94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CADREITA

Ordenantza. Behin betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2008ko apirilaren 15ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea kirol instalazioen ordenantza eta barne araubidearen erregelamendua. Hura 2008ko 61. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 16an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2008ko ekainaren 26an.-Alkatea, Alfonso Montori Prat.

1. ERANSKINA

Kirol instalazioak erabiltzeko arauak

28. ORDENANTZA

1. Instalazioetan sartzeko, txartela eskuratu beharko da, abonamendua edo saio batekoa izan; hura gabe ez da inola ere barrenean sartuko, eta leihatilan zain egon beharko da txartela eskuratu arte. Instalazioetako langileei erakutsi beharko zaie, eskatzen duten aldiro. Txartela norberarena da eta ezin zaio inori eman; bertan adierazita egonen da haren indarraldia. Saio batekoa bada, barrenean sartu nahi den aldiro bat eskuratu beharko da; kanpora ateraz gero ere bai, nahiz saio osokoa izan. Goizeko saioa arratsaldeko ordu biak artekoa da; arratsaldekoa, ordu horretatik tenorez adieraziko den ordu arte. Abonatuek sartze librea izanen dute, abonamenduaren indarraldia bukatu arte; hura erakutsita, libreki atera eta sartzen ahal dira.

2. Erantzi eta janzteko, horretarako jarritako aldagelak erabili beharko dira.

3. Aldagelak ahalik eta azkarren erabili beharko dira, gainerako erabiltzaileek ere behar baitituzte.

4. Bainatu aurretik dutxatu egin beharko da.

5. Igerilekuan sartzen den aldiro oinak garbitzekotik iragan beharko da, itsatsita egon litekeen edozein zikinkeria kentzeko. Horregatik, behar den kasuetan dutxatu ere egin beharko da toki berean.

6. Guztiz debekatua da igerilekuko ura zikintzea, dela xaboiaz, tindatzen duen bainu-jantzia erabilita edo higienearen eta gustu onaren kontrako edozein baliabidez.

7. Guztiz debekatua da jatea, orraztea edo hondakinak sortzen ahal dituen edozein gauza egitea igerilekuaren esparruan. Emakumeak eta ile luzea daramaten guztiak txanoa jantzita bainatuko dira.

8. Igeriluaren esparruan egoteko, bainu-jantzian egon beharko da; bainatzeko orduetan ez da inor kaleko jantzian edo oinetakoekin sartuko.

9. Batzorde arduradunak adierazitako denboraldian eta orduetan bakarrik erabili ahalko da igerilekua.

10. Guztiz debekatua dute bainatzea: a) Larruko eritasunen bat dutenek. b) Gainerakoei kalte egin diezaieketen zauri edo gaitzak dituztenek. c) Eritasun infekto-kutsakorrez jotakoek.

11. Debekatua dago igerilekuan pilotak edo jostatzeko beste gauza batzuk sartzea, hala nola, hegatsak, koltxonetak, urpeko betaurrekoak eta abar.

12. Guztiz debekatuta daude igerilekuaren esparruan karrerak, bultzadak eta, oro har, instalazioetan egon behar duen lasaitasuna eta ordena hondatzen duen edozein portaera.

13. Arropazaindegian utzi ez eta galduz gero, ez da inoiz haien gaineko ardurarik izanen.

14. 5 urtez azpiko haurrek helduez lagunduta egon beharko dute, haietaz ardura daitezen.

15. Erabiltzaile guztiei gomendatzen zaie arau hauek zintzo betetzea, instalazioetan egotea atsegina izan dadin guztientzat.

16. Arau hauek betetzen ez badira, bidezkoak iruditzen zaizkion zehapenak aplikatuko ditu batzorde arduradunak. Atezainak badu baimena jendea kanporatzeko behar bezalako errespetuz jokatzen ez badute bai instalazioetan bai gainerako erabiltzaileekin dituzten harremanetan.

17. Instalazioetatik aldi baterako nahiz betiko kanporatua denak eskubide guztiak galduko ditu, baita ordainduta dituen kuota edo diru-kopuru guztiak ere, eta ezin izanen du ezer eskatu itzul dakion.

18. Honela zigortuko da kiroldegiko materiala eta azpiegitura gaizki zaintzeagatik:

-Bi asteko debekua jartzen ahal da barrenean sartzeko.

-Egileak ordaindu beharko du hondatutakoa.

-Zorrak izanez gero, ez da 6 hilabetez instalazioetan sartuko, zehapenetik aitzina.

19. Batzorde arduradunak argituko du xedapen hauen interpretazio edo aplikazioaren gainean sortzen ahal den edozein zalantza eta, haren kideak ez badaude, atezainak berak, gaia presakoa bada. Orobat, batzorde arduradunaren eskumena da azaldutako edoein arau indargabetzea, baita berriak indarrean jartzea ere, hala iritziz gero.

UDALAREN GIMNASIOKO ARAUAK

Baldintzak

1.1. Gimnasioa erabiltzeko gaituta daude kuoten ordainketa eguneratuta dutenek.

1.2. Gimnasioan kirola egiteko, oinetako eta arropa egokia jantzi beharko da.

1.3. 16 urtez azpikoek debekatuta dute gimnasioan sartzea.

1.4. Bazkideak eskuoihala ekarriko du gimnasioan erabiltzeko.

Erabiltzeko debeku eta arauak

2.1. Osasun eta ongizaterako tokia da gimnasioa; hortaz, debekatuta dago janaria ekartzea edo barrenean erretzea.

2.2. Bazkideek ezin dituzte aire egokituaren kontrolak erabili. Gimnasioko arduradunak baino ez du baimenik haiek erabiltzeko.

2.3. Bazkideak debekatuta du soinu-ekipoa aldatu edo hartan eskua sartzea; monitore edo arduradunaren kargu izanen da, beste inorena ez.

2.4. Bazkideak debekatuta du edozein gauza gimnasiotik kanpora ateratzea, hala nola, lastairak, mankuernak eta abar.

2.5. Debekatuta dago pisu eta mankuernak lurrera indarrez botatzea, eta makinak poliki eta kontrolpean erabili behar dira.

2.6. Bazkide guztiek izan beharko dute txukun eta garbi gimnasioa.

2.7. Bazkidearen betebeharra da irakaslea eta gimnasioko arduradunak adeitasun eta errespetuz tratatzea.

2.8. Irakasleak erabiltzailea bideratuko du halako ariketak, aerobikoak edo lokalizatuak, egitera; horrela, lana hobeki eginen du eta jarrera egokia izanen du, eta bilatzen duena eskuratuko du.

2.9. Jarduera bukatutakoan, bazkideak zein bere lekura itzuliko ditu erabili dituen elementuak, praktikako eremua txukun egon dadin.

2.10. Norberaren gauzak: erlojuak, karterak, giltzak..., gimnasio barrenean utziz gero, jabearen erantzukizuna baino ez dira.

2.11. Bazkideak baditu 30 minutu, gehienez ere, aparatu aerobikoak (ibilgarriak, bizkikletak, eskalatzaileak eta abar) erabiltzeko, nahi duten guztiek baldintza beretan erabil ditzaten.

2.12. Aurrekoari loturik, ezin da makinetan atseden hartu ariketa batzuk egin ondoren.

2.13. Arau horietan guztietan, monitore/arduradunek dute baimena erregelamendu hau aplikatzeko.

ARAU GEHIGARRIA

Agintari arduradunek erabakiko dute barne erregelamendu honetan aurreikusten ez den orotan eta egon daitezkeen zehapenetan.

Iragarkiaren kodea: L0810346