95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1339/2008 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Osasun zuzendari nagusiak emana, garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beheitiko haurren familiei 2008an diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

2008ko ekitaldirako, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legeak "Garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten haurren familientzako diru-laguntzak" ezarri zituen.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratu ahal izateko.

11/2005 Legean xedaturikoarekin bat, deialdiaren xedea da garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beheitiko haurren familiei 2008an diru-laguntzak ematea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beheitiko haurren familiei 2008an diru-laguntzak emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean ageri diren baldintzei jarraikiz.

2. Gehienez ere 84.850,00 euroko gastua baimentzea, 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Garun-perlesia izanik Petö tratamendua hartzen duten haurren familientzako laguntzak" izeneko 51000--500000--4809--311102 kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Osasun Laguntzako Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegora eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu Hartzailetza Delegatura, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2008ko ekainaren 16an.-Osasun zuzendari nagusia, Enrique Martín de Marcos.

ERANSKINA

Garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beheitiko haurren familiei 2008an diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1.-Diru-laguntzaren xedea.

Deialdiaren babesean banatzen diren diru-laguntzak garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beheitiko haurren familien gastuak osorik edo hein batean finantzatzeko erabiliko dira.

2.-Onuradunen betebeharrak.

-Garun-perlesia edo fakultatibo batek diagnostikatutako antzeko prozesu neurologikoak dituzten haurrak izatea, 16 urtetik beheitikoak.

-Nafarroan luzaz bizitzea.

-Tratamendua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatibo espezialista batek agindu izana.

3.-Betebeharren frogaririak.

Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Haurra laguntza eskatu baino lehenagoko bi urteetan egiatan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen agiria.

b) Tratamendua justifikatzen duen txosten klinikoa.

c) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

d) Petö metodoarekin proposaturiko errehabilitazio tratamenduaren azalpena; zer zentrotan eginen den adieraziko da.

e) Petö metodoaren bidezko errehabilitazio tratamenduaren kostua, familiak pagatu behar duena.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko obligazioak beteak izan beharko ditu eskatzaileak. Osasun Departamentuak egiaztatu eginen du betebehar hori betetzen ote den.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira.

4.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Tratamenduaren kostuaren zenbatekoa pagatzen duen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdian ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2008ko urriaren 1ean bukatuko da.

4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuko Erregistroan (Amaia kalea, 2. A, Iruña) aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Osasun zuzendari nagusiari eskabidea igorririk. Eskabidearekin bat deialdiaren 2. oinarian ezarririko agiriak aurkeztuko dira.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Laguntzaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Diru-laguntza eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdiko oinarriak onartzea.

5.-Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasun zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez banatuko ditu diru-laguntzak, ebaluazio batzorde batek proposaturik. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Organo Birlandaketen eta Elkarteen Koordinaziorako atalburua, idazkari lanetan arituko dena.

-Osasun Laguntzako Zerbitzuko teknikari bat, bertako zuzendariak izendatuko duena.

5.2. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du onuradunek betetzen dituztela diru-laguntzak kobratzeko betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

-Diru-laguntzaren zenbatekoan familiak finantzaturiko tratamenduaren kostua hartuko da kontuan.

-Zehazteko, kontuan hartuko da zenbat diru dagoen aurrekontuetan, laguntzak tratamenduaren kostuarekin proportzionalak izan daitezen (aurrekontuko dirua hainbanatuko da).

-Onuradun bakoitzarentzako diru-laguntzak gutxienez tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adina eginen du.

-Diru-laguntzak ez du behin ere familiak finantzaturiko tratamenduaren kostu osoa gaindituko.

5.3. Ebaluazio batzordearen proposamena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.-Ebazpena.

6.1. Osasun zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, batzordeak ematen duen proposamenarekin bat.

6.2. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, deialdiaren 9. puntuan aipatzen diren agiriak egiaztatu ondoren. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7.-Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emanikoaren zenbateko osoak behin ere ezin izanen du gainditu familiaren kontu pagaturiko tratamenduaren kostu osoa.

8.-Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Osasun Departamentuari jakinarazi beharko dizkiote beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo diru-laguntza guztiak.

Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren beste eginbeharrak egin beharko dituzte.

9.-Frogagiriak.

9.1. Justifikazio ekonomikoa Osasun Departamentuko Erregistroan jatorrizko fakturak aurkeztuz eginen da. Horietan gutxienez datu hauek agertuko dira:

-Haurraren izen-deiturak.

-Tratamendua ematen duen entitatea.

-Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuz.

-Familiak guztira pagaturiko zenbatekoa.

9.2. Halaber, urteko tratamendua bukatzean, Osasun Departamentuan tratamenduak haurraren bilakaeran izaniko emaitzei buruz ebaluazio zehatz bat aurkeztu beharko da.

9.3. Egindako gastuen frogagiriak 2008ko abenduaren 5eko 14:30 baino lehen aurkeztu beharko dira Osasun Departamentuko Erregistroan (Amaia kalea, 2. A, 2., Iruña).

10.-Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza osoa batera pagatuko da, agiriak egiaztatu ondoren.

11.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidezko prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.

12.-Datuak babestea.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku badaudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek eskuratu, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileetan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14.-Errekurtsoak.

Deialdiaren, arauen eta garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0810032