94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

257/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 30ekoa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako enpresa eta erakunde publiko edo pribatuentzako 2008ko diru-laguntzen deialdia onesten duena, Erakundeetan emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako planak egin eta garatzeko.

Abenduaren 18ko 90/2006 Foru Dekretuaren arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du xede, Nafarroako bizitza politikoko, ekonomikoko, kulturaleko eta sozialeko esparru guztietan. Horretarako, sexuen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten baldintzak bultzatuko ditu, izatezko eta zuzenbidezko osotasuna eragozten duten oztopoak gainditzeko eta Nafarroako emakumeen eta gizonen gaineko bereizkeria mota guztiak deuseztatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planean (2006-2010), Sustapen ekonomikoa, enplegua eta prestakuntza izeneko 1. arloan, 1.3. helburu gisa ageri da Nafarroako emakumeek lanpostu egonkorrak berdintasunez eskura ditzaten sustatzea. Bestalde, 1.4. helburua da emakumeek lan merkatuan berdintasunez iraun eta aurreratzea eta, azkenik, 1.5. helburua da negoziazio kolektiboari generoko ikuspuntua eranstea.

Helburu horiek betetzeko, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, egoki deritzo enpresa eta entitate pribatu eta publikoei laguntza eta baliabide ekonomikoak ematea, horiek Aukera berdintasunerako planak egin eta gara ditzaten, euren garapen estrategikoa eta kalitate eta kudeaketa sistemekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako enpresa eta erakunde publiko edo pribatuentzako 2008ko diru-laguntzen deialdia onestea, erakundeetan emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako planak egin eta garatzeko. Oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 159.933 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Erakundeetan berdintasun planak egiteko transferentziak" izeneko 930001 94000 4709 232200 kontu-sailaren kontura.

3. Foru agindu honen berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko ekainaren 30ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroan helbideratuta dauden enpresa edo erakunde publiko edo pribatuentzako 2008ko diru-laguntzak norgehiagoka bidez ematea. Diru-laguntzak erakundeetan emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako planak egin eta garatzeko dira eta honako helburuak dituzte:

1.-Aukera berdintasunerako planen lanketa sustatzea, bai barne antolamenduari, bai zerbitzu edo produktuak emateari dagokienez.

2.-Enpresek eta erakundeek egindako emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako planak abian jartzea eta garatzea.

2. oinarria. Erakunde eskatzaileak eta betebeharrak.

Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte enpresa edo erakunde publiko edo pribatu guztiek, edozein izanik ere haien araubide juridikoa, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitatean egotea.

b) Gutxienez 10 langilez osatutako plantilla edukitzea.

c) Erakundeko pertsona bat aukera berdintasunerako planaren proiektuaren edo prozesuaren arduradun izendatzea.

d) Laguntza teknikoa kontratatzea aurreikusten bada, erakundeetan genero eta aukera berdintasunean adituak diren eta enpresetan antzeko kontratuak egiten gutxienez bi urteko esperientzia duten entitate aholku-emaileak kontratatzeko konpromisoa hartzea.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak eta horiek gauzatzeko epea.

1. 2008ko urtarrilaren 1etik abenduaren 19ra bitarte egin eta gauzatu diren aukera berdintasunerako planetarako emanen dira diru-laguntzak.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak:

2.1. Erakundearentzako aukera berdintasunerako plana egitea. Planak honako hauek bildu beharko ditu:

a) Haren barne antolaketaren nahiz eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuen gaineko berdintasunari buruzko diagnostikoa.

b) Lan munduko genero desberdintasunari buruzko sentsibilizazioa edo/eta prestakuntza, eta hori islatzea diagnostikoaren emaitza nagusietan, errazago ulertzeko eta berdintasun plana egiteko abiapuntuntzat erabiltzeko. Gutxienez 10 ordu iraunen du eta plantillako langile askok parte hartuko dute.

c) Emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako plan bat diseinatzea, barne antolamenduari zuzendua, zerbitzuak edo produktuak emateko.

2.2. Erakundearen aukera berdintasunerako planaren garapena:

a) Haren barne antolaketaren nahiz eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuen gaineko berdintasunari buruzko azterlanak.

b) Lan munduko genero desberdintasunari buruzko sentsibilizazioa edo/eta prestakuntza. Gutxienez 10 ordu iraunen du eta plantillako langile askok parte hartuko dute.

c) Aukera berdintasunerako plana zabaldu eta inplementatzeko neurriak.

d) Gizonen eta emakumeen bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko eta enpresan ematen den berdintasun ezari eta laneko sexu jazarpenari aurre egiteko beste neurri batzuk.

4. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Kontzeptu hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) Proiektuaren kudeatzaile edo prestatzaile bezala laguntza teknikoa ematen duen aholkularitza kontratuak.

b) Ekintzak aurrera eramateko gastuak (joan-etorriak, publizitatea, materialak, eta abar).

5. oinarria. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektuak eta jarduerak.

Ondoko gastuak ez dira diruz lagunduko:

a) Erakunde onuradunen kontratupeko edo plantillako langile teknikoen nominak.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren, Nafarroako Gobernuko beste departamentuen edo bestelako administrazioen deialdi edo diru-laguntzen, hitzarmen edo programen xede izan edo haietan ager daitezkeen proiektuak.

6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Aukera berdintasunerako planak egiteko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 12.000 eurokoa izanen da.

2. Dagoeneko onetsi diren planak gauzatzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izanen da.

3. Baremoan lortutako puntuazioaren arabera, honako hauek lagunduko dira diruz:

-81 eta 100 puntu bitarte, proiektuaren %80.

-65 eta 80 puntu bitarte, proiektuaren %70.

-50 eta 64 puntu bitarte, proiektuaren %60.

Entitateei dagozkien diru kopuruak balorazioan lortutako puntuazioaren arabera banatuko dira.

Aurkeztutako eskaerak ikusita, deialdirako aurrekontuko kreditua ez bada aski aipatutako irizpideen araberako zenbatekoak emateko, dagoen dirua diru-laguntzaren xede diren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, lehen aipatutako lehentasun irizpideen arabera. Horretarako, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

7. oinarria. Agiriak.

Diru-laguntza eskatzen duten erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak espresuki diseinatutako ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.cfnavarra.es.

b) Espresuki emandako ereduan bildutako alderdiak biltzen dituen lan-proiektua.

c) Enpresaren edo erakundearen IFKren fotokopia konpultsatua.

d) Erakunde interesdunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela adierazten duen agiria.

e) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, erakundea diru-laguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

f) Bidezkoa bada, laguntza teknikoa ematen duen entitate aholku-emailearen izena, haren esperientzia, gaitasun teknikoa eta profesionala adieraziz, bai eta proiektua egiteko aukeratutako pertsonena ere.

g) Enpresa-zuzendaritzaren konpromisoa eta erakundeko pertsona bat prozesuaren barne dinamizatzaile izendatzea.

h) Laguntzak erakundean izanen duen eraginari buruzko txostena.

i) Plantilla osatzen duen pertsona kopurua egiaztatzen duten agiriak.

j) Berdintasunerako plana eginez gero, enpresaren edo erakundearen lantaldearen osaera eta hori osatzeko irizpideak.

k) Proposamena esleipen irizpideen arabera behar bezala baloratzeko egokitzat jotzen diren erakundeari buruzko agiri guztiak, bereziki proposatutako proiektu edo ekintzen onetsitako planari buruzkoak.

l) Transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia.

ll) Sozietatea osatzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, merkataritzako pertsona juridikoak badira. Beste sozietate edo entitateetarako, eraketa frogatzen duen agiriaren kopia, kasuan kasuko erregistroan inskribatua, hala bada.

8. oinarria. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Diru-laguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko erregistroan, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketan, ezarritako prozeduretako edozeinen bidez. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta funtzionarioak, egiaztatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, erakundeari eskaera eginen zaio, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera.

9. oinarria. Balorazioa.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da.

Arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza izanen da. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta bestetik, unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoak izan diren ala ez, dagokion txostenaren bidez.

2. Eskaerak 4. oinarrian ezarritako baldintzei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin bat aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko.

3. Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena.

4. Balorazio irizpideak.

4.1. Proposamenaren kalitatea. (50 puntu bitarte).

-Kalitate eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiari, metodologiari eta aurrekontuari dagokienez (15 puntu bitarte).

-Proposamena enpresaren kudeaketa planetan edo/eta kalitatea kudeatzeko sistemetan sartzea (20 puntu bitarte).

Plana egiteko proiektuetan, 3. oinarriko 2.1. atalean, honako hauek ere baloratuko dira:

-Elementu berritzaileak, eta proposamena berariaz egokitzea erakunde motara eta gizarte eta lan ingurunera. (10 puntu bitarte).

-Kontratatutako erakundearen gaitasun teknikoa eta esperientzia (5 puntu).

Plana egiteko proiektuetan, 3. oinarriko 2.2. atalean, honako hauek ere baloratuko dira:

-Proiektuaren edo proposatutako ekintzen eta erakundearen planaren arteko barne koherentzia eta proposamena berariaz egokitzea erakunde motara eta gizarte eta lan ingurunera. (10 puntu bitarte).

-Erakundeak plana gauzateko duen urteko aurrekontua (5 puntu bitarte).

4.2. Enpresa edo erakundearen zuzendaritzaren inplikazioa. (25 puntu bitarte).

-Erakunde eskatzailearen ibilbidea arlo horretan (10 puntu bitarte).

-Lan taldearen osaera. (15 puntu bitarte).

4.3. Proiektuaren eragina. (20 puntu bitarte).

-Lurralde ezarpena (2 puntu bitarte).

-Enpresaren tamaina. (7 puntu bitarte).

-Jarduteko sektorea/eremua. (8 puntu bitarte).

-Gizartean eragiteko diseinatutako ekintzak. (3 puntu bitarte).

4.4. Bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak kontuan hartzea. (5 puntu bitarte).

4.5. Proiektuek gutxienez ere 50 puntu lortu beharko dituzte, diru-laguntza jaso ahal izateko.

10. oinarria. Ebazpena.

Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Esleipenaren gaineko ebazpenean hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.cfnavarra.es webgunean jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

11. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede diren jarduerak bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute 2008ko abenduaren 19a baino lehen:

a) Diruz lagundutako ekintzaren memoria. Halaber, aukera berdintasunerako plana eginez gero, plan horren kopia bat.

c) Diruz lagundutako ekintzen edo proiektuaren gastuaren justifikazioa. Horretarako, jatorrizko fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko dira.

d) Erakundeak berak diru-laguntzaren xede diren proiektuen finantziazioan parte hartu badu, edo beste diru-laguntza bat jaso badu, justifikazioarekin batera, diruz lagundutako proiektuan erabilitako funtsen zenbatekoa, jatorria eta xedea adierazi beharko dira.

3. Diruz lagundutako jardueraren azken kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino baxuagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino baxuagoa bada, dagokion murriztapen proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

4. Justifikatzeko epea iragan eta erakunde onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, baldintza hori betegabetzat joko da, eta 14. oinarriko 2. atalean ezarritakoa aplikatu ahal izanen zaio.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdian araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100a gainditzen ez badute.

13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Hona hemen deialdi honen babesean diru-laguntza jaso duten erakunde onuradunen betebeharrak:

a) Deialdiaren xedea bete, eta diruz lagundutako proiektua gauzatzea.

b) 2008ko abenduaren 19a baino lehen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari erakustea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diruz lagundutako proiektua egin eta diru-laguntzaren xedea bete dela.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

g) Idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuaren hasierako edukiaren edo baldintzen gaineko edozein aldaketa; izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Zuzendaritzak espresuki onetsi behar ditu aldaketa guztiak.

h) Idatzizko eta ahozko publizitatea eta zabalkundea egiten bada, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da, honela:

Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala.

Testuan: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza.

Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutura betebehar horren froga dokumentala bidaliko da.

i) Hizkuntzaren erabilera ez sexista frogatu beharko da, proiektuan zehar sortutako dokumentazio guztian, bai eta azken memoria eta txostenetan ere.

j) Langileei plana egiteko lan proposamena jakinaraztea, diagnostikoaren emaitza nagusiak, egindako berdintasunerako plana, bai eta erakundearen berdintasunerako plana gauzatzeko urteko proiektuak eta ekintzak ere.

14. oinarria. Ordaindutakoa itzuli beharra.

1. Diruz lagundutako jarduera burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

2. Proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, justifikazioa deialdian ezarritako epean egiten ez bada, entitate onuradunak kobratu gabe utzi edo itzuli beharreko zenbatekoa irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Emandako diru-laguntza %15 murriztuko da, edo diru-kopuru horren zati bat itzuli beharko da, 8.2 atalean eskatutako dokumentazioa abenduaren 19aren ondotik eta 2009ko urtarrilaren 19a baino lehen egiten bada.

b) Emandako diru-laguntzaren %100 itzuliko da, 8.2 atalean eskatutako dokumentazioa igorri ez edo 2009ko urtarrilaren 19aren ondotik aurkezten bada.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta arauen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

17. oinarria. Ordezko araudia.

Oinarrietan aurreikusi gabeko guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako arauetan xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F0811182