95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1320/2008 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen gradu-ikasketa ofizialetan aparteko sariak emateko arautegi erregulatzailearen proposamenaren aldeko txostena eman eta hura onesteko, Gobernu Kontseiluak 2008ko ekainaren 23an hartutako erabakia argitaratzeko agintzen duena.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2008ko ekainaren 23an hartutako erabakia argitaratzeko agintzen dut. Haren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen gradu-ikasketa ofizialetan aparteko sariak emateko arautegi erregulatzailearen proposamenaren aldeko txostena eman eta hura onetsi zen. Honako hau da erabaki hori:

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAK EMATEN DITUEN GRADU-IKASKETA OFIZIALETAN APARTEKO SARIAK EMATEKO ARAUTEGI ERREGULATZAILEAREN PROPOSAMENA ONETSI, ETA HORREN ALDEKO TXOSTENA EMATEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Batzordeak, 2001eko abenduaren 21ean eginiko bileran, ikasketa bukaeran Aparteko Sariak emateko bertako arautegia onetsi zuen.

Arautegia onetsi zenetik zazpi urte igaro eta gero, egoki jo da geroago onetsitako arautegi berriei egokitzea, batez besteko nota kalkulatzeko modua aldatuz eta unibertsitate-ikasketen egitura berria kontuan hartuz.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak proposatuta, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2008ko ekainaren 23an egindako bileran, hartu duen.

ERABAKIA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen gradu-ikasketa ofizialetan aparteko sariak emateko arautegi erregulatzailea.

1. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Karrera Amaierako Aparteko Sariak ezarri ditu, graduko ikasketak garaian garaiko deialdiak aipatzen duen ikasturtean bukatu dituzten Unibertsitateko ikasleentzat.

2. artikulua. Ikasle batek Aparteko Saria jasotzeko aukera izan dezan, baldintza hauek bete behar ditu: bere titulu ofiziala emateko eskaera aurkeztuta eta haren tramitazioa egiteagatik dagokion prezio publikoa ordainduta eduki behar ditu, betiere, prozedura bukatu baino lehen, 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. artikulua. 1. Graduko ikasketa plan ofizial bakoitzean, 50 ikasleko multzo edo zatiki bakoitzeko, saria emango zaio batez besteko kalifikazioa 8,0 puntu edo gehiago duen ikasleari, ikasketa-plan hau behar den ikasturtean bukatu duten ikasleen artetik.

2. Ikasketa-plan batean aurreko atalean ezarritako batez besteko kalifikaziora iristen den izangairik ez badago, sari bakarra emango zaio batez besteko kalifikazio handiena duen ikasleari, ikasketa-plana behar den ikasturtean bukatu dutenen artetik, betiere, kalifikazio hori 7,0 puntukoa edo handiagoa bada.

3. Berdinketa gertatzen bada, curriculum akademikoan Ohorezko Matrikularen aipamen gehien dituen ikasleari emango zaio Aparteko Saria, eta berdinketak badirau, Bikain gehien dituenari. Berdinketa irizpide horren arabera ere ez bada desegiten, berdindu duten izangai guztiei emango zaie Aparteko Saria, baina sariaren diru-kopurua guztien artean bidezkoa den moduan banatuko da.

4. artikulua. Ikasturte bakoitzean, Unibertsitateko errektoreak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpenaren bidez, arautegi honetan aipatutako Aparteko Sarietarako deialdia egingo du, eta prozedura hasi eta bukatzeko epeak ezarriko ditu. Ezartzen ahalko du, baita ere, zein Aparteko Sarik izango duten diru-kopuru jakin bat, horretarako dagoen finantzaketaren arabera.

5. artikulua. Unibertsitateak, Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuaren bidez, ofizioz hautatuko ditu Aparteko Sariak jasotzeko irakaskuntza-eskakizunak betetzen dituzten ikasleak, eta Sarbide eta Beken Bulegoko iragarki-oholean argitaratuko du izangaien behin-behineko zerrenda. Ikasleek hamar eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

6. artikulua. 1. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta gero, Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak erreklamazioak aztertu, eta onartu edo atzera botako ditu. Horrez gain, errektoreari bidaliko dio Aparteko Sariak emateko behin betiko proposamena.

2. Errektoreak ebazpenaren bidez emango ditu Aparteko Sariak, eta ebazpen horretan bertan adieraziko da sariak emateko ekitaldi akademikoa zein egunetan egingo den.

7. artikulua. 1. 3. artikuluko atalek aipatutako batez besteko kalifikazioa kalkulatzeko, ikaslearen curriculum akademikoak ondorengo formula hau aplikatuz lortzen den batez besteko kalifikazioa aterako du, eta emaitza hiru hamarrenekin adieraziko da:

Izanik,

Casig: gainditutako irakasgai bakoitzaren zenbakizko kalifikazioa.

Credasigsuperada: gainditutako irakasgai bakoitzaren kreditu-kopurua.

Credasigcursada: egindako irakasgai bakoitzaren kreditu-kopurua.

2. Formula honen aplikazioari begira, ez dira kontuan hartuko ikasketa-planetan integratu gabeko prestakuntza-jarduerengatik edo "Gai", "Parekatua" edo antzeko kalifikazioak baino ez dituzten beste batzuengatik emandako hautaketa libreko kredituak.

3. Dagokien zenbakizko kalifikaziorik gabeko kalifikazio kualitatiboak agertzen badira ikaslearen curriculum akademikoan, baliokidetza-taula honen arabera lortuko dira zenbakizko kalifikazioak: Gainditua - 5,5, Oso Ongi - 7,5, Bikain - 9,0 Ohorezko Matrikula-10.

8. artikulua. Karrera Amaierako Aparteko Sariak saritutako ikasle bakoitzaren Titulu Ofizialean islatuko dira, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak 1989ko ekainaren 26ko Ebazpenaren bidez ezartzen duenarekin bat etorriz, edo une bakoitzean legez ezartzen denarekin bat etorriz.

Xedapen Iragankorra.

1. 1397/2007 Errege Dekretuak aipatutako graduko unibertsitate titulu ofizialak eskuratzeko diren ikasketa planak ezartzen ez diren bitartean, arautegi hau aplikatuko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren tituluak eskuratzeko diren lehenengo eta bigarren zikloetako ikasketa planei, bai eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziaturaren eta Zuzenbide Lizentziaturaren aldi bereko ikasketen programari ere.

2. Ikasle batek lehengo atalean aipatutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa-planetako baten bigarren zikloa bukatu badu, eta ez bada egindako lehen ziklo baten jarraipen zuzena, 7. artikuluan aipatutako batez besteko kalifikazioa kalkulatuko da bi zikloak lehen eta bigarren zikloa dituen ikasketa-plan bakarra izango balira bezala.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoan bigarren ziklo bat bakarrik gainditu duten ikasleek ezin izango dute Aparteko Saririk jaso.

Xedapen Indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako ikasketa ofizialetan aparteko sariak emateari buruzko Arautegi Erregulatzailea, Gobernu Batzordeak 2001eko abenduaren 21eko Erabakiaren bidez onetsitakoa.

Azken Xedapena.

Arautegi honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra."

Iruñean, 2008ko ekainaren 26an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F0810652