104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

393/2009 FORU AGINDUA, abuztuaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, nekazaritzan plastiko biodegradagarrizko lur-estalkiaren teknika sustatzeko laguntzak emateko arauak ezarri eta 2009ko deialdia onesten duena.

Plastikozko xaflen erabilerak berebiziko garrantzia hartu du Europako gaur egungo nekazaritzan. Aire zabaleko barazkigintzan horrelako produktuak erabiliz emaitza tekniko-ekonomikoak eta merkataritzaren kalitatea gero eta gehiago hobetzen ari dira. Nekazaritza profesionala ulertzen den moduan, esan daiteke plastikozko xaflen aldaera guztiak sektorearentzat ezinbesteko baliabide tekniko bilakatu direla, beste lehengai batzuk bezain beharrezkoak. Onura ekonomikoez eta kalitateaz gain, nekazaritzako ingurumen alderdiak ere nabarmen hobetzen ahal dira plastikoen erabilerari lotutako teknikak aplikatuz. Ura aurreztea eta hobeki kudeatzea, ongarrien erabilera murriztea, pestizida gutxiago erabiltzea edo herbiziden erabilera gutxitzea eta are guztiz baztertzea, onura horiek guztiek badute zerikusia plastiko hauen erabilerarekin, ezbairik gabe.

Bistan da, ordea, haien erabilerak arazoak sortzen dituela, plastikozko hondakinak direla eta: balio-aldiaren ondoren (eta batik bat industriarako tomatea bezalako barazkien laborantzan, tresna mekanikoen bitartez biltzen baitira), plastikozko xafla, behin uzta bildutakoan, txiki-txiki eginda eta lurrarekin eta labore hondarrekin nahasirik gelditzen baita. Hori horrela, hondakinak behar bezala kentzeko lana oso zaila da eta ingurumenaren gaineko eragina izan dezake.

2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak, Kontseiluarenak, ezartzen duenez, zuzeneko ordainketak jasotzen dituen nekazari orok kudeaketarako legezko betekizunak eta laborantzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak bete behar ditu. Kontseiluak 2005eko irailaren 20an emandako 1698/2005 Erregelamenduak ere goian aipatutako betekizunak eta laborantzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak bete beharra ezartzen die nekazaritza garatzeko programetan ezarritako zenbait neurriren onuradunei. Laborantzarako eta ingurumenerako baldintza egoki horietako bat da plastikoak araudi indardunean agindutako moduan biltzea, plastiko horiek nekazaritzako jarduerak sortutako hondakintzat jotzen baitira.

Plastiko biodegradagarrien agerpena, ildo horretan, plastikozko hondakinen arazoa besterik gabe konpontzen duen berrikuntza teknikoa da. Material berri hauen kostuak, ordea, konponbidea zaildu egiten du, ohiko plastikoak baino askoz garestiagoak baitira. Kostuaren eta etekinaren artean duten desorekaren ondorioz, ez dago bermaturik plastiko hauek nekazaritzako ustiategietan nabarmen hedatuko direnik.

Fruta eta barazkien sektoreko Merkatu Antolakunde Bateratuak fruta eta barazki ekoizleen elkarteen sorrera sustatzen du. Elkarte horiek funts eragileak eratzen ahal dituzte, elkarteko kideek berek jarritako diruarekin eta Europar Batasunaren diru-laguntzekin finantzatuak. Funts horiek programa eragileak finantzatzeko erabiltzen dira, eta programa eragileok ingurumen neurriak eta ingurumena errespetatzen duten ekoizpen metodoak ezarri behar dituzte, beste helburu batzuen artean. Aipatu funts eragileen bitartez finantzatzen ahal diren neurrietako bat plastiko biodegradagarrien erabilera da eta hori kontuan hartu da Estatuko laguntza hau ezartzerakoan. Europar Batasunak ezarritako gehieneko intentsitatea errespetatu behar da: honelako neurrietarako, hain zuzen ere, ohiko laborantzaren aldean neurriak duen gainkostuaren %60.

Horregatik, ohiko plastikoaren aldean plastiko biodegradagarriak dakarren gainkostuaren zati bat ordaintzeko laguntzak zehazten dira, eta kontuan hartzen da funts eragileen bitartez Europar Batasunak finantzaketan parte hartzen duela.

Arau honetako laguntzak Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1857/2006 (EE) Erregelamenduaren 4.2.e) artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira. Erregelamendu hori nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainetarako Estatuko laguntzei Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 70/2001 (EE) Erregelamendua aldatu du (AO L 358, 2006-12-16). Berari atxikitzen zaizkio Europar Batasunean nekazaritza eta basogintza sektorerako 2007-2013 bitarteko Estatuko laguntzei buruz emandako jarraibideak (2006/C 319/01).

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Arauak onestea.

Onesten dira nekazaritzan plastiko biodegradagarrizko lur-estalkiaren teknika sustatzeko laguntzak emateko arauak, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

Lehen xedapen gehigarria.-Laguntzetarako 2009ko deialdia.

1. Nekazaritzan plastiko biodegradagarrizko lur-estalkiaren teknika sustatzeko laguntzetarako 2009ko deialdia onestea.

2. Laguntza eskaerak eta egindako gastuen eta dagozkien ordainketen frogagiriak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duen egunetik hasita. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak entitate onuradunari itzultzen zaizkion arte.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.

Laguntza hauek emateko gastua onestea, 425.000 eurokoa, 2009ko Aurrekontu Orokorretako "Nekazaritzako ingurumen neurriak. Nekazaritza garatzeko programa (LGENF)" izeneko 710001 71230 4700 414202 kontu-sailaren kargura.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.

Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 7an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

NEKAZARITZAN PLASTIKO BIODEGRADAGARRIZKO LUR-ESTALKIAREN TEKNIKA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
EMATEKO ARAUAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da arauak ezartzea nekazaritzan plastiko biodegradagarrizko lur-estalkiaren teknika sustatzeko laguntzak emateko.

2. Foru agindu honetan ezarritako laguntzen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden nekazaritzako lurzatiei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Araubideari atxikitzeko betekizunak.

1. Ondoko baldintza hauek betetzen dituzten eskatzaileei soilik emanen zaizkie laguntzak:

a) Pertsona fisikoa edo juridikoa izatea, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturiko nekazaritzako ustiategi baten titularra, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat.

b) Gutxienez hektarea bat edukitzea laguntza hauei atxikita.

c) Lur-estalkiaren teknikaz lantzen diren ustiategiko alor guztietan plastiko biodegradagarria erabiltzea, 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Betekizun horiek eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira.

3. Edonola ere, entitate onuradunek ETEen beharkizunak bete beharko dituzte, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europar Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren jarduerak eta gastuak.

1. Plastiko biodegradagarriak sustatzeko laguntzaren xede izan daitezke lur-estalkiaren teknikaz lantzen diren ustiategiko alor guztietan plastiko biodegradagarria erabiltzeak dakartzan gainkostuak, gutxienez ere plastiko kopuru hau erabili eta fakturaren bidez frogatzen baldin bada:

i) Lur-estalkiak 1,20 metroko zabalera edo handiagoa baldin badu, 150 kilogramo plastiko laguntzaren xede den hektareako.

ii) Lur-estalkiak 1,20 metrotik beherako zabalera badu, 120 kilogramo plastiko laguntzaren xede den hektareako.

2. Ez da laguntzarik jasoko biodegradagarriak ez diren materialak erabiltzen badira, hala nola plastiko oxobiodegradagarriak, fototermodegradagarriak eta horien aldaerak.

4. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hau lortzeko, eskatzaileek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

b) Parte hartzea, hala ematen zaionean aditzera, hartarako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak antolatzen dituen prestakuntza ekintzetan. Horri dagokionez, konpromiso hori betetzat hartuko da laguntzaren onuradunaren partez haren ordezkari bat joaten bada, betiere pertsona horrek laguntzaren xede diren lurzatietako laborantzan aritzeko ardura baldin badu.

c) Nafarroako Foru Komunitatean taldeka antola litezkeen babes fitosanitarioko programetan parte hartzea, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak berak edo horren entitate instrumentalek hala gomendatzen badute.

d) Eman eta hartutako diru-laguntzak eta hartutako konpromisoak direla eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea. Hartarako, Administrazioko ikuskatzaileei eta ziurtapen eta kontrol agintaritzari libre uztea lurzatietara sartzen, eta laguntzapeko jardueraren gainean eskatzen zaien informazio guztia ematea.

e) Ustiategi osoan betetzea Kontseiluak 2009ko urtarrilaren 19an emandako 73/2009 (EE) Erregelamenduan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek zuzeneko laguntza araubideei aplikatu beharreko xedapen orokorrak ezartzen ditu nekazaritzako politika bateratuaren esparruan), bai eta Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateak hura aplikatu eta garatzeko ezar ditzaketen arauak ere.

f) Helburu bereko beste diru-laguntza batzuk eskatu edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. artikulua. Laguntza zehaztea.

1. 2. eta 4. artikuluetan ezarritako betekizun eta konpromisoak betetzen dituzten eskatzaileei laguntza ematen ahalko zaie eta honela kalkulatuko da zenbatekoa: laguntzarako eskubidea duen azalera bider 250 euro/hektareako, 1,20 metroko edo gehiagoko zabalera duten plastikoak erabiltzen badira, edo bider 200 euro/hektareako, plastikoen zabalera 1,20 metrotik beherakoa bada.

2. Nolanahi ere, laguntzaren intentsitate gordina gainkostuaren %60 izanen da gehienez ere, inbertsioek ingurumenaren babesari eta hobekuntzari lotutako kostu gehigarriak eragiten dituztenean.

3. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen eta beharrezkoak diren gastu gehigarrietara mugatuko da handitzea, eta ez da aplikatuko inbertsioek ekoizpen ahalmena handitzen duten kasuetan.

6. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Arau honetako laguntzak norgehiagoka emanen dira.

2. Onartutako eskaerek aurrekontuaren muga gainditzen badute, lehentasun irizpide hauek ezarriko dira:

1. Industriarako tomatea ekoizten duten eskatzaileak.

2. Nitratoz kutsatzeko arriskua duten eremuetako lurzatietan hektarea gehien dituztenak.

3. Nekazari gazteak.

4. Hektarea gehien dituztenak laborantza mota hauetarako, hurrenez hurren:

-Freskotarako tomatea.

-Piperra.

-Alberjinia.

-Kalabazina.

-Kruziferoak.

-Gainerako barazkiak.

7. artikulua. Laguntzen araubidean sartzeko eskaeren aurkezpena eta deialdiak 2010etik 2013ra bitartean.

1. Ustiategiaren titularrak urtero eskatu beharko du laguntza araubidean sartzeko eta laguntza ordaintzeko, NPBko laguntzetarako eskaera bakarrarekin batera.

2. Eskabidea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduko zaio. Bertako erregistroan aurkeztu beharko da, edo bestela Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietatik edozeinetan.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, Nekazaritza Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

4. Transferentziaz ordaintzeko eskaera erantsiko da, ez bada egin 2009an Nafarroako Foru Komunitatean azaleraren araberako laguntzetarako eskaera bakarra.

8. artikulua. Ebaluazio organoa.

Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

9. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.

1. Eskaera jasotzen denean egiaztatuko da eskatzailea onuradun izan daitekeen, 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta 7. artikuluan aurreikusten diren agiriak ekarri dituen. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hamabost egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzea ebatziko dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Eskabidea beterik, Nekazaritza Zerbitzuak ebaluazioa egin eta ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epea ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

Laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, betiere laguntza eskatzen den urteko irailaren 30a baino lehen, onuradunak egindako gastuen eta dagozkien ordainketen frogagiriak aurkeztuko beharko ditu. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak entitate onuradunari itzultzen zaizkion arte.

11. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Nekazaritza Zerbitzuak agiri guztiak aztertuko ditu, eta aurkezturiko gastuen hautagarritasuna eta frogagirien balioa onetsiko.

2. Halaber, jarraipena eginen die neurriari eta onuradunen jarduketei. Horretarako egokitzat jotzen dituen kontrol administratiboak eta landakoak eginen ditu, eta onuradunak egiten utzi beharko dio.

3. Laguntza dena batean ordainduko da, diru-laguntzaren xedea lortu dela eta harturiko dirua foru agindu honetan ezarri bezala erabili dela egiaztatu eta gero.

12. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetan araututako laguntzak bateragarriak izanen dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman dezaketen edozein laguntzarekin, baldin eta laguntzaren intentsitate gordinak, guztira, diru-laguntzaren xede izan daitekeen inbertsioaren %60 gainditzen ez badu.

13. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzen araubideari atxikitzeko betekizunak eta ezarritako gainerako baldintzak betetzeari uzten badio, onuradunak laguntzak galduko ditu eta oker jasotako diru kopuruak itzuli beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean xedatuarekin bat.

2. 2. eta 4. artikuluetan aipatzen diren baldintzetatik edozein bete ezik, laguntzak ukatuko dira.

3. Baldintzak bete ezik zenbait murrizketa eta bazterketa aplikatuko dira, Batzordeak emandako 1975/2006 (EE) Erregelamenduaren 22. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu horretan 1698/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri ziren, landa garapenerako laguntza neurriak hartzeko kontrol prozeduren eta baldintzen aplikazioari buruz.

4. Kontrol administratiboetan eta ustiategian bertan zehazturiko azalerak eskatutako azalerak baino txikiagoak badira, Batzordearen 796/2004 (EE) Erregelamenduaren 50. eta 51. artikuluetan ezarritako murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira. Erregelamendu horrek xedapenak ezartzen ditu 1782/2003 (EE) Erregelamenduan aurreikusitako bateragarritasuna, modulazioa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratua aplikatzeko. 1782/2003 (EE) Erregelamenduak, berriz, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntza araubideei aplikatu beharreko xedapen bateratuak ezartzen ditu eta nekazariei laguntzeko zenbait araubide finkatzen.

5. Aurreko idatz-zatietan ezarritako neurriak aplikagarriak izanen dira alde batera utzi gabe balizko arau-hauste eta zehapenak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

14. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0920741