94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza, herriko jabari publikoko zoruan, hegalkinean eta zorupean horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten dituzten aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen herriko jabari publikoko zoruan, hegalkinean eta zorupean horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten dituzten aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza. Onespen hori 2008ko 37. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko ekainaren 30ean.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORUAN, HEGALKINEAN ETA ZORUPEAN HORNIDUREN ZERBITZU PUBLIKOEN ENPRESA USTIATZAILEEK EGITEN DITUZTEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak eta gisakoak, betiere herritar guztiei edo ugariri eragiten dieten horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten badituzte.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Behin betiko onespena

4. artikulua. Enpresak tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, baldin eta, toki entitatearen jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote, hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzeko.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

6. artikulua. Aplikatuko den tasa izanen da hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lortutako diru-sarrera gordinen %1,5.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin ekar dezaketenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpontzen den islatuko baita.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa Udalean berean edo horretarako ezarri erakundean sartu beharko dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe utzi dira, ez baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeko kontra edo traba egiten duten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta biharamunean.

Etxarri Aranatzen, 2008ko otsailaren 1ean. Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

Iragarkiaren kodea: L0810544