97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2008ko maiatzaren 14koa, Euskararen Nafar Kontseiluarena, bere funtzionamendu erregelamendua onesten duena.

Euskararen Nafar Kontseilua 55/2008 Foru Dekretuak aldatu zuen irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuaren bitartez sortu zen. Dekretu hauetan kontseiluaren eraketa eta funtzioak ezarri ziren. Esleitutako eginkizunak bete ahal izateko beharrezkoa da orain Kontseiluaren funtzionamendua arautzea.

Horregatik bidezko da Euskararen Nafar Institutuaren funtzionamendu erregelamendua onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea. Erregelamenduaren edukiak Kontseilua sortu zuen Foru Dekretuan eta II. Tituluko 2. kapituluan xedatutakoari jarraiki beharko dio.

Honenbestez, Kontseiluko presidenteak proposaturik, Euskararen Nafar Kontseiluko osoko bilkurak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 22.2 artikuluarekin bat, 2008ko maiatzaren 14an egindako bilkuran,

ERABAKI DU:

Artikulu bakarra.-Erregelamenduaren onespena.

Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendu erregelamendua, eranskinean dagoena, onetsi da.

Iruñean, bi mila eta zortziko maiatzaren 14an.-Euskararen Nafar Kontseiluko idazkaria, Julen Calvo Jiménez.

ERANSKINA

Hitzaurrea

1. 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.

2. 183/2007 Foru Dekretua, irailaren 10ekoa, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoa sortzen duena. Foru dekretu horren III. titulua oso-osorik Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua organoari dagokio.

-23. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua.

Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen parte-hartze organoa da eta, euskararen plangintzan eta sustapenean, Nafarroako Gobernuari aholkuak ematen eta proposamenak egiten dizkiona da.

-24. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren osaera.

Honako hau ezarri da:

1. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza kontseilaria, kontseiluburua izanen dena.

b) Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko zuzendari kudeatzailea, kontseiluburuorde izanen dena.

c) Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.

d) Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

e) Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia.

f) Euskaltzainburua.

g) Erakunde eta entitate hauetako bakoitzak proposatutako kide bat:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

-Nafarroako Unibertsitatea.

-Euskaltzaindia.

-Eusko Ikaskuntza.

-Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa.

-Nafarroako Ikastolen Federazioa.

-Nafarroako Prentsaren Elkartea.

h) Euren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposatutako bi kide.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, ezarriko da kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluan nola hartuko duten parte.

i) Euskararen eta euskal kulturaren arloan izen ona duten pertsonen artetik izendatutako zazpi kide.

2. Kontseiluko idazkari Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

Kontseiluko bileretan, idazkariari Hezkuntza Departamentuko edo Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

3. Aurreko zenbakiko g), h) eta i) letretan adierazitako kideak Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu eta, ondorio horretarako, g) eta h) letretan adierazitako entitateen proposamenak bidali beharko dira, foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean. Kultura elkarteen edo gizarte ekimeneko entitateen izendapenari dagokionez, artikulu honen 1. puntuko h) idatz-zatian ezarritakoa hartuko da kontuan.

4. Gobernuak kideak lau urterako izendatuko ditu. Hori hala izanik ere, epe hori agortu baino lehenago kargutik kendu daitezke eta beste batzuez ordezkatu, izendatzeko erabilitako prozedura berarekin.

-25. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak.

Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Hizkuntza normalizazioari dagozkion plan orokorren eta normalizazio proiektuen gaineko txostena ematea, onetsi aurretik.

b) Hizkuntza plangintzaren eta normalizazioaren arloan Gobernuak egindako galderen gaineko iritzia ematea.

c) Euskararen erabileraren eta sustapenaren gainean Gobernuari proposamenak egitea.

d) Indarreko xedapenek berariaz esleitutako beste edozein eginkizun.

-26. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendu organoak honako hauek dira:

-Osoko Bilkura.

-Berariazko batzordeak.

2. Kontseiluko kideez gainera, kontseiluburuak egokitzat jotako beste pertsona batzuek ere har dezakete parte bileretan, hizpidearekin baina botorik gabe, landu behar diren gaietan gaitasuna dutelako.

3. Osoko Bilkurak erabaki dezake berariazko batzordeak eratzea, Osoko Bilkurak hari agindutako gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

Batzorde horiek sortzeko erabakian zehaztuko da kontseiluko zein kide izanen den batzordekide, baita zein izanen diren haien eginkizunak eta funtzionamendua ere.

4. Kontseiluko idazkariak berariazko batzordeak koordinatuko ditu.

5. Kontseiluburuaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluko bileretarako deia egitea.

c) Kontseiluko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Kontseiluburua den aldetik dagozkionak.

6. Kontseiluko idazkariaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Osoko Bilkurako bileren akta egitea.

b) Kontseiluko administrazio jarduerak zuzentzea.

c) Berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

d) Kontseiluko erabakiak betearaztea.

e) Kontseiluko idazkari den aldetik dagozkionak.

7. Kontseilua sei hilabetean behin bilduko da, gutxienez, eta, ohiz kanpoko izaeraz, kontseiluburuak, bere kabuz edo kontseiluko kideen gehiengoak hala eskaturik, bilkurarako deia egiten duenean.

Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik badago, kontseiluburuak kalitatezko botoa izanen du.

8. Aurreko ataletan aurrez ikusi ez den orotan, Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua arautuko da Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoaren arabera.

-27. artikulua. Urteko txostena.

Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluak Urteko txostena prestatuko du. Txosten horretan garatutako jardueren berri emanen da. Idazkariak idatziko du eta, Osoko Bilkuran onetsirik, Nafarroako Gobernuari igorriko zaio.

CONSEJO NAVARRO DEL EUSKERA/EUSKARAREN NAFAR KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDURAKO ERREGELAMENDUA

Araubide juridikoa eta ezarpen esparrua

1. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoari atxikitako kide anitzeko organoa da eta, aldi berean, institutua Hezkuntza Departamentuari atxikita dago. Organo honen funtzionamenduari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa hartuko da kontuan: Erregelamendu hau eta Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoa sortzen duen irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretua. Foru dekretu horretan arautzen da Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua. Haiek ordezkatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko "Kide anitzeko organoak" izeneko III. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da.

Deialdia eta bilkurak

2. artikulua. Kontseilua gutxienez sei hilabetean behin bilduko da ohiko bilkuran, eta, ohiz kanpoko izaeraz, kontseiluburuak, bere kabuz edo kontseiluko kideen gehiengoak hala eskaturik, bilkurarako deia egiten duenean.

3. artikulua. Deiak idatziz eginen dira zazpi egun lehenago gutxienez, eta bilkura horretarako aztergaien zerrenda eta landuko den dokumentazioa erantsiko zaizkio bilkura deiari.

4. artikulua. Kontseilukideek, gutxienez kideen heren baten ordezkaritza baldin badute, egoki iruditzen zaizkien gaiak aztergaien zerrendan sartzeko eskatzen ahal dute, kontseiluburuari zuzendutako idazki baten bidez, zeinak baloratuko baitu gaia sartzearen egokitasuna.

5. artikulua. Kontseilua legearen arabera eratuko da eta erabakiak hartu ahal izanen ditu kontseiluburua eta idazkaria edo, bestela, haien ordezkoak eta, gutxienez, kideen erdiak bertan direnean.

Lehen deialdian organoa eratzeko quorumik ez badago, kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratuko da, kontseiluburua eta idazkaria edo haien ordezkoak eta organoko kideen heren bat bilkuran badaude, bestelako quorum bat behar dela dioen berariazko arau bat gorabehera.

Erabakiak

6. artikulua. Erabakiak agertutako kideen gehiengo soilez hartuko dira. Kontseiluburuak kalitatezko botoa izanen du berdinketa gertatzen denean.

Aktak

7. artikulua. 1.-Kide anitzeko organoak egiten duen bilkura bakoitzeko akta idatziko du idazkariak eta hartan honako hauek agertuko dira, nahitaez:

a) Bertaratuak.

b) Aztergaien zerrenda.

c) Bilkura non eta noiz egin den.

d) Eztabaidetako puntu nagusiak.

e) Hartutako erabakien edukia.

2.-Halaber, organoko kideek hala eskaturik, aktan agertuko dira hartu den erabakiaren kontrako botoa, abstentzioa eta hura zuritzen duten arrazoiak eta aldeko botoaren zergatia. Orobat, edozein kidek zilegi izanen du bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo bilkura egin eta hurrengo bi egun balioduneko epean bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua aurkezten badu; hala jasoko da aktan edo haren kopia erantsiko zaio.

3.-Gehiengoaren erabakiarekin bat etorri ez diren kideek zilegi izanen dute boto partikularrak egitea idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta hala erantsiko zaio onetsitako testuari, aktan sartuz.

4.-Aktak bilkuran berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, eta zilegi izanen da, hala ere, idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe.

Hartutako erabakien ziurtagirietan, hots, akta onetsi aurrekoetan, espresuki horren berri eman beharko da.

Ordezkapenak

8. artikulua. 1.-Kontseiluburua kanpoan denean, kargua utzita badago edo eri denean, kontseiluburuordeak ordezkatuko du.

2.-Kasu horietan beretan idazkariaren ordez kontseiluburuak izendatutako Nafarroako Gobernuko funtzionario batek hartuko du haren lekua.

Esku-ordetzeak

9. artikulua. Kontseiluburuordeak berdin har ditzake bere gain Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko eta kontseiluburuaren esku dauden egintza guztiak, baldin eta horretarako sinadura ahalordeturik baldin bada.

Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluko kide guztiek boto emateko eskubidea kontseiluko beste kide batzuei ematen ahal diete.

Batzordeak

10. artikulua. 1.-Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoa sortzen duen irailaren 10 eko 183/2007 Foru Dekretuko 26. artikuluan aipatzen diren berariazko batzordeak denboran mugatuak izan daitezke.

2.-Berariazko batzorde bakoitza sortzeko erabakian haien denbora-gorabeherak, osaera eta eginkizun jakinak zehaztuko dira.

11. artikulua. 1.-Kontseilukide bakoitza gehienez ere berariazko hiru batzordetako kide izanen da.

2.-Batzorde bakoitza gutxienez hiru kontseilukidek eta gehienez ere seik osatuko dute. Kide horietatik bi Euskararen Nafar Kontseilukoak izanen dira eta landu beharreko gaietan adituak direnak berariazko batzorde horietako kide izendatzen ahal dituzte.

12. artikulua. Batzorde bakoitzak bere kideen artetik batzordeko eztabaidak zuzentzeko eta Kontseiluan eledun izateko pertsona bat aukeratuko du.

13. artikulua. 1.-Batzordeen lanak Kontseiluko idazkariak koordinatuko ditu eta ohiko bilkuretarako deia zabalduko du.

2.-Kontseiluko idazkaria Batzorde guztien bileretara agertuko da, idazkari gisa arituko baita.

14. artikulua. Erregelamendu hau kontseiluburuak edo gutxienez kontseilukideen heren batek proposaturik aldatu ahal izanen da.

Iragarkiaren kodea: F0811389