97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Musika Eskolako musika tresnen taldeko irakasleen zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, aldi baterako lan kontratuko lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorrean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren

Iruñeko Udalaren Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2008ko maiatzaren 7an; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.-Izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egiten da, hautaproben bidez Musika Eskolako musika tresnen taldeko irakasle lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udalaren Hezkuntza eta Gazteria Alorrean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatu beharreko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osatzen dena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da inor ote den Musika Eskolako irakasle lanpostuan, musika tresnen taldea espezialitatean, lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Musika tresnen taldeko erdi mailako lizentziadun titulua izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

c) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua formalizatu aurretik, esaten zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udalaren Laguntza Bulegoan, Merkatuko kalean, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bertzenaz, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan, zein espezialitatetan hartzen den parte adieraziko da.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko dute, baita eskatutako titulazioarena ere.

3.2. Elbarritasuna duten izangaiek, eskabidearekin batera, elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak, ebazpen bidez, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda emanen du aditzera Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen atzeko aldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.-Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritza Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean edukiko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.-Epaimahaia.

7.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Lehendakaritza, Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zinegotzi delegatua edo Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: musika irakasle bat.

Mahaikidea: Joaquín Maya musika eskolako zuzendaria edo ikasketa-burua.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, orotariko batzorde paritarioetan diharduten sindikatuek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Joaquín Maya musika eskolako idazkaria edo ikasketa-burua.

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Iruñeko Udalaren Lehendakaritzako Alorreko Zuzendaritzari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.-Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

8.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

8.1.1. Lehenbiziko proba, orkestrarako obra baten moldaketa prestatzea. Epaimahaiak baxu zifratuz idatzitako melodia bat proposatuko du, eta aukerakoa izanen da hari eutsi ala ez. Melodia hori honako musika mota hautako errepertorikoa izanen da: herri musika, folklorikoa, modernoa, zinemakoa, pop musika eta abar.

Epaimahaiak erabakiko du melodia hori zer orkestra formaziotarako moldatu beharko den; hari, haize eta perkusio instrumentuez osaturiko orkestra izanen da betiere. Moldaketaren maila, hala teknikari nola estiloari dagokienez, gure musika eskolaren mailaren araberakoa izan beharko da (musika tresnen ikasketa mailak: 4.etik 8.era).

Epaimahaiak zehaztuko du gutxienez ere zenbat konpas moldatu beharko diren; moldaketa eskuz idatzita aurkeztu beharko da.

Hiru ordu egonen dira proba egiteko, eta ezin izanen da material osagarririk erabili. Moldaketa epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko da; epaimahaikoek egoki juzgatzen dituzten argibideak eskatu ahalko dituzte.

Proba horretan gehienez ere 30 puntu emanen dira.

8.1.2. Bigarren proba: obra bat musika tresnen taldeetako batekin obra bat prestatzea. Epaimahaiak saioa baino 30 minutu lehenago emanen du obraren berri. Oposiziogileak fraseatua finkatzeko eta hari-instrumentuen arkuak kokatzeko erabiliko du denbora hori. Saioak 30 minutu iraunen du, gehienez ere.

Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Epaimahaiak egoki juzgatzen dituen argibideak oro eskatzen ahalko ditu.

Honakoak baloratuko dira: oposiziogileak ikasleekin duen komunikazioa eta harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, adibide musikalen erabilera, jardueren aniztasuna, helburu musikala erdieste aldera erabilitako baliabideak eta estrategiak; eta ondoko alderdi musikal nagusi hauetan erakusten den zehaztasuna eta doikuntza: erritmoa, afinazioa, dimamika, fraseatua, artikulazioak, ekiteak eta abar, baita oposiziogileak egoki irizten dituen gainerako alderdiak ere.

8.2. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

8.3. Hautaprobak egiteko orduan, halaxe eskatzen duten elbarriek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.-Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditzen duten izangaiei deitzen ahalko zaie Iruñeko Udalaren Hezkuntza eta Gazteria Alorrean sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa (Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

9.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2008ko uztailaren 1ean.-Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Izena: ..................................... adinez nagusia, NAN/Nortasun agiria: ......................, jaioteguna (eguna/hilabetea/urtea): .................., non sortua (udalerria/probintzia): ....................., nazionalitatea: .............., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua): ....................., posta kodea / herria: ................, telefonoa: ......................., sakelako telefonoa: ....................

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik (beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Eskatzen dut:

Hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdian onartua izatea, aldi baterako kontratudun lanpostuetan aritzeko, Joaquín Maya Musika Eskolako irakasle lanpostuan, musika tresnen taldeko espezialitatean. Deialdia .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara,

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9, 31001-Iruña).

Iruñean, 20....(e)ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0810591