94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Laguntzetarako deialdia, Alde Zaharreko eta I. eta II. zabalguneetako etxebizitzak zaharberritzeko eta Alde Zaharrean aparkalekuak sustatu eta eraikitzeko

Iruñeko Udaleko Alkatetzak, 2008ko ekainaren 27an, honako ebazpen hau eman zuen:

RAL 27-JUN-08 (4/UV)

"Ikusita 2008ko laguntzetarako deialdia, Alde Zaharreko eta Lehen eta Bigarren Zabalguneetako eraikinak zaharberritu eta Alde Zaharrean aparkalekuak sustatu eta eraikitzekoa, bana-banako ebaluazioaren araubidekoa, Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzari jarraituz, eta ikusita espedientean jasotako txostenak, baita 208001011 zenbakiko gastu baimenen zerrenda, 2008/03/25ekoa, Hirigintza eta Etxebizitza Alorrak igorria, 660.000,00 eurokoa, era honetan banatua:

Dok. zenbakia Kontzeptua Kontu-saila Zenbatekoa

A-208020412 Laguntzak, Alde Zaharreko eta I. eta II. Zabalgunee- 30/43100/780000 600.000,00

tako eraikinak zaharberritu eta Alde Zaharrean

aparkalekuak sustatu eta eraikitzeko

A-208043051 Laguntzak, Alde Zaharreko eta I. eta II. Zabalgunee- 30/43100/480000 10.000,00

tako eraikinak zaharberritzeko, Udalaren etxebizi-

tzetan ostatu hartutakoen errentei laguntzeko

A-208043052 Laguntzak, Alde Zaharreko eta I. eta II. Zabalgunee- 30/43100/831000 50.000,00

tako eraikinak zaharberritzeko, baliabide ekono-

miko gabeko jabe/erabiltzaileei mailegua emateko

EUROAK, GUZTIRA 660.000,00

Ebatzi dut:

1.-2008ko laguntzetarako deialdia, bana-banako ebaluazio araubidekoa, espedientean ageri dena, onestea. Alde Zaharreko eta I. eta II. Zabalguneetako eraikinak zaharberritu eta Alde Zaharreko aparkalekuak sustatu eta eraikitzea du helburu.

2.-208001011 zenbakiko kontabilitateko dokumentuen zerrenda onestea. Horrela, baimena ematen da gehieneko gastuetarako (zenbatekoak adierazi dira), 2008ko aurrekontuan adierazitako kontu-sailen kargura, laguntza horiek emateko.

Gastu horiek badute saldo bat loturik, diru-sarrera arrunten bidez edo maileguz finantzatzen dena."

Iruñean, 2008ko ekainaren 30ean.-Alkatea, María Yolanda Barcina Angulo.

2008KO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA, BANA-BANAKO EBALUAZIOAREN ARAUBIDEKOA, ALDE ZAHARREKO ETA LEHEN ETA BIGARREN ZABALGUNEETAKO ERAIKINAK ZAHARBERRITU ETA ALDE ZAHARREAN APARKALEKUAK SUSTATU ETA ERAIKITZEKO

1.-Xedea.

Bana-banako ebaluazioaren araubidean, etxeak zaharberritzeko laguntzak emateko prozedura garatzea du helburu deialdi honek. Eta hori Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzan xedatutakoa betez, Tokiko Gobernu Batzarrak 2007ko apirilaren 11n hasiera batean onetsi baitzuen. Erabaki hori behin betikoa bilakatu da jendaurreko epean erreklamazio, kexa edo oharrik izan ez delako, NTAFLren 325.1.c) artikuluko bigarren lerroaldean xedatuari jarraituz.

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantza 2007ko 111. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 5ean.

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzan xedatuari jarraituz arautzen da deialdi hau eta, aurreikusten ez duen hartan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzetarako Ordenantza Orokorraren eta gainerako araudi aplikagarriaren arabera.

2.-Aurrekontua.

Deialdia gehieneko aurrekontu hauetaz dago hornitua:

-600.000,00 euro, 2008ko aurrekontuko 30/43100/780000 kontu-sailaren kargura, Alde Zaharreko eraikinak zaharberritzeko eta aparkalekuak sustatu eta eraikitzeko obretarako Udalaren laguntza ekonomiko gisa.

-10.000,00 euro, 2008ko aurrekontuko 30/43100/480000 kontu-sailaren kargura, Udalak ostatu emandako errentetarako diru-laguntza gisa.

-50.000,00 euro, 2008ko aurrekontuko 30/43100/831000 kontu-sailaren kargura, baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileendako mailegu gisa.

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzan, zein bere atalean, zehaztuta dago laguntza mota bakoitzetik zenbat emanen zaion, gehienez ere, onuradun bakoitzari.

3.-Diru-laguntzaren xedea, onuradunen beharkizun eta betebeharrak.

Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzako aurreikuspenak garatzea da deialdiaren helburua, honako laguntza hauetan banatuta:

1.-Laguntza ekonomikoak eraikinak zaharberritzeko.

2.-Laguntza ekonomikoak Alde Zaharrean aparkalekuak sustatu eta eraikitzeko.

3.-Laguntza ekonomikoak Udalaren etxebizitzetan ostatu hartutakoentzat.

4.-Maileguak baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileentzat.

Laguntzen onuradunak behartuta daude Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 5. artikuluan jasotako baldintzak betetzera, baita arau horrek laguntza mota bakoitzerako jasotakoak ere.

4.-Diru-laguntza eskatzeko beharkizunak eta haien frogabideak.

Diru-laguntza edo mailegua eskatzeko, pertsona fisiko edo juridikoek, publiko edo pribatu izan, beharkizun orokorrak bete beharko dituzte eta Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzako 4. artikuluan ezarritako debeku guztietatik kanpo egonen dira; gainera, ordenantza horretan zein laguntza mota nahi duten, hartarako beharkizunak ere bete beharko dituzte.

Laguntza edo maileguaren eskaera guztietan, zaharberritze babestuaren kalifikazioa izan beharko du espedienteak.

Bestetik, laguntza mota bakoitzerako ordenantzan ezarritakoak dira laguntza edo mailegu bakoitzarendako beharkizun eta frogabideak.

1.-Laguntza ekonomikoak eraikinak zaharberritzeko: II, III eta IV. tituluetan ezarritakoak.

2.-Laguntza ekonomikoak Alde Zaharrean aparkalekuak sustatu eta eraikitzeko: V. tituluan ezarritakoak.

3.-Laguntza ekonomikoak Udalaren etxebizitzetan ostatu hartutakoentzat: 26. artikuluan ezarritakoak.

4.-Maileguak baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileentzat: 27 eta 35. artikuluetan ezarritako beharkizunak.

5.-Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

Zaharberritze Bulegoa arduratuko da diru-laguntzen prozedura instruitzen idazkari teknikoaren bitartez. Beharrezkotzat jotzen dituen datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko jarduketak eginen ditu, ofizioz, ebazpenaren proposamena formulatu ahal izateko.

Alkatetzari, edo haren ordez diharduen organoari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

6.-Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunek eskabidea sinatuta aurkeztuko dute, zein laguntza mota eskatzen duten, hari dagokion dokumentazioarekin batean.

Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta lehen egun baliodunetik aurrera hasiko da eraikinak zaharberritzeko laguntza ekonomikoen eskaera aurkezteko epea, eta 2008ko abenduaren 31 arte iraunen du, Zaharberritzei Laguntzeko Ordenantzaren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa ukatu gabe.

V. tituluan aurreikusitako laguntzetarako (Aparkalekuak), aparkalekua irekitzeko lizentzia ematen edo jarduera hasten den egunetik aurrera hasiko da eskatzeko epea, eta 2008ko abenduaren 31n bukatuko da.

Udalaren etxebizitzetan ostatu hartutakoendako laguntzetan (Laguntzen Ordenantzaren 26. art.), espedientea zaharberritze babestukotzat hartzen den egunetik aurrera hasiko da eskatzeko epea, eta 2008ko abenduaren 31n bukatuko da.

Baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileendako maileguetarako aurreikusitako laguntzetan (Laguntzen Ordenantzaren 27 eta 35. art.), espedientea zaharberritze babestukotzat hartzen den egunetik aurrera hasiko da eskatzeko epea, eta 2008ko abenduaren 31n bukatuko da.

Eskaerak ez baditu deialdian ezarritako beharkizunak betetzen, Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 17.2 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean -Merkatuko kalea, 7/9- aurkezten ahal dira; orobat, erregistro osagarrietan (Kulturako Alorra -Descalzos k., 72-2. solairua-; Garapen Iraunkorreko Alorra -San Saturnino k., 2-beheko solairua-; Hiritarren Babeseko Alorra -Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua-; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra -Armada etorbidea, 2-5. solairua-; eta Lehendakaritza, Gizarte Zerbitzuak eta Emakumea eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrak -Zapateria k., 40-beheko solairua-), zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen beste edozeinetan.

7.-Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa da, gehienez ere.

Laguntza ekonomikoaren eskaera Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan sartzen den egunetik aurrera kontatuko da zaharberritze obretarako eta aparkalekuak eraikitzeko Udalaren laguntza ekonomikoen gainean ebazteko epea. Eskaerarekin batean sartuko dira diru-laguntzaren xedeko jarduera egin izana frogatzen duen dokumentazio guztia eta espedientea zaharberritze babestukozat jotzeko dokumentuan eskatzen diren beharkizunen frogagiria.

Aldez aurretik ordaintzeko eskatuz gero, eskaeraren idazkia Zaharberritze Bulegoan sartzen den egunetik aurrera kontatuko da laguntzaren eta ordainaldi aurreratuaren gainean ebazteko epea. Une horretan hasiera batez ematen diren laguntzak berrikusi egiten ahal dira, obrak bukatutakoan, haiek egin izanaren eta izandako gastuen frogagiri guztiak aurkeztu ondoren.

Udalaren jabetzako etxebizitzan ostatu hartzeko eskaera Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan sartzen den egunetik aurrera kontatuko da Udalaren etxebizitzetan ostatu hartutakoen errentei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko epea. Eskaerarekin batean sartuko da Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 26. artikuluan eskatutako beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

Maileguaren eskaera Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan sartzen den egunetik aurrera kontatuko da baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko epea. Eskaerarekin batean sartuko da Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 27 eta 35. artikuluetan eskatutako beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

Deialdi bateko gastu baimenak agortuz gero edo abenduaren 31 diru-laguntza edo mailegua ebatzi gabe iritsiz gero, beharkizunak betetzen dituzten onuradunek lehentasuna izanen dute beren eskaeran hurrengo ekitaldiko deialdian, baldin deialdia egiten bada eta behar adina diruz hornitzen bada.

Aurreko ordenantza aplikatzen zaien espedienteentzat aurreikusitako aurrekontua agortuz gero, deialdi honetako gastu baimenen kargura ordaintzea ebazten ahal da.

8.-Eskaerarekin batean aurkeztu beharreko dokumentu eta argibideak.

Zein modalitateko babesa nahi den, hartarako Laguntzen gaineko Ordenantzan ezarritako dokumentazioa gehituko zaie eskaerei.

9.-Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 20/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluetan ezarritakoaren arabera jakinaraziko zaie ebazpena eskatzaileei, eta horrek administrazio bidea agortuko du.

Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, deialdia, dagozkion aurrekontuaren kreditua eta programa, onuraduna, ematen den diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea adierazita. Dena dela, ez da argitaratu beharko kasu hauetan:

a) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beherakoak direnean. Kasu horretan, Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko da.

b) Diru-laguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Foru Legean.

10.-Aurrekontua.

Aurrekontuan jasotako kontzeptuek izan dezakete diru-laguntza, Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzan modalitate bakoitzerako adierazten den moduan.

11.-Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

12.-Ordainketa.

Bi hilabeteko epean ordainduko da, diru-laguntza ematen denetik aurrera.

Hipotekaren notario-eskritura sinatzen denean emanen zaie mailegua baliabide ekonomiko gabeko jabe erabiltzaileei, Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 27 eta 35. artikuluetako baldintzak betetzen direla.

Udalaren etxebizitzetan ostatu hartutakoendako laguntzak konpentsazio bidez gauzatuko dira, hau da, onuradunak ordaindu beharreko errentatik kenduta.

Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzen gaineko Ordenantzaren 9. artikuluari jarraituz, eta interesdunek arrazoien gainean eskatu ondotik, ordainaldi aurreratu bakar bat egiten ahal da; Udalaren teknikariek ordu arte egindakotzat jotzen duten obra bolumena adinako zenbatekoa izanen du, eta %70 gehienez ere.

Ez da ezer ordainduko onuradunak zergak zor baditu edo Gizarte Segurantzari zor badio; orobat, ebazpen bidez dirua itzultzera behartua bada.

13.-Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintza gauzatu duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L0810453