97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2008ko uztailaren 21ean hartua, Murillo el Fruton paratu beharreko "Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Indugarbi, S.L. enpresak sustatua, ireki, jendaurrean jarri eta ukituriko udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2008 Foru Legearen ondorioetarako eta Ingurumen Ebaluazioa Estrategikoaren prozedura bete dadin.

Santos Carballo jaunak, "Indugarbi, S.L." enpresaren izenean eskatu du Murillo el Fruton paratu beharreko "Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala hargune elektrikoan eta instalazioetako sarbidean aldatzeko espedientea tramitatu dadila. Proiektu hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen, 2007ko martxoaren 19ko Erabakiaren bidez, eta 2007ko 62. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 18an.

I.-Aldaketaren xedea

eta arrazoiak.

Aldaketa honek proposatzen du indarra duen udalez gaindiko proiektu sektorialean aipatzen den hiri lurzoruko sarbidea herriguneaz ekialdera mugitzea. Tarte berria Traibuenas-Santakara-Zarrakaztelu NA-1240 errepideko 17. k.p.an eraiki beharreko biribilgune batetik abiatuko da, bide batzuen trazaduraren gainetik segituko du (hasieran ekialderantz, San Miguel gainaren eta "Acequia Grande"ren artean dagoen bidetik eta gero iparralderantz, "El Pinar" izeneko lepoaren azpitik) eta Uxue-Murillo el Fruto NA-5311 errepideko 20,2 k.p.an sortu beharreko bide tartean bukatuko da, egin gabe dagoen beste biribilgune baten bidez.

Bide berria 1.492 m luze izanen da. Haren galtzada 10 m zabal izanen da. Zoladura aglomeratu asfaltikozkoa izanen da eta arekak, 1,30 m zabal.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2008ko martxoaren 12an eman zuen txostenarekin bat, NA-1240 eta NA-5311 errepideen arteko bidegurutzetako balioko duten biribilguneak izan ezik, ez da Nafarroako Errepideen Sarean sartuko.

Bestaldetik, "Iberdrola" enpresak baztertu du indarra duen udalez gaindiko proiektu sektorialean aipatzen den instalazioetako hargune elektrikoa, ez baita gai izanen hondakin zentroak behar duen energia elektrikoaren kontsumoaren eskaria emateko. Baldintza onarturik, proposatu da hargune elektrikoa 66 kV-ko saretik egitea, Tafalla-Tutera 66 kV-ko aireko linea elektrikotik, hain zuzen ere.

Hargune berriaren trazadura zehazteko, metalezko sareta euskarriak paratuz burutu nahi dena, alternatiba batzuk aztertu dira. Aukeratu den trazadura, 2.940 metrokoa da, Zarrakazteluko udal mugapeko mugatik abiatuko da, Aragoi ibaiaren ondoan, "Los Plantados" alderdian dagoen Tutera-Tafalla 3 lineako euskarri batetik, zentral elektrikotik gertu dagoen puntu batetik. Puntu horretatik, ipar-ekialderantz, trazadurak "Acequia Grande", "El Llano de Gamazo" eta "El Barranco de Gamazo" alderdiak zeharkatuko ditu, pinudi eta alorren artetik, eta hondakin zentroaren barruan egin nahi den transformazio azpiestazio berrian bukatuko da.

II.-Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena.

2008ko martxoaren 12an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak txosten bat eman zuen "Murillo el Frutoko saihesbidea" izeneko errepide berriaren diseinuan bete beharreko ezaugarriei buruz. Bertan, ezarri beharreko biribilgune itxiek bete beharreko ezaugarriei buruz zehaztapen batzuk ezarri ziren eta, bide segurtasuna eta gaitasuna dela-eta, 7 metroko galtzada sekzio bat eta metro banatako bazterbideak, bi aldeetan, sortu beharrak ezarri ziren, NA-5311 errepidean, burutu nahi den biribilgunearen eta hondakin zentroaren artean.

III.-Hirigintzaren gaineko zehaztapenak.

Murillo el Frutoko lurraldearen okupaziorako estrategia eta eredua 2007ko urriaren 4an onetsi zen. Bertan, etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriko esparru bat mugatu zen, gaurko herriguneaz ekialdean, eta udalez gaindiko proiektu sektorialera joateko saihesbide bat proposatu, haren bazterretik. Aurreko hitzarmenak, besteak beste, bide ematen du udalaren hirigintzaren planaren geroko idazketan udalez gaindiko proiektu sektorialera joateko saihesbide proposamen bat zehaztu eta garatzeko, gaur egungo herrigunea eta aurreikusiriko lurzoru urbanizagarria saihestuko dituena, eremuko garapen eredua zaintzeko lurzoru baliotsua barne (epe luzerako urbanizagarria izan litekeena). Hori horrela, hitzarmenak dioenez, trazadurak Zarrakaztelura doan NA-124 errepideko saihesbidearekiko hegoaldeko lotunean hasi beharko luke, "El Pinar" lepoko magalaren bazterretik, Uxuera doan NA-5310 errepidearekin bat egiteko. Indarra duen udalez gaindiko proiektu sektorialak aipatzen dituen instalazioetako sarbidea, herrigunetik pasatzean, lurraldearen okupazioaren estrategia eta ereduan "berdegune berezia: eremu berriarekiko txangatako pasealeku eta lorategia" deritzon gunetik iraganen da.

Hondakin zentrorako proposatu den sarbide berria, lurraldearen okupazioaren estrategia eta ereduko behin betiko trazadura bezala, herrigunea hedatuko deneko eremuko mugaraino eramanen da. Horrela, zentroko trafikoak Murillo el Frutoko herrigunea saihesteaz gain (gehiena trafiko astuna baita), lurraldearen okupazioaren estrategia eta ereduan aipatzen diren beste proposamen batzuei bide ematen zaie: herrigunea ekialdetik zabaltzeari eta txangako pasealeku eta lorategiari, hain zuzen ere.

Trazadura, hitzarmenak dioenez, herriguneko ekialdeko saihesbidean hasten ez bada, gaur egun lurraldearen okupazioaren estrategia eta ereduan hiri lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako aurreikusten den mugatik abiatuko da, gutxi gorabehera saihesbiderako lurraldearen okupazioaren estrategia eta ereduan aurreikusten den trazaduratik 150 metro hegoaldera. Horrela, gaur egungo herrigunea eta aurreikusiriko lurzoru urbanizagarria saihestuko dira. Halaber, trazadura honek, herrigunetik gehiago urruntzen baita lurraldearen okupazioaren estrategia eta ereduan proposatzen den saihesgunea baino, bide emanen du herrigunea "Delantera San Miguel" alderdirantz zabaltzeko, La Paz kaleaz ekialderantz, hain zuzen ere.

Bestaldetik, hargune elektrikoko trazadura Murillo el Frutoko arau subsidiarioetan urbanizaezintzat jotzen diren lurretatik (generikotik, ekoizpen handikotik eta ibaibidetik) pasatzen da oso-osorik. Haien hirigintza araubidea bat dator proposaturiko azpiegiturarekin. Halaber, ureztaketa lurren inbentarioak ukituriko lurzoruak ere zeharkatzen ditu: Nafarroako Ubideko II. faseko ureztaketa eremuak eta eginiko ureztaketa lurrak. Ukipen honi buruz txosten bat eskatu zaio Nekazaritza Egituren Zerbitzuari. Haren gogoetak kontuan hartuko dira espedientearen gainean ebazteko.

IV.-Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak txosten hau igorri zuen 2008ko ekainaren 20an: "Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan artikuluan ezarritakoarekin bat, udalez gaindiko proiektu sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Dokumentazioa azterturik, aditzera ematen da araudian aurreikusitako eduki guztiak barne dituela behar bezain zehazturik, eta beraz, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Ingurumen eraginaren azterlana onartzen da tramitatzeko".

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Murillo el Fruton paratuko den Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" udalez gaindiko proiektu sektoriala, Indugarbi S.L. enpresak sustatua, aldatzeko espedientearen tramitazioa hasta.

2. Proiektuaren eta sarbideen eraikuntzaren kostua enpresa sustatzailearen kontu izanen dira eta Zainketa Zerbitzuak eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak 2008ko martxoaren 12an eman txostenetako zehaztapenekin bat burutuko dira.

3. Egin asmo diren instalazioak ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegiturei eta zortasunei dagokienez (ubide publikoak eta abar), enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu".

4. Espedientea, hogeita hamar eguneko epean, jendaurrean jarri eta proiektuak ukituko dituen eremuetako udalei entzunaldia ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari, Murillo el Frutoko Udalari eta "Indugarbi, S.L." enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko uztailaren 21ean.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0811399