94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

VALTIERRA

Deialdia, Valtierrako Udaleko kontu-hartzaile izateko lanpostu bat, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

OINARRIAK

Lehen oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Valtierrako Udaleko Zerbitzuetan aritzeko kontu-hartzaile lanpostu bat, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.

1.2. Kontratuak, hasieran, sei hilabeteko iraupena izanen du, eta luzatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera. Dena dela, deialdi honen bidezko kontrataziorako arrazoia bukatzen denean bukatuko da kontratua, eta betiere aldi baterako bete nahi den lanpostua behin betikoz betetzen denean, bai Nafarroako Toki Araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeko 1. xedapen gehigarrian oinarriturik garatutako salbuespenezko prozeduran aldeko ebazpena ematen delako, bai lanpostu hori sarbide arrunterako sistema erabilita behin betirako esleitzen delako.

Era berean, kontratuaren indarraldian, bi alderdiak ados jartzeaz gain badira kontratua amaitzeko beste arrazoi batzuk, hala nola pertsona kontratudunak hori erabakitzea, hamabost egun lehenago abisaturik, edo administrazio kontratugilearen erabaki arrazoitua, baldin eta frogatzen bada, kontratudunari entzunda eta Udaleko Osoko Bilkurak adostasun txostena emanda, gerora sortutako arrazoiak tarteko, gaitasun edo egokitzapen falta dagoela, behar adinako errendimenturik eza dakarrena eta lanpostuaren eginkizunak behar bezala betetzea eragozten duena.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko B mailari dagokion lansaria eta lanpostuari dagozkion osagarriak izanen ditu lanpostuak, baldin eta deialdia egiten duen administrazioaren plantilla organikoan ezarrita badaude.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.5. Kontratatzen den pertsonak, kontu-hartzailetzako lanez gain, diruzaintzakoak eta ekonomia arloko arduradunaren lanak beteko ditu; horien artean honako hauek:

-Kontrola eta barne fiskalizazioa.

-Ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitatearen alorretako kudeaketa eta aholkularitza, txostenak, aurrekontuen proiektuak, ordenantza eta zerbitzu berrien nondik norakoaren gaineko txostenak eta hauen ondorio ekonomiko eta finantziarioen ebaluazioa.

-Udal kontabilitatea eramatea eta garatzea; hor sartzen da aurrekontuko eta aurrekontuz kanpoko gastuen eta dirusarreren aginduak luzatzea.

-Kontabilitate lanak, kontu orokorrak prestatzea eta aurrekontuaren likidazioa.

-Diruzaintzako planak prestatzea, bulego horren eskuetan dauden kobraketa eta ordainketak eginez; orobat, toki entitatearen fondoak, baloreak eta efektuak erabili nahiz zaintzea.

-Kontratazioen ondoriozko betebehar fiskal eta sozialak betetzea eta horiek kudeatzea.

-Dirubilketa zerbitzuen buru izatea.

-6/1990 Foru Legeko 249. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoak, eta aplikatzekoa den araudiak lanpostu honi unean-unean eransten dizkionak.

-Deia egin duen Administrazioko organo eskudunek bere gain uzten dituen lan ekonomiko-finantzarioak.

1.6. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, Valtierrako Udalak aldi baterako langileak kontratatzeko erabiltzen ahalko duena, betiere puntuazio ordenari hertsiki lotuz.

Bigarren oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Lanposturako lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

a) Adinez nagusia izatea eta Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea, hau da langileen zirkulazio librearen barrenean.

b) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako diplomatu titulua edukitzea, edo Zuzenbidekoa, 6/1990 Foru Legearen 251.2.b) artikuluaren arabera. Aipatutako tituluen parekoa izanen da Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko lizentziaturen lehen hiru ikasturteak gaindituak izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

2.2. Aurreko betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du lanpostua erdiesten duen izangaiak, deialdiaren 8. oinarrian aurreikusitako epean eta moduan. Ulertuko da baldintzak betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

Hirugarren oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdi honetako IV. eranskineko ereduaren araberakoak, Valtierrako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2.-Lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduen agiriak aurkeztuko dira, eskabideekin batera. Merezimenduen egiaztagiriek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute. Dokumentazio hori aurkezten ez bada ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Laugarren oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai bazterturik bada, horiek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.3 -Aipatutako epe hori bukatu eta izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpena emanen du eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Bosgarren oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Alfonso Mateo Miranda, Valtierrako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Judith Hualde Irigaray, Valtierrako Udaleko zinegotzia.

Mahaikide idazkaria: José Miguel Sanz Sánchez, Valtierrako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ramón Muruzábal Ruiz, Arguedasko Udaleko idazkaria.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Arguedasko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Castejongo Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bere kideen gehiengoa biltzen ez bada. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba guztietarako nahiz batzuetarako.

Seigarren oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa 2008ko irailean hasiko da, gutxi gorabehera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.2. Lehiaketaldia: Beste titulazio batzuk eta esperientzia baloratuko dira, gehienez ere 30 puntu emanda, deialdi honetako I. eranskinean zehaztutakoarekin bat.

6.3. Oposizioaldia nola eginen den:

Oposizioa bi zatiko proba bat izanen da: bata teorikoa eta bestea praktikoa. Bi zatiak egun berean eginen dira, batera. Proba osoa egiteko 4 ordu izanen dira, gehienez ere. Hona proben edukia:

1. Zati idatzia, teorikoa: galdera labur edo test moduko batzuei erantzunen zaie; deialdi honetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira eta oposiziotik bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

2. Proba praktiko idatzia: deialdi honen II. eta III. eranskinetako gaiei buruzko kasu praktikoak azaldu beharko dira idatziz. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Oposizioaldiko probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez horren baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute, baztertuak geldituko direlarik, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunetan agertzen ez diren izangaiak.

Zazpigarren oinarria.-Azterketa gainditzen dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiz, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lorturiko kalifikazioak batuta; halaber, puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean argitaratu beharko da.

7.2. Jakinarazpena egiten zaionetik aurrera, 15 egun naturaleko epean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

1.-Nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua edo, hori izan ezean, jaiotza-agiriaren ziurtagiria.

2.-2. oinarrian eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiriarena.

3.-Zinpeko aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

4.-Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiokeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.4. Aurreko ataleko hori gertatuz gero, edo kontratazioa egin ondoren lanpostua hutsik gelditzen den hurrengoan, probak gainditu dituen eta 7.1 atalean aipatu puntuazioen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

Zortzigarren oinarria.-Jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bukatu eta izangaiak aurreko 7.2 oinarriko agiriak aurkeztu ondoan, deialdia egin duen administrazioak aldi baterako administrazio-kontratua eginen dio izangaiari, kontu hartzailearen lanpostuan ari dadin; kontratua formalizatuko da eta gizarte segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio izangaiari.

8.2. Kontrataturiko pertsonak 15 egun izanen ditu, kontratazio proposamena jakinarazten zaionetik aitzina, kontu-hartzailearen lanpostuaren jabetza hartzeko. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.3. Halaber, lanpostu bat hutsik gertatzen bada, jabetza hartu ondoan, zerrenda osatzen dutenek bete ahalko dute, 1.6 oinarrian adierazi bezala.

Bederatzigarren oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Valtierran, 2008ko ekainaren 26an.-Alkatea, Alfonso Mateo Miranda.

I. ERANSKINA

Alegatutako merezimenduak, eskabidearekin batera aurkeztuko diren jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuen bidez egiaztatuko direnak, ondoko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:

A. 1. Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko lizentziaturen titulua edukitzea: 7,5 puntu titulazio bakoitzeko; gehienez ere 7,5 puntu.

A. 2. Nafarroako toki entitate bateko kontu hartzaile lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

A. 3. Araubide komuneko toki entitate bateko kontu hartzaile lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, 0,75 puntu, eta gehienez ere 3,75 puntu.

A. 4. Nafarroako Administrazio Publikoetan, Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko diplomaduna izatea eskatu den lanpostuan, ekonomia eta finantzak eta aurrekontuak kudeatzen eta horiei buruzko aholkuak ematen egindako zerbitzu urte bakoitzeko 0,75 puntu, eta gehienez ere 3,75 puntu.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

-Deialdia argitaratzen den egunera bitarteko zerbitzuak baloratuko dira.

-Urteen kopurua osoa ez bada edo lanaldi osoa egin ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

-Zerbituak ez dira bi aldiz kontatuko, aldi berean eman badira.

II. ERANSKINA

1. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa:

1.-Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileria. Kontu-hartzailetza.

2.-Toki Ogasunak.

2. Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

1.-Nafarroako toki ogasunen baliabideak.

2.-Udal zergak.

3.-Aurrekontua eta gastu publikoa.

3. 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuei eta gastu publikoari buruzukoa.

4. 271/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen egiturari buruzkoa.

5. 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena.

III. ERANSKINA

1.-Kapitalizazio eta eguneratze bakuna eta konposatua. Merkataritzako deskontua eta deskontu arrazionala, bakuna eta konposatua. Mugaeguna, arrunta eta batez bestekoa. Hitzarmen lineala eta esponentziala. Puntu baliokideak kapitalizazio bakunean eta konposatuan. Puntu efektiboa, puntu nominala, puntu zatikatua eta aurretik ordain daitekeen puntua.

2.-Errentak. Kontzeptuak eta sailkapena.

3.-Maileguak. Amortizazio sistemak: diru-itzultze bakarra, amortizazio bakarra aldian aldiko interesen ordainketarekin, sistema frantsesa, alemana eta amerikarra, amortizazio kuota iraunkorra, aritmetikoki eta geometrikoki handituz doazen urteko zenbatekoak. Amortizazio metodoa interes zatikatuen bidez. Kapitalen eraketa.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ................. (edo identitate-agiri baliokidearen zenbakia). Jaioteguna: ............... Jaioterria: .......... (.........). Nazionalitatea: ......... Bizitokia: .......... (..........). Karrika: ......... Posta kodea: ....... Telefonoa: ......... Lantokiko telefonoa: ..............

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Valtierrako Udaleko Zerbitzuetan aritzeko, kontu-hartzaile izateko lanpostu bat, administrazio araubidean eta bitarteko gisa oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala deialdian zehaztutako ezintasunik.

Deialdiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horrenbertzez,

Eskatzen dizut eskabide hau ontzat eman eta, horren ondorioz, arestian aipatutako lanpostua betetzeko deialdian onar nazazula.

.....................(e)n, ................(e)ko ................aren ..............(e)an

(Eskatzailearen sinadura)

......... UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: L0810485