104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 29an hartua, Iruñeko "Bernart Etxepare" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa sortzen duena, "Arturo Campion" eta "Axular Ikastola" Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek bat egin baitute.

Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiak proposamen-txostena aurkeztu du Iruñeko "Bernart Etxepare" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa sortzeko, "Arturo Campion" eta "Axular Ikastola" Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek bat egin baitute. Horrekin batera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eta Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuaren txostenak aurkeztu ditu.

Otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eskola publiko, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Erregelamendu Organikoa onetsi zen, eta bertan ikastetxe horiek Nafarroako Gobernuak sortuko zituela xedatu.

Espedienteari Nafarroako Hezkuntzako Batzorde Nagusiak edo Eskola Kontseiluak txostena egin dio eta irakasleen ordezkari sindikalei haren berri eman zaie.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU

1. Honako datu hauek dituen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa sortzea:

Ikastetxeen kodea: 31013549.

Izen orokorra: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa.

Berariazko behin-behineko izena: "Bernart Etxepare".

Helbidea: Laguntzako Andre Maria kalea, 2.

Herria: Iruña.

Udalerria: Iruña.

Titularra: Hezkuntza Departamentua.

Osaera juridikoa: 9 unitate Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, gehienez 225 ikaspostu; eta 18 unitate Lehen Hezkuntzan, gehienez 450 ikaspostu.

Hizkuntza eredua: D eredua.

2. "Arturo Campion" Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa (ikastetxearen kodea: 31007331) eta "Axular Ikastola" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa (ikastetxearen kodea: 31007574) desagertzea.

3. Iruñeko "Bernart Etxepare" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa 2009ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin sortzen da.

4. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak behar diren jarduketak eginen ditu bat egin duten ikastetxeetako langileak Iruñeko "Bernart Etxepare" ikastetxe berriari atxikitzeko, 2009-2010 ikasturtearen hasieratik aurrerako ondorioekin.

5. Ikastetxeen bategiteak berarekin dakar bat egin duten ikastetxeak eta horien gobernu organoak eta irakasleen koordinaziorako organoak desagertzea, eta ikastetxe berri bat sortzea, aurrekoek zituzten harreman juridikoetan subrogatuko dena.

Bategitea egiten den urteko uztailaren 1etik aurrerako ondorioak izanen ditu bategiteak, deusetan galarazi gabe bategitearen ondoriozko ikastetxeko zuzendaritza taldeak egun horretatik aurrera hartu ahal izatea aurreko ikasturteko ikasketen gaineko erabakiak.

6. 2009-2010 ikasturtean, Iruñeko "Bernart Etxepare" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak Iruñeko "Buztintxuri" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren instalazioetan emanen ditu ikasketak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 15.2 xedapen gehigarrian xedatutako ondorioetarako, ikastetxe horretako irakaslanak 2009ko irailaren 1eko ondorioekin jarriko dira abian "Buztintxuri" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan eta 2010eko irailaren 1eko ondorioekin ikastetxearen beraren instalazioetan.

7. Ikastetxea Nafarroako Foru Komunitatearen ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak (martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuak aldatua eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuak gaurkotua) ezarritako Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasuneko ikastetxeen sarearen barruan geldituko da, jarraian agertzen den eran:

Ikastetxea 13. barrutian, "Iruña-Txantrea" izenekoan, sartuko da, Iruñeko "Eunate" Bigarren Hezkuntzako Institutuen bigarren hezkuntzako zonaldearen eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako azpizonaldearen mendeko lehen hezkuntzako esparruan.

8. Erabaki hau igortzea Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Iruñeko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko ekainaren 29an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0918974