97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko uztailaren 21ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Sarrigurengo Ekohiriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona. Espedientea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustatu du Nasuinsaren bitartez.

2008ko apirilaren 16an Nasuinsa enpresak Sarrigurengo Ekohiriaren UPS aldatzeko espedientea aurkeztu du.

I.-Proposatu diren aldaketak.

A) 1-1 lurzatia, "Sarrigurengo gune historikoa".

Nasuinsak indarreko UPSren arabera babes handiena duten eraiki- netako bat, Sarrigurengo eliza zaharra, zaharberritzea aztertu du. Hain zuzen ere, zaharberrikuntza proiektua egin du eta bertan elizaren zaharberrikuntza eta birgaikuntzaz gainera hari atxikita hura erabiltzeko behar diren zerbitzuetarako eraikina eraikitzea ere jaso da.

Oraintsu, sakristia zaharra eraitsi da, elizari atxikitako barrunbe horrek ez baitzuen inolako balio arkitektonikorik elizaren izaera monumentalarekin alderatuta. Beste alde batetik, elizaren zati bat indarreko UPSn (eta katastroan) zehaztutako lurzatitik kanpo dagoela detektatu da.

Hori dela eta, sustatzaileak, lurzatia eraikuntzaren errealitatera egokitu behar dela pentsaturik, haren mugak aldatzea proposatu du proiektatutako eranskina eta eliza, sakristia zaharra eraitsi ondoren geratzen dena, hartu ahal izateko. Eraisketak libre utzitako lurzoruarekin mugen doikuntzaren ondorioz okupatuko den lurzoru publikoa konpentsatuko da. Gainera, geroago xehetasun azterlana egin beharrik ez izateko, espedientean zehaztuko dira eraikitzeko gehieneko lerrokadurak, lurzati berriaren mugekin bat heldu direnak.

B) Cabárceno kalea aldatzea eta ekialdeko ingurabidearekin lotzea.

Gaur egun Cabárceno kale osoan ibilgailuak norabide batean bakarrik ibil daitezke. Bada, EP-3 lurzatiaren pareko tartea (laster Tracasa enpresa publikoak okupatuko du) aldatuko da eta bi errei jarriko dira, hau da, ibilgailuak bi norabideetan ibili ahal izango dira. Horrez gainera, Arangurengo biribilgunetik hasitako sarbide zuzena izango da (sarrerakoa bai baina irteerakoa ez). Aldaketa honen proiektua eta egin beharreko obrak Tracasaren kontura izango dira. Aldaketari esker ekialdeko ingurabidearen eta EP-3 lurzatiaren arteko ibilgailu trafikoa hobetuko da eta lurzati hori ingurabidearen beste aldean dagoen Berrikuntzaren Hiriarekin lotuko da.

C) 10.1/A-2 eta 10.1/A-1b lurzatiak.

Lurzati hauek Acciona enpresa taldearenak dira; aldaketa hauek proposatu dira:

-10.1/A-2 lurzatian gauzatu ez den eraikigarritasuna (1.000 m²) 10.1/A-1b lurzatikoari gehituko zaio (oraindik ez dago eraikinik), baina ez da aldatuko lurzatiei ezarritako guztirako lurzoru eraikigarria, ez lurzatiko eraikuntzaren gehieneko okupazioa (lurzati bakoitzeko azaleraren %20), ez lurzati bakoitzeko gehieneko lurzoru zoladuna.

-Gehieneko eraikuntza bolumena kalkulatzeko irizpidea aldatu da; kalkulu honen emaitza oinarritzat hartzen da eraikinaren gehieneko garaiera zehazteko. Indarreko UPSren arabera eraikuntza bolumena ezin da izan lurzati bakoitzeko eraikinek okupatutako azalera 12z biderkatzearen emaitza baino handiagoa. Aldiz, espediente honetan proposatzen da eraikuntza bolumena ez izatea lurzatiari ezarritako azalera eraikigarria 4,8z biderkatzearen emaitza baino handiagoa. Horregatik guztiagatik indarreko araudiko 23. artikulua, Berrikuntzaren Hiriko lurzati guztiei aplikatzen ahal zaiena, aldatu behar da.

10.1/A-2 lurzatian gauzatu ez den eraikigarritasuna (1.000 m²) 10.1/A-1b lurzatikoari gehitzearen arrazoia da Accionak instalazio berriak eraiki nahi dituela bere beharrei erantzuteko eta horretarako gauzatu ez den eraikigarritasun guztia baliatu behar duela. Beste alde batetik, lerrokaduren aldaketak malgutasun handiagoa emango die etorkizuneko eraikuntza soluzioei, tratamendu berezia onartzen duen izkina lurzati batean.

Gehieneko eraikuntza bolumena kalkulatzeko irizpidearen aldaketa ondoko gogoeta honek eragin du: gehieneko eraikuntza bolumena lurzatiko eraikuntzaren gehieneko okupazioaren eta parametro finko baten aplikazioaren araberakoa bada (12), 10.1/A-1b lurzatiko eraikigarritasuna (azalera eta, ondorioz, gehieneko bolumena aldatu gabe) gehitzeak berarekin ekar lezake eraikigarritasun hori ezin doitu izatea bolumen horretan, solairuetako garaiera libreak nahiko ez izateagatik. Horregatik, gehieneko eraikuntza bolumena kalkulatzeko, lurzati bakoitzeko azalera eraikigarriari parametro finko bat (4,8) aplikatzea proposatzen da. Parametro honen balioa ezartzeko batez besteko lurzati bateko gehieneko bolumena kalkulatu da, indarreko UPSn ezarritako prozedura aplikatuta, hau da, eraikinek okupatutako azalera 12z biderkatu da eta emaitza lurzatiaren azalera eraikigarriaz zatitu da.

D) 10.2/B-2 eta 10.4 lurzatiak.

Lurzati hauek Nasuinsarenak dira eta eraiki gabe daude. Gehieneko eraikuntza bolumena kalkulatzeko irizpidearen aldaketaz gainera aldaketa hauek proposatu dira:

-10.2/B-2 eta 10.4 lurzatien eremuak aldatzea: lehenengoa 1.000 m² txikiagoa izango da eta bestea hein berean handituko da. Gainera, 10.4 lurzatiaren itxura aldatuko da; horretarako berdeguneak egokitu beharko dira, baina azalera ez da aldatuko.

-10.2/B-2 lurzatiko 1.900 m² eraikigarri 10.4 lurzatira aldatzea, baina aplikatu beharreko gainerako zehaztapenak aldatu gabe.

Aldaketa hauek egiteko arrazoiak aurrekoak egiteko aipatu direnen antzekoak dira.

II.-Hirigintzaren gaineko gogoetak.

II. 1. 1-1 lurzatirako proposatu diren aldaketak.

Parrokia eliza zaharra UPSko interes historikoko eraikin eta elementu arkitektonikoen katalogoan dago: 1. kategoria, babes osoa (086-067 fitxa). Espedientean egindako proposamenari buruzko txostena eskatu ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2008ko maiatzaren 14an onartu zuen ondare arkitektonikoari dagokionean.

Sarrigurengo elizaren lurzatiaren mugen doikuntzek ez dute ia ezertan aldatuko azalera; beraz, lurzati horren inguruko EL-1 eremu libre publikoaren azalera ez da aldatzen.

Proposatutako gehieneko lerrokadurak direla eta, ez dago inolako eragozpenik aplikatzeko, kontuan edukita indarreko UPSen ezarrita dagoela eraikinean esku hartzeko ezinbestekoa dela aldez aurretik Vianako Printzea Erakundeak txostena egitea.

II. 2. Cabárceno kalearen aldaketa.

Proposatu diren Tracasa enpresaren sarbideek agerian jartzen dute sektore horretara iristeko moduak badauzkala akats batzuk. Horregatik, bide funtzionamendua eta irisgarritasuna eremu handiagoa hartuta aztertu behar lirateke, Tracasaren eskaerei erantzuteko aplika daitezkeen soluzioak eta egin beharreko obrak zehazteko. Nolanahi ere, eztabaidagarria da Cabárceno kaleko tarte batean bi norabide jartzea, 40 metroko bidean bi arriskugune sor baitaitezke, autobus geltokirako zebra-bidea egoteaz gainera.

II. 3. 10.1/A-2 eta 10.1/A-1b lurzatietan eta 10.2/B-2 eta 10.4 lurzatietan proposatu diren aldaketak.

Proposatu diren aldaketak onargarriak dira, bai lurzati batzuetako eraikigarritasuna beste batzuetara aldatzea, bai 10.2/B-2 eta 10.4 lurzatien muga berriak eta, ondorioz, haien inguruko berdegune eta babesguneen azaleren doikuntzak. Izan ere, proposamenetan ez da aldatu lurzatiei ezarritako guztirako lurzoru eraikigarria, ez lurzatiko eraikuntzaren plantako gehieneko okupazio portzentajea, ez lurzati bakoitzeko gehieneko lurzoru zoladunaz araudian ezarritakoa, ez aurreikusitako aparkaleku kopurua.

10.1/A-1b lurzatiko eraikuntzaren gehieneko lerrokaduren aldaketa dela eta, lurzatia nolakoa den kontuan izanik, indarreko lerrokadurek lurzatian enpresaren behar funtzionalekin bat datorren eraikina egitea eragozten dute. Horrenbestez, kontuan hartuta gainerako parametroak ez direla aldatzen, proposatutako lerrokadura berriak onargarriak dira. Hala ere, lurzatian egiten diren eraikuntzek Herri Lan Departamentuaren bidezko baimena eduki behar dute. Departamentu horri proposatutako hegoaldeko lerrokadurari buruzko txostena eskatu zaio. Txosten horretan jasotzen diren ondorioak kontuan edukiko dira espedientearen ebazpenean. Gainera, lurzatiko hegoaldeko lerrokaduraren aldaketa (ekialdeko ingurabidera hurbiltzea) onartzen bada, aldaketak sor dezakeen zarata-eraginari eta hura zuzentzeko neurriei buruzko txostena eskatuko da, Zaratari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Gehieneko eraikuntza bolumena kalkulatzeko proposatutako irizpidea dela eta, oraindik eraiki gabe dauden lurzatiei (zeinen hirigintzako zehaztapenak aldatu nahi baitira) aplikatuta lortzen diren eraikin garaierak (solairu kopurua zein metro kopurua) nahiko zentzuzkoak dira oinarritzat gehieneko okupazioa (lurzatiko azaleraren %20) hartuz gero. Alabaina, lurzatiko azaleraren %10eko okupazioa hartzen bada oinarritzat, bi kasuetan eragiketaren emaitza da 7 solairuko eraikinak ezar daitezkeela, 26 eta 30 metro bitarteko garaierarekin, eta hori ez dator bat gaur egun Berrikuntzaren Hirian dagoen arkitekturarekin. Beraz, eraikinen gehieneko garaiera (solairu kopurua zein metro kopurua) behar funtzionalei erantzungo dieten soluzio arkitektonikoak ezartzeko modukoa izatea aztertu beharko litzateke.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe.

ERABAKI DU:

1. Sarrigurengo Ekohiriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nasuinsaren bitartez sustatu duen espedientearen tramitazioari hasiera ematea. Ondoko zehaztapenak ezarri dira:

a) 10.1/A-1b lurzatian egiten diren eraikuntzek Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren bidezko baimena eduki behar dute. Departamentu horri proposatutako hegoaldeko lerrokadurari buruzko txostena eskatu zaio. Txosten horretan jasotzen diren ondorioak kontuan edukiko dira espedientearen ebazpenean.

b) Espedientea ebatzi aurretik, sustatzaileak, erabaki honetan eraikinen gehieneko garaieraz ezarritakoa kontuan edukita, bidezko deritzon soluzioa proposatuko du.

c) Tracasa enpresaren sarbideak direla eta, erabaki honetako azalpen zatiko II. epigrafean ezarritakoa egingo da.

d) Espedientearen ebazpenean kontuan hartuko dira Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egiten dituzten txostenetan jasotzen diren ondorioak.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta aldaketaren eraginpeko eremuko Udalari entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Horretarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Eguesibarko Udalari eta Nasuinsari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko uztailaren 21ean.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F0811396