94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

313/2008 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Milagroko hondakin uren hegoaldeko kolektorea" izeneko proiekturako. Sustatzailea NILSA, S.A. da.

2007ko irailaren 14an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

2008ko martxoaren 11n, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak hala eskatuta, NILSAri eskatu zitzaion Ingurumen ukipenetarako azterlana aurkez zezala, tramitazioarekin jarraitzeko. 2008ko ekainaren 6an agiri guztiak jaso ziren.

Aurkeztutako proiektuaren helburua da Milagroko hego-mendebaldetik ateratzen den (Las Sardas bideko putzua) grabitate bidezko eroanbide bat paratzea. Eroanbideak 2.108 m-ko luzera eta PVCko 400 mm-ko diametroko hodia izanen ditu, eta Milagroren eta hondakin uren araztegiaren artean dagoen kolektorera isuriko du ura. Gainera, proiektuak aurreikusten du AR-2 sektorean egiten ari diren urbanizazioko UE-1 unitateko azken putzutik ateratzen den grabitate bidezko eroanbide bat jartzea. Eroanbideak 310 m-ko luzera eta 315 mm-ko diametroko saneamendurako PVCko hodi bat izanen ditu. Aurreko proiektuaz gainera, AR-2 sektoreko UR-1 urbanizazioko euri uraren kolektorearen proiektua aurkeztu da. Horren helburua da AR-2 sektorean egiten ari diren UE-1 urbanizazioko putzutik ateratzen den grabitate bidezko eroanbide bat paratzea (eruri uren sarea erregulazio putzura). Eroanbideak 310 m-ko luzera eta 800 mm-ko diametroko saneamendurako HAko hodi bat izanen ditu. Proiektuak lurzati hauek ukituko ditu: Milagroko katastroko 1. poligonoko 463., 464., 462., 461., 460., 451., 441., 425., 656., 657., 658., 424. eta 392. lurzatiak, eta 5. poligonoko 306. lurzatia (altxonbidea).

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Milagroko hondakin uren hegoaldeko kolektorea" izeneko proiekturako. Sustatzailea NILSA, S.A. da.

2. Baimena ematearekin ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

-Plangintza eta Laguntza Atalak emandako txostenean altxonbideari buruz ageri direnak.

-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalean aurkeztutako lan arkeologikoaren azken txostenean ageri direnak.

-Ingurumen ukipenetarako azterlanean ageri direnak eta, bereziki, honako hauek:

.Zangak eta okupazioak ahalik eta zabalera txikiena izan beharko dute, ingurumena ahalik eta gutxien ukitzeko. Bereziki, isatsak (Retama sphaerocarpa) kentzea saihestuko da.

.Kontu handia izan beharko da 36. eta 37. putzuen arteko ezpondekin (0+000-0+100), bai eta 32. eta 33. artekoekin ere (0+200-0+300). Ezponda horietan, landaredia lehengoratu beharko da, belarkiak eta sastrakadiak, hala nola ezkaiak (Thymus vulgaris) eta elorri-triskak (Genista scorpius), ereinez.

.Ezin izanen dira ukitu 28. eta 29. putzuen arteko makalak (0+500 inguru).

.30. eta 22. putzuen artean eraikiko den harri-lubeta, irtenbide egokiena bada, landare lurrez estali beharko da.

.Altxonbidetik igarotzen den trazadura egungo bidearen aretatik egin beharko da. Ukipen eremua belarkiz erein beharko da.

.Obrak bukatu ondoren, eremua garbi-garbi utzi beharko da, obraren hondakinik gabe.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Ingurumen Zaintzari, NILSAri eta Milagroko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko ekainaren 24an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0810111