104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1475/2009 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena "Etxalarko Udal Planeko aldaketa, Arrakoizko jarduera ekonomikoen eremua" dela-eta. Sustatzailea Etxalarko Udala da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

Etxalarko Udalak aldaketa hasiera batez onetsi zuen 2008ko ekainaren 6an. Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen ondorioen azterlana aski zela adierazi zuen eta hura jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunez aldaketaren agiriekin batera (2008ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 8koa). Alegazio bat jaso da.

Ondoko agiriak biltzen ditu Etxalarko Udal Planeko aldaketak: Memoria, Araudia, Ingurumen ondorioen azterlana, Etxalarko industrialde berriko ur horniduraren eta arazketaren bideragarritasunaren azterlana. Aldaketaren xedea da jarduera ekonomikoen eremu bat sortzea 24. poligonoko 1. eta 32. lurzatietan eta lurren sailkapena aldatzea: ekoizpen ertaineko lurzoru urbanizaezinetik (baso lurzorua eta lurzoru generikoa) lurzoru urbanizagarri sektorizatura. Arrakoizko jarduera ekonomikoen eremuak 164.239 m² ditu eta N-121-A errepidearen ekialdean dago. Iparraldean 82. lurzatia du mugakide, eta ekialdean eta hegoaldean bide bat eta Etxalarko Udalaren herrilurrak. Jarduketaren eremuak Saroietako ipar hegalaren zati bat eta ibarraren behealdea hartzen ditu. Ibarretik Bidasoa ibaira isurtzen diren bi errekatxo doaz. Gaur egun eremu horretan larreak, belardiak eta basoak daude (gaztainondoak, haritz amerikarrak, platanoak, akaziak eta Lawson altzifreen sailak).

Antolamendurako proposamenean sarbidea NA-121-A errepidetik biribilgune baten bitartez egitea proposatzen da. Eremuak bost etxesail izanen ditu elkarri atxikitako nabeetarako, hiru plataformatan banatuak, eta seigarren etxesail bat Arrakoitz baserriaren ondoan, besteekin perpendikular. Xehetasun azterlana, birzatiketa proiektua eta urbanizazio proiektua eginen dira sektorea garatzeko.

Kokagunea hautatzerakoan kontuan hartu diren aukerak azaltzen dira Ingurumen ondorioen azterlanean. Aukera horiek aztertu egin ziren Nafarroako Gobernuak 1989an enkargaturiko "Bidasoa eskualdearen industria eta zerbitzu arloetako ahalmenaren azterlana" izenekoan eta 2000. urtean egin zen eguneratze lanean.

Ingurumen ondorioen azterlanean ingurune fisikoa, biologikoa eta paisaia aztertu dira eta azterketa sozioekonomikoa egin da. Ondarearen gaineko eraginaren azterlana ere erantsi zaio, eta bertan ageri dira eremuko kultur elementu nabarmenenak: Arrakoitz baserria eta Arrakoizko errota eta muga. Ingurumen ondorioen azterlanean eraikuntza etapako eta funtzionamendu etapako ingurumen eraginak identifikatzen dira eta jarduera ekonomikoen eremuak sorraraziko dituen ukipen guztien ezaugarriak eta balorazioa azaltzen dira. Topografian 6. etxesail edo plataformak izan dezakeen eragina nabarmentzen da; hori garatu ahal izateko, azterlan geotekniko zehatza egin behar da aldez aurretik. Prebentzio eta zuzenketa neurriak eta ordainak definitzen dira; horien aplikazioak, ustiapen fasean, eraginen kalifikazioa aldaraziko du, larriak izatetik moderatuak izatera igaroko baitira. Neurri horien bitartez ukipenak saihestu edo arindu nahi dira uraren eta airearen kalitateari, lurzoruari, landarediari, faunari, zarataren prebentzioari, higaduraren kontrolari eta paisaiaren integrazioari dagokienez. Azterlanean neurriak jaso dira eremua inguruko paisaian egokitzeko; ereite hidraulikoak ezpondetan, landaketak eta ertz-biribiltzeak ezponda gainetan, arkitektura zaindua, eta drainatze sarearen diseinua, landaketa eta guzti; sare horrek euri urak eta arrotik datozenak jasoko ditu eta uraren abiadura moteltzeko sistema ere izanen du higadura prozesuak galarazteko. Azkenik, azterlanean Ingurumena zaintzeko plana dago, aurreikusitako jarduketak noraino betetzen diren neurtzeko adierazleekin.

Ura Bidasoa ibaitik hartuko da eta eremutik kanpo, Etxalarko Udalaren herrilurretan kokaturiko biltegi batera ponpatuko da. Beheragoko kotan, eta eremuaren barnean, araztegiak hondakin urak jasoko ditu, ponpaketa bidez bertaraino eramanda, eta araztutako urak ur ibilgu publikora isuriko dira. Ur horniduraren eta saneamenduaren sareak industrialdeko azpiegiturak izanen dira, udal sareetatik bereiziak. Eremuaren barnean argindar horniduraren sarea lur azpian egonen da.

2009ko urtarrilaren 14an sartu ziren Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ingurumen ondorioen azterlana, Udalak osoko bilkuran hartutako erabakiaren ziurtagiria, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki oholean eta egunkarietan argitaratutako iragarkia eta aurkeztutako alegazioen kopia. Alegazio idazki bat jaso da, José Antonio Genua Irigoyen jaunak sinatua. Arrakoizko eremuko malden balorazio egokirik ez dela egin adierazten du, SIGPACetik ateratako malden balioak ematen ditu eta ondorio gisa dio ez dela bete industrialdeak ezartzeko irizpidea, apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuaren arabera. 24. poligonoko 24. eta 25. lurzatietan dauden etxebizitzen hurbiltasunaren haritik, adierazten du ez direla baloratu gizakien gaineko eraginak, ez Arrakoitz inguruko paisaiaren gaineko eragina, ezta zarata eta bibrazioek sortuko dituzten eragozpenak ere. Hornidurarako kontzesio administratiboa duen iturburu bat badagoela eta horretarako ez dela neurri zuzentzailerik ezarri gehitzen du.

Goian azaldutako gogoetei dagokienez, alegatzaileari esan behar zaio planeamenduaren aldaketek lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, oraingoan bezala, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar dela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluaren arabera. Tresna horren bitartez, planek eta programek ingurumenean sortzen dituzten ondorioak ebaluatzen dira, jarduera ekonomikoen eremuan garatzen diren proiektuak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren mende egon nahiz ingurumen baimenetarako beste edozein araubideren mende egon.

Dokumentazioa azterturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du. Bertan aztertu du nola bete den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta ados agertu da, ingurumeneko baldintza jakin batzuen pean.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenari dagokionez "Etxalarko Udal Planeko aldaketa, Arrakoizko jarduera ekonomikoen eremua" onestearen aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea. Sustatzailea Etxalarko Udala da.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen honetarako baldintza izanen da Ingurumen ondorioen azterlanean zehazturiko prebentzio eta zuzenketa neurriak betetzea.

3. Sektorea garatuko duen urbanizazio proiektuan ingurumenari buruzko gogoeta hauek jasoko dira:

-Lur-erauzketak egiteko soluzioek lubeta eta ezponden egonkortasun egokia eta paisaiarekiko integrazioa bermatuko dituzte. Prebentzio neurri gisa, ahalik eta lur mugimendu gutxien eginen da, oraingo topografiara ahalik ongien moldaturik, eta ez da material artifizialezko egitura zurrunik eraikiko.

-Inguruko paisaiarekiko integrazioa arlo anitzeko estrategia moduan aurkeztuko da, eta honako baldintza hauek bete beharko ditu:

  • Plataformen eta inguruko lurren arteko muga aldean, ipar-ekialderako orientazioan, 10 metroko zerrendan zuhaitzak mantenduko dira, eta ezponda berriak landareztatu eginen dira.
  • 1. lurzatiaren (24. poligonoa) eta N-121-A errepidearen arteko mugan hariztia kontserbatuko da 20 metroko zerrendan.

Bi kasuetan zerrenda horiek orain dauden bezala mantenduko dira, zuhaitzek industrialdea ezkutatu dezaten.

  • Eremuaren perimetroan dauden zuhaitz multzoak, berdegune gisa sartu diren horiek, jarduera hauetatik kanpo geldituko dira: lur mugimenduak, materialen metaketa, makinen joan-etorria edo dagoen landaredia eta lurra hondatzen ahal duen edozein ekintza.
  • Plataformen arteko jauzietako ezpondak landareztatu egin behar dira zuhaitzak landatuz. Zuhaitz espezie autoktonoak aukeratuko dira. Baztertu eginen dira kanpoko espezie inbaditzaileak, hala nola akazia.

-Drainatze sistema iraunkorrak ezarriko dira, azaleko isurketa-uraren emaria gutxituko dutenak eta urbanizatu aurretik izandako hidrologia ahalik gutxien aldatuko dutenak. Horretarako, behar-beharrezkoa den aldeetan soilik iragazgaiztuko da lurzorua, eta euri ura iragazten duten egitura eta materialak erabiliko dira, batez ere landaredunak. Nolanahi ere, azaleko isurketa uraren emaria moteldu beharko da, Bidasoa ibaira isurtzen den puntako emariak urbanizazioa egin aurretik izandako balioa gainditu ez dezan.

-Proposaturiko drainadura sare berriari dagokionez, ertz bakoitzean gutxienez 5 metroko zerrenda landareztatuko da ur bazterreko espezieekin (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Salix atrocinerea, hurritza, Crataegus monogyna...). Eremuaren iparraldeko mugatik doan errekari ere babes zerrenda hori aplikatuko zaio.

Drainadura sareko ubide nagusia ubide iragazkor zabala izanen da eta ezponda etzanak izanen ditu, 3H:1,5V-tik beherakoak.

-Bermatu behar da ez direla lurrazaleko urak (Bidasoa ibaia) kutsatuko gainazaletik isurtzen den urak zoru iragazkaitzetatik eramandako material eta substantziez, batez ere, ibilgailuentzako aparkaleku eta zirkulazio eremuen kasuan. Isurketa uraren kalitateak ez luke urbanizazioa egin aurreko balioa baino kaskarragoa izan behar.

-Hondakin urei dagokienez:

  • Jarduera ekonomikoen eremuak sare bat izanen du Bidasoa ibaira zuzenean husteko industria jarduerek sortzen dituzten hondakin urak (ur beltzak izan ezik), industrian bertan berariazko arazketa tratamendua egin eta gero, kasuan kasukoa, isurkin motaren arabera.
  • Bidasoa ibaiko ura edateko on bihurtzeko instalazio fisikokimikoan metatuko diren lohiak deshidratatzeko sistemak gai izan behar du hezetasun portzentajea behar adina murrizteko harik eta palaz bildu daitekeen materiala lortu arte. Gero material hori hondakin inerteen kudeatzaile baimendu bati emanen zaio.

-Lur mugimenduen eta lurren kudeaketaren azterketa zehatza egin behar da. Lurren bolumena eta xedea azaldu behar dira. Lur soberakinik badago, hondakindegi baimendu batera eramanen da.

-Paisaiaren aldetik gehien zaindu behar diren guneak 3., 4. eta 5. etxesailak dira, agerian egoteagatik, eta 6. etxesaila, bere ezaugarri topografikoengatik. 6. etxesaila ingurumenaren aldetik bideragarria izan dadin, azterlan zehatz bat egin behar da, zer nolako lur mugimenduak egin behar diren eta etxesail hori eremu osoan nola egokituko den zehatz azalduko duena.

-Onura publikoko mendiaren eta basoen gaineko eraginei dagokienez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostenean xedatutakoa beteko da.

-Kaleko argien instalazioa Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legearen arabera eginen da.

4. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari urbanizazio proiektua aurkeztuko zaio, aurreko puntuan azaldutako neurriak nola erantsi diren ontzat eman dezan.

5. Jarduera ekonomikoen eremuaren kudeaketari eta ustiapenari dagokienez, kontuan hartuko dira ondoko inguruabar hauek:

-Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera, norbaitek ingurumen baimena eskatzen duenean industria jardueraren bat eremuan ezartzeko, kontuan hartu beharko du bere hondakin ur industrialak sarera isuri aurretik berariazko tratamenduak egin beharko dituela.

-Uraren kalitatearen kontrolean eta zainketan ondoko baldintzak beteko dira:

  • Eremuaren titularrak ur beltzen eta azaletik isurtzen den uraren tratamendurako sistemaren isurketak kontrolatu eta zaintzeko programa egin eta garatu behar du. Programa horrek barnean hartuko ditu ondoko parametroak neurtzeko analisiak, ondoren zehazten den maiztasunarekin: solido esekiak guztira (astean behin), OEK (astean behin), OEB5 (hilean behin), nitrogenoa guztira (hilean behin), fosforoa guztira (hilean behin), eta azaletik isurtzen den uraren zinka, aluminioa, kobrea eta beruna (sei hilean behin).
  • Ur beltzen tratamendurako lerroaren amaieran gailu hidrauliko normalizatu bat jarriko da, ubide irekiaren gisakoa, isurkinak kontrolatu eta ikuskatzeko, emaria neurtzeko eta lagin bilketa automatikoa egiteko.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, alegatzaileari eta Etxalarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko ekainaren 29an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0919021