97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CASCANTE

Ordenantza, ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea eta txartel hori Europar Batasuneko eredura egokitzea arautzen dituena. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2008ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea eta txartel hori europar batasuneko eredura egokitzea arautzen dituen ordenantza (2008ko 51. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, apirilaren 23an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betikoz onetsi da, 2008ko ekainaren 20ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cascanten, 2008ko uztailaren 1ean.-Alkatea, Antonio Irujo Redrado.

ZIOEN AZALPENA

Elbarriak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak 60. artikuluan dioenez, udalek neurri egokiak hartu beharko dituzte mugitzeko arazo larriak dituzten elbarriei ibilgailua aparkatzen laguntzeko, eta aditzera ematen da lege hori tresna eraginkorra dela gizartean eta lanean integratzeko, garraio publikoa erabiltzeko mugikortasun arazo larriak dituen jende askori espazio eta zerbitzu komunitarioak eskura jartzen dizkielako haietara ibilgailu partikularretan, zein bere kabuz, iristen direnean, eta ailegatzen diren tokian aparkatzeko txartelaren ondoriozko abantailen onura hartzen dutela.

Irizpide bera du Europar Batasuneko Kontseiluak; izan ere, ezinduendako aukera berdintasuna aipatzen duenean bidezkotzat jotzen du mugikortasun murriztuko pertsona guztientzat neurri gehigarri zehatz batzuk izatea haien integrazioa, lanean zein gizartean, laguntzeko. Hori dela eta, bidezkoa iruditzen zaio Europa osorako ekimen bateratua bideratzea pertsona ezinduei aparkatzeko txartelak emateko, haien zirkulazio librea bultzatzearren.

Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an Gomendio bat onetsi zuen Estatu kideentzat, pertsona ezinduentzako aparkatze txartela sortzeko. Estatu kide guztiek onartutako eredu uniforme baten araberakoa izan behar du, txartelen titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz.

Cascanteko Udalak, erne aspalditik arazo horri, txartelak ematen dizkie pertsona elbarriei dohainik aparka dezaten; betiere, beste ibilgailuen eta oinezkoen ibilia oztopatu gabe. Baina, ez dauka arau zehatz bat, baimen horiek emateko irizpideak erregulatuko dituena.

Guztiok ezagutzen dugu aparkatzearen arazoa, bai hiri honetan bai gainerako hiri handi zein tartekoetan. Hortaz, kontuan hartu beharko dira zenbait faktore baimen horiek emateko orduan, bateragarriak izan daitezen pertsona ezinduen eskubidea, joan behar diren tokitik hurbil aparkatzekoa, eta tokiko administrazioaren betebeharra, aparkatzeko toki mugatuak zuzen eta koherentziaz kudeatzeko.

1. artikulua. Xedea.

Mugikortasun murriztuko pertsona ezinduek gidatutako ibilgailuentzat edo haiek daramatzatenentzat aparkatze txartela eskuratzeko prozedura eta haren erabilera arautzea ditu xede Ordenantza honek, baita txartel hori Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko Gomendioan hartutako eredu erkideari egokitzea ere.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Mugikortasun murriztuko pertsona ezinduek aparkatzeko txartelak, Ordenantza honetan aurreikusitako prozeduraren arabera emanak, Cascanteko Udalaren lurralde eremurako balioko du, eta gaitasuna emanen dio titularrari aparkaleku erreserbatuak erabiltzeko eta pertsona ezinduentzat ibilgailua aparkatzeko ezartzen diren eskubideak izateko; bestetik, Europar Batasuneko Estatu kide guztietan erabiltzen ahal da, Europako udal bakoitzak ibilgailuen antolamendu eta zirkulazio arloan ezarrita duenaren arabera.

Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazioek mugikortasuna murriztua dutenei emandako aparkatze txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Cascanteko Udalaren lurralde eremuan.

3. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Mugikortasuna murriztua duten pertsonentzako aparkatze txartela eskuratu eta erabili ahal izateko baldintzak honakoak dira: bizilekua Cascanten izatea, mugikortasunari larri eragiten dion urritasun fisiko edo psikikoa izatea, balorazio unitate egokiko medikuek hori baieztatzen duen irizpen teknikoa eman izana, eta minusbaliotasuna %33tik gorakoa izatea.

4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

1. Ordenantza honen I. eranskinean zehaztu dira aparkatzeko txartelaren ezaugarriak.

2. Aparkatze txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo mugikortasun murriztuko titularrak berak gidatu beharko du.

b) Txartela aurreko parabrisean jarri beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko moduan dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

c) Txartela daraman ibilgailua ezgaitasuna dutenendako erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bestelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

-Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

-Oinezkoendako pasabideetan.

-Espaloi gainean.

-Ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. artikulua. Txartelaren erabilera.

Txartela erabiltzeko baldintzak edo polizia-agenteen oharrak betetzen ez badira, gertatutakoa egiaztatu, eta txartela erabiltzeko eta aparkatzeko eskubideak galtzen ahalko dira.

6. artikulua. Aparkatze txartela emateko prozedura.

Cascanteko Udalari dagokio txartela ematea, ondoko prozeduraren arabera:

A.-Eskabidea.

Interesdunak inprimaki bidez eskatuta abiatuko da espedientea. Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatzen ahal du. Ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona izanen da beti txartelaren titularra.

B.-Agiriak.

Honako hau da eskaerarekin bat aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.-Eskatzailearen NANaren fotokopia.

2.-Legezko ordezkaria izatera, horren frogagiria eta haren NANaren fotokopia.

3.-Titularraren bi argazki, nortasun agirikoaren tamainakoak.

4.-Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak luzaturiko ziurtagiria, garraiobide publiko kolektiboak erabiltzerik ez duela egiaztatzen duena. Onuradunak A, B edo C kasuetako batean egon beharko du, edo zazpi puntu eskuratu Nafarroako Minusbaliatuen Oinarrizko Zentroko Balorazio, Diagnostiko eta OrientaziorakoTaldeak erabiltzen duen baremoko D, E, F, G eta H atalak batuta.

C.-Ebazpena.

Alkate udalburuak, Gizarte Ongizateko Udal Batzordearen adostasun irizpen loteslea jaso ondoren, hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera Udal Erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskabideak administrazio isiltasunaren bidez onartu direla ulertuko da.

D.-Prestakuntza.

Aparkatzeko txartela emanik, titularrari aurkeztuko zaio sina dezan; gero, Udalak plastifikatu eta interesdunari eskuratuko dio.

Udalak, txartelarekin batera, hura erabiltzeko baldintzen laburpena emanen dio, bai Udalean bai Europar Batasuneko estatuetan bete beharrekoak jasoko dituena.

7. artikulua. Balioaldia.

Txartelean berean zehaztuko da noiz arte balioko duen. Bi faktoreren mende dago: titularraren adina eta mugikortasunaren gaineko irizpeneko ezaugarriak; alegia, behin betikoa edo aldi baterakoa den.

-18 urtez gorakoentzat, 6 urteko balioaldia du txartela ematen den egunetik aitzina; betiere, irizpenak behin betiko mugikortasun murriztua agertu beharko du.

-Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko ezintasuna den, ordu arteko balioa izanen du.

-Titularra 18 urtez azpikoa bada, balioaldia 2 urtekoa izanen da gehienez ere. Irizpenean mugikortasun murriztuaren iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balioaldia.

8. artikulua. Txartelaren berritzea.

1. 18 urtez gorakoak, behin-betiko irizpena dutenak: 6 urtean behin berrituko dute. Udalak non bizi eta erroldatuta den begiratuko du eta interesdunak nortasun agirikoaren tamainako bi argazki beharko ditu aurkeztu.

2. 18 urtez gorakoak, aldi baterako irizpena dutenak: balioaldia amaitzen den egunean berrituko dute. Kasu honetan, berritzeko, interesdunak mugikortasunaren gaineko irizpen berria aurkeztu beharko du, baita bi argazki ere, nortasun agirikoaren tamainakoak, eta non bizi eta erroldatuta dagoen frogatu.

3. 18 urtetik beheitikoak: aldi baterako balioa bukatzen den egunean berrituko da; ez da 2 urterako baino gehiagorako emanen eta interesdunak irizpen berria aurkeztu beharko du.

4. Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.

5. Kasu guztietan, txartel berria eskuratzeko, interesdunak Udaletxean aurkeztu beharko du txartel zaharra.

6. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

7. Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

Arau-hausteak 600 eurotik 1.200era bitarteko zehapena izanen du.

Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.

Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

c) Txartelak eskubidearen titularrak ez direnak eramateko erabiltzea.

Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen honek indarra hartu baino lehen emandako txartelek balioa izaten segituko dute, harik eta iraungitze eguna iritsi arte.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Ezinduentzako aparkatze txartelaren eredu komunitarioari buruzko xedapenak

A.-Eredu komunitarioaren arabera, hauek dira ezinduentzako aparkatze txartelaren neurriak:

-Luzera: 106 mm.

-Zabalera: 148 mm.

B.-Aparkatze txartela urdin argia izanen da, aulki gurpildun bat, atzealde urdin ilunean, irudikatzen duen sinbolo txuria izan ezik.

C.-Ezinduentazako aparkatze txartela plastifikatuta egonen da, titularrak, atzealdeko ezkerraldean, sinatzeko utzitako tartean izan ezik.

D.-Ezinduentzako aparkatze txartelak aurrealdea eta atzealdea izanen ditu, haietako bakoitza bi zatitan banatua: Atzealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:

-Aulki gurpildunaren sinboloa, txuriz, atzealde urdin ilunaren gainean;

-Aparkatze txartela zein egunetan iraungitzen den;

-Aparkatze txartelaren zenbakia;

-Agintari edo erakunde emailearen izena eta zigilua.

Atzealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:

-"Ezinduentzako aparkatze txartela", letra handitan inprimatua. Ondoren, tarte nahikoa utzita eta letra txikitan, "Aparkatze txartela" Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan.

-"Europako Elkarteen eredua" idazkuna.

Atzean, Espainiaren bereizgarria: E, Eurpar Batasunaren sinboloaren barnean: hamabi izarrek osaturiko zirkulua.

Atzealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:

1.-Titularraren deiturak.

2.-Titularraren izena;

Titularraren sinadura edo baimenduriko bestelako markaren bat, legeria nazionalak halakorik aurreisten badu betiere.

3.-Titularraren argazkia.

Atzealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:

1.-Ohar hau:

-"Txartel honek erakusten du titularrak baduela baimena aparkatze erraztasunak erabiltzeko, Europar Batasuneko zein estatutan dagoen, bertako legeriaren arabera".

2.-Ohar hau:

-"Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean paratuko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko".

II. ERANSKINA

Ezgaitasuna dutenendako tokietan aparkatzeko txartelarako eskabidea

Pertsona ezinduaren datuak.

Izena: .................................., NAN zenbakia: ......................, bizitokia: ......................, karrika: .............., zenbakia: ................., solairua: .............., P.K.:............................ telefonoa: .............

Legezko ordezkariaren datuak.

Izena: .................................., NAN zenbakia: ......................, bizitokia: ......................, karrika: .............., zenbakia: ................., solairua: .............., P.K.:............................ telefonoa: ............., goian agertzen den pertsona ezinduaren legezko ordezkaria bainaiz.

Eskatzen dut:

Pertsona ezinduentzako aparkatze txartela ematea, atzealdean ageri diren baldintzen arabera, 2008ko ......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ........ aren .... (e)ko ordenantzan xedatutakoari jarraikiz. Ordenantza horren bidez, pertsona ezinduentzako aparkatze txartela Europako ereduari egokitu zaio eta hura eskuratzeko baldintzak ezarri dira.

Cascanten, 200...(e)ko ................aren ..........(e)an.

Eskatzailea. Legezko ordezkaria.

Sinatua: Sinatua:

CASCANTEKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

PERTSONA EZINDUEK APARKATZE TXARTELA ERABILTZEKO BALDINTZAK

-Baimen hau norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularrak berak gidatu beharko du ibilgailua edo beste norbaitek, titularra barrenean dela.

-Txartela aurreko parabrisean jarri beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko moduan dela. Agintari eskudunak eskatuz gero, azter dezan utziko zaio.

-Horretarako seinalatutako tokietan aparkatzeko balioko du, baita aparkatzea debekatua dagoen tokietan ere behar-beharrezko denboran, salbuespen hauekin:

-Oinezkoentzako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoentzako pasabideak.

-Gelditzea debekatua dagoen tokian.

-Pasabideak edo larrialdiko irtenbideak oztopatzen diren tokietan.

-Zirkulazio lerroak murrizten dituzten tokietan ("bigarren ilara").

Udaltzainen oharrei kasu egin beharko zaie une oro."

Iragarkiaren kodea: L0810594