95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2069/2008 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enpresak ekonomia sozialeko enpresa bihurtzeko laguntzetarako deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Parlamentuaren aginduarekin bat, interesekotzat jotzen du ekonomia sozialeko enpresei laguntzea.

2008ko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legean "Enpresak ekonomia sozialeko enpresa bihurtzeko laguntzak" izeneko kontu-saila jaso da, 490.253 euroko zenbatekoarekin.

Ekonomia sozialaren sustapenaren onura publikoa eta laguntza mota honetako eskabideak hautatzeko baremo baztertzaile bat ezartzeko zailtasunak kontuan hartuz, laguntzak hainbanatuko dira.

Azaldutakoarekin bat, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresak ekonomia sozialeko enpresa bihurtzeko laguntzetarako deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 490.253 euro gordetzea, 2008rako gastuen aurrekontuko "Enpresak ekonomia sozialeko enpresa bihurtzeko laguntzak" izeneko 881001--84100--4709--241202 (RCSA 1217) kontu-sailaren kargura. Hurrengo urteetan, kasuan kasuko kontu-sailetik finantzatuko da.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko ekainaren 20an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da enpresa batek lan edo kooperatiba sozietate izaera juridikoa hartzen duenean langileak laneko bazkide edo bazkide langile gisa sartzea finantzatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Diru-laguntza eskatzeak deialdi hau gidatzen duten oinarriak onartzea dakar berarekin.

2.-Onuradunak.

Diru-laguntza hauek jaso ahal izateko, langileek bazkide langile edo laneko bazkide finko izaera hartu behar dute, 12.000 euroko ekarpena eginez gutxienez, lan egiten zuten enpresak izaera juridikoa aldatzearekin bat. Diru-laguntza 3.250 eurokoa izanen da eskaera bakoitzeko.

3.-Betebeharrak.

Laguntza eskatzen dutenek 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu beharko dute bazkide langile edo laneko bazkide gisa.

Laguntza jasotzeko eskubidea izateko beharrezkoa izanen da bazkide langile edo laneko bazkide finko izaera hartzea eta aipatutako diru guztia ordaindu izana. Bazkide berriak egoera aktiboan egon beharko du enpresan 3 urtez gutxienez. Epe hori baino lehen uzten badu egoera hori, laguntzatik dagokion zatia itzuli beharko du.

Oro har, onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak izatea.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehatua ez izatea, horrek berarekin baitakar diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzea.

d) Bihurtu baino lehenagoko bi urteetan enpresan bazkide izan ez izana.

e) Nafarroako Foru Komunitatean dagoen lantoki batera sartzea.

4.-Betebeharrak frogatzea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Enpresan sartzen den bazkide langile edo laneko bazkidearen nortasun agiri nazionala.

b) Bidezko denean, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak beteak dituela frogatzen duen agiria.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletako debeku egoera batean ez dagoela frogatzen duen agiria, artikulu horren 7. atalean xedatutakoaren arabera egina.

d) Bazkide langile edo laneko bazkide bihurtu dela frogatzea, bazkideen liburuetako orrialdeen eta sozietatearen kapitalerako diru-ekarpenen kopia konpultsatua aurkeztuz, non adieraziko baita bazkidea kooperatiban sartu dela, edo eskritura publikoa edo agiri baliokidea, bazkide berria lan edo kooperatiba sozietatean sartu dela frogatzen duena.

e) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

5.-Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideen eredu ofizialak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira. Nafarroako enpleguaren atarian ere eskuratzen ahalko dira, Interneten bidez.

Aurreko lerroaldeko eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroetatik edozeinetan aurkezten ahalko dira, edo bestela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako erregistroetan.

Eskaerak urteroko urtarrilean aurkeztu beharko dira. Salbuespenez, 2008. urtean, 15 egun natural emanen dira deialdi hau argitara eman eta biharamunetik hasita.

6.-Irizpide objektiboak.

Norgehiagokaren bidez erabakiko da eskabideen gainean. Laguntza honen bidez sustatu nahi diren ekonomia sozialeko enpresen onura publikoa dela eta, ez da posible irizpide baztertzailerik ezartzea eskabideak hautatzeko. Beraz, eman beharreko laguntzen zenbatekoak deialdi honetan ezartzen den diru eskuragarria gainditzen badu, zenbateko hori hainbanaketaren bidez kalkuluatuko da berriro.

7.-Eskabideen gainean ebazteko organo eskuduna.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Laguntzen Atala izanen da instrukzio organoa aurkezten diren espedienteetarako.

Aurkeztutako eskabideen gaineko ebazpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio. Edonola ere, diru-laguntzak jasotzeko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak bete beharko dira nahitaez.

Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko da. Ezespen espres edo ustezkoaren kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari igorria.

Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

8.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak izanen dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Jarduketa burutu dutela frogatzea eta diru-laguntza ematean eta horren gainean ebaztean ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzen direla ere bai.

c) Diru-laguntza emateko momentuan kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, horren berri ematea, bai eta onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan gertatutakoena ere.

d) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapenak eta arloan eskumena duten organoei dagozkien kontrol finantzarioko jarduketak onartzea.

f) Onuradunak bere gain hartuko du enpresarena den eta Nafarroako Foru Komunitatean dagoen lantoki batean gutxienez ere hiru urte bazkide langile edo laneko bazkide gisa egoteko konpromisoa, halako bihurtzeko diru-ekarpenari eutsiz, edo kobraturiko dirua eta berandutza interesak itzultzekoa (ez betetzea geratu zenez geroztiko interesak) eta halaxe jakinarazi beharko dio Nafarroako Eplegu Zerbitzuari, hilabeteko epean.

9.-Justifikatzeko prozedura eta modua.

Diru-laguntza jaso aurretik onuradunak diru-laguntzaren oinarriko jarduketa egin duela frogatu beharko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz, eta betiere ekitaldi bakoitzeko irailaren 30erako beranduenez.

Diru-laguntzen xede diren diru-ekarpenak onuradunek egiazki pagaturiko zenbatekoekin bat etorriko dira, eta bazkideen liburuen orrialdeen eta sozietatearen kapitalerako diru-ekarpenen kopia konpultsatuak aurkeztuz frogatuko dira, non adieraziko baita bazkidea kooperatiban sartu dela. Bestela, eskritura publikoaren edo agiri baliokidearen bidez frogatuko da, non bazkide berria lan sozietatean sartu dela frogatuko baita.

10.-Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Onuradunak oinarri hauetako 9, puntuan xedaturikoa bete ondoren pagatuko da diru-laguntza.

Deialdi honetan aurriskusten diren diru-laguntzak 2008rako gastuen aurrekontuko "Enpresak ekonomia sozialeko enpresa bihurtzeko laguntzak" izeneko 881001--84100--4709--241202 kontu-sailaren kontura izanen dira. Hurrengo urteetan, diru hori kasuan kasuko aurrekontuko kontu-sailetik eskuratuko da.

Betiere, laguntzak "de minimis" araubidean emanen dira. Diru-laguntzak emateko ebazpenean espresuki adierazi beharko da Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 EE Erregelamenduaren babesean (EE Tratatuko "de minimis" laguntzen gaineko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeko moduari buruzkoak) egiten dela.

11.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin, eta, zehazki, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 4ko 1739/2007 Ebazpenean araututakoekin.

12.-Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Edozein aldaketa gertatuz gero diru-laguntza emateko momentuan kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan nahiz onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Hartutako dirua, guztia edo parte bat, itzuli egin beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzulketa egitea erabakitzen den egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordaindu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan.

Dirua itzultzeko prozedurak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluan ezarritakoari jarraituko dio.

13.-Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

Deialdi honetan eta/edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

14.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

15.-Publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak webgunean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Iragarkiaren kodea: F0809905