95. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

80/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 25ekoa, Osasun kontseilariak emana, Administrazio Laguntzako Bulegoa kentzen duena eta haren eginkizunak Osasun Laguntzaren Zerbitzuko Administrazio Aferetarako Bulegoari esleitzen dizkiona.

Administrazio Laguntzako Bulegoa Osasun Laguntzaren Zerbitzuko Osasun Zentro, Jarduera eta Prestazioak Antolatu eta Ikuskatzeko Atalari atxikita dago. Aipatu bulegoaren eginkizunak honakoak dira: atalean egiten diren prozedurak kudeatzea, Osasun Zentro eta Establezimenduen Erregistroa mantentzea eta sortzen den dokumentazioa artxibatzea.

Administrazio Aferetarako Bulegoa Osasun Laguntzaren Zerbitzuko Zuzendaritzaren menpekoa da eta bere eginkizunak dira Zerbitzuaren zeregin administratiboaren antolaketa, kudeaketa eta jarraipena egitea, dokumentuak artxibatzea eta Zerbitzuan sortutako dokumentuen jarraipena egitea.

Osasun Laguntzaren Zerbitzuak jarduera administratiboa garatzen duten hiru atal ditu, eta atal hauetako batek bulego bat du atxikita. Baliabideak hobeki erabiltzeko, egokiagoa da administrazio-langile guztiak eginkizun administratibo guztiak bere gain hartzen dituen bulego bakarrean biltzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1.-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko Osasun Zentro, Jarduera eta Prestazioak Antolatu eta Ikuskatzeko Atalari atxikita dagoen Administrazio Laguntzako Bulegoa kentzea.

2.-Administrazio Laguntzako Bulegoaren eginkizunak Osasun Laguntzaren Zerbitzuari atxikita dagoen Administrazio Aferetarako Bulegoari esleitzea.

3.-Foru agindu hau igortzea Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.-Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko ekainaren 25ean.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0810683