97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLTZA ZENDEA

Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko tarifak eta onarpena arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2008ko ekainaren 26an egin bilkuran, xedapen zatian honela dioen erabakia hartu zuen:

Lehena.-Udalak 2008ko martxoaren 27an egin osoko bilkuran onetsitako ordenantzetako aldaketari, Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolako Patronatuak egindako alegazioak baiestea.

Bigarrena.-Behin betiko onestea Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko tarifak eta onarpena arautzen dituen ordenantzako aldaketa, espedientean behar bezala eginbideturik dauden testu bateginari eta eranskinei jarraikiz.

Hirugarrena.-Onetsitako testu bategina eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Oltza Zendean, 2008ko uztailaren 2an.-Alkatea, sinadura ulertezina.

OLTZA ZENDEAKO ETA ORKOIENGO MUSIKA ESKOLAN EMATEN DIREN IKASTAROETAN IZENA EMATEKO ETA PARTE HARTZEKO TARIFAK ETA ONARPENA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoari jarraikiz, arau honetan tarifak ezartzen dira I. eranskinean zehazten diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da musika eskolan ematen diren eskolak hartzeko ahala.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik onartuko ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira zerbitzuaren erabiltzaile eta onuradun diren pertsona fisikoak zein juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko subjektuak. Zerbitzua musika ikasteko ikastaroak hartzea da.

Hobariak

5. artikulua. Musika Eskolaren lankidetza hitzarmena sinatua duten udaletan erroldatuta dauden familia unitateek honako hobariak izanen dituzte (Ordenantza honen ondorioetarako, familia unitatetzat hartzen dira etxebizitza berean erroldaturik eta familia liburuan izena emana dutenak edo familia unitate horretako kide direla frogatzen duten agiri ofiziala dutenak):

a) Musika eskolan matrikulaturik bi kide dituzten familia unitateendako, familia unitatearen kuota %10 merkeagoa izatea izanen da hobaria.

Musika eskolan matrikulaturik hiru kide dituzten familia unitateendako, familia unitatearen kuota %25 merkeagoa izatea izanen da hobaria.

6. artikulua. Irizpideak, Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan onartua izateko eta izena emateko:

1. Maiatzean aurreinskripzioa eginen da matrikulaturiko ikasleen artean eta, ekainean, hurrengo ikasturterako libre dauden ikaspostuak eskainiko dira.

2. Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolaren Patronatuarekin musika eskolarako hitzarmena sinatu duten udaletan erroldaturik daudenek 50 puntu izanen dituzte.

3. Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolan ikasleak hautatzen duen espezialitatean matrikulaturik egondako urte bakoitzeko ikasleak bi puntu izanen ditu. Atal honetan 10 puntu izanen dira gehienez ere.

4. Eskaera kopurua ikaspostu kopurua baino handiagoa bada, zozketa eginen da interesdunen artean.

Irteerak

7. artikulua. Lehenbiziko hiruhilekoan baizik ez dira irteerak onartuko, eta betiere idatziz eskatzen badira.

Likidatu beharreko kuota

8. artikulua. Likidatu beharreko kuota eranskineko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sorrarazpena

9. artikulua. Matrikula gauzatzen den unean tarifa sorrarazten da eta ordaintzeko beharra dago.

10. artikulua. Ikasturte osoaren kostua I. eranskineko tarifetan ezarria dago.

Tarifen ordainketa bakarra egiten ahalko da matrikula egiteko unean bertan, edo bestela honako epeetan:

-%10 matrikula egiteko unean bertan.

-Gainerakoa, kostu osoaren %30eko 3 epetan, hiruhileko natural bakoitzaren hasieran.

11. artikulua. Ez da tarifarik itzuliko egutegiaren edo ordutegiaren aldaketa Musika Eskolak egin ezik.

Dirubilketa

12. artikulua. Oltzako eta Orkoiengo Musika Eskolaren Patronatuak errekerimendua eginda ordainduko dira ezarritako ordainarazpenak, zerbitzua jaso baino lehen eta izena ematen den unean.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Arau-hauste edo zehapenei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1195 Foru Legean eta horrekin bat heldu diren gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

1. Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea izanen da aplikatzekoa.

2. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ondorio juridiko osoak sorraraziko dituela.

I. ERANSKINA

Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko urteko tasak

-Musika Tailerra: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 240 euro. Erroldatu gabeak: 480 euro.

-Hastapena: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 240 euro. Erroldatu gabeak: 480 euro.

-Musika Hizkuntza: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 240 euro. Erroldatu gabeak: 480 euro.

-Musika Hizkuntza eta musika tresna: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 410 euro. Erroldatu gabeak: 1290 euro.

-Musika Hizkuntza, musika tresna eta musika tresnen taldea: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 540 euro. Erroldatu gabeak: 1770 euro.

-Musika tresnen taldea hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 240 euro. Erroldatu gabeak: 480 euro.

-Musika tresnak, solfeoa dakiten helduendako: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 340 euro. Erroldatu gabeak: 810 euro.

-Musika tresnak, solfeorik ez dakiten helduendako: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 370 euro. Erroldatu gabeak: 1080 euro.

-Arautu gabeko ikastaroak: Hitzarmena duten udaletan erroldatuak: 370 euro. Erroldatu gabeak: 1080 euro.

II. ERANSKINA

Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolaren barne-funtzionamendurako arauak

Abenduaren 14ko 417/1992 Foru Dekretua aplikatzeaz gain, zeinak IV. kapituluan ezartzen baitu ikastetxe ez-unibertsitarioetako ikasle guztiei aplikatu beharreko diziplina araubidea, Oltza Zendeako eta Orkoiengo Musika Eskolak barne-funtzionamendurako honako arauak ezartzen ditu. Hemen jasotzen ez diren kasuak edo egoerak Musika Eskolako zuzendaritzak aztertuko ditu.

I.-Ikasleendako funtzionamendu arauak.

1. Justifikaziorik gabe eskolara ez joateagatik zehapen hauek ezarriko dira:

-Ikasleak lehen aldiz huts egiten duenean irakasleak ahoz kargu hartuko dio. Hirugarren aldiz huts egiten duenean, ikasketaburuak kargu hartuko dio eta berriz huts egiten badu eskolatik kanporatua izan daitekeela eta diru erreklamaziorik edo bestelakorik egiteko eskubidea gal dezakeela ohartaraziko dio.

-Ikasleak 18 urte baino gutxiago baditu, guraso edo tutoreei idatziz jakinaraziko zaie ikasketaburuak kargu hartu diola.

-Bost aldiz eskolara berandu iristea justifikaziorik gabeko hutsegite bat bezala konputatuko da.

2. Eskolara ez joateko arrazoi justifikatuak izanen dira gaixorik egotea, zentzuzkotzat jotzen diren beste arrazoi batzuk, eta ikasleak udaletik kanpo egiten den eskola jarduera batera joan behar izatea. 18 urtetik beherako ikasleek faltak justifikatu beharko dituzte gurasoen edo tutoreen idazki baten bidez. Ez dira falta justifikatuak izanen festetara edo urtebetetzeetara joatea, ikasten aritzea, ikastetxean zigortuta egotea, etab.

3. Irakasgai bakoitzaren irakasleak kontrolatuko du asistentzia, eta hutsegite guztien berri emanen dio ikasketaburuari.

4. Eskolak behar bezala ez aprobetxatzeagatik, ez ikasteagatik, edo irakasgaiaren programazioari jarraituz irakasleak agindutako lanak ez egiteagatik, zuzendaritza taldeak zehapenak ezarri ahal izanen ditu, eta irakaslearen txostena ikusi eta ikasleari entzun ondoren ikaslea kanporatzen ahalko dute.

5. Eskolara beharrezko material didaktikorik gabe (instrumentua, partiturak, etab.) joateak saio hori galtzea ekar dezake.

II.-Ikasleen gurasoendako funtzionamendu arauak.

1. Ikasleen gurasoen eskubideak.

Hezkuntza komunitateko partaide diren aldetik, honako hauek:

-Beren seme-alabek ikastetxearen izaerari dagokion hezkuntza osoa jasotzea eta, zehazki, Hezkuntza Proiektuaren araberako irakaskuntza jasotzea.

-Ikastetxeak nola funtzionatzen duen eta Hezkuntza Proiektua nola aplikatzen den jakitea.

-Aldian behin informazioa jasotzea, beren seme-alabek ikasketetan nahiz heldutasun afektibo eta soziala lortzeko prozesuan aurrera egiten duten jakiteko.

-Irakasleekin harremanak izatea ikasleen heziketa integrala elkarrekin sustatzeko, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

-Eskolak antolatzen dituen bilera, kontzertu eta gainerako ekitaldietara joatea.

-Ikastetxea kudeatzen parte hartzea, Musika Eskolako Patronatuan dituzten ordezkarien bitartez.

-Ikastetxean bilerak egitea seme-alaben hezkuntzaren inguruko gaiak aztertzeko, zuzendariak baimena emanez gero.

-Proposamenak edo errekurtsoak egitea kasuan kasuan lagun bakarreko gobernu organoari zein organo kolegiatuari.

2. Ikasleen gurasoen betebeharrak.

-Ikastetxean ezarritako bisita orduak errespetatzea. Gurasoek ezin izanen dituzte eskola ordutegiaren barnean klaseak eten irakasleekin hitz egiteko.

-Seme-alaben hutsegiteak justifikatzea, egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztuz. Bestela ikasleak arrazoi justifikaturik gabe huts egin duela pentsatuko du.

-Ebaluazio buletinak sinatzea eta eskolan eskatzen dizkieten agiriak betetzea.

-Eskolako irakasleek deitzen duten bileretara joatea, hezkuntza prozesuan behar den koordinazioa ziurtatzeko.

-Ikastetxearen hezkuntza eredua ezagutzea, onartzea eta errespetatzea, haren izaera propioan eta araudi honetako arauetan zehazturik dagoen bezala.

-Hezkuntza komunitateko gainerako estamentuei ikastetxea zaintzen laguntzea.

-Ikastetxeko langileen eskumen tekniko-profesionalen erabilera errespetatzea.

-Ikastetxea kudeatzen parte hartzea, Musika Eskolako Patronatuan dituzten ordezkarien bitartez.

II.-Irakasleendako funtzionamendu arauak.

1. Irakasleen eskubideak.

-Langile guztiei lan-araubidean aitorturiko eskubide guztiak.

-Ikastetxearen kudeaketan aktiboki parte hartzea, zuzenean edo beren ordezkarien bidez.

-Irakasleen Klaustroan parte hartzea.

-Klaustroaren bilera eskatzea; betiere irakasleen heren batek gutxienez eskatu behar du.

-Hezkuntza komunitateko kide guztiek errespetatzea.

-Hautesle eta hautagai gisa parte hartzea eskolako kudeaketa organoetan.

-Egoki iruditzen zaizkien iradokizun edo ideia guztiak gobernu organoei aurkeztea.

-Ikastetxeko instalazio eta materialak erabiltzea, ezarritako ordutegiak eta arauak begiratuta.

-Ikasleen gurasoei deitzea eta haiekin biltzea egoki jotzen dutenean.

-Greba egiteko eskubidea.

-Goragoko erakundeek ematen dituzten jakinarazpen ofizialen berri jasotzea.

2. Irakasleen betebeharrak.

-Ikastetxera garaiz iristea, eskola ordutegiaren barnean.

-Arrazoi justifikatuengatik huts egin beharra izanez gero, aurretiaz zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio eta ordezko irakaslearentzako jarraibide zehatzak utzi.

-Ikastetxetik ez ateratzea zuzendariaren baimenik gabe.

-Ikasleak errespetatzea, entzutea eta haiekin hitz egitea, hobeki ezagutzeko, ezarritako ordutegiaren barnean.

-Gurasoekin egin beharreko bilerak egitea.

-Nork bere ikasleen asistentzia kontrolatzea.

-Ikasleak ebaluatzea ezarritako epeetan, Klaustroak finkatutako irizpideak erabiliz.

-Klaustroetara eta kasuan kasuko lan taldeen bileretara joatea.

-Klaustroak hartutako erabakiak errespetatu eta betetzea.

-Nork bere ikasgaiak programatzea, klaseak antolatzea eta mailako edo zikloko lankideekin koordinaturik aritzea, Hezkuntza Proiektuko gidalerroei jarraituz.

-Irakaslan objektiboa egitea, dogmatismo eta doktrinamendurik gabekoa, ikasleak hezkuntza sistemaren ardatz gisa harturik.

-Ikasleen adierazpen askatasuna errespetatzea eta haien iritziak, proposamenak, erreklamazioak eta abar jasotzea tutoreari edo jaso behar dituenari eramateko.

-Egunean 6 irakastordu egitea gehienez, eta segidakoak badira, gutxienez ordu erdiko atsedenaldia hartzea.

IV.-Matrikulari eta kuotak ordaintzeari buruzko funtzionamendu arauak.

Gai honi dagokionez, horretarako onetsitako ordenantza fiskalean ezarritakoari lotuko zaio.

V.-Eskola, materialak, etab. erabiltzeari buruzko arauak.

1. Eskolako materialak.

Bai Musika Eskola osatzen duten eraikinak bai bertako material guztiak egoki erabili eta arretaz zainduko dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek. Materialak behar ez bezala erabiltzea eta altzari, musika-tresna edo instalazioak nahita hondatzea hutsegite larriak izanen dira eta zehapena ekarriko dute. Konpondu edo berritzeko gastuak kaltea egin duenari ordainarazi ahal izanen zaizkio.

2. Gelen erabilera.

Ikastetxeko irakasle guztiek gelak erabili ahal izanen dituzte ikasteko, entsegu, bilera eta abarretarako, betiere erabilera didaktikorako ezarritako orduetan traba egin gabe eta ikastetxeko ordutegi orokorraren barnean.

3. Tresnen erabilera.

Irakasle guztiek eskolako musika-tresnak erabili ahal izanen dituzte ikasteko edo helburu didaktikoetarako, baina musika-tresna bakoitza bere irakasgaian erabiltzeko ordutegia errespetatu beharko dute.

Ikasle guztiek eskolako musika-tresnak erabili ahal izanen dituzte zuzendaritzan baimena eskatuta, baina musika-tresna bakoitza bere irakasgaian erabiltzeko ordutegia errespetatu beharko dute.

4. Bestelako materialak.

Musika eskolako irakasleek soilik erabiliko dituzte audio aparatuak, informatika ekipoak eta abar, betiere modu zuzenean erabiltzea zainduta.

Iragarkiaren kodea: L0810672