., 2., 4., 5., 7. eta 8. moduluen errekuperazioa eginen da.

Irailean, modulu guztien errekuperazioen deialdia eginen da.

3. moduluaren ebaluazioari dagokionez, idatzizko probak gaindituta, ikasleek ahozko proba bat egin beharko dute.

6. moduluko eta 9. moduluko probek oinarrizko eta erdiko mailako ziurtagiriak lortzeko balioko dute, hurrenez hurren.

Modulu bakoitza gainditzen denean, ziurtagiria emanen da eta horrek, hezkuntzako modalitate honen ondoriotarako, behin betiko frogatuko du probak gainditu direla.

I.9. Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eskudantziak.

Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialari dagokio:

-Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzea, That's English! ikastaroaren alderdi administratibo eta akademikoen jarraipena eta kudeaketa egiteko.

-Material didaktikoa banatzea.

-Ebaluazio probak koordinatzea, gainbegiratzea eta egitea.

-Moduluak gainditu direla ziurtatzea eta ikasleen ebaluazioaren erregistroaz eta segimenduaz arduratzea.

-That's English! ikastaroaren probak aplikatu eta ebaluatzeko epaimahaiak izendatzea.

II. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutueen arteko lankidetza programa.

II.1. Irakaskuntzak.

II.1.1. Ezaugarriak.

Programa honen xedea da bigarren hezkuntzako ikasleei aukera ematea beren hizkuntzen curriculumak martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuan ezarrita dauden oinarrizko eta erdiko mailetako irakaskuntza espezializatuen curriculumekin bateratzeko. Dekretu horren bidez araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailetako curriculumak ezarri ziren. Irakaskuntza hori ikastetxean bertan jasoko dute ikasleek, bigarren hezkuntzako irakasleen bitartez.

Arestian adierazi den programa horretan kontuan hartu behar da bigarren hezkuntzak eta hizkuntza eskola ofizialek ezaugarri desberdinak dituztela hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, baina, aldi berean, biek hizkuntzaren arloko helburu eta eduki komunak dituztela.

Gainera, ikasleek ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitaterako ezarri den maila aurreratuko hizkuntzen irakaskuntza espezializatua egiteko aukera izanen dute, baimentzen diren hizkuntzetan.

Aldian behin koordinazio bilerak eginen dira Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta programa hau irakasten duten bigarren hezkuntzako ikastetxe eta institutuetako irakasleen artean.

II.1.2. Mailen egokitzapena.

Araubide bateko eta besteko ikasketak batera eginez gero, mailen egokitzapen hauek ezarriko dira:

Euskara, A eredua

Araubide orokorreko irakaskuntzak

Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 3. kurtsoa

Oinarrizko maila

DBHko 4. kurtsoa

Erdiko maila

Batxilergoa/Lanbide Heziketa

Maila aurreratuko 1.a (*)/Erdiko maila

(*) Ikastetxeek nahi izanez gero eginen den eskaintza.

Euskara, D eredua

Araubide orokorreko irakaskuntzak

Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 4. kurtsoa

Maila aurreratua

Batxilergoa/Lanbide Heziketa

Maila aurreratua, errepikatzaileak eta ikasle berriak

Eremu euskalduneko A ereduko ikasleek aukera izanen dute D ereduko egokitzapenaz baliatzeko.

Frantsesa

Araubide orokorreko irakaskuntzak

Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 3. kurtsoa

Oinarrizko maila

DBHko 4. kurtsoa

Erdiko maila

Batxilergoa/Lanbide Heziketa

Ingelesa

Araubide orokorreko irakaskuntzak

Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 4. kurtsoa

Erdiko maila

Batxilergoa/Lanbide Heziketa

Maila aurreratuko 1.a/Erdiko maila errepikatzea

Aurretik programa honetan matrikulatuta egonda, ikasturte bat atzerrian egin behar duten ikastetxe baimenduetako ikasleek beren ikastetxeen bitartez egin dezakete matrikula, betiere ezarritako baldintza orokorrak betez gero.

II.2. Hizkuntzak.

2009-2010 ikasturtean lankidetzaren barruan sartzen diren hizkuntzak frantsesa, ingelesa eta euskara izanen dira.

II.3. Ikastetxe laguntzaileak baimentzea.

Programa honetan parte hartu nahi duten ikastetxe eta institutuek Hezkuntza Departamentuan eskatu behar dute, irakaskuntza hori ezarri nahi den ikasturtearen aurreko apirilaren 1a baino lehen, eta hori urriaren 18ko 583/1995 Foru Aginduan ezarri denarekin bat. Eskaerak dagokion hizkuntza departamentuaren babesa eta ikastetxearen Eskola Kontseiluaren onespena izan beharko du.

Hezkuntza Departamentuak emanen du horri buruzko ebazpena eta horretarako kontuan hartuko ditu Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak.

Lankidetza programa hasi duten ikastetxe eta institutuek ikasleekin hartutako konpromisoari eutsiko diote, gutxienez programa hasi zuten ikasleek ikastetxe horrek ematen ahal dituen ikasketa guztiak bukatu arte, betiere ikasleek aurrerapen egokia badute bai araubide orokorreko irakaskuntzetan bai araubide berezikoetan. Programan bigarren hezkuntzako 3. eta 4. mailetan sartzen diren ikastetxeak bete-betean sartzen ahalko dira, emeki-emeki sartu beharrik gabe.

II.4. Ikasleak.

II.4.1. Onarpena eta matrikulazioa.

Hezkuntza Departamentuaren baimena duten bigarren hezkuntzako ikastetxeetako ikasleentzat borondatezkoa da programa honetan parte hartzea.

Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetarako dagoen adin muga kontuan hartuta, 16 urtetik behera izanik Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programan parte hartzen duen ikasleak proba homologatuak (martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuan ezarriak) eginen ditu programa honetan ikasi eta dagozkion ziurtagiriak lortzeko. Proba horiek Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak prestatu eta aplikatuko ditu, maila horietarako ezarritako zehaztasun orokorrekin bat.

Ikasleak matrikula egin beharko du Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, eta ezin izanen du aldi berean hizkuntza bera beste hizkuntza eskola ofizial batean ikasi.

Aurreko kurtsoa gainditu gabe irakaskuntza hauetako zenbait kurtso eta mailatan sartzeko sailkapen probak antolatzen ahalko dira, baldin eta, II. atal honetako 1.2 puntuan ezarritako maila egokitzapenaren arabera, egiterik baldin badago.

Proba horiek ikasle hauentzat izanen dira:

1. Lankidetza programari atxikita ez dauden ikastetxe edo institutuetatik etorritako ikasleak.

2. Programan lehenbiziko aldiz parte hartu nahi duten ikastetxe edo institutuetako ikasleak.

3. Programan parte hartzen duten ikastetxe edo institutuetako ikasle izanik, eta araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen kurtso bat suspendituta, programan berriz parte hartu nahi dutenak. Aurreko ikasturtean, edozein hizkuntza eskola ofizialetan, orain egin nahi duten mailaren aurreko mailan matrikulatuta egonda, maila gainditu ez zuten ikasleek ez dute sarrera-proba hori egiteko aukerarik izanen.

Hori guztia gorabehera, nahitaezkoa da kalifikazio proba horren bidez eskuratzen duten maila ikastetxeak duen maila egokitzapenarekin bat etortzea.

Ikasleek, beren ikastetxearen bidez, informazio egokia jasoko dute, bai hezkuntzako eskaintzari buruz bai matrikulazio baldintzei buruz.

II.4.2. Taldekatzeak.

Ikastetxe laguntzaile bakoitzak bere ezaugarriei hobekien egokitzen zaien barne antolamendua hautatuko du, betiere antolakuntza horrek II. ataleko 1.2. puntuan ezarri diren baldintzak betetzen baditu eta irakasleen aukerak kontuan hartuta.

II.4.3. Eskualdekatzea, azterketak egin ahal izateko.

Hainbeste ikasle daudenez eta programako ikastetxeak hain sakabanaturik daudenez, azterketak (idatzizkoak eta ahozkoak) eta koordinazio bilerak egiteko eskualdeak sortuko dira. Hori dela eta, hizkuntza bakoitzerako eskualdeburutzat jotzen diren ikastetxeetara joan beharko dute ikasle-irakasleek.

Ahozko azterketarako deialdia.

Ahozko probak ikastetxean bertan eginen dira. Dena dela, ebaluatu beharreko ikasle kopurua bostetik beherakoa bada, beste ikastetxe batean egitea erabaki daiteke.

II.5. Irakasle laguntzaileak.

II.5.1. Irakastea.

Programa hau horretarako baimena duten ikastetxe eta institutuetako irakasleek irakatsiko dute, baldin eta irakaskuntza horiek irakasteko eskatzen den titulazioa badute, indarra duten arauetan ezarri bezala.

Irakasleek beren borondatez hartuko dute parte hezkuntza eskaintza honetan; baina, ikasturtea hasirik, programa betetzeko eta ebaluatzeko konpromisoa izanen dute.

Programa honetan parte hartzen duten irakasleek ondoko eginkizun hauek izanen dituzte:

-Programan matrikulatutako ikasleei hizkuntza ikasketen ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza ematea, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuan eta ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretuan jasotakoaren arabera.

-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak programaturiko koordinazio bileretara joatea.

-Ebaluazio prozesuan parte hartzea, hala orientaziorako probetan (idatzizkoetan eta ahozkoetan), nola ziurtagiria emateko egiten direnetan (zaintzea, zuzentzea, ahozko probetarako epaimahaiak osatzea etab.).

-Ikasleei matrikulazio prozesu guztian informazioa emateko lanean laguntzea.

Irakasleek beren eskola orduetatik astero ordu bat hartuko dute hizkuntza eskola ofizialeko maila bereko bi taldeko, edo ematen duten maila desberdin bakoitzeko, probak zuzentzeko edo koordinazio lanak egiteko.

Gainera, ziurtagiriak emateko azterketengatik zehaztuko diren ordain ekonomikoak jasoko dituzte irakasle laguntzaileek.

II.5.2. Koordinazioa.

II. atal honetako 1.1 puntuan ezarri denarekin bat, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta eskola horrekin lankidetzan ari diren Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuetako departamentu didaktikoetako irakasleen arteko koordinazioa beharrezkoa da.

Koordinazio bileretan, besteak beste, kontu hauek aztertuko dira:

-Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak prestaturik duen programazioaren jarraipenaren bateratze lana egitea, ikasturte amaieran lortu behar diren helburuak kontuan hartuta.

-Ikasleek lortu behar dituzten hizkuntza gaitasun guztiak aztertzea, baita horiek erabiltzeko material eta jarduerarik egokienak ere.

-Probetan aplikatzen ahal diren irizpideak aztertzea eta baloratzea, objektiboki kuantifikatu ezin direnak barne.

-Ikasleak ikasturte amaieran egin behar dituen idatzizko eta ahozko proben antzekoak aztertu eta baloratzea; proba horietan ekimena eta azken erabakia nahitaez Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren esku izanen dira.

-Ahozko adierazpena ebaluatzeko probak egiteko behar diren euskarriak aztertzea.

II.6. Ebaluazioa.

Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen ebaluazioari dagokionez, oinarrizko eta erdiko mailak antolatzen dituen uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan ezarritakoa eta maila aurreratuko lehen kurtsoari dagokiona beteko da, baita honako baldintza hauek ere:

a) Ebaluazio proben koordinazioa eta prestaketa lana Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialari dagozkio.

b) Ikasturtean zehar, ikasleek saiakuntza probak eginen dituzte, bai idatziak bai ahozkoak.

Idatzizko probak Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean prestatuko dira eta bigarren hezkuntzako irakasle laguntzaileek zuzenduko dituzte, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko dagokion departamentu didaktikoarekin koordinatuta.

Azken proba idatziak deialdi bakarrean eginen dira, egun eta ordu beretan. Ikastetxe laguntzaile bat baino gehiago dagoen herrietan, modu zentralizatuan eginen dira, ikastetxe batean.

Ahozko proba egiteko epaimahai mistoak eratuko dira eta horietan NUHEO-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle bat egonen dira, edo salbuespen kasuetan, NUHEOko bi irakasle. Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko die irakasle funtzionario batzuei ahozko azterketetan Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle gisa aritzeko. Kalifikazioaren azken erantzuna Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kasuan kasuko hizkuntza departamentuari dagokio.

Idatzizko probak egiteko tokiak ongi prestatu eta azterketa egunetan zaintzeko, NUHEOko zuzendaritzak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe lankideei laguntza eskatzen ahalko die, baita irakasle ez diren langileei ere.

II.7. Baliabide didaktikoak.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak, bere programazioan, testuliburu eta material osagarri batzuk ezarriko ditu eta horien bidez aurreikusi diren helburuak eskuratzen ahalko dira. Liburu eta material horiek orientaziozkoak izanen dira, ez nahitaezkoak.

III. Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

III.1. Edukia.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak, ikasturtea hastean, Urteko Programazio Orokorra eginen du, hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan gauza daitezen.

Urteko Programazio Orokorrak ondoko atal hauek izanen ditu:

III.1.1. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta planifikatzeko irizpideak.

Gutxienez ondoko hauek izanen ditu:

-Eskola eskolako kideentzat irekita egonen den ordutegia.

-Jendea hartzeko ordutegia.

-Ikastetxeko eskola orduak.

-Irakasleen ordutegi orokorra.

-Pertsona bakarreko gobernu organoen banakako ordutegia.

-Irakasle bakoitzaren ordutegia.

-Bigarren hezkuntzako ikastetxe laguntzaileetako irakasleekin koordinazioa egiteko bileren ordutegia.

III.1.2. Irakaskuntzako jarduerak.

Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren departamentu didaktikoek ikasturte osoan eginen diren jarduketen plana prestatu behar dute. Honako hau jasoko du:

-Jardueren egutegia, ondoko hauek zehaztuz: irakasle laguntzaileekin biltzeko egunak, azterketen datak etab.

-Programazio didaktikoak.

-Departamentuaren lan plana, ikasturte osokoa, aurreko urteko memorian azaldutako ondorioak kontuan hartzen dituena eta departamentuak urte horretan dituen lehentasunak aipatzen dituena.

III.1.3. Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak memoria administratiboa eginen du eta horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.

Hezkuntza Departamentuak dokumentu horiek betetzeko inprimakiak eskainiko ditu. Inprimakiak, gero, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura bidaliko dira urriaren 31 baino lehenago.

III.2. Urteko Programazio Orokorra prestatzea, onestea eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra prestatzea zuzendariaren ardura izanen da, zuzendaritza taldearekin batera, departamentu didaktikoek aurkezten dituzten proposamenen eta irakaskuntza horretarako Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburu eta lan planen arabera.

Ikastetxeko zuzendariak ezarriko du Urteko Programazio Orokorra modu egokian egiteko jarduketa egutegia.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendaritza taldeak urriaren 31 baino lehenago aurkeztuko die Urteko Programazio Orokorra Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du Urteko Programazio Orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Apirilaren 30a baino lehen, eskolak ekaineko jardueren behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, eta ekainaren 30a baino lehen, irailekoena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, eta baita horiei buruzko kontsultak egiteko aldia ere.

Urteko Programazio Orokorra eskolako kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtean zehar zuzendaritza taldeak ebaluatu eginen du Urteko Programazio Orokorra zenbateraino betetzen ari den.

Ikasturtea bukatzean, zuzendaritza taldeak ebaluatu eginen du Urteko Programazio Orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, uztailaren 9a baino lehen.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskolaren funtzionamendua kontrolatu eta gainbegiratuko du, bai arlo pedagogikoa bai antolaketari dagokiona, eta irakaskuntza hauek erregulatzen dituzten arauak eta hezkuntzako modalitate honetan eragina izaten ahal duten gainerako arau orokor guztiak betetzen diren begiratuko du.

IV. Irakaslana koordinatzeko organoak.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak frantses, ingeles eta euskara departamentuak izanen ditu.

IV.1. Departamentuen eginkizunak.

-Dagokion hizkuntzaren programazio didaktikoa egitea.

-Jardueren egutegia prestatzea.

-Lan plangintza egitea.

-Idatzizko probak prestatzea, bai ziurtagiriak luzatzekoak, bai orientabideak ematekoak, ikasleek ikasturtearen bukaeran eginen dituztenen antzekoak.

-Ebaluazio proben gidaritza kontrolatu eta aztertzen laguntzea.

-Ahozko adierazpena ebaluatzeko probak egiteko behar diren euskarriak prestatzea.

-Hizkuntza gaitasunak lantzeko material eta jarduera didaktikoak prestatzea, mailen eta helburuen arabera.

-Ziurtagiriak emateko proben ebaluazio irizpideak estandarizatzeko saioetan parte hartzea.

-Bigarren Hezkuntzako irakasleekin koordinatzeko bilerak antolatu eta zuzentzea.

-Ikasturte bukaerako memoria egitea.

IV.2. Departamentuko buruaren eginkizunak.

-Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

-Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Aktak akten liburuan bilduko dira nahitaez.

-Irakasgaiaren programazioa eta ikasturte bukaerako memoria prestatu eta koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.

-Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

-Azken proben antolamendua eta prestakuntza koordinatu eta zuzentzea.

-Ebaluazio proben ebaluazio irizpideak estandaritzatzeko saioak antolatu eta zuzentzea.

-Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

-Material inbentariagarria eguneratzea.

-Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren probak eta dokumentuak gordetzea.

-Departamentuan gertatzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

-Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian behin egiten diren bilerak departamentuko kideen prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

IV.3. That's English! ikastaroko koordinatzailearen eginkizunak.

Irakaskuntza eta kudeaketa lanak errazteko, ingeleseko departamentuko irakasle bat izendatuko da, ingelesa ematen dutenetatik aukeratuta, That's English ikastaroko koordinatzaile lanetan aritzeko.

Koordinatzailearen eginkizunak hauek izanen dira:

-That's English ikastaroaren tutoretza orduak eta egutegia prestatzea, ingeleseko departamentuko buruarekin eta zuzendaritza taldearekin batera.

-Tutoreei ikastarorako ezarri den ordutegia ematea, bai eta emanen duten ikastaro bakoitzeko baliabide didaktikoak ere.

-Moduluen ebaluazio eta errekuperazioko proba presentzialen prestaketa eta proba horien aplikazioa koordinatzea, ingeleseko departamentuko buruarekin eta gainerako tutoreekin batera.

-Ebaluazioen eta errekuperazioen egutegia antolatzea.

-Ikastetxeko zuzendaritzak ikastaroaren inguruan esleitzen dion beste edozein eginkizun.

-That's English! ikastaroa planifikatzeko bilera orokorretara joatea, eskatzen zaionean.

IV.4. Programazio didaktikoa.

Programazioan ondoko alderdi hauek bilduko dira nahitaez:

a) Helburuak, edukiak eta denboraren banaketa.

b) Metodologia.

c) Ebaluazioa:

-Ebaluatzeko irizpideak, proba irekienak barne.

-Idatzizko eta ahozko proben formatuak.

Departamentuburuak, departamentu bakoitzeko programazioa eta ikasturte bukaerako memoria prestatzeko arduradun nagusia den aldetik, haren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari. Zuzendariak, programazioa aztertu ondoren, puntu honetan ezarritakoaren araberakoa baldin bada, Ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean sartuko du eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko du.

Departamentuaren programazioa edo memoria ikastetxeko zuzendaritzari aurkeztuko zaio, behar den denborarekin, puntu honetan ezarritakoarekin bat ez badator, ikastetxeko zuzendariak aipatu dokumentuak itzul diezaizkion departamentuari, berriz egiteko.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata ikastetxeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura.

IV.5. Ikasturte bukaerako memoria.

Memoria horrek ondoko atal hauek izanen ditu:

a) Departamentuak programazioan proposaturiko lan plana zenbateraino bete den.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleekin lankidetzan aritzeko programaren balorazioa: bilerak, materialak, azterketak eta programazioa zenbateraino bete den.

c) Ziurtagiriak emateko azterketen emaitzak eta balorazioa.

d) Hurrengo ikasturtean hobetzeko proposamenak.

V. Irakasleak.

V.1. Lanaldia eta ordutegia.

Oro har, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleek, zuzendaritza taldea barne, eta baita Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko programen garapenarekin lotuta dauden jardueretan esku hartzen duten irakasle guztiek ere, azaroaren 4ko 229/2002 Foru Dekretuak aldatutako uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren I. eta IV. tituluetan ezarri dena beteko dute, jarraibide hauetan finkatutakoa kontuan hartuta.

V.2. Asteko ordutegiaren banaketa.

Irakasleek 30 ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, honela banatuak: 25 ordu ikastetxean nahitaez egin beharrekoak, eta 5 ordu osagarri, urtean zenbatzekoak.

V.3. Irakasleen ordutegi pertsonala.

V.3.1. That?s English! programako irakasleak.

Irakasleek ikastetxeko jardueretarako asteko ordutegia, hots, hogeita hamar ordukoa, adieraziko dute dagokion inprimakian, honela bereizita; alde batetik, ikastetxean egon beharreko hogeita bost orduak (irakastorduak eta asteroko ordu osagarriak), asteko lanegun guztietan banatuko direnak, eta bestetik, urtean zenbatzeko bost orduak, zehaztu gabe ageriko direnak.

A. Irakastorduak.

Lanaldi osoko irakasleek 17 irakastordu izanen dituzte astean; salbuespenez 19tara iristen ahal dira. Horien artean irakaskuntza lan zuzenekoak eta irakastordu gisa zenbatzen direnak sartuko dira.

Irakasle batek 17 irakastordu baino gehiago baldin baditu, kontuan hartuko da, betiere, irakasle bakoitzaren banakako ordutegian ageri diren irakastorduen eta asteko konputuko ordu osagarrien batura 25 ordukoa izan behar dela astean.

V.3.2. Gainerako irakasleak.

Eskolarik eman beharrik ez duten irakasleek ikastetxeko jardueretarako asteko ordutegia, 30 ordukoa, adieraziko dute dagokion inprimakian, honela bereizita: alde batetik, ikastetxean nahitaez egin beharreko 25 orduak, asteko lanegun guztietan banatuko direnak, eta bestetik, urtean zenbatzeko 5 orduak, zehaztu gabe ageriko direnak. Nahitaez ikastetxean egin beharreko 25 orduak departamentuei dagozkien eginkizunak betetzeko erabiliko dira, baita zuzendaritza karguen eginkizunak betetzeko ere, hala denean.

V.4. Zuzendaritza taldea.

Irakastorduen zenbaketaren ondorioetarako, zuzendaritza taldeak 29 ordu izanen ditu gehienez astean karguaren eginkizunak betetzeko.

V.5. Departamentuko burutza.

Irakastorduen zenbaketaren ondorioetarako, departamentuko buru bakoitzak gehienez ere 3 ordu izanen ditu astean karguaren eginkizunak betetzeko.

V.6. That's English! ikastaroko koordinatzailea.

That's English ikastaroko koordinatzaileak ikastaro horretako talde batez arduratzeko behar den denbora izanen du bere eginkizunetarako.

V.7. Urtean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxeko jardueretarako astean eman behar dituen 30 orduak betetzeko, norberaren ordutegian agertu behar duten asteko 25 orduak aparte utzita, gainerako bostak urtean konputatuko dira, irakasle guztiek nahitaez egin behar dituzten lanak egiteko, alegia, ikasleen azterketak ekain-irailetako deialdietan prestatu, egin eta zuzentzeko, eta departamentuetako gainerako eginkizunak betetzeko.

Azken azterketak egiteko finkatutako egunetan, irakasleek ordutegia egokituko dute azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera. Inguruabar hori ez da ordutegi pertsonalean agerraraziko, urtean zenbatzeko ordutegiko orduak baitira.

V.8. Ordutegien prestaketa eta onespena.

Ikasketaburuak, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskolak garatzen dituen programen beharrak kontuan hartuta, Eskolako irakasleen eta That's English! ikastaroan matrikulaturiko ikasleen ordutegiak prestatuko ditu, ebazpen honetan ezarritako arauei jarraikiz.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsiko du ordutegia. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hartuko du edozein erreklamazioren gaineko ebazpena.

V.9. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean daudela kontrolatuko du.

Eskolako zuzendariak, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen, aurreko hilabeteko asistentzia orriak igorriko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, eta horretarako ikastetxera bidaliko diren ereduak erabiliko dira.

Eredu horietan ikastetxean nahitaez egon beharreko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emanen da, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Nolanahi ere, asistentzia orrietan ondoko arauak beteko dira:

-"Hutsegitearen arrazoia" laukia ez da inoiz hutsik utziko eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

-Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

-"Hutsegitearen arrazoia" izeneko laukian "Norberaren arazoetarako ordaindu gabeko lizentzia" jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari baimena ematea.

Irakasleek beren lanetan gertatzen den edozein absentzia edo atzerapenen berri emanen diote ikastetxeari, ahalik eta lasterren.

Zuzendariak, justifikazioa aurkezteko epea bukatu eta biharamunean, justifikatu gabe gelditu diren hutsegite edo atzerapen guztien berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, soldatari egin beharreko murrizpena egin eta, beharrezkoa bada, dagokion espedienteari hasiera emateko. Kasuko irakasleari ere emanen zaio, idatziz, horren berri.

Irakasleek hutsegitearen frogagiriak aurkeztu behar dizkiote zuzendariari, horrek eskatu gabe.

Irakasleen hutsegiteen justifikanteak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta ondoren asistentzia orrietan jasoko dira.

Iragarkiaren kodea: F0919850