97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko uztailaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Cordovillan (Galar) eta Iruñean etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Plana, Cordovillako Jabeen Elkarteak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzen duena.

2008ko ekainaren 30ean, Cordovillako Jabeen Elkarteak udalez gaindiko plan sektorial bat aurkeztu zuen tramitatzeko. Plan horren xedea da etxebizitza babestuetarako eta jarduera ekonomikoetarako eremu bat garatzea Donapeako goi ordokian, Galarko (Cordovillako Kontzejua) eta Iruñeko mugapeetan.

Aurkeztutako agirian argitasunez eta behar adina azaltzen dira LAHFLren 43. artikuluan finkatutako legezko determinazioak. "Plana udalez gaindiko deklaratzeko arrazoiak" ematen dira ataletako batean, eta indarra duten lurralde antolamenduko tresnei nola egokitzen zaien azaltzen da beste atal batean.

LAHFLk udalez gaindiko plan sektorialak arautzen ditu lurraldea antolatzeko tresna gisa, esanez halako planak egokiak direla bizitegietako jarduketak antolatzeko, horien eragina, tamainagatik, garrantziagatik edo ezaugarri bereziengatik, bizitegia kokatu behar den udalerritik edo udalerrietatik harantzagokoa denean. Halaber onartu egiten du -eta hori aurrerapena da lehenagoko legeriaren aldean- ekimen pribatuak halako planak sustatu ahal izatea.

Ekimenari babes orokorra ematen dioten legezko oinarri horiez gain, badira zenbait inguruabar, aurkezturiko plana udalez gaindiko deklaratzeko bide ematen dutenak. Horietako batzuk objektiboak dira, izan ere: Planak, bere tamainagatik eta garrantziagatik, kokatzen deneko udalerritik harantzago izanen du eragina. Beste inguruabar batzuk soziopolitikoak dira; etxebizitza babestuak eraikitzeko eta gizartearen eskakizun nabariari modu egokian erantzuteko tresna hau aukeratzera garamatzate.

Etxebizitza babestuen behar sozial bete gabeari gaur egungo krisi ekonomikoa gehitu zaio, eraikuntza sektoreko enplegu mailetan ondorio larriak izan baititu. Egoera horrek eraginda Nafarroa 2012 Plana jarri da abian, enpleguari eta produktibitate ekonomikoari eusteko inbertsio plan bat. Bertako neurrien artean, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzearen ingurukoak krisiaren ondorioak arintzeko eraginkorrenetakoak direla azpimarratu dute, ez politikariek bakarrik, baita arloko adituek ere.

Beste alde batetik, lurraldearen ezaugarri batzuk aurreko argudioei gehitu behar zaizkio: besteak beste, eragin fisikoa udal mugape batean baino gehiagotan izatea; udalez gaindiko lurralde intereseko elementu batzuk (bideak, paisaia erreserbak, aukera eremua eta abar), Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauetan jasoak, kudeatu beharra; udal planeamenduen koordinazioa; jarduketaren tamaina eta ezaugarriak, bere zatirik handiena kokatuko den udalerritik (Galar) harantzagoko eragina izanen baitu.

Aintzat hartu da, bestalde, aurkeztutako proposamena bat datorrela indarra duten Eskualdeko Hirigintza Arauekin (EHA). Donapea alderdia EHAetan aukera eremutzat kalifikaturik dago (AO. 5). Kontzeptu horretan sartzen dira eskualde mailako garrantzia duten lurralde eremuak, beren ezaugarri eta kokaera abantailatsuengatik eskualdean hiri-balio handia izan eta udalez gaindiko tresnen bitartez planifikatu behar direnak, bizitegitarako edo/eta balio erantsi handiko jarduera ekonomikoetarako, unean uneko behar nagusien arabera.

PLANAREN DESKRIBAPENA

Planaren eremuak muga hauek ditu: iparraldean, Zaragoza etorbidearekin bat egiten duen EHAetako bide berria eta Nafarroako Unibertsitateko campuseko maldak; ekialdean, Zaragoza etorbidea eta horrekiko paraleloa izanen den Nafarroa etorbiderainoko bide berria; hegoaldean, AP-15 autobidea; eta mendebaldean, Donapeako gainak eta Ezkirotzerainoko EHAetako bide berria.

Proposamenaren datu nagusiak honako hauek dira:

-Sektorearen eta banaketa-eremuaren azalera osoa: 1.166.502 m².

-Galarren: 1.016.726 m².

-Iruñean: 149.776 m².

-Sailkapena: lurzoru urbanizagarri sektorizatua.

-Metro karratu eraikiak, etxebizitzetan: 516.229 m².

-Metro karratu eraikiak, beheko solairuetako merkataritzako lokaletan: 43.918,9 m².

-Metro karratu eraikiak, hirugarren sektoreko erabileretan: 184.802 m².

-Etxebizitzen kopurua, guztira: 4.302

-Babes publikoko araubideren bat izanen duten etxebizitzen portzentajea, gutxienez: %80.

-Espazio libre publikoen sarea: > 295.000 m² lur.

-Erabilera anitzeko gizarte ekipamendua: 15.717 m² lur.

-Osasun ekipamendua: 2.107 m² lur.

-Hezkuntza ekipamendua: 28.787 m² lur.

-Kirol ekipamendua: 36.584 m² lur.

-Udalez gaindiko ekipamendua: 42.537 m² lur.

-Aparkatzeko tokien kopurua, guztira, lurzoru publikoan: 6.600 toki.

-Homogeneizazio koefizienteak:

-Etxebizitza libreak: 1,00.

-Prezio tasatuko etxebizitzak: 0,43.

-Babes ofizialeko etxebizitzak: 0,32.

-Merkataritza: 0,55.

-Jarduera ekonomikoa: 0,55.

-Garajea (sestra azpitik): 0,08.

-Eredu-aprobetxamendua: 0,388 AU/m².

-Urbanizazio kostuen balorazio ekonomikoa: 107.994.703,80 euro.

Eremuan bi zona desberdin bereiz daitezke: Donapeako goi ordokia eta Zaragoza etorbidetik hurbil dagoen aldea. Korridore berde batek banatzen ditu, eta, aldi berean, Sadar ibaiko parkearekin eta unibertsitate eremuarekin lotzen ditu.

Donapeako goi ordokia erabilera mistoetarako lurralde gisa planteatzen da: bizitegitarako erabilerak iparraldean eta ekialdean, eta ekonomiko edo teknologikoak hegoaldean eta mendebaldean. Bi eremu horietarako sarbide bana egin nahi da, bai eta eremu ekonomikoa Cordovillako industrialdearekin lotzeko ordezko bidea ere. Zona hau etxesail irekien bilbe moduan egituratuko da, eta mota hauetako bideak izanen ditu: edukiera handiko bideak, bide mistoak, oinezkoentzako barnealdeko zonak eta ertzeko pasealekuak. Sare hori erdiko eremuarekin loturik egonen da; erdiko eremuan kokatuko dira ekipamenduak eta erdiko parkea, Cordovillako urbanizazio zaharra eta berria egituratuko dituena.

Zaragoza etorbidearen inguruak egitura mistoa izanen du. Bertan erabilera ekonomikoak eta hirugarren sektorekoak nagusi izanen dira bizitegitarako erabileren aldean. Metropoli eskalako eraikinak izanen diren bi dorreren bitartez, Iruñerriko hegoaldetik erdialdeko hirirako sarbidea nabarmenduko da. Aldi berean, egungo bide aukerei eta Iruñeko Udal Planean aurreikusitakoei eutsiko zaie. Aipatu etorbidearen gaineko pasabidea desmuntatzeko asmoa dago. Horrela lur librea lortuko da ekipamendu eta kirol zona baterako, Cordovillako Kontzejuaren etxearen inguruan.

Bestalde, Sadar ibaiaren ertzeko hiri parkea hirigune berriraino hedatuko da eta, ekialdetik, mazela osoan barna (EHAetako erreserbak bereganatuz) Cordovillako jatorrizko hirigunetik harantzago iritsiko da, AP-15eko ingurabidearekin bat egin arte.

Antolamenduak 4.302 etxebizitza aurreikusten ditu, %80 babes publikoko araubideko etxebizitzetarako izanen da, portzentaje bera babes ofizialeko etxebizitzetarako eta prezio tasatuko etxebizitzetarako. Horiek horrela, Jabeen Elkartearen ordezkariak aurkeztu duen "Donapeako bizitegi poligonoko UPSari buruzko azterlan ekonomiko oinarrizkoa" izeneko agirian aukera eskaintzen da etxebizitza libreetarako gehieneko salmenta prezioa finkatzeko, zehaztu beharrekoa.

Azpiegiturei dagokienez, azpimarratzekoa da ezen, bizitegitarako jarduketetan proiektatu ohi diren azpiegiturez gain, indargarri garrantzitsuak aurreikusten direla sistema orokorretan eta horiekiko loturetan. Hala, hiri hondakin solidoak biltzeko sistema pneumatikoa jartzea planteatzen da, eta Zaragoza etorbidetik eta Nafarroako Autobidetik hirirako sarbideak birmoldatzea, Noaingo aireporturako bide berriak eta eskualdeko garraio publikoek soilik erabiltzeko bideak egitea, Iruñerriko Mankomunitateak diseinuari buruz emandako jarraibideen arabera.

Txosten sektorialak

-2008ko uztailaren 1eko txostenean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du UPSko Ingurumen ondorioen azterlana nahikoa dela eta espedienteko gainerako agiriekin batera hura jendaurrean jartzeko tramitea egin daitekeela.

-Iruñerriko Mankomunitateak ukitutako zerbitzuei buruzko txosten bana eman du maiatzaren 12an, 14an eta 16an. Garraio publikoari buruzko txostenak garrantzi berezia du, kontseilariak UPSa tramitatzeko ezarritako premisetan gai hori azaltzen delako.

-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalak adierazi du Paleolitoko 5 gune daudela, Inbentario Arkeologikoan jasoak, eta Planari aldeko txostena eginen zaiola baldin eta ondarearen kontserbazio osoa bermatzen bada, baina ez du zehaztu nola lor daitekeen berme hori. Azkenik, adierazi du gizarte intereseko arrazoiengatik "halako ondasunak" desmuntatu edo lekuz aldatu ere egin daitezkeela (itxuraz, Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Legearen 62. artikulua ikusirik, "egitura arkeologiko" deituei buruz ari da, nahiz eta inguruan ez den halakorik ezagutzen). Txosten honen III. epigrafean ("UPSaren justifikazioa") adierazitako gogoetak ikusirik, begi bistakoa da badaudela gizarte intereseko arrazoiak (Nafarroa 2012 Plana), hainbesterainoko neurriak ere bidezko eginen lituzketenak.

-Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko zuzendariak uste du Donapea bere osasun ekipamenduaz hornitzea dela aukerarik onena.

-Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuan adierazi dute eskola ekipamendurako gutxienez ere bi orube gorde behar direla, bakoitza 8.000 m²-koa, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe baterako, eta beste orube bat, 9.000 m²-koa, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baterako. Txostenean, kirol pistak ez dira eskola ekipamendu horretan sartzen.

-Planeko etxebizitza-gunea ubideetako txukuntasun eremutik kanpo dago. Hala ere, Iruñerriko Mankomunitateak adierazitakoa aintzat harturik, UPSan determinazio hau jasoko da: urbanizazio proiektua Ebroko Ur Konfederazioaren txostenaren mende egonen da.

-Halaber, eta espedientea tramitatzen den bitartean Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak nahi dituen txostenak eskatu ahalko dituela alde batera utzita, txosten bana eskatuko zaie Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, Red Eléctrica de España, S.A.ri eta Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2008ko uztailaren 4an emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Cordovillan (Galar) eta Iruñean etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Plana, Cordovillako Jabeen Elkarteak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea, aipatu foru legearen ondorioetarako, honako determinazio hauekin:

-Etxebizitza babestuen behin betiko portzentajea espedientearen ebazpenean zehaztuko da, bertara bildutako azterlan ekonomikoak erkatu eta gero.

-Sustatzaileak bermatu eginen du jarduketa eremuko argindar lineak berriz jartzeko proposatutako konponbideak gauzatuko direla.

-LAHFLren 100. artikuluan ezarritakoaren arabera, sustatzaileak ordaindu eta, hala behar denean, exekutatu beharko ditu jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta, hala denean, sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ondorioz ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak. Halaber, behar diren neurriak hartuko ditu azpiegitura horietarako behar diren lurrak eskuratu ahal daitezen.

-Urbanizazio proiektua Ebroko Ur Konfederazioaren txostenaren mende egonen da.

-Betiere, egin beharreko obrek beste azpiegituretan edo beste elementu batzuetan (errepideak, ubide publikoak, aireportua, etab.) egiten duten edo egin dezaketen eraginari dagokionez, enpresa sustatzaileak eskumena duten organoetatik behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

2. Sustatzaileari ohartaraztea kontuan hartuko direla, espediente hau ebazteko egiten den proposamenean, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren proposamenak, txosten sektorialek eta jendaurreko epean jasotzen diren alegazioek hirigintzaren eta lurraldearen aldetik ematen dituzten ondorioak.

3. Espedientea, hogeita hamar egunez, aldi berean jendaurrean eta Planak mugapea ukitzen dien udalen entzunaldian jartzea.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armada Etorbidea, 2, 3. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da egokitzat jotzen diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

4. Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari begira ere espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta jakinaraztea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Galarko eta Iruñeko Udalei, Iberdrola, S.A.ri, Red Eléctrica de España, S.A.ri, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta Iruñerriko Mankomunitateari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko uztailaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0811301