102. ALDIZKARIA - 2009ko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Xehetasun azterlana, S-1. sektoreko A-3 unitate morfologikoari dagokiona, Elkano-Ibiriku-Egues aldeko AR-1 banaketa eremuan.
Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2009ko uztailaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea xehetasun azterlana, Eguesibarko Udal Planeko S-1. sektoreko A-3 unitate morfologikoari dagokiona, Elkano-Ibiriku-Egues aldeko AR-1 banaketa eremuan, Pedro Iribarren Pascal jaunak sustatua, hori guztia hasierako onespenari jarraikiz eta espedientean dagoen dokumentazioarekin bat, EHAEOk ikus-onetsia eman baitzion 2009ko martxoaren 23an.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, argitara ematen da behin betiko onespenaren iragarki hau, haren testu arauemailearekin batean, ohartaraziz xehetasun azterlan honek ondoko eduki hau garatzen duela:

"Lurzatien arteko mugen sestrak xehe-xehe ezartzen dira, baita gehieneko lerrokadura nahitaezkoak ere, bai beheko solairuetan bai goiko solairuetan, horrela bada, aldatu egin dira orain arte zeudenak, dokumentazio grafikoetako planoetan ikus daitekeen bezala.

Hainbat determinazio ezarri dira lurzatien itxiturak eraikitzeko baldintzei dagokienez, berdintsuak izan daitezen, baita lurzatietan eraikiko diren eraikuntzetarako ere, xehetasun azterlaneko planoetan ikus daitekeen bezala".

XEHETASUN AZTERLANAREN TESTU ARAUEMAILEA

1.1. Xedea eta determinazioak:

Honako agiri honek garatu egiten du Eguesibarko Udaleko 1. sektoreko A-3 unitate morfologikoaren xehetasun azterlana, Elkano-Ibiriku-Egues aldeko AR-1 banaketa eremuan.

Xehetasun azterlan honen helburua da aipatu unitate morfologikoaren hirigintzako eta eraikuntzako determinazioak arautzea, eta horretarako zehatzago finkatzen ditu eraikuntzarako hainbat inguruabar, hori guztia multzo osoaren batasuna bermatzearren.

1.2. Eraikuntzaren inguruabarrak:

Unitate morfologikoa 81, 82, 83, 84, 85 eta 86. lurzatiek osatzen dute.

Lurzati bakoitzaren barreneko lerrokadura nagusiak xehetasun azterlan honen "1. planoa" izenekoari atxikiak daude.

Ikusirik unitate honetan, seguru aski, sustatzaile batek baino gehiagok jardungo dutela, batzuek beren etxebizitza egiteko, helburu bikoitza bilatu da, alegia, batetik aske samar kokatu dira eraikitzeko tokiak, eta bestetik multzo osoan eraikinen batasuna lortu nahi izan da. Hala bada, beheko solairuetako banaketak egiterakoan askeago egin da, izan ere hortxe gertatuko dira irizpide pertsonalen ondoriozko banaketak, eta gainera eremu publikotik gutxien ikusten direnak izaten dira; bestetik, berriz, goiko solairuetan eraikitzeko, hertsiago jokatu da, hain zuzen ere multzo osoaren konposizioari begira batuago geldi dadin.

Badira arrazoiak susmatzeko materialen uniformetasunak eta estalkien disposizioak lagunduko dutela hein handi batean behintzat, guk bilatu nahi dugun konposizio batuagoa lortzen; halaber, agiri honek horretarako arrazoizko irizpideak ematea du xede.

-Edozein modutan ere, etxebizitza bakartuak izanen dira. Nolanahi ere, atxikirik egon daitezke lurzatiko mugetako batean, bai beheko solairuan bai sotoan. Inolaz ere ezin izanen dira atxiki goiko solairuetan.

-Estalkiak bi isurikoak izanen dira, eraikinaren bolumen nagusian, eta aitzinaldea beti ibilgailuen sarbide aldera. Zilegi izanen dira estalki lauak bigarren mailako bolumenetan edo beheko solairuetan, eta horietan terrazak ere zilegi izanen dira. Estalki inklinatuen malda %30 eta %40ren artekoa izanen da, zeramikazko teila gorrixka mistoekin eginak. Teilatu-hegalak zilegi izanen dira, gehienez ere metro bateko hegalekoak badira, eta betiere ondoko lurzati mugakidearen barrenera sartu gabe.

-Hona hemen fatxadetako materialak:

1. Material nagusia: bistako adreiluak, okrexkak. Kolorea aukeratzerakoan, 3. planoan zehaztutakoa hartuko da erreferentziatzat.

2. Bigarren mailako materialak, teilatu-hegalak, elementu linealak, frontisak, horma-atal singularrak eta horrelatsukoak egiteko: mortero geruzabakarra edota zarpeadurak, kolore gris argikoak eta/edo plakatan jarriak (arbelazkoak edo antzekoak). Kolorea aukeratzerakoan, 3. planoan zehaztutakoa hartuko da erreferentziatzat.

3. Kanpoaldeko zurajeak eta pertsianak edo iluntzeko elementuak kolore gris argi metalezkoak izanen dira. Kolorea aukeratzerakoan, 3. planoan zehaztutakoa hartuko da erreferentziatzat.

4. Terrazak egiten badira, barandak kristalezkoak beharko dira, erdiko lamina izanik butiral gardenez egina.

1.3. Lurzatietako itxiturak:

Lurzatiaren itxitura homogeneoa egin beharko da unitate morfologiko osoan. Horretarako, errespetatu beharko dira bai hesiaren garaierak bai xehetasun azterlan honetan proposatu diren materialak. Irudiaren homogeneotasuna bilatzea izan da helburua, sektore horretan egun dauden itxiturei begira.

Hesia bistako murua izanen da, kolore zurikoa, gehienez ere 1,25 metroko garaiera izanen duena, eta horren gainean metalezko itxitura jarriko da, sare galbanizatuzkoa, betiere planoetako xehetasunei jarraikiz; zutoinak ere galbanizatuak izanen dira, eta batetik bestera gehienez ere 2 metrora kokatuak (Itxitura horrek betiere beharko du ondoko proportzioa bete: baoa-itsua gutxienez %70). Itxituraren garaiera osoa gehienez ere 2,15 metrokoa izanen da, espaloiaren sestraren gainean. Sarbideetan izan ezik, lurzatien kota kanpoaldeko sestraren kota (+0,90) baina gorago egonen da, hori guztia, batetik etxebizitzetako beheko solairuek duten mailari doitzeko, eta bestetik, lurzatien barreneko ele moduko lur mugimenduen eragina apaltzeko.

Eremu publikora ematen duten itxiturek heskaiak izanen dituzte barrenetik perimetro osoan zehar, salbu eta sarbideetan.

Lurzatiak bereizten dituzten itxiturak bistako hormigoizko zokaloekin eginen dira eta unitatearen itxitura perimetralak duen material berbereko sarearekin. Itxitura horien garaierak ondoz ondoko maila ezberdinei begiratuz egin beharko dira. Itxituraren gehieneko garaiera 2,40 metrokoa izanen da, itxituraren ondo-ondoan dagoen lurretik eta bere puntu altuenetik neurtuta; muru opakua ere izan daiteke, betiere eraikinaren fatxadako beheko solairuko material nagusia erabiltzen bada.

Oinezkoendako nahiz ibilgailuendako etxebizitzako sarbideak egiteko aurreikusi diren eremuetan, fronte bat izanen da eta horren barrenean kokatuko dira bai oinezkoendako bai ibilgailuendako sarbideak, eta itxitura mota izanen da metalezko marra horizontalekoa, kolore gris argi metalezkoa (horien ezaugarriak behar den planoan aurki daitezke). Halaberean, itxitura soilagoak aurreikusi dira etxearen gibelaldeko oinezkoendako sarbideetan.

Postontziak eta abar sarbideko elementu finko batean sartuak egonen dira, eta bai ahoa bai babesgailuak haren material berberarekin egin beharko dira.

Zenbakiak ere altzairu herdoilgaitzezkoak egin beharko dira, eta erabiliko den hizki mota Century Gothic edo horren antzekoa izanen da, 12/15 cm-koa.

Lurzatien fronteek %1,5eko malda izanen dute, gutxi gorabehera. Horregatik daude aurreikusiak mailaketak egitea. Horiek lurzatietako mugetan egonen dira.

Atzealdeko itxituran aurreikusi da oinezkoendako bigarren atea irekitzea, hori aukeran, betiere dagokion planoan zehazten den konfigurazioari jarraikiz, eta lurzatietako mugei eta itxituren mailaketei doituta.

1.4. Lurzatietako sestrak:

Lurzatiko sestraren kota zehaztuko da ibilgailuendako sarbidea dagoen kaleko espaloitik hartuta, betiere lurzati horren erdiko puntutik neurtuta.

-Eraikinaren barnealdeko lurzoru bukatuaren sestrak 100 -125 cm-ko garaiera izanen du puntu horretan espaloiak duen sestratik neurtututa.

Ez da kontuan hartuko beste inolako biderik eraikinaren sestraren kota zehazterakoan, baizik eta ibilgailuen aipatutako sarbidea; beraz, ez da eskatuko bestelako kota desberdintasunik beste inolako biderekiko.

-Lurzati baten eta bestearen arteko sestra desberdintasunak berdinduko dira ondoz ondoko eraikinen mailaketen bidez.

1.5. Lerrokadurak:

Unitate morfologikoaren lerrokadura zenbait aldatu egin dira, hain zuzen ere hasieratik aurreikusiak zeudenak Plan Partzialean. (Ikus 1. planoa)

Beheko solairua:

-Mantendu egiten da lerrokadura, hain zuzen ere 6,25 metrokoa, ibilgailuen sarbidearekin mugatzen duen lurzatiaren mugatik neurtuta. Halarik ere, lerrokadura hori ez da izanen nahitaezkoa hemendik aitzina.Gehieneko lerrrokaduratzat hartuko da.

-Aldatu egin da atzealdeko gehienezko lerrokadura, 12 metrora baitzegoen fatxadaren orain arteko gehieneko lerrokaduratik. Tarte hori handitu egin da 15 metrora bitarte, fatxadaren gehieneko lerrokadura berritik. Horrela, izan daitezkeen proposamen berriei aukera zabalagoa emanen zaie.

-Lurzatietako mugei dagokienez, gehieneko lerrokadura 2 metrokoa izanen da haietako batean, eta haren parean egiten den eraikina aurrekoari atxiki ahalko zaio.

Goiko solairuak:

-Nahitaezko lerrokadura ezarri da lurzatiaren frontean, 8,50 metrokoa, eta hori lerrozuzena izan daiteke (hau da, ez da beharrezkoa lurzatiaren kurbadurari doitzea).

-Atzealdean, eta 9 metroko tartearekin, gehieneko lerrokadura ezarri da, 9,70 metrokoa, atzeko mugatik neurtuta.

-Alboetako lerrokadurak gehienekotzat hartuko dira (1. planoaren arabera), eta atzeraemanguneak eginda; nolanahi ere, lurzatietako mugen 2 metrora eta metro batera, hurrenez hurren. Solairu honetan, alboetako gehieneko lerrokaduretako bat beheko solairukoarekin bat dator (dagokion planoan zehazten den bezala).

1.6. Azken xedapenak:

Ez da aldatu gehieneko dentsitatea, ezta gehieneko eraikigarritasun baimendua ere.

Mantendu egin dira Udal Planean ezarritako erabilera xehakatuak.

Jabe guzti-guztien adostasuna badela erakusten bada, eskatzen ahalko da dokumentu honetan bildutako elementuen edukia aldatzea, erran nahi baita, xehetasun azterlaneko aldaketa tramitatu beharrik gabe.

Dokumentu honetan zehazten ez den edozertarako, Eguesibarko Udal Planeko 1. sektoreko Plan Partzialean xedatutakoari jarraikiko zaio."

Eguesen, 2009ko uztailaren 3an.-Alkate udalburua, José A. Andía García de Olalla.

Iragarkiaren kodea: L0919338