95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

316/2008 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena "La Pedrera" eguzki parke fotovoltaikoa handitzeko Erriberriko udal mugapeko 7. poligonoko 630. lurzatian, eta Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena eguzki parkearen lehenengo fasearen ondoan ebakitze zentro bat paratzeko -funtzionatzeko behar baitu-, eta zentro hori sareari lotzeko, lurpeko linea elektriko baten bidez. Horren guztiaren sustatzailea Energías Fotovoltaicas de Navarra, S.L. da.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota, eta horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

2008ko otsailaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 3ko 169/2008 Ebazpenaren bidez, Erriberriko udal mugapeko 17. poligonoko "La Pedrera" eguzki parke fotovoltaikoa handitzeko espedientea jendaurrean jarri zen. Sustatzailea Energías Fotovoltaicas de Navarra, S.L. da.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Txostenean dago Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak eguzki instalazio fotovoltaikoari buruz emandako kontrako txostena. Bertan adierazten denez, Erriberriko Udal Planaren arabera honelaxe sailkatzen da handitzea eginen deneko lurzorua: "Naturaren aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua"; azpikategoria "Nafarroako Ubidearen ureztapen eremuak". Plan horrek 2007ko urtarrilaren 8an hartu zuen indarra. Lurzoru azpikategoria horretarako babes araubidea Hirigintza Arau Partikularren V. kapituluan garatzen da. Bertan, jarduera baimenduen eta baimentzen ahal direnen zerrenda dago, eta ez dira ageri industria jarduerak, hala nola eguzki parkeak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea "La Pedrera" eguzki parke fotovoltaikoa handitzeko Erriberriko udal mugapeko 7. poligonoko 630. lurzatian; izan ere, handitzea egitea zein lurzorutan aurreikusten den, horietan hirigintza bateraezintasuna dago eguzki parkeak jartzeko.

2. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, eguzki parkearen lehenengo fasearen ondoan ebakitze zentro bat paratzeko -funtzionatzeko behar baitu-, eta zentro hori sareari lotzeko, lurpeko linea elektriko baten bidez. Horren guztiaren sustatzailea Energías Fotovoltaicas de Navarra, S.L. da.

3. Ebakitze zentroari eta ebakuazio lerroari buruzko baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), baldintza hauekin:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanak hasi baino lehen, fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lan horiek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Erriberriko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko ekainaren 27an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0810502