I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
318/2008 EBAZPENA, 2008ko ekainaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Erronkariko herrigunean Ezka ibaian ur bizien ubidea egiteko proiekturako. Sustatzailea Erronkariko Ibaxaren Batzordea da.
Ezka ibaian ur bizien ubidea egiteko proiektua presatik behera hasi, eta 700 metro inguruko luzera du Erronkariko herrigunean. Ibaia dragatu edo hondeatuko da, 0,75 m-ko sakoneran eta 10 m-ko zabaleran, eta egungo gainerako ibai ibilgua pasealeku gisa utziko da. Harri lubetazko zeharrormak sartuko dira 75 m-tik 75 m-ra, bai eta harri lubetazko hormak eta alboko dikeak ere. Jarduketa ES-2200027 BILaren, eta Ezka eta Biniés ibaien Natur Sarean sartzen da. Hortaz, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P atalean sartuta dago eta, ondorioz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Espedientean Ingurumen ukipenetarako azterlana ageri da. Bertan, zehatz-mehatz deskribatzen dira proiektuaren ekintzak eta ukituko den eremuko natur ezaugarriak eta, zehazki, ES-2200027 BILaren, eta Ezka eta Biniés ibaien eremuko (jarduketa bertan egitea proposatzen da) habitatak eta espezieak. Ingurumen ukipenetarako azterlanean eraginari buruzko balorazioa egiten da. Oro har ez omen da oso handia izanen obrak amaitutakoan.
2008ko apirilaren 18an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Erronkariko Ibaxaren Batzordeari informazio osagarri hau eskatu zion, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eta Uraren Zerbitzuak igorritako txostenak ikusirik: beharrezko alternatiba-azterlana; jolas jardueraren proposamenaren justifikazioa, kirol eta jolas jarduerak -eskolako eski kanpainaren osagarriak- sustatzeko jarduketa programa baten esparruan; jardueraren irismenaren eta garapenaren azterketa; jarduera urteko zein sasoitan eginen zen; eta azterketa ekonomikoak.
Maiatzaren 20an, Erronkariko Ibaxaren Batzordeak eskaerari erantzun zion. Bertan justifikatzen ditu ibaiaren tartea aukeratzeko prozesua, proiektuaren abantailak -ibarreko beste herrialde batzuetan egitearekin konparatuta- eta proiektuaren eta garatzen hasiak diren gainerako ingurumen heziketako jardueren arteko harremana. Bertan azaltzen da zein den aurreikusten den erabilera eta zein baldintzatan garatuko den. Ukipenetarako azterlanean adierazitakoarekin bat eginez, landaredian eta faunan izanen duen eragina adierazten da. Azkenik azaltzen du obrek dirauten bitartean ukipenak handiak izanen direla, baina, epe laburrean, jarduketa bateragarria izanen dela arrainen bizitzarekin.
2008ko ekainaren 10ean, eta sustatzaileak eskaerari emandako erantzuna ikusirik, Uraren Zerbitzuak aditzera eman zuen haren eskumeneko arloetan gaur egun ez dagoela aurkeztutako Ingurumen ukipenetarako azterlanaren ondorioak zehaztasunez ebaluatzeko judiziozko elementurik. Eta artifizializatutako herriko tarte bat denez, uste da obrak Ebroko Ur Konfederazioak ezarritako baldintzetan eta jabari publiko hidraulikoa babesteko eskumenak erabiliz baimentzen ahalko direla; izan ere, Urari buruzko 2000/60/EE Esparru Zuzentaraua aplikatzen dela zaintzeaz eta Ezka ibaiaren eta horri lotutako ekosistemen egoera ekologiko ona bermatzeaz arduratzen den erakundea da.
2008ko ekainaren 22an, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak kontu handiz zaindu behar diren eta, hortaz, neurri zuzentzaileak aplikatzea eta ingurumen jarraipena egitea eskatzen duten balioei buruzko txostena eman zuen. Zehazki, adierazten du beharrezkoa dela maila freatikoaren jaitsierak landaredian eta, bereziki, sahastian izan dezakeen eragina eta jarduketaren tarteko eta hortik beherako arrainen arrabalekuetako ukipena kontrolatzea, bai eta ibaiak korridore ekologiko gisa betetzen duen funtzioa ez dela aldatuko bermatzea ere.
Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena egin du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Erronkariko herrigunean Ezka ibaian ur bizien ubidea egiteko proiekturako. Sustatzailea Erronkariko Ibaxaren Batzordea da.
2. Ukipenetarako azterlanean eta dokumentazio osagarrian ageri diren neurri prebentiboak eta zuzentzaileak betez garatuko da proiektua. Horretaz gain, baldintza hauek bete beharko ditu:
-Obrak hasi baino lehen, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalean aurkeztuko dira ibai ibilguan eginen den obra bakoitzaren egutegia, obra zuzentzeaz arduratuko den teknikaria eta proiektuaren ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen eginen diren prestakuntza lanen aurreikuspena. Xehetasuneko kartografia berri bat eginen da. Bertan adieraziko dira zein tartetan den ezinbestekoa ibai bazterretan harri lubetak jartzea eta ibai ibilguaren barruan jarriko diren oztopoen neurriak.
-Azken ezponda eta profilek ibaiko berezko animalia eta landare espezieekin bateragarria den naturaltasun mailan duten garrantzia dela eta, integrazio proposamen bat eginen da, hasiera batean aurreikusitako ukipenak murrizteko. Aurreko puntuan adierazitako agiriekin bat aurkeztuko da. Aldez aurretik behar den denboraz, eremuko sahatsen aldaxkak prestatuko dira, landareztatzea egiteko.
-Ez da ez jarduketarik ez prestakuntza lanik hasiko, obren planaren aldeko txostena eman eta obrako zuzendaritzak eta Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak elkarrekin zaindu beharreko elementuen beharrezko balizajea egiten den arte.
-Bereziki, sistema finkoekin balizatuko da obra guztian zehar ezkerreko aldean dagoen sahastia, eta proiektuak ezin izanen du inolaz ere hori ukitu.
-Era berean, obrak hasi baino lehen aurkeztuko da obren bitartean eta horiek bukatutakoan garatuko den ingurumena zaintzeko programa. Proiektua burutu ondoko zaintza programak hauek baloratzeko beharrezko adierazleak hartuko ditu barnean: proiektuak landaredian duen eragina, uren kalitatea, arrainak eta arriskuan dauden espezieak. Ingurumena zaintzeko programak bost urte iraunen du gutxienez, obrak amaitzen direnetik hasita.
-Aldi berean, jarduera programa bat eginen da, dokumentazio osagarrian aurkeztutakoa baino zehatzagoa; erabilera zein hilabetetan eta zein ibai ibilgutan aurreikusten den adieraziko da, bai eta aurreikusitako mantentze jarduketak zein diren ere.
-Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak ikusita eta egoera berezietan, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak jarduerak aldi baterako eten, edo eskatzen ahalko du ibai ibilgua lehengoratzea eta aldeko baldintza ekologikoak berreskuratzea, baldin eta espedientea tramitatzean aurreikusi ez ziren eragin negatiboak sortzen badira.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Uraren Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Ebroko Ur Konfederazioari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko ekainaren 30ean.-Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0810671