94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZIZUR NAGUSIA

Udal Planeko aldaketa puntualaren espedientea. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2008ko apirilaren 24an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Zizur Nagusiko Udal Planeko aldaketa puntualaren espedientea, Udalak berak sustatua.

Argitara ematen da, orok jakin dezan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikulua betez.

Zizur Nagusian, 2008ko apirilaren 25ean.-Alkatea, Pedro Huarte Iribarren.

UDAL PLANEKO ALDAKETA PUNTUALAREN ESPEDIENTEA

Udal Planeko aldaketa puntual honek helburu hau du:

A. Eraikinetan oztopo arkitektonikorik gabe sartu ahal izatea, egungo araudian ezarritako parametroak betez, bide edo jabari publikoan eragin gabe ezinezkoa denean.

B. Igogailuak eraikinetan jartzea, haien barrenean egungo araudian ezarritako parametroak betetzen ez direnean edo teknika aldetik eraikinaren elementu komunetan egokiak diren neurri alternatiboak ezin hartu direnean; orobat, alternatiba horiek teknikoki egingarriak izanik, bizigarritasunaren baldintzak hondatzen dituztenean, etxebizitzaren tamaina edo haren instalazioak kontuan hartuta.

C. Behe solairuko lokaletatik igorritako ke eta gasei buruzko ordenantza eraikuntzaren kode teknikoari egokitzea; "Eraikuntzaren hodiak" izeneko 8. artikuluko n) eta o) atalak aldatzea proposatzen da egungo Udal Planeko eraikuntzaren ordenantzetan.

A.-OBRAK EREMU PUBLIKOAN

Urbanizazioaren gaineko ordenantzak

II. kapituluaren barrenean: "Obrak eremu publikoan".

16. artikuluan, 1. lerroaldean:

-Idazketa berria:

Eremu publikoko obrak esaten zaie hartan ezarritako zerbitzuak eraiki, berritu, hobetu edo konpontzeko behar direnak, baita egon daitezkeen oztopo arkitektonikoak kentzen laguntzen dutenak ere.

16. artikuluan, 6. lerroaldean:

-Idazketa berria:

Eskatzailearen kontura dira obrek eraginda sortzen diren gastu guztiak, hala nola Udalaren zainketa, zangak betetzea, lurra sendotzea, hiri hornigarriak eta azpiegiturak tokiz aldatzea, zoladura lehengoratzea, berriro urbanizatzea eta abar.

Gehitu 21. artikulua:

Idazketa:

21. artikulua. Obrak eremu publikoan, irisgarritasuna bultzatzeko.

Udalaren lizentzia eman ahal izateko, ezinbestekoak dira gutxieneko beharkizun hauek:

a) Eraikinetan oztopo arkitektonikorik gabe sartzea izatea proiektutako obraren helburua, egungo araudian ezarritako parametroak betez, ezinezkoa izanik bide edo jabari publikoan eragin gabe.

b) Obrak zuzen beteko ditu Udalaren zerbitzu teknikoen oharrak, kokalekuari, erabili beharreko materialei eta gainerako inguruabarrei buruz. Kokalekuari dagokionez, erabakigarria da ibilbide edo hornidura publikoak aldatu gabe egokitzea eremu publikoa.

c) Irizpide nagusitzat hartuko da eraikina dagoen tokiko hiri-eremuaren egokitzapen orokorra. Modu horretan, Udalaren zerbitzu teknikoek hala iritzita, jarduketa bakoitza proposamen orokor batean integratu beharko da, legeriari ahalik eta gehien egokituta.

d) Aurreikusten den soluzioak eraikinaren lerro arkitektonikoekin bat heldu den diseinua izanen du, baita haren inguruarekin ere; ahal dela, multzoaren batasuna bermatuta.

e) Obrak ukitutako eremu publikoaren tartean ez da ezkutuan geldi daitekeen funtsezko zerbitzurik izanen. Beste aukerarik ez dagoenean, zerbitzu horien kokalekua aldatzea aztertuko da, aurreikusitako jarduketa eremutik kanpo jartzeko.

f) Eremu publikoa hasierako egoerara itzuli behar izatera, arazo tekniko handirik gabe egiteko moduko obra izan beharko da.

Halaber, horrelako obrak kapitulu honetan xedatutakoaren arabera arautuko dira haien exekuzio eta seinalizazioari, zoladurak jartzeari eta Udalaren kontrolari dagokienez, hura aplikatzen ahal zaien neurrian.

B.-IGOGAILUA JARRI AHAL IZATEKO OBRAK

Hirigintzako araudia

I. kapituluaren barrenean: "Xedapen orokorrak".

94. artikuluan. Lerrokadurak:

-Idazketa berria:

1.-Antolamendu planoetan zehaztu dira grafikoki, eta nahitaezkoak edo gehienekoak diren adierazi.

2.-Behe solairuan, zilegi da kanpoko lerrokadura atzera eramatea kasu hauetan:

a) Erabilera publikoko arkupeak egiteko; betiere, bi kaleren arteko fatxadaren frontea jarraia eta osoa utzita. Gutxienez 2,00 m eramanen da atzera.

b) Oinezkoen pasabideak eta ibilgailuenak egiteko; betiere, 3 eta 5 m zabal gutxienez izanen dira, hurrenez hurren.

c) Atarien edo merkataritzako lokalen sarbideetan bat egiten duten atzeraemanguneak.

d) Zain egoteko guneak zolan sortzea, garajeetako sarbidean.

e) Udalak egokitzat jotako beste kasu batzuk, jendea erraz bertaratzeko solairu garbiak edo guztiek erabiltzekoak sortzeko.

3.-Lerrokadura aldaketak ez badu eraginik erabilera eta eremu publikoko espazioan, xehetasun azterlana onetsi beharko da. Bestela, hau da, lerrokadura aldaketak eragina badu erabilera eta jabari publikoko espazioan, plan berezia onetsi beharko da.

4.-Eraikuntzaren gaineko ordenantzetako 29. artikuluak horretarako adierazitako baldintzak beharko dira bete. Udalaren zerbitzu teknikoei dagokie baldintza horiek betetzen ote diren baloratzea.

Eraikuntzaren gaineko ordenantzak

I. kapituluaren barrenan. "Definizioak".

1. artikuluko e) atalean:

-Idazketa berria:

e) Eraikigarritasuna.

Hau da, zenbat metro koadro eraikitzen diren unitate edo lurzatiaren azaleran.

Eraikigarritasuna neurtzeko, etxebizitza kolektiboari dagokionez, itxiera hormatik kanpo estalitako azalera eraikiaren %50 sartuko da. Ez da kontuan hartuko itxiera hormatik kanpo estali gabeko azalera eraikia.

Sotoak ere hartuko dira kontuan honako hauetarako ez direnean: garaje-aparkalekuak, trastelekuak edo eraikinaren zerbitzuko instalazioak, eta zehazki, berogailua, aire egokitzailea, igogailuen makineria, kontagailuen gela, transformazio zentroak eta antzekoak.

Arkupeak, gorapeak edo eraikinaren gorputzen arteko espazio irekiak ez dira eraikigarritasunean sartuko, ezta, igogailua jarri ahal izateko, gorputz irten bat eraikitzeko behar den eraikuntzaren bolumena ere, eraikuntzaren gaineko ordenantzaren 29. artikuluan araututako kasuetan.

V. kapituluaren barrenan. "Bolumeneko baldintzak".

29. artikuluan:

-Idazketa berria:

Zilegi dira irtengune hauek eraikuntza itxiko kale zabaleraren arabera eta etxe-sailaren patioko barreneko lerrokaduren arteko tarte zuzenaren arabera:

-25 m-ko edo gehiagoko kaleak edo tarteak: 1,20 m.

-20 m-ko edo gehiagoko kaleak edo tarteak, 25 m artekoak: 1,00 m.

-20 m-tik beheragoko kaleak edo tarteak: 0,80 m.

Edozein modutan, alde edo unitate bakoitzeko arau partikularretan xedatutakoari jarraituko zaio.

Fatxadaren parametrotik aitzina kontatuko da irtengunea.

Gutxienez, 0,60 m-ko tartea utziko da irtengunetik ondoko finkara. Fatxada guztia hartzen ahal dute, mugakideekin adostasuna badago. Lehen solairuan ere utziko da hegalkina izaten.

Eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzearren, ez beste ezertarako, zilegi dira gorputz irtenak fatxadetan soto, erdisoto edo behe solairutik gora, baita gorputz irten handiagoa ere goiko solairuetan, planeamenduko figura egokiaren bidez eraikinaren lerrokadura aldatuta.

Hirigintzako aipatu tresnak tramitatu aurretik, Hirigintzako Aholkularitzan, Udalaren zerbitzu teknikoek baldintza hauek bete daitezen zainduko dute:

-Ezin bete izatea eraikinaren barrenean araudian ezarritako parametroak, ezta indarra duen legeria ere, edo teknikoki egokiak diren neurri alternatiboak hartu ahal izatea eraikinaren elementu komunetan. Orobat, soluzio hau onargarria da, teknikoki egingarriak diren alternatibak izanda ere, kalte larria egiten zaienean bizigarritasun baldintzei, etxebizitzaren tamaina edo haren instalazioak kontuan hartuta.

-Gorputz irtenak hartzen duen tokia hondar mailakoa izatea, hau da, igogailuz hornitu beharreko eraikinaren fatxada ondoan kokatuta, okupazioak ez dezala trabarik eragin ibilbideetan eta hornidura publikoetan.

-Hondar espazioak neurri egokiak izatea, igogailuak sortzen duen bolumenak bermatu dezala ez dagoela galerarik eraikinen bizigarritasun baldintzetan, eta ez dezala zaildu egin litekeen urbanizazioa.

-Etxebizitza guztietarako irisgarritasun handiena eskaintzen duen soluzioa izatea igogailua jartzeko aukeratu den proiektua. Salbuespen gisa, beharkizun hau kendu ahalko zaie behe solairuko etxebizitzei bizitegi kolektiboko eraikinetan.

-Instalazioak bermatu dezala oztopo arkitektonikorik gabe etxebizitzetan sartu ahal izatea eta hobekuntza nabarmena dela higiezinaren baldintzetan. Igogailuak eta sarbideek egungo araudia beteko dute.

-Egin gogo diren obra eta instalazioek eraikina errespetuz tratatzea, kontuan hartuta fatxadako konposizioa eta materialak, baita hiri eszenaren bistarako alderdiak ere. Horretarako, bereziki zainduko da instalazioen tratamentu erregulatzailea eraikinen fatxadekin eta haien ingurunearekin.

-Esku-hartzearen xedeko eraikina etxe-sail edo eremu komun baten parte denean edo beste batzuekin antzekotasun arkitektonikoak baditu, multzoaren batasuna bermatzearren, gainerakoak eredutzat hartzea horrelako jarduketaren xedeko lehen eraikinerako hartzen den soluzioa.

-Okupatu gogo den eremuan ezkutuan geldi litekeen funtsezko zerbitzurik ez izatea. Ezinezkoa bada, instalazioaren onuradunak behartuta daude, haien kargura, zerbitzu horiek beste toki batera eramatera, instalaziorako aurreikusitako eremutik kanpo.

Baldintza horietako bat betetzen ez dela dioen Hirigintzako Aholkularitzaren ebazpenak aipatu hirigintza tresnak tramita daitezen galaraziko du.

C.-ERAIKUNTZAK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.

Eraikuntzaren gaineko ordenantzak

I. kapituluaren barrenean. Eraikuntzak bete beharreko baldintzak.

8. artikuluan, n atalean)

Idazketa berria:

Behe solairuko eta sotoko lokaletatik estalkira kea edo gasa atera dadin bermatzearren, erauzteko edo aireztatzeko zutabeak aurreikusiko dira eraikuntza proiektuetan, eraikuntzaren kode teknikoaren (CTE) ondoriozko baldintzei jarraituz (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 74. zenbakia, 2006ko martxoaren 28koa).

Behe solairuko eta sotoko lokaletako klimatizazio sistemari loturiko instalazioak estalkian kokatzeko aukera aurreikusi beharko da.

Dena dela, ostalaritzako zerbitzuak (ke eta gas irteerako hodi bertikalak estalkiraino) jartzeko aukera aurreikusi beharko da, 200 m²-ko azaleran lokal bakarra ezarrita.

8. artikuluari o) atala eranstea:

Etxeko galdaretako gasa aireztatzeko, eraikinetako instalazio termikoen gaineko erregelamenduan (RITE) xedatutakoari jarraituko zaio (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 207. zenbakia, 2007/08/29koa), eta beti estalkira aterako dira (ez fatxadara).

Iragarkiaren kodea: L0810347