104. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

318/2009 Erabakia

2009ko uztailaren 15ean, Iruñerriko mankomunitateburuak 318/2009 Erabakia hartu zuen. Hain zuzen ere, erabaki horren testu osoa honako hau da:

Iruñerriko mankomunitateburuaren 241/2003 Erabakiaren bidez, Iruñerriko Mankomunitatean ordura arte zeuden pertsonen fitxategi automatizatuak arautu ziren. Erabakia NAOn argitaratu zen, 2004ko otsailaren 2an, 14. zenbakian.

Martxoaren 5eko 72/2009 Erabakiaren bidez honako fitxategi hauek sortu ziren: "Garraioaren tarifa hobaridunak" eta "Garraioaren tarifa hobaridunaren datu bereziak". 2009ko ekainaren 17ko NAOn argitaratu zen, 74. zenbakian.

Aipatu fitxategi horiek sortzean ez zen sartu erabilitako tratamendu sistema, baina gaur egun fitxategiak tratatzeko sistema biltzea beharrezkoa denez, fitxategi horiek aldatu behar dira, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren garapen araudiko 52. artikuluari eta hurrengoei egokitzeko. Abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen hori, Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluari lotuta.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20.1 artikuluak dio administrazio publikoetako fitxategiak sortu, aldatu edo kentzeko nahitaezkoa izango dela xedapen orokor bat argitaratzea Estatuaren Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean.

Aurretik azaldutako hori kontuan hartuta eta Iruñerriko Mankomunitateko Estatutuen 17. artikuluak mankomunitateburuari ematen dion eskumenaren arabera,

Erabaki dut:

1. Martxoaren 5eko 72/2009 Erabakiaren bidez sortutako izaera pertsonaleko fitxategiak aldatzea, ondoren zehazten den bezala:

1.1 "Garraioaren tarifa hobaridunak" izeneko fitxategia. Erabili den tratamendu sistema sartzea d) atalean, beraz, honela geldituko da.

d) "Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: izen-abizenak, NAN, helbidea, telefonoak eta irudia.

"Tratamendu sistema: Mistoa".

1.1 "Garraioaren tarifa hobaridunaren datu bereziak" izeneko fitxategia. d) atala aldatzea, ondoren ageri den bezala geratuko dena:

d) "Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: izen-abizenak, NAN, helbidea, telefonoak eta irudia.

Beste datu batzuk: ekonomia, finantza eta asegurukoak.

Bereziki babestuta egonen diren datuak: Osasun datuak.

"Tratamendu sistema: Mistoa".

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, honako hau adieraztearekin bat: Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen 7/1985 Legearen 52.2 artikuluan ezarrita dagoenarekin bat, erabaki honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu ahal izango da Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiari zuzendua, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean. Aldez aurretik aukeran du berraztertzeko helegitea aurkeztea, Iruñerriko mankomunitateburuari zuzendua, edota gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, bietan hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko uztailaren 15ean.-Jarduneko mankomunitateburua, José Ricardo Pérez Torrano.

Iragarkiaren kodea: L0920417