Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 8a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
244/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, garraiobide egokituetarako diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onesten duena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan botere publikoek bete beharreko jarduketen helburu nagusiak ezartzen ditu. Helburu horien artean, besteak beste, ondoko hauek azaltzen dira: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazio, partaidetza eta gizarte integrazioa sustatzea; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; eta menpekotasunak eta oinarrizko baliabide faltak eragindako premiei erantzutea.
Oztopo fisiko eta sentsorialak kentzeari buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legeak neurri batzuk ezarri ditu, edozein eratako elbarritasun organiko edo zirkunstantziala duten pertsonek errazago erabil ditzaten gizarteko ondasun eta zerbitzuak eta, horretaz gainera, normal mugitzea eragotzi edo zailtzen duten oztopo fisiko edo sentsorialak sortu ez eta daudenak ken daitezen.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak garraiobideetarako erraztasunak ematea dauka xedetzat, eta horretarako, diru-laguntzak emanen ditu norbanakoentzako garraiobideak egokitzeko aukera emateko eta garraiobide publiko kolektiboetarako irispidea errazteko.
Halaber, deialdi honen xedea toki entitateekin lankidetzan aritzea da, toki entitateek beren lurraldean kudeatzen dituzten taxiak egokitzeko. Horretarako, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmenak sinatzeko aukera aurreikusi da; horietan, toki entitateak erakunde laguntzaile gisara ariko dira.
Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalak bere txosten teknikoan adierazi duenez, ibilgailuak ezintasunak dituzten pertsonendako egokitzeko 2008ko diru-laguntzak emateko oinarriak eman beharrak dira.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,
AGINDU DUT:
1. Ezgaitasunen bat duten pertsonendako ibilgailuak erosi edo egokitzeko 2008an diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen 1. eranskinean ezarritakoarekin bat.
2. Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateekin -erakunde laguntzaile direnez- lankidetza hitzarmenak sinatzeko oinarriak onestea, 2008. urtean toki entitateetan taxi egokituen programa bultzatzeko, foru agindu honen 2. eranskineko oinarriekin bat.
3. Eskaeren ebazpenerako irizpideak onestea foru agindu honen 3. eranskinean ezarritakoarekin bat.
4. 290.490,50 euroko gastua onartzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Urritu Fisikoen Mugikortasunerako Laguntzak" izeneko 920005-91810-7800-231300 kontusailaren kargura.
5. Foru agindu honen berri ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearekin bat. Toki entitateek administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkezten ahalko dute, hala badagokio, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2008ko ekainaren 19an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
1. ERANSKINA
Ibilgailu partikular eta kolektiboen diru-laguntzetarako oinarriak
1.-Diru-laguntzaren xedea.
Eranskin honen xedea ezgaitasunen bat duten pertsonendako ibilgailu motordunak (motozikletak izan ezik) erosi eta/edo egokitzeko 2008an diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea da, ezgaitasuna duten pertsonei ibilgailu hauen erabilera ahalbideratzeko helburuarekin.
2.-Modalitateak eta kontzeptuak.
Aurreko oinarrian aipatzen diren diru-laguntzak honako aukera hauen arabera aplikatuko dira:
2.1. Mugikortasun murriztuko ezgaitasuna duten pertsonen erabilera partikularrerako ibilgailu motordunetarako diru-laguntzak:
Kontzeptuak:
a) Erosteko diru-laguntzak.
b) Egokitzeko diru-laguntzak.
c) Erosi eta aldi berean egokitzeko diru-laguntzak
2.2. Ezgaitasuna duten pertsonek erabiltzea errazten duten erabilera kolektiboko ibilgailu motordunetarako diru-laguntzak.
Kontzeptua:
a) Egokitzeko diru-laguntza.
3.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira Nafarroako Mendekotasun Agentzian, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bulego eta erregistroetan ere aurkezten ahal dira eskabideak.
Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerarekin batera eranskinaren bosgarren oinarrian zehazten diren agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta jakinaraziko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.
4.-Betebeharrak.
4.1. Erabilera partikularrerako ibilgailuak.
4.1.1. Guztiek aurkeztu beharrekoak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:
a) Eskaera egunaren aurreko bi urteetan bederen Nafarroan bizi izana.
b) Aurreko lau urteetan (2004-2005-2006-2007) kontzeptu horrexetarako diru-laguntzarik jaso ez izana.
c) Ezgaitasuna duen pertsona edo, bestela, bere legezko ordezkaria izanen da laguntzaren eskatzaile titularra.
d) Laguntzaren titularra den eta ezgaitasuna duen pertsonari mugikortasun murriztuak sortzen dizkion arazoak arintzeko erabili ohi izatea ibilgailua.
e) Laguntza eman ondoko lau urteetan gutxienez, ibilgailuaren titulartasuna ezgaitasuna duen horrexek izan beharko du edo, bestela, bere legezko ordezkariak, justifikatutako kasuetan izan ezik.
f) Aurreko deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren erosi edo egokitu izana ibilgailua, alegia, 2007ko abuztuaren 11ren ondoren.
g) Ezgaitasunak dituen pertsonaren familia unitateko kide bakoitzak bere zerga betebeharrak egunean edukitzea.
4.1.2. Berariazkoak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:
a) Ofizialki %33ko edo hortik goitiko elbarritasuna aitorturik izatea. Ezgaitasuna duen pertsonak gidatzerik ez duenean, adierazi beharko da"ezgaitasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun handiak sortzen dizkiola".
b) Laguntzaren titularrak 70 urte baino gehiago ez izatea.
c) Frogatua izatea ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra dela ezgaitasuna duen pertsonarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan, garapen soziala izan dezan.
d) Ezgaitasuna duen pertsonaren familia unitatearen per capitako urteko diru-sarrerek indarra duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 150 ez gainditzea (12.600 euro) urtean.
e) Erosi beharreko ibilgailuaren prezio osoa, BEZa barne, 24.000,00 eurotik gorakoa ez izatea.
4.1.3. Berariazkoak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:
a) Elbarritasuna dela eta, ibilgailua egokitzeko beharra.
b) Ofizialki %33ko edo hortik goitiko elbarritasuna aitorturik izatea, zeinetan adierazi beharko baita "ezgaitasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun handiak sortzen dizkiola".
c) Ezgaitasuna duen pertsonaren familia unitatearen per capitako urteko diru-sarrerek indarra duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 200 ez gainditzea (16.800 euro) urtean.
4.1.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko betebeharrak, 4.1.1., 4.1.2. eta 4.1.3. puntuetan agertzen direnak izanen dira.
4.2. Erabilera partikularrerako ibilgailuak.
a) Helbide soziala Nafarroan izatea.
b) Zerga betebeharrak eguneratuak izatea.
c) Egokitzapenak ezgaitasunak dituzten pertsonei erraztasunak ematea ibilgailua taldean erabiltzeko, eta egokitzapen horrek ez ekartzea berekin egokitu gabeko ibilgailuak baino tarifa garestiagoak izatea.
d) Aurreko deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren egokitu izana ibilgailua, alegia, 2007ko abuztuaren 11ren ondoren.
5.-Aurkeztu beharreko agiriak.
5.1. Erabilera partikularrerako ibilgailuak.
5.1.1. Guztiek aurkeztu beharrekoak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:
a) Titularraren eta/edo bere legezko ordezkariaren NANa.
b) Udal ziurtagiriak:
-Erroldatze-agiria, antzinatasunaren azalpenarekin.
-Laguntzaren titularrak deklaratzen duenean familia unitate bateko kide dela, familia unitatearen bizikidetasunari buruzko ziurtagiria.
c) Zerga-betebeharrak beteak dituela frogatzen duen Nafarroako ogasun publikoaren ziurtagiria, aurtengoa.
d) 2007ko ekitaldian izandako edozein diru-sarreraren zinpeko adierazpena, kontzeptuz kontzeptu emana, bai laguntzaren titularrarena eta bai familiako gainerako kideena.
e) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
f) Erosketa eta/edo egokitzapena eskaera aurkeztu aurretik egina baldin badago: eragiketaren faktura zehaztua eta ordainagiria, ibilgailuaren zirkulazio baimena eta IATaren txartel aldatua, horrelakorik baldin bada.
g) Erosketa edo egokitzapena eskaera aurkeztu aurretik egin ez bada: erosi eta/edo egokitu nahi den ibilgailuaren aurrekontua, aipatuta prezio osoa, BEZa barne, marka, modeloa eta ezaugarri bereziak.
h) Egokitzapena fabrikan berean eginda erosi bada ibilgailua: faktura edo aurrekontua (kasuaren arabera), bereizita jarririk oinarrizko ibilgailuaren prezioa eta egokitzapenean jarritako gehigarriena.
i) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena. Horretan adieraziko da ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra dela ezgaitasuna duen pertsonarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan, garapen soziala izan dezan, eta hori justifikatzen duten datuak zehaztuko dira.
j) Eskatzailearen adierazpena, non esanen baitu onuradun izateko 3. eranskineko bigarren oinarrian ematen diren debekuetariko batean ere ez dagoela.
k) Eskatzaileak bere eskaeraren indargarri aurkeztu nahi dituen bestelako agiriak.
5.1.2. Berariazkoak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:
a) Ezgaitasuna duen pertsonaren gidabaimenaren fotokopia bi aldeetatik, edo bera ez bada gidaria, ibilgailuaren ohiko gidariaren gidabaimenaren fotokopia eta ezgaitasuna duen pertsonarekin duen bizikidetasun eta ahaidetasun harremana.
5.1.3. Berariazkoak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:
a) Ezgaitasuna duen pertsona baldin bada gidaria: gidabaimenaren fotokopia bi aldeetatik; bertan egokitzapena beharrezkoa dela adieraziko da.
b) Ezgaitasuna duen pertsona gidaria ez bada: ibilgailuaren ohiko gidariaren gidabaimenaren fotokopia eta ezgaitasuna duen pertsonarekin duen bizikidetasun eta ahaidetasun harremana.
5.1.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko aukeraren alde egiten bada, aurkeztu beharreko agiriak 5.1.1, 5.1.2 eta 5.1.3 puntuetan agertzen direnak izanen dira.
5.2. Erabilera kolektiborako ibilgailuak.
5.2.1. Ibilgailu kolektiboak egokitzea:
a) Nortasuna frogatzen duen agiria.
b) Lizentzia fiskalaren fotokopia, halakorik behar denean.
c) Eskatutako diru-laguntzarekin lortu nahi den onura soziala frogatzen duen txostena.
d) Zinpeko aitorpena, bertan hitz emanez tarifa bera mantenduko dela ibilgailu egokituz nahiz egokitu gabez emandako zerbitzuengatik.
e) Egokitzapena eskabidea aurkeztu baino lehen egin bada:
-Jatorrizko faktura zehaztua, dagokion ordainagiriarekin.
-IAT, egindako egokitzapena azalduko duena.
f) Egokitzapena eskabidea aurkeztu baino lehenago egin ez bada:
-Aurrekontu zehaztua.
g) Xede berbererako beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuei eskatu eta haiek emandako diru-laguntzei buruzko zinpeko aitorpena.
h) Eskatzailearen adierazpena, non esanen baitu onuradun izateko 3. eranskineko bigarren oinarrian ematen diren debekuetariko batean ere ez dagoela.
i) Eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.
2. ERANSKINA
Taxi egokituen diru-laguntzetarako oinarriak
1.-Diru-laguntzaren xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean taxi egokituen programa bultzatzea, toki entitateei diru-laguntzak emanez, beren eremuan taxi-ibilgailuak egokitzeko. Bultzatu nahi da, beraz, taxi egokituen programa toki entitateetan sartu edo zabaltzea.
Diru-laguntza hauek emateko lankidetza hitzarmenak sinatuko dira Nafarroako Mendekotasun Agentziaren eta toki entitateen artean; horietan, toki entitateak erakunde laguntzaile gisara ariko dira.
2.-Modalitateak eta kontzeptuak.
Aurreko oinarrian aipatzen diren diru-laguntzak, "Taxi-ibilgailuak egokitzeko diru-laguntzak" izeneko modalitate bakarraren arabera aplikatuko dira.
3.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
Aipatutako hitzarmenak sinatzeko interesa duten toki entitateek Nafarroako Mendekotasun Agentziari jakinarazi beharko diote, eskabide-orri normalizatua erabiliz. Horretarako bi hilabeteko epea izanen da foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.-Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa eta datuak.
4.1. Toki entitate laguntzailearen izena.
4.2. Ekitaldi honetan egokitu nahi diren taxi-ibilgailuen kopuruaren proposamena.
4.3. Diru-laguntza jaso nahi duten taxi-gidarien izena, NANa eta lizentzia-zenbakia.
4.4. Egokitze bakoitzaren aurrekontua; zehaztuko da ibilgailuaren marka eta modeloa eta egitekoa den egokitzapena.
4.5. Erakunde laguntzailearen IFZren fotokopia.
4.6. Alkate-udalburuaren edo lankidetza hitzarmena sinatzeko pertsona eskudunaren izena eta NANa.
4.7 Toki entitate laguntzailearen ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.
5.-Taxi egokituen profesionalek bete beharreko baldintzak.
Dealdiaren 3. eranskineko 2. oinarrian ezarritako baldintza horiez gain, onuradunek diru-laguntza modalitate honen berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
5.1. Helbide soziala Nafarroan izatea.
5.2. Zerga betebeharrak eguneratuak izatea.
5.3. Egokitzapenak "Irisgarritasun Unibertsalaren" kontzeptua betetzea.
5.4. Aurreko deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren egokitu izana ibilgailua, alegia, 2007ko uztailaren 31ren ondoren.
5.5. Diruz lagundutako taxi egokituaren zerbitzua lau urtez mantentzea, ezinbesteko arrazoiak izan ezik.
5.6. Mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonen eta gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenen eskariei lehentasuna emate horrek ez du inolaz ere goratuko legez ezarritako tarifa.
6.-Entitate onuradunen betebeharrak.
Lankidetza akordioak sinatu nahi dituzten toki entitateek ondoko ekarpena eginen dute:
6.1. Harturiko funtsak onuradunei ematea, eranskin honetako zortzigarren oinarrian eta Nafarroako Mendekotasun Agentziarekin izenpeturiko hitzarmenean ezarririko irizpideekin bat.
6.2. Taxi egokituaren zerbitzua gutxienez lau urtez mantentzea finantzatutako ibilgailua erabiliz; horretarako, taxi egokituaren lizentziaren titularrak konpromiso hauek hartu beharko ditu:
a) Diruz lagundutako taxi egokituaren zerbitzua lau urtez mantentzea, ezinbesteko arrazoiak izan ezik.
b) Mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonen eta gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenen eskariei lehentasuna emate horrek ez du inolaz ere goratuko legez ezarritako tarifa.
6.3. Ezgaitasunak dituzten pertsonei laguntza ematea, taxi-bonoen edo antzeko deskontu baliokideen bidez, garraiobide hori erabiltzen laguntzeko.
Baterako Taxi Zerbitzurako Eremu batean toki entitate eskuduna erakunde laguntzaile gisa aurkezten bada, taxi-bonoak edo tarifa bereziak ezartzea bere ardura izanen da zuzenean, edo zeharka, bere lurralde eremuko udalen bidez.
Deialdia argitara emateko datan neurri horiek indarrean ez dituzten toki entitateek 2008ko abenduaren 31 baino lehen egiteko konpromisoa hartu beharko dute.
6.4. Nafarroako Mendekotasun Agentziaren aurrean, harturiko funtsak banatu dituztela frogatzea eta onuradunek harturiko konpromisoa aurkeztea.
6.5. Nafarroako Mendekotasun Agentziak eta kontrol organo eskudunek, baita europarrek ere, egiten ahal dituzten egiaztapen eta kontrol tekniko eta finantzarioko jarduerak onartzea, eta diru-laguntza eman duen organoak eskatzen duen informazioa eta dokumentazioa ematea, hala eskatuz gero.
7.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren erakunde laguntzaileak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.
8.-Lankidetza hitzarmenen formalizazioa.
Nafarroako Mendekotasun Agentziak eta erakunde laguntzaileek izenpeturiko lankidetza hitzarmenean horiek beren gain hartzen dituzten baldintza eta eginbeharrak ezarriko dira.
Nafarroako Mendekotasun Agentziak taxi-ibilgailu bakoitza egokitzeko BEZik gabeko kostu osoa lagunduko du diruz, gehienez ere 12.000 euro ibilgailuko. Salbuespenez, egiten den egokitzapenari esker gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten bi pertsona batera garraia badaitezke, diru-laguntza egokitzapenaren egiazko kostura arte, BEZik gabe, handitzen ahalko da.
Hitzarmen bakoitza sinatutakoan, Nafarroako Mendekotasun Agentziak diru-laguntza erakunde laguntzaileari emanen dio zuzenean, eta hark, berriz, hitzarmenean ageri diren taxi-ibilgailuak egokitzeko erabiliko du.
Erakunde laguntzaileek gehienez ere hiru hilabeteko epean eman beharko dizkiete harturiko funtsak diru-laguntzen onuradunei, lankidetza hitzarmena izenpetzen denetik hasita. Horretarako onuradunek faktura, eragiketaren ordainagiria, ibilgailuaren agiriak eta/edo IAT indarduna aurkeztu beharko dituzte, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsaturiko fotokopien bidez.
LANKIDETZA HITZARMEN EREDUA
Lankidetza hitzarmena
Iruñean, ...........(e)ko..............aren .....(e)an.
BILDURIK
Alde batetik ................. jauna/andrea, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailea.
Bestetik, ....................... jauna/andrea, erakunde laguntzaileko alkate udalburua.
Bi aldeek aitortzen diote elkarri, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena, eta horregatik
ADIERAZTEN DUTE:
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan ezarritakoarekin bat, hurrengo hauek dira, besteak beste, botere publikoek esparru horretan bete beharreko jarduketen helburu nagusiak: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazio, partaidetza eta gizarte integrazioa sustatzea; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; eta menpekotasunak eta oinarrizko baliabide faltak eragindako premiei erantzutea.
Foru lege horren 5. artikuluak gizarte zerbitzuen sistemak funtzionatzeko jarraitu beharreko printzipioak ezartzen ditu. Printzipio hauen artean hurrengo hauek aipatzen dira: erantzukizun publikoa, hurbiltasuna eta dezentralizazioa, pertsonen autonomia sustatzea, eta administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza.
Nafarroako Mendekotasun Agentziak parte-hartze handiagoa izan nahi du mugikortasun murriztua duten pertsonentzat garraio publikoaren kalitatea hobetzen lagunduko duten proiektuen sustapenean. Horretarako ekintzen artean lehentasuna dute irisgarritasun maila beharrezkoak lortzera bideratzen direnek, hori ezinbesteko bitartekoa baita ezgaitasunen bat duten pertsonak gizartean eta lan munduan integratu ahal izateko.
Bi aldeek argi ikusten dute mugikortasunari eragiten dioten ezgaitasunak dituzten pertsona gehienen eguneroko arazo handienetako bat garraio egokitu gutxiegi izatea dela eta horrelako bitartekoak beharrezkoak dira gizartean integratzeko. Arazo hori larriagoa da mugitzeko gurpil-aulkia erabili behar duten pertsonen kasuan, behar horietarako egokitutako berariazko garraioa behar baitute.
Bi erakundeen helburua da garraio publikoa normalizatzea, pertsona guztiek -beren egoera fisikoa zeinahi dela ere- erabiltzeko moduko taxi-ibilgailuak eskainiz toki entitateetako ohiko garraio zerbitzuan integraturik; horrela ez dira ezarri beharko bereizleak eta garestiagoak diren garraiobide bereziak.
Zerbitzu honek duen eskaera ikusirik, aldeek beharrezkotzat jotzen dute lankidetza hitzarmen bat sinatzea 2008rako, toki entitatean dauden taxi egokituen premiak asetzeko lagungarri izan dadin.
Horretarako argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emandako foru agindua, garraiobide egokituetarako diru-laguntzak emateko 2008ko deialdiaren oinarriak onesten dituena. Foru agindu honen 2. eranskinak taxi egokituen programa ezartzeko diru-laguntzak emateko araubidea finkatzen du, Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateekin -erakunde laguntzaile direnez- egitekoak diren lankidetza hitzarmenen bitartez.
Hortaz, aipatutako ordezkariek
ERABAKI DUTE:
Lehena.-Helburua.
Hitzarmen honen xedea da taxi egokituen programa ezartzea ..................... barrutian 2008an.
Xede hori aipatu toki entitatearekin batera beteko da, ............ taxi ibilgailu egokituta.
Bigarrena.-Finantzaketa.
Aipatu foru agindua oinarri hartuz,................. toki entitateak, erakunde laguntzaile den aldetik, Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskatu dio, diru-laguntza bat ..............taxi-ibilgailu egokitzeko, eta ibilgailu egokitu bakoitzeko aurrekontu bat aurkeztu du, guztira ...............euro egiten duena.
AURKEZTUTAKO DATUEN LABURPEN TAULA
Nafarroako Mendekotasun Agentziak, hitzarmen hau sinatzean, .............................. (e)ko toki entitateari .........euro ordainduko dizkio erakunde laguntzaile den aldetik, zeinak diru hori aipatu egokitzapena finantzatzeko erabiliko baitu.
Erakunde laguntzaileek gehienez ere hiru hilabeteko epean eman beharko dizkiete harturiko funtsak diru-laguntzen onuradunei, lankidetza hitzarmena izenpetzen denetik hasita. Horretarako onuradunek faktura, eragiketaren ordainagiria, ibilgailuaren agiriak eta/edo IAT indarduna aurkeztu beharko dituzte, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsaturiko fotokopien bidez.
Hirugarrena.-Toki korporazioen betebeharrak
....................... toki entitateak, hitzarmen hau sinatzean, konpromiso hauek hartzen ditu:
1. Harturiko funtsak onuradunei ematea, hitzarmen honen bigarren puntuan ezarririko irizpideekin bat.
2. Taxi egokituaren zerbitzua gutxienez lau urtez mantentzea finantzatutako ibilgailua erabiliz; horretarako, taxi egokituaren lizentziaren titularrak konpromiso hauek hartu beharko ditu:
a) Diruz lagundutako taxi egokituaren zerbitzua lau urtez mantentzea, ezinbesteko arrazoiak izan ezik.
b) Mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonen eta gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenen eskariei lehentasuna emate horrek ez du inolaz ere goratuko legez ezarritako tarifa.
3. Ezgaitasunak dituzten pertsonei laguntza ematea, taxi-bonoen edo antzeko deskontu baliokideen bidez, garraiobide hori erabiltzen laguntzeko. Baterako Taxi Zerbitzurako Eremu batean toki entitate eskuduna erakunde laguntzaile gisa aurkezten bada, taxi-bonoak edo tarifa bereziak ezartzea bere ardura izanen da zuzenean, edo zeharka, bere lurralde eremuko udalen bidez.
Deialdia argitara emateko datan neurri horiek indarrean ez dituzten toki entitateek 2008ko abenduaren 31 baino lehen egiteko konpromisoa hartu beharko dute.
4. Nafarroako Mendekotasun Agentziak eta kontrol organo eskudunek, baita europarrek ere, egiten ahal dituzten egiaztapen eta kontrol tekniko eta finantzarioko jarduerak onartzea, eta diru-laguntza eman duen organoak eskatzen duen informazioa eta dokumentazioa ematea, hala eskatuz gero.
Laugarrena.-Frogagiriak.
Gehienez ere sei hilabeteko epean -arrazoi zentzuzkoak direla medio Nafarroako Mendekotasun Agentziak epea luza dezake- .......................... toki entitateak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren aurrean frogatu beharko du zertan erabili duen jasotako dirua, agiri bidez frogatuz erabilera hori, honako hauek aurkeztuta:
-Zerbitzua nola ematen den adierazten duen txostena.
-Taxilariaren izena eta zerbitzuaren lizentzia-zenbakia.
-Ibilgailua egokitzeko gastuaren jatorrizko faktura eta ordainagiria, marka eta modeloa aipatuz.
-Ibilgailuari egokitzapenaren ondoren IAT egin zaiola frogatzen duen agiria.
Bosgarrena.-Diruz lagunduko diren ibilgailuak.
Ez dute diru-laguntzarik jasotzerik izango furgoneta edo mendi-ibilgailuek, salbu eta eskualdearen ezaugarri geografikoek halakoen beharra adierazten badute.
Seigarrena-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren erakunde laguntzaileak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.
Zazpigarrena.-Hitzarmenaren suntsiaraztea.
Hitzarmen hau suntsiturik geldituko da, bi aldeetako edozeinek bere klausuletan jasotako betebeharrak betetzen ez baditu. Kasu horretan, kaltea jasan duen aldeak bere lankidetza eten dezake.
Hitzarmen honen hirugarren eta laugarren atalak betetzen ez badira, toki entitateak itzuli egin beharko du Nafarroako Mendekotasun Agentziak kontzeptu bakoitzarengatik aurreratutako dirua. Erakunde laguntzaileak ez du inolako berme neurririk osatu beharko.
Aldeek hitz ematen dute beren artean konponduko dituztela hitzarmen hau gauzatzean edo interpretatzean sor litezkeen zalantza edo eztabaida guztiak. Halaber, eta Hitzarmenean ezarri ez den guztirako, aldeen arteko harremanean bien arteko adostasunez erabakitakoak aginduko du.
Eta lehengo guztiarekin ados izatearen frogagarri, aldeek Hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, ondorio bakarrez, burualdean adierazten den leku eta egunean.
Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailea, Begoña Rodríguez Marcos andrea.-Entitateko burua, ........................
3. ERANSKINA
Eskaerak ebaluatzeko irizpide komunak
1.-Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak norgehiagokaren bidez emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan azaltzen den moduan.
2.-Onuradun izateko baldintzak.
2.1. Diru-laguntzak kobratzeko egoeran eta 1. eranskineko laugarren oinarrian eta 2. eranskineko bosgarren oinarrian aipatzen diren inguruabarretan daudenak izan daitezke onuradunak.
2.2. Diru-laguntzei buruzko foru legearen 13.2 oinarrian aurreikusitako gorabeheretako baten batean dauden pertsonek ezin izanen dute deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan.
2.3. Pertsonek edo entitateek frogatu beharko dute onuradun izaera eskuratzeko debekaturiko egoera batean ez daudela. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, norberaren erantzukizuneko aitorpena eman dezake eskatzaileak.
2.4. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean ez da beharrezkoa izanen betebehar edo baldintza horiek frogatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4. artikuluan xedatu bezala. Kasu horietan, aipatu kreditazioa eskatzailearen adierazpen batekin ordezkatzen ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.
3.-Balorazioa.
Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atala da ebazpenaren instrukzioa, balorazioa eta proposamena egiteko organo eskuduna.
Nafarroako Mendekotasun Agentziak, eskabideak baloratzeko, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku dagoen informazio osagarria eskatuko du aipatutako organo eskudunaren bitartez eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrareko 105. artikuluko d) idatz-zatiari jarraikiz. Halaber, eskaerak ebazteko dokumentazio osagarria eskatu eta bidezkoak diren egiaztapenak egin ditzake.
Eskaerak hurrengo hauen arabera baloratuko dira:
3.1. Erabilera partikularrerako ibilgailuak.
a) Familia-unitatearen per capita diru-sarrerak. Deialdi honi dagokionez, familia-unitatetzat honakoak joko dira:
-Legez banandu gabeko senar-emazteek osatua, eta adingabeko seme-alabarik izanez gero, haiek ere bai, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak.
-Bikote iraunkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adingabeko seme-alabek ere, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak.
-18 urte baino gehiago eta 24 baino gutxiago dituzten seme-alabak ere familia unitateko kidetzak jo ahal izanen dira, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira.
-Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko idatz-zatietan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
4.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
4.1. Eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hiru hilabeteko epean.
4.2. Ezarritako epea iraganda ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da, Administrazioaren isiltasunaz, Administrazioak ebazpena emateko duen obligazioa gorabehera.
Ebazpen espresuaren edo isilbidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.
4.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira.
a) Partikularrak eta kolektiboak.
Onuradunak, aurretik egin ez badu, faktura, eragiketaren ordainagiria, ibilgailuaren agiriak eta/edo IAT indarduna aurkeztu beharko ditu, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsaturiko fotokopien bidez, ebazpena ematen den egunetik hiru hilabeteko epean. Esandakoa betetzen ez badu, justifikatutako arrazoia izan ezik, emandako diru-laguntzari uko egiten diola ulertuko da, aldez aurretik ebazpena emanda, eta, beraz, Nafarroako Mendekotasun Agentziak zenbateko hori erabiltzen ahalko du beste laguntza batzuk emateko.
Puntu honetan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu bezain laster ordainduko da diru-laguntza.
Irabazi asmorik gabeko entitateek aurkeztutako erabilera kolektiboko ibilgailuak egokitzeko diru-laguntza eskaerak irabazi asmoa duten entitateek aurkeztutakoak baino lehenago baloratuko dira, eta egokitzeko kostu osoa lagunduko da diruz.
Irabazi asmoa duten entitateek aurkeztutako eskaeretan banaketa proportzional bat eginen da egokitzapenak egiteko egiazko kostuaren arabera.
Hurrengo hauek izanen dira erabilera partikularreko ibilgailuak erosi edo egokitzeko emanen diren diru-laguntzen zenbatekoak:
LGSaren %100 baino gutxiago. 3.000,00 euro 7.000,00 euro
LGSaren %100etik %150era. 1.500,00 euro 7.000,00 euro
LGSaren %150etik %200era. 0,00 euro 7.000,00 euro
b) Taxi egokituak.
Taxi egokituen diru-laguntzarako, zuzendari kudeatzaileak lankidetza hitzarmenak formalizatzea onesteko emandako ebazpenaren ondoren, hitzarmen horiek dokumentu administratibo batean formalizatuko dira, 2. eranskinean ezarritako oinarri eta baldintza gutxienekoen arabera.
Taxi-ibilgailuetan egokitzapenaren BEZik gabeko kostu osoa lagunduko du diruz, gehienez ere 12.000 euro ibilgailuko.
Salbuespenez, egiten den egokitzapenari esker gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten bi pertsona batera garraia badaitezke, diru-laguntza egokitzapenaren egiazko kostura arte, BEZik gabe, handitzen ahalko da.
4.4. Apartekotasuna
Salbuespenezko ingurabarrak daudenean eta eskabidean behar bezala azaltzen badira, organo eskudunak diru-laguntzak emateko ebazpenak proposatzen ahalko ditu haiek baloratu ondoren.
a) Salbuespenezko inguruabar hauek kasu hauei buruzkoak beharko dute izan.
-Ezgaitasuna duen pertsona bat baino gehiago duten familiak eta garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasun handia dutenak.
-Laguntza tekniko handiak eta berariazkoak behar dituzten pertsonak (adibidez esku-oheak, aulki bereziak, arnasgailuak etab.) eta horiek gabe ezin mugitu direnak.
-Baldintza geografiko edo orografikoak direla eta beren etxebizitzara joateko mendi ibilgailuak behar dituzten pertsonak.
b) Arestian aipatutako egoerak baloratzea hurrengo irizpideei jarraikiz eginen da:
-Ibilgailua erosteko eskaeraren kasuan, izaera orokorrarekin oinarrietan aurreikusitako baino aurrekontu handiagoak onartuko dira, baina diru-laguntzak ez du inolaz ere ezarritako muga gaindituko.
-Egokitzeko diru-laguntzen kasuan aurkeztutako aurrekontuaren %100 emanen da.
4.5. Hori deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpenak Nafarroako Mendekotasun Agentziako iragarki oholean argitaratuko dira (González Tablas, zk.g., Iruña). Argitalpenean deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.
Publizitateari buruzko arau horiek ez zaizkie aplikatuko erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko emandako diru-laguntzei, izan ere, onuradunen datuak argitaratzeak, diru-laguntzaren xedea dela eta, aurka egiten ahal baitio pertsona fisikoen nahiz horien familiaren intimitateari, Ohorerako eskubidearen, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eskubidearen eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Foru Legearen xedaturikoaren arabera.
5.-Diru-laguntzak emateko lehentasunak.
Aurrekontuan dauden mugak, eta aurkeztutako eskaerak zenbat diren kontuan harturik, balorazio eta ebazpenean honela finkatuko dira lehentasunak: lehenik erabilera partikularreko ibilgailuetarako eskaerak, bigarrenik taxi-ibilgailuetarako eskaerak eta hirugarrenik ibilgailu kolektiboetarako eskaerak.
Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, edozein modalitatetan, organo eskudunak kasuan kasuan aurreikusitako baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko ditu.
6.-Bateragarritasuna.
Irabazi asmorik gabeko entitateek deialdi honetan aurreikusitako erabilera partikularreko ibilgailuen eta ibilgailu kolektiboen modalitateetan eskatutako diru-laguntzak bateragarriak dira nazioko nahiz nazioarteko beste administrazio publiko, norbanako nahiz erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin.
Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, edo baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
Irabazi asmoa duten entitateek ibilgailu kolektiboen modalitatean eskatutako diru-laguntzak bateraezinak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin.
7.-Onuradunen betebeharrak.
Hauek dira onuradunen betebeharrak:
a) Diru-laguntza emateko oinarri izan den portaera izan edo jarduera egitea.
b) Taxi-ibilgailuaren kasuan, Nafarroako Mendekotasun Agentziari edo erakunde laguntzaileari erakustea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin eta helburuak bete direla.
c) Taxi-ibilgailuaren kasuan, laguntza eman duen organoak edo erakunde laguntzaileak eta kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek egiten ahal dituzten egiaztapen eta kontrol tekniko eta finantzarioko jarduerak onartzea, eta diru-laguntza eman duen organoak eskatzen duen informazioa eta dokumentazioa ematea, hala eskatuz gero.
d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskaturiko edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo erakunde laguntzaileari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri, betiere jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
f) Jarduerak finantzazio edo inbertsio publikoa izan duela zabaltzeko neurriak hartzea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatu bezala, eta eranskin honetako zortzigarren oinarrian xedaturikoarekin bat.
g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan eta eranskin honen bederatzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
h) Gainera, ibilgailu kolektiboen kasuan, egiaztapenak eta kontrolak modu egokian egin ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan.
8.-Diru-laguntzaren izaera publikoaren publizitatea.
Ibilgailu kolektiboen edo taxi-ibilgailuen modalitateen onuradunek diru-laguntzen jatorria jakinarazi beharko dute ibilgailuei loturiko hedapen eta publizitate orotan, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza adierazi. Hedapen idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa azaldu beharko da, "Nafarroako Mendekotasun Agentziak diruz lagundutako egokitzapena" argigarriarekin.
9.-Diru-laguntza itzultzeko betebeharra.
Diruz lagundutako jarduera burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetako zazpigarren oinarrian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.
Dirua itzultzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio, eta irekitzen denetik gehienez hamabi hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
10.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak eta erakunde laguntzaileak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.
11.-Aplikatu beharreko arauak.
Oinarri hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.
Iragarkiaren kodea: F0810038
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
