I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2008ko ekainaren 30ean hartua, Garesko biltontziaren arteria berritzeko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.
Izarbeibarko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorraren 2008ko urtarrilaren 28ko Erabakiaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Jendaurreko epea iraganda eta aurkeztutako alegazio bakarra ebatzita, Izarbeibarko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2008ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua.
Garesko biltegi eremutik hiru hodi ateratzen dira. Horietako bat herria hornitzeko erabiltzen da. Hodia zuntz zementuzkoa da eta oso diametro txikia du; ondorioz, hainbat hornidura arazo sortzen ditu Garesko goiko aldeetan, presio nahikorik ez, eta ur jario handiak sortzen baitira, hodia maiz apurtzen delako.
Garesko biltontziaren arteria berritzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, berritze lana -diametro handiagoko hodi berri bat jartzea- lehenbailehen egitea ezinbestekoa delako gaur egungo ur jarioak saihesteko. Horrela, Garesko goiko aldeetako hornidura berehala bermatuko da.
Nafarroako Gobernuak, Izarbeibarko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua atxiki dela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Garesko biltontziaren arteria berritzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak sortzeko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, aukeran, berraztertze errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, edo bestela zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Izarbeibarko Mankomunitateari jakinaraztea.
Iruñean, 2008ko ekainaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F0810610