Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
TUTERA
Tuterako kuadrilla gelatako lokalak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Tuterako Udalak, 2008ko apirilaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Tuterako kuadrilla gelatako lokalak arautzen dituen ordenantza.
Aurreko erabakia 2008ko 67. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 30ean, argitaratu ondotik, hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluei zein Nafarroako toki araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legeari jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen da Tuterako kuadrilla gelatako lokalak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa.
Tuteran, 2008ko uztailaren 1ean.-Alkatea, Luis Casado Oliver.
KUADRILLA GELATAKO LOKALAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
1.-Hitzaurrea.
Gure hirian etxabeak urte osoan edo jaietan bakarrik aisiako toki gisa erabiltzen direnez, Tuterako Udalak, jendearen eskaera hori eta ukitutako bizilagunen atsedena eta segurtasuna bateratzearren, baita erabiltzaileena ere, ordenantza hau prestatu du.
Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legeak, hiritarraren estatutuaren barrenean (4 eta 5. artikuluak), ondasun eta eskubideen zerrenda jasotzen du. Eskubideen artean, etxean zaratarik edo beste emisio kutsagarririk gabe bizitzekoa dago. Eta betebeharren artean, besteak gogaitu edo haien ondasunak hondatzeko arriskua duten egintza edo jarduerarik ez egitearena.
Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arauten dituen martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legeak (martxoaren 14ko 26/2001 FLren arabera) zioen azalpenean jasotzen du josteta jarduera sozialetan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere besteen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak jokoan daudenean.
Alde horretatik, 1.2 artikuluak dioenez, eremu pribatu hutseko jarduerak edo familiakoak, jende guztiarentzat irekita ez daudenak, 2/1989 Foru Legearen esparrutik kanpo izanik ere, "josteta edo aisiarako jarduerak egiten diren tokietan beharrezko baldintza teknikoak bete behar dira besteak ez gogaitzeko eta jendearen nahiz ondasunen segurtasuna bermatzeko; batez ere, egituren sendotasuna eta instalazioen funtzionamendua, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriak eta segurtasun eta higiene arloko baldintzak, eta horretarako, Udalaren lizentzia izan beharko dute."
Eremu horretan, pribatu hutsa baita, sartzen dira kuadrilla gelatako lokalak, ez baitira inola ere nahasi behar ingurumena babesteko jarduera sailkatuen erregelamenduaren mendeko jarduera bat egiteko baimena behar duten lokalekin. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du. Haren 4. D. F) eranskinak ezartzen duenez, "ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ingurumen arloko txostenik behar ez duten jarduera eta instalazioak dira, jarduera sailkaturako Udalaren lizentziaren mende daudenak, eta atal horretan sartzen dira tabernak, elkarte kultural edo gastronomikoak, kafetegiak, jatetxeak, antzokiak, zinemak, dantzalekuak, diskotekak, josteta aretoak, ziberzentroak, kirol instalazioak eta antzekoak".
Hori dela eta, garrantzitsua da ongi bereiztea ordenantza honetan kuadrilla gelak deitzen ditugunak eta elkarte gastronomikoak. Azken horiek helburu gastronomikoa duen jendea biltzeko zentroak dira, jantokiko mahaiak dituzte, sukaldea eta jakiak prestatzeko elementuak, tabernako barra ere izan dezakete, telebista, musika ekipoa, eta behartuta daude komunak, estalkira arteko ateragailua, suteei aurrea hartzeko neurriak eta isolamendu akustikoa izatera. Elkarte gastronomikoek, 93/2006 Foru Dekretuaren 4.D.F) eranskinak dioenaren arabera, jarduera sailkatuaren espedientea tramitatu beharko dute eta ez dira ordenantza honen xede.
Kuadrilla gelatako lokalak arautzen dituen ordenantzaren helburua aisiako toki horiek bermatzea da, erabiltzaileendako zein auzoendako eragozpen eta arriskuak saihestea eta interes pribatuak interes publikoarekin bateratzea.
Xedapen orokor honek, Tuterako Udalak erregelamendurako ahalmena erabiliz prestatu baitu, kuadrilla gelak, urte guztikoak zein jaietakoak, instalatzeko neurriak zehaztu eta erregulatzeko helburua du; orobat, eskaerarako beharkizunak, erantsi beharreko dokumentazioa eta zehatzeko araubidea.
2.-Aplikazio esparrua.
1. artikulua. Eremua.
Ordenantza hau Tuterako udal mugapeko kuadrilla gelei, urte guztikoei zein jaietakoei, aplikatuko zaie, 1. eranskinean ezarritakoaren arabera, bai gaur egungoei, bai instalatzen diren berriei.
3.-Atariko titulua.
3.1. Xedapen orokorrak.
2. artikulua. Xedea.
Lokal bat kuadrilla gelatako erabili gogo dutenek bete beharreko baldintza eta beharkizunak ezartzea du xede ordenantza honek, baita, ondoren, hartu beharreko neurriak ere, Tuterako Udalak kuadrilla gelatako erabiltzeko lizentzia eman ondotik.
3. artikulua. Definizioak.
Kultura, aisia, josteta edo antzeko asmoekin jendea biltzeko erabiltzen diren tokiei deitzen zaie kuadrilla gela, irabazteko asmorik ez badute eta, bertan, jende guztiarentzat irekita izan gabe eremu pribatu hutseko jarduerak egiten badira. Eraikinen beheko solairuan egoten dira, hirigintzako araudiaren arabera haiek instalatzea zilegi bada (eta hirigintzako baimen hori espres ezartzen ez bada, antzeko erabilerakoekin parekatuko da), eta ez dira taberna, sukaldea, jatetxea edo antzeko zerbitzuak sartzen. Urte guztikoak izaten ahal dira eta jaietakoak. Azken horiek Tuterako jaietan erabiltzen ahal dira, uztailean, abuztuan eta irailean.
Urte guztiko kuadrilla gelek ordenantza honetako 1. eranskineko B atalean jasotako baldintzak bete beharko dituzte, eta jaietakoek 1. eranskineko C atalean ageri direnak.
4.-Titulu bakarra.
4.1. Lehenbiziko kapitulua.
Prozedura
4. artikulua. Lizentzia tramitatzea.
Kuadrilla geletako kideak nortasun juridiko gabeak dira eta ordezkari bat izendatu beharko dute, haren bitartez jardun dezaten Udalarekin egiten dituzten tramite guztietan.
Kuadrilla gelako kide guztiak adingabeak badira, bi ordezkari beharko dira: kuadrillako kide baten legezko tutorea eta ordezkari gazte bat, gelako gainerakoek aukeratua, adin nagusikoa izatea behar ez duten ordezkaritza eginkizun guztiak betetzeko. Kuadrilla gelako kideak adingabeak eta adin nagusikoak badira, azken horiekako bat izanen da ordezkaria.
Ondorio guztietarako, Tuterako Udalak ordezkariarekin eginen ditu bere eginbehar guztiak; Udalaren ekitaldiak jakinaraziko zaizkio aukeratzen duen helbidean, eta konpromisoa hartuko du jarduketa horien berri emateko gainerako kideei.
Ordezkariaren helbidea garrantzitsua baita Udalaren jarduketak jakinarazteko, helbide edo ordezkari aldaketen berri eman beharko diote kuadrilako gelek Udalari; izan ere, interesdunak aipatu helbidean ezin jakinarazi bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraituko zaio iragarkien bidez jakinarazteko.
4.1. artikulua. Eskaera eta ordezkaritza.
Ordezkariak, kuadrilla gelaren izenean, eskatuko du kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia, Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean eskabidea, Gazteriaren Kudeaketa Zentrora zuzendua, aurkeztuta. Eranskinean eskatzen diren baldintzak bete beharko ditu eta, eskaerarekin batean, dokumentazio hau erantsiko du:
a) Kuadrilla gelaren izena.
b) Kuadrilla gelaren helbidea.
c) Kuadrilla gelaren ordezkaritza duen pertsonaren datuak (Izen-deiturak, IFZ, posta helbidea, posta elektronikoaren helbidea, telefono finkoa eta sakelakoa, eta Tuterako Udalari jakinarazpenak egiten laguntzen ahal dion edozein datu) (2 eta 3. eranskinak).
d) Kuadrilla gelako kide guztiek sinatutako dokumentuaren bidez frogatuko da ordezkaritza (2 eta 3. eranskinak).
e) Kuadrilla gela osatzen duten kide guztien izen-deiturak, IFZ, helbidea eta telefonoa (4. eranskina).
f) Lokalaren jabearen izen-deiturak, NANa, helbidea eta telefonoa (5. eranskina).
g) Errentamendu kontratuaren kopia edo erabileraren lagapenarena.
h) Jabearen zinpeko aitorpena, jarduera horietako erabiltzen den higiezinak gutxieneko baldintzak betetzen dituela dioena segurtasun, egituraren egonkortasun eta bizigarritasun aldetik (5. eranskina).
i) Lokalaren krokisa, surako itzalgailuak, garbiketarako elementuak (komunontzia, konketa...), entxufeak, larrialdiko argiak eta azalera (gehienez ere, lagun bat m² bakoitzeko).
j) Sute aseguruaren eta erantzukizun zibileko poliza, jabeak harpidetua, kuadrilla gela izateko lokala babestua izan dadin.
k) Ordezkariak sinatutako konpromisoa, kale garbiketa eta eremu publikoetakoa arautzen duen Udalaren ordenantzan xedatua beteko dela dioena; zehazki, 7, 18 eta 22. artikuluetan xedatutakoa (6. eranskina).
Kuadrilla gela adingabeek osatzen badute, gainera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
l) Izen-deiturak, IFZ, helbidea, telefonoa eta sinadura, guraso edo tutore bakoitzak kuadrilla gelako adingabeei onarpena ematen diena (nahikoa da adingabe bakoitzaren guraso edo tutoreetako baten sinadura).
Jaietako kuadrilla gelei dagokienez, jarduera egin nahi den urte bakoitzean aurkeztu beharko da eskaera, azken eguna uztailaren 7a izanik. Data horren ondotik aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
4.2. artikulua. Ebazpena.
Gazteriaren Kudeaketa Zentroak eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztaturik, Udalaren Hirigintzako Zerbitzu Teknikoek eranskinean eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko dute, eta beharrezko txostena eginen dute. Txostena Gazteriaren Kudeaketa Zentroan jasotzen denetik 15 egun naturaleko epean, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen baten bidez eman edo ukatuko du kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia.
Udalaren teknikariak, higiezinaren egoera ikusita, lokalaren segurtasunean akatsak atzematen baditu, lokalaren ziurtagiria eskatuko du eta, behar bada, eraikinarena, segurtasuneko eta egituraren sendotasuneko teknikari eskudun batek sinatua. Bestela, eskatzen den ziurtagiria aurkezten ez badu, ez da eskatutakoa emanen.
Urte guztiko kuadrilla gelak erabiltzeko lizentziak indarra izanen du jarduera burutzen den bitartean, ordenantza honen 6. artikuluan xedatutakoa kontuan izanda. Jaietako kuadrilla geletarako lizentzien indarraldia uztailaren 1etik irailaren 30era arte izanen da, eskatzen den urtean.
Kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia ematen duen Alkatetzaren lizentziak uneoro egon beharko du lokalean, Udalaren teknikarien eskura.
4.3. artikulua. Erregistroa.
Gazteriaren Kudeaketa Zentroak urte guztiko zein jaietako kuadrilla gelen erregistroa prestatu eta eguneratuta eduki beharko du.
4.2. Bigarren kapitulua.
Xedapen teknikoak
5. artikulua. Baldintza teknikoak.
Ordenantza honen eranskinean eta gainerako legeria aplikagarrian daude lokalek bete beharreko baldintza teknikoak, kuadrilla gela gisa erabiltzeko.
Lokalaren egoeran edozein aldaketa eginez gero, kuadrilla gelako ordezkariak haren berri eman beharko dio berehala Tuterako Udalari.
6. artikulua. Araudiko aldaketak.
Edozein arau aldatuz gero, titularrak behartuta egonen dira kuadrila gelatako lokala legezko berrikuntzei egokitzera, zein den ere Udalaren betebeharra ordenantza hau xedapen berrietara moldatzeko.
4.2. Hirugarren kapitulua
Administrazioaren esku-hartzea
7. artikulua. Ikuskapenak.
Interesdunek erraztu egin beharko diete Tuterako Udaleko langile eskudunei (arkitektoa, ingeniari teknikoa, aparejadorea ...) lokalaren egoera ikuskatu eta egiaztatzeko lana, kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia eskuratzeko edo mantentzeko.
Egiaztatze lanetan, kontrola egiten denean edo kexak egiaztatzen direnean, Tuterako Udaltzaingoko agenteak ere gaituta egonen dira (aldez aurretik gazteei kexa edo egoera azalduta); horrela, beste gaitasun bat gehiago izanen dute, egungo legeriaren arabera dituztenez gain.
8. artikulua. Errekerimendua eta lizentzia kentzea.
Ordenantza honetako edo gainerako araudi aplikagarriko xedapenen bat betetzen ez dela egiaztaturik, hilabetean akatsa zuzentzeko eskatuko zaie titularrei. Epea errekerimendua bete dutela frogatu gabe iraganik, Administrazioak, aldez aurretik behar diren tramiteak eginik, lizentzia kentzeko espedientea abiaraziko du Alkatetzak ebazpen bat emanda, zuzentzeko epea bukatu ondoko 15 egun baliodunean.
Salbuespen gisa, eta bizilagunek behin eta berriro eragozpenak dituztela edo jendearen segurtasuna arriskuan dela egiaztaturik, sorburua lokalaren barrenean zein kanpoan egon (azken kasu horretan lokaleko jarduerari lotu beharko zaio), udal agintaritzako agenteek (teknikariek edo Udaltzaingoak), gertakariak egiaztatu eta aurretik errekerimendua egin gabe, lizentzia kentzen ahalko diote lokalari, badaezpadako neurri gisa, behar duen txostena eginda. Horren kopia emanen zaie interesdunei eta kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia ematen duen organo eskudunari igorriko zaio, berrets dezan.
9. artikulua. Debekuak.
a) Lokalaren barrenean plastikoa, kartoia, koltxoiak edo su hartzen eta hura hedatzen laguntzen ahal duten bestelako gaiak pilatzea. Debeku horrek Eraikuntzaren Kode Teknikoaren babesa du; izan ere, berariazko erregelamentazioan arautuko dira sua pizteko arriskua murrizten duten baldintzak.
b) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.
c) Lokalak sukaldea edo jakiak prestatzeko tresnak izatea. Lokalak sukaldea badu, prezintatu eginen da eta kuadrilla gelaren ordezkariak zinpeko aitorpena egin beharko du, hura erabiliko ez dela adieraziz.
d) 18 urtez azpikoek alkohola izatea edo kontsumitzea, adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Legearekin bat.
e) Droga toxikoen, gai sorgorgarrien zein psikotropikoen tolerantzia, legez kanpoko kontsumoa edo trafikoa, herritarren segurtasuna babesten duen otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.i) artikuluarekin bat.
f) Kuadrilla gelako altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatuz.
g) Eremu publikoa edozein hondakin edo hondarrez eta, oro har, edozein zaborrez, zikintzea, kaleetako eta eremu publikoetako garbiketa arautzen duen Udalaren ordenantza xedatutakoa betetzearren; 7, 18 eta 22. artikuluak batez ere.
h) Nafarroako Gobernuak ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan eta hiriko ingurumena zaratatik babesteko Udalaren ordenantzak (2002ko 157. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abenduaren 30ekoa) onartzen duten hots maila gainditzea. Zehazki, kuadrilla gelaren barrenean egiten den zarata ez da 70 dBA-koa baino handiagoa izanen egunez, ezta 60 dBAkoa baino handiagoa gauez. Ez dira zarata muga hauek gaindituko: 30 dBA etxebizitzetan, 45 patioan eta 50 kaleetan.
10. artikulua. Arau-hausteak.
10.1. Arau-hauste oso larriak:
a) Kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia eskuratu gabe jardutea.
b) Lokalaren jabeak sute aseguruaren poliza edo lokaleko jardueraren ondoriozko erantzukizun zibileko poliza ez izatea.
c) Erabileraren lizentzia eskuratzeko datu faltsuak alegatzea.
d) Ordenantza honetan edo kasuari aplikatzen zaion legerian ezarritako arauzko ikuskatze edo kontrol lanak oztopatzea edo sarrera ukatzea.
e) Kuadrilla gelarako epea itxita denean, hartan jardutea.
f) Ezarritako epetik kanpo kuadrilla gelan jardutea.
g) Kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia emanik, eranskinean eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzea.
h) Lokalaren jabeak hura behar den egoera ez izatea segurtasun, egituraren sendotasun eta bizigarritasun baldintzak bermatu gabe.
i) Zilegi den zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak eta hiriko ingurumena zaratatik babesteko Udalaren ordenantzak oso larritzat jotzen dutenean.
j) Jarduera horiek egiten diren lokaletan adingabeek edari alkoholdunak izatea, kontsumitzea edo haiei eskaintzea.
k) Droga toxikoen, gai sorgorgarrien edo psikotropikoen legez kanpoko kontsumoa eta trafikoa.
l) Urtebetean bi arau-hauste larri edo hiru arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.
10.2. Arau-hauste larriak.
a) Kuadrilla gelako altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatuz.
b) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.
c) Zilegi den zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak eta hiriko ingurumena zaratatik babesteko Udalaren ordenantzak larritzat jotzen dutenean.
d) Lokalaren egoera aldatuta, haren berri ez ematea Udalari.
e) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.
10.3. Arau-hauste arinak.
a) Lokalaren barrenean kartoia, plastikoa edo beste edozein material, haren ezaugarriak direla eta, sua piztu edo hura hedatzen lagun dezakeena, pilatzea.
b) Kaleetako eta eremu publikoetako garbiketa arautzen duen Udalaren ordenantzan xedatutakoa ez betetzea; zehazki, 7, 18 eta 22. artikuluetan xedatutakoa (hondakinak eremu publikora bota edo bertan uztea, edo lokalaren inguruan; kalean pixa egitea...).
c) Zilegi den zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak eta hiriko ingurumena zaratatik babesteko Udalaren ordenantzak arintzat jotzen dutenean.
d) Ordenantza honetan edo lege aplikarritetan larritzat edo oso larritzat jotzen ez diren arau-hausteak.
11. artikulua. Zehapenak.
11.1. Arau-hauste oso larriei zehapen hauetako bat edo bi ezarriko zaizkie:
-Lizentzia kentzea, harik eta akatsak konpondu arte.
-600dik 1.200 eurora bitarteko isuna.
11.2. Arau-hauste larriei zehapen hauetako bat edo bi ezarriko zaizkie:
-Lizentzia kentzea, bi hilabete arte.
-300dik 600 eurora bitarteko isuna.
11.3. Arau-hauste arinei zehapen hau ezarriko zaie:
-300 euro bitarteko isuna.
11.4. Gazteriaren Kudeaketa Zentroa arduratuko da zehapen espedienteei tramitazio administratiboa ematen.
5.-Xedapen gehigarria.
Tuterako Udalari dagokio ordenantza honen puntu guztien tramitazioa egitea.
6.-Xedapen iragankorra.
Ordenantza honek indarra hartu ondotik ezartzen diren urte guztiko zein jaietako kuadrilla gelei aplikatuko zaizkie haren xedapenak. Orobat, lehendik dauden kuadrilla gelei aplikatuko zaizkie; izan ere, sei hilabeteko epea dute ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina, hari egokitzeko.
7.-Azken xedapenak.
Lehendabizikoa.-Kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia eskuratzeak ordenantza honetan xedatutakoa onartzea dakar.
Bigarrena.-Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Hirugarrena.-Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzen dituen eskumena erabiltzeko.
1. ERANSKINA
A.-Urte guztiko zein jaietako kuadrilla gelatako lokalek beharrezko baldintzak bete beharko dituzte besteei ez eragozteko eta jendearen zein ondasunen segurtasuna bermatzeko; batez ere, egituren sendotasunari eta instalazioen funtzionamenduari buruzko baldintzak, baita suteen aurkako prebentzio eta babes neurriak eta segurtasun eta higieneko baldintzak ere. Hori dela eta, kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia izan beharko dute eta B atalean (urte guztikoak) zein C atalean (jaietakoak) aipatzen diren beharkizunak bete beharko dituzte.
B.-Urte guztiko kuadrilla gelaren lizentzia eskuratzeko bete beharreko baldintzak.
1. Edateko ur korrontearen zerbitzua.
2. Komuna, komunontzia eta konketa barne.
3. Suteari aurrea hartzeko neurriak, sektorean indarra duen araudiarekin bat; zehazki, 2 Kg CO2-ko itzalgailua, 34 B eraginkortasunekoa, izan beharko dute lotune elektrikoaren koadrotik hurbil eta 6 Kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak, 21A-113B eraginkortasunekoak, 10 m²-ko azalera erabilgarrian 1,2 Kg gai itzalgarri izan dadin.
4. Suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa harpidetu beharko ditu jabeak.
5. Beheko solairuan kokatuko da, eremu publikotik sarrera zuzenean duela.
6. Gehieneko edukiera: pertsona bat metro koadro bakoitzeko.
7. Seinale eta larrialdiko argiak paramentuan, ateratzeko atearen gainean; gainera, lokala nola dagoen banatua, haren arabera agintzen direnak, araudiarekin bat.
C.-Jaietako kuadrilla gelaren lizentzia eskuratzeko bete beharreko baldintzak.
1. Edateko ur korrontearen zerbitzua.
2. Suteari aurrea hartzeko neurriak, sektorean indarra duen araudiarekin bat; zehazki, 2 Kg CO2-ko itzalgailua, 34 B eraginkortasunekoa, izan beharko dute lotune elektrikoaren koadrotik hurbil eta 6 Kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak, 21A-113B eraginkortasunekoak, 10 m²-ko azalera erabilgarrian 1,2 Kg gai itzalgarri izan dadin.
3. Suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa harpidetu beharko ditu jabeak.
4. Beheko solairuan kokatuko da, eremu publikotik sarrera zuzenean duela.
5. Gehieneko edukiera: pertsona bat metro koadro bakoitzeko.
6. Seinale eta larrialdiko argiak paramentuan, ateratzeko atearen gainean; gainera, lokala nola dagoen banatua, haren arabera agintzen direnak, araudiarekin bat.
2. ERANSKINA
Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua
(Adin nagusiko kideak dituzten kuadrilla geletarako).
Sinatzen dugunok, Tuterako ........... kuadrillako kideok,
Kuadrilla gelako adin nagusiko kide hau izendatzen dugu.
Izena
1. deitura
2. deitura
IFZ
Helbidea
Telefono finkoa
Sakelako telefonoa
Posta elektronikoa
Bestelakoak
Haren ordezkari izan dadin Udalarekin egin beharreko jakinarazpen edo tramiteetan.
Horrela ager dadin, kuadrilla gelako kide guztiek sinatzen dugu,
Tuteran, 200...(e)ko ..........aren .......(e)an.
(*) Sinadura bakoitzaren azpian, izen-deiturak eta NANa adierazi.
3. ERANSKINA
Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua
(Kide guztiak adingabeak dituzten kuadrilla geletarako).
Sinatzen dugunok, Tuterako ........... kuadrillako kideok,
Kuadrilla gelako kide hau legezko tutore izendatzen dugu:
Izena
1. deitura
2. deitura
IFZ
Helbidea
Telefono finkoa
Sakelako telefonoa
Posta elektronikoa
Bestelakoak
Eta kuadrilla gelako adingabe hau:
Izena
1. deitura
2. deitura
IFZ
Helbidea
Telefono finkoa
Sakelako telefonoa
Posta elektronikoa
Bestelakoak
Haren ordezkari izan daitezen Udalarekin egin beharreko jakinarazpen edo tramiteetan. (Ordezkari adingabeak adin nagusitasuna behar ez duten ordezkaritza lanak egiten ahal ditu.)
Horrela ager dadin, kuadrilla gelako kide guztiek sinatzen dugu,
Tuteran, 200...(e)ko ..........aren .......(e)an.
(*) Sinadura bakoitzaren azpian, izen-deiturak eta NANa adierazi.
4. ERANSKINA
.................... kuadrilla gelako kideen zerrenda
IZENA 1. DEITURA 2. DEITURA IFZ HELBIDEA TELEFONOA
5. ERANSKINA
Lokalaren jabearen datuak eta zinpeko aitorpena
Jaunak/andreak ........................., NAN: ................., helbidea: ......................, telefonoak: ......................., zinpean deklaratzen dut:
Nire jabetzako higiezinak, Tuterako ............................... kaleko .............. zenbakian baita, gutxieneko baldintzak betetzen dituela segurtasun, egituraren egonkortasun eta bizigarritasun aldetik.
Eta horrela ager dadin, aitorpen hau sinatzen dut.
Tuteran, 200...(e)ko ..........aren .......(e)an.
Sinadura: Jauna/andrea
6. ERANSKINA
Ordezkariaren konpromisoa, kale garbiketa arautzen duen ordenantzan xedatutakoa betetzeko
Izena: ........................., NAN zenbakia: ....................., helbidea: .........................., .......................... kuadrilla gelako ordezkari gisa.
Kuadrilla gela horretako kideen konpromisoa agertzen dut, kaleetako eta eremu publikoetako garbiketa arautzen duen Udalaren ordenantzan xedatutakoa betetzeko; zehazkiago, ondoko artikuluetan agindutakoa:
7. artikulua. Espaloi eta galtzaden garbiketa.
1. Jabeei dagoie beren kontura garbitzea jabari eta erabilera pribatuko urbanizazioetako espaloiak, pasabideak, galtzadak, plazak eta abar. Espaloien garbiketa, eraikinen fatxadei dagokien luzeran, okupatzaileen kargura izanen da eta, haien ordez, finka bakoitzaren jabeen kargura, bakoitzak okupatzen duen luzeran. Bestela, bizilagunek, haien artean adostutako sistemaren arabera, hartuko dituzte garbiketan bildutako zaborra, eta hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuak arautzen dituen ordenantzan ezarritako moduan pilatuko dute bilketa zerbitzuaren ibilgailua etorri arte. Ez badute hala egiten, Udala arduratuko da eta kontua pasatuko die, zein den ere dagokien zehapena.
2. Hemen xedatutakoa era guztietako establezimenduei eta zentro ofizialei dagokie.
3. Udalak aldez aurretik adierazten ahal du zein kaletan ezin den aparkatu, haien egoera dela-eta halako egunetan bete-beteko garbiketa egin behar delako. Horretarako gaztiguak utziko ditu ibilgailuetan edo mugitzeko moduko seinaleak jarriko ditu, "garbiketa publikoa" zein egun eta ordutan eginen den adierazita.
18. artikulua. Hondakinak, zaborra eta ur zikinak.
1. Debekatua dago hondakinak, hondarrak eta, oro har, edozein zabor eremu publiko eta pribatuetan, haien sarbideetan eta hesitutako edo hesitu gabeko orube edo finketan uztea edo haietara botatzea; izan ere, edukiontziak eta horretarako ontziak erabili beharko dira beti. Hondakin solidoen gaineko ordenantzan arautu moduan eta baldintzetan utzi eta deuseztatuko da zaborra.
2. Ezin da ur zikinik bota eremu publikoan, ezta beste edozein isurkin ere eremu publikoan diren hustubideetan.
22. artikulua. Eginkariak eta pertsona eta animalien beste fluido batzuk.
1. Debekatua dago listu, pixa eta kaka egitea eremu publikoan edo erabilera publikoko nahiz pribatuko eremuetan.
2. Zakurren eta lagun egiteko beste animalien jabeak beharrezko neurriak hartzen saiatuko dira, eginkariak kalean geldi ez daitezen, 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3. Zaldien jabe edo gidariek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte eremu publikoa ez zikintzeko; bestela, berehala kenduko dituzte eginkariak, horretarako tresna eta materialak aldean dituztela.
4. Debekatua dago animaliak eremu publikoan garbitzea.
Eta horrela ager dadin, aitorpen hau sinatzen dut.
Tuteran, 200...(e)ko ..........aren .......(e)an.
Sinadura: .................................... jauna/andrea.
Iragarkiaren kodea: L0810582
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
