94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

307/2008 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna 2008-2009 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen hau onesteko; ebazpen honen xedea jarraibide batzuk onestea da, zenbait alderdi zehatzen gainean xehetasunak eman eta garatzeko balio dutenak ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko 2008-2009 ikasturtean.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2008-2009 ikasturtean.

2. Ebazpen honek aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatuei, hots, itunduak direnei, eta diru-laguntza jasotzen dutenei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 27an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Sarrera

Ikasturte hasierako jarraibideen helburua ikastetxeei Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren garapenak eta aplikazioak Nafarroako hezkuntza sisteman ezarri dituen berrikuntzei buruzko laguntza eta orientazioa ematea da.

Aurtengo jarraibideetan bi kapitulu daude.

Lehenengo kapitulua Urteko Programazio Orokorrari dagokio: ikastetxeek garatu beharreko proiektu batzuei buruzko jarraibideak dira.

Bigarrena LOEren ondoriozko arautegiari dagokio: funtzionamenduaren inguruko antolamendu alderdi batzuk zehaztu dira.

I) Urteko programazio orokorra

Urteko Programazio Orokorra ikastetxeko plangintza, antolamendua, funtzionamendua eta hobekuntza plana biltzen dituen oinarrizko tresna da. Ikastetxeko arduradunak programazioko prozesuak eta dokumentazioa zorroztasun, erraztasun eta erabilgarritasunaren eskakizunei lotzen saiatu behar dira.

Autonomiaren eta erantzukizunaren printzipioekin bat, zuzendaritza taldeak indarreko arautegiari lotuta kudeatu behar ditu bere baliabideak eta harekin bat etorriz egin behar du plangintza (antolamendua, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.).

Ikastetxeek prest eduki behar dute 2008-2009 ikasturtean ezarriko diren ikasketen curriculumen zehaztapena: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren eta laugarren mailak eta Batxilergoko lehen maila. Batxilergoan ez besteetan neurriak ezarri behar dituzte curriculumean ezarritako oinarrizko gaitasunak garatzeko, programazioetan apurka-apurka txertatu ahal izateko.

Gainera, ikastetxeko planak eta proiektuak berrikusi eta eguneratu behar dituzte.

1.-Ebaluazioa eta hobekuntza.

Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan izaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko.

Inguru horretan, kanpoko ebaluazioa hartu behar da ongi dauden eta, beraz, mantendu eta areagotu behar diren alderdien eta hobetu behar direnen elementu identifikatzaile gisa. Diagnostikorako eginkizun horretaz gain, kanpoko ebaluazioaren bidez ikuspuntuak aldera daitezke, eta ikastetxeak berak egiten duen barne ebaluazioari kanpoko erreferente bat eman.

Ikastetxeetara egiten dituen ohiko bisitetan Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak aholkuak emanen dizkie barruko ebaluazioaz eta hobekuntza arloak kontrolatu eta gainbegiratuko ditu.

1.1. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza.

2007-08 ikasturtean ikastetxeek Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetan egindako kanpoko ebaluazioaren emaitzak eduki dituzte. Horrela, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleek eta ikastetxeek ikastetxeko emaitzak Nafarroakoekin erkatu ahal izanen dituzte.

2008-09 ikasturterako Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako ikasleen oinarrizko gaitasunak hobetzeko plana argitaratu du; plan honetan ondoko hobekuntza-ildo hauek ezarri dira:

-hizkuntza bidez komunikatzeko gaitasuna

-gaitasun matematikoa

-mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna

-informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala

-hezkuntza balioak

Plan honetan aurreko ildo horiek garatu dira eta hobekuntza-helburuak eta jarduteko proposamenak zehaztu dira. Ikastetxeko Plana egiteko baliagarri gerta daitezkeen dokumentu lagungarriak ere erantsi dira (grafikoak eta taulak). Gainera, taulak nola bete behar diren argitzen duten adibideak ere sartu dira.

Esparrua finkatuta, ikastetxe bakoitzak bere ikastetxe plana egin behar du; bertan Lehen Hezkuntzako ikasleen oinarrizko gaitasunak hobetzeko planean zehaztutako hobekuntza-ildoak garatu behar ditu barruko eta kanpoko ebaluazioen emaitzak aintzat hartuta. Planean zehazten dena ikastetxeko programazioan gauzatu behar da.

2009ko maiatzean ikastetxeek Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasle guztien ebaluazio diagnostikoa eginen dute. Lan hau Hezkuntza Ikuskapenerako Zerbitzuak koordinatuko du. Ekainean, tutoretza ekintzaren barruan, tutore diren irakasleek ebaluazioaren berri emanen diete familiei.

Etapako lehen zikloa eta hirugarren zikloa amaitutakoan ikastetxeek barruko ebaluazioa prestatu eta burutuko dute, hobekuntza planei atxikita eta irizpide hauek aplikatuta:

-Lehen zikloa: gutxienez hizkuntza gaitasuna ebaluatu behar da (irakurmena eta idazmena).

-Hirugarren zikloa: gutxienez ikasleek gelako irakas-hizkuntzan duten gaitasuna (irakurmena eta idazmena) eta atzerriko hizkuntzan dutena (irakurmena, idazmena eta entzumena) ebaluatu behar dira; gainera, gaitasun matematikoa ebaluatzeko proba bat egin behar da.

-Ikastetxeek aurreko ebaluazioetan aplikatutako proba ereduak erabil ditzakete edo beren probak presta ditzakete.

2008-09 ikasturte amaierako memorian ikastetxearen ebaluazio diagnostikoaren emaitza orokorrak zein barruko ebaluazioen emaitzak txertatu behar dira. Gainera, hurrengo ikasturteko UPOn Hobekuntza Planaren barruan ezarriko diren neurriak jaso behar dira.

Apurka-apurka, ikastetxeek curriculumean ezarritako oinarrizko gaitasunak txertatu behar dituzte arloetako programazioan eta ebaluazioan, Hezkuntza Departamentuak ezartzen duenarekin bat etorriz.

1.2. Haur hezkuntza eta Lehen hezkuntza.

2007/2008 ikasturtean PISA 2006 Nazioarteko Ebaluazioak Nafarroan izan zituen emaitzak argitaratu ziren eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikastetxeak bisitatu zituen emaitzak ikertzeko eta ikasturte hartan zein hurrengoetan aplikatu beharreko hobekuntza-ildoak detektatzeko.

Hezkuntza Departamentuak DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleen irakurmena hobetzeko plana prestatu du Nafarroa osorako, DBHn lantzen diren gaiak irakurriz ulertzeko gaitasuna hobetzeko. Plan hau irakurmenaren ebaluazioaren esparruan dago; irakurmena DBHko 2. mailaren ebaluazio diagnostikoan eta DBHko 4. mailaren PISA ebaluazioan ere aztertuko da.

Ikastetxe bakoitzak irakurmena hobetzeko bere plana prestatuko du, bertako ikasleen errealitatera egokitua. Plan hau sustatzeko ikastetxeko arlo desberdinetako irakasleek lantalde bat eratuko dute; haietako bat koordinatzaile ariko da (honek lau irakastordu gutxiago edukiko ditu astean).

Lantalde hauek, zuzendaritza taldeak gainbegiratuta, ikasgai guztien irakurmenaren inguruko lanak eginen dituzte: era askotako testuak irakurtzea, irakurtzeko estrategiak irakastea, arloko berariazko hitzak lantzea, laburpenak egitea, eskemak egitea, liburutegia erabiltzea..., "Irakurketako gaitasunak hobetzeko proiektua"n proposatutakoarekin bat etorriz.

Hezkuntza Departamentuak irakasle talde bat eratu du ikastetxeetako lantaldeei eta irakasle koordinatzaileei beren eginkizunen inguruko aholkuak eta laguntza emateko.

Ikastetxeko zuzendariak Urteko Programazio Orokorrean sartuko diren irakurmenari buruzko ildoen berri emanen dio Eskola Kontseiluari. Ildo horiek eta irakasleek lan honetan bildutako esperientzia kontuan harturik, ikastetxe bakoitzak bere Irakurmen Plana osatu eta hobetuko du hurrengo urteetan.

Maiatzean ikastetxeek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasle guztien ebaluazio diagnostikoa eginen dute. Lan hau Hezkuntza Ikuskapenerako Zerbitzuak koordinatuko du. Ekainean, tutoretza ekintzaren barruan, tutore diren irakasleek ebaluazioaren berri emanen diete familiei.

Ikasturte amaiera aldean PISA ebaluazioa aplikatuko zaio ikasleen lagin adierazgarri bati. PISA 2009 ebaluazioan irakurmena lehentasunezkoa izanen da; horrez gainera gaitasun matematikoa eta zientifikoa ere aztertuko dira.

Ikasturte amaierako memorian ikastetxearen ebaluazio diagnostikoaren emaitza orokorrak txertatu behar dira. Gainera, UPOn Hobekuntza Planaren barruan ezarriko diren neurriak jaso behar dira.

Apurka-apurka, ikastetxeek curriculumean ezarritako oinarrizko gaitasunak txertatu behar dituzte arloetako programazioan eta ebaluazioan.

2.-Kalitatea.

Martxoaren 6ko 230/2006 Ebazpenak abian jarri zuen kalitatea kudeatzeko sistemak (SGCC-2006 Araua) ikastetxe publikoetan zabaltzeko programa. Honek erronka bat ezarri die ikastetxeei: erabateko kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea.

Erronka hau hezkuntzako kalitatearen lehen bi zikloak burutu dituzten ikastetxeei ezarri zaie batik bat: hezkuntza sistemaren antolamenduen ezarritako legezko zehaztapenak betetzea eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetarako onetsitako hobekuntza planak ezartzea eta ebaluatzea.

SGCC-2006 Arauak ikastetxeetan nahitaez egin beharreko jarduerak jaso ditu. Gainera, berariazko prozesu bat ezarri du EFQM autoebaluaziorako, hau da, Hezkuntza Departamentuak erabateko kalitatea sustatzeko hautatu duen eredurako, eta beste bat zerbitzuen gutunak abian jartzeko.

Ikastetxeei SGCC-2006 Arauan ezarritako sistema oso-osorik ezartzen laguntzeko, ikastetxeek prestakuntza eta jardun onaren inguruko informazioa trukatzeko sareak abiarazi dira, eta kalitatearen arduradunaren orduak aintzatetsi dira.

Ikastetxeko kalitatearen arduradunak zuzendaritza taldeari SGCC ezartzen lagunduko dio, eta agirien eta adierazleen kudeaketaren ardura hartuko du.

Horretarako irakastorduak murriztuko zaizkio sareko prestakuntzan aritu ahal izateko eta postuari dagozkion lanak egiteko. Murrizketa ikastetxe motaren araberakoa izanen da: 6 irakastordu BHIetan, 4 irakastordu DBHIetan eta zuzeneko irakaskuntzako 4 saio HLHIPetan. Ahal dela, irakastorduen murrizketa astearte goizean aplikatuko da, zuzendaritzakoei prestakuntzarako eta koordinaziorako egiten zaien bezala.

Programaren ezarpenaren eta garapenaren eta baliabideen erabilpenaren jarraipena Hezkuntzako Kalitatearen Atalaren ardura izanen da (Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzua). Ikasturtea amaitutakoan, sarean lan egiten duten ikastetxeek txosten bat eginen dute ikastetxean egindako lanaz. Txosten horretan hurrengo ikasturterako konpromisoak jasoko dira. Txostena Hezkuntza Kalitatearen Atalari bidaliko zaio; gero honek burutzapen maila begiztatuko du eta, haren arabera, hurrengo ikasturterako kalitatearen arduraduna ematea aldeztuko du edo ez.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikastetxeetako kudeaketa sistemak ebaluatuko ditu (diseinatu eta ezarri bada), eta SGCC Arauak ezarritakoarekin bat datorren egiaztatuko du. Ebaluazioaren emaitza positiboa bada, "Ikastetxe bikaina" aitorpena ematea proposatuko da.

3.-Bizikidetza.

632/2005 Ebazpenak Ikastetxeetako Bizikidetza Hobetzeko Plana ezarri zuen. Harrezkero elkarbizitza planak prestatu eta abiarazi dira ikastetxeetan eta denetariko garapen mailak lortu dira.

Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Aholkularitzak irakasleen trebakuntza antolatzen du, bai sareen bitartez, bai mintegiak eginez, helburua lantalde egonkorrak sortzea dela.

Prestakuntzako sareak eta jardun onaren inguruko trukerako sareak baliatzen dituzten ikastetxe batzuk beren araudiak eta bizikidetza egiturak aztertzen eta aldatzen ari dira, diagnostikoak egiten dituzte aldizka, bitartekaritzako programa berriak sartzen ari dira (ikasle laguntzaileak, ikasle tutoreak, guraso bat taldearen ordezkari), bai eta antolamenduaren arloko eta curriculumaren arloko neurriak ere, eta den-dena bizikidetzarako eredu integratua ezartzeko.

Prestakuntzako mintegiek zabalik jarraituko dute sareetan parte hartzeak berekin dakartzan konpromisoak onartzen dituzten ikastetxeentzat.

Bizikidetzarako Aholkularitzak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek Bizikidetzaren Estatuko Behatokiak sustatutako bizikidetzaren diagnostikoan parte hartzea antolatuko du.

2008/2009 ikasturtean ikastetxe bakoitzeko bizikidetzarako batzordeak bizikidetza plana prestatu eta ebaluatuko du. Ikastetxeek bizikidetzaz eta planen hobekuntzaz hausnartzeak oinarriak finkatuko ditu eskubideei eta betebeharrei buruzko arautegiaren beharrezko eguneratzeaz eztabaidatzeko.

Bizikidetzaren arduraduna ezartzen den ikastetxe publikoetan, arduradun hori bizikidetzarako batzordean ariko da eta zuzendaritza taldeari ikastetxeko bizikidetza plana prestatzen, abian jartzen, aplikatzen eta suspertzen lagunduko dio. Horretarako, lau irakastordu gutxiago eman beharko ditu.

Bizikidetzaren arduraduna ezartzen den ikastetxeek konpromiso hauek hartu behar dituzte:

-Irakastordu murrizketa bizikidetza sareei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona bati aplikatzea.

-Bizikidetzarako egiturak bermatzea: bizikidetzarako batzorde funtzionala.

-Bizikidetza Plana erabat ezartzea 2008/09 ikasturtean. ikasleen prestakuntza eta parte-hartze aktiboa, prebentzioa ardatz hartzea, estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko, eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa lortzea.

Bizikidetzarako Aholkularitzak prestakuntza sareetan eta jardun onaren inguruko informazioa trukatzeko sareetan parte hartzen duten bizikidetza arduradunei beren jardunean lagunduko die.

Sarean lan egiten duten ikastetxeek txostenak eginen dituzte ikastetxean egindako lanaz. Txosten horietan hurrengo ikasturterako konpromisoak jasoko dira.

Bizikidetzarako Aholkularitzak planen burutzapen maila begiztatuko du eta horren arabera ontzat emanen du ikastetxe bakoitzean bizikidetza arduradunak hurrengo ikasturtean lanean jarraitzea edo figura hori ezartze.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak 2008-2009 ikasturteko planean ebaluazioa jasoko du, ondokoez baliatuta: urteko bizikidetza plana eta bizikidetza arduradunak egindako azken memoria.

4.-Prestakuntza.

Ikastetxe bakoitzak irakasleentzako prestakuntza plana eginen du, hauek kontuan hartuta: beharrak, ikastetxeak prestakuntzaren arloan egin duen ibilbidea eta Hezkuntza Departamentuak proposatutako lerro estrategikoak.

Irakasleentzako laguntza zentroetan (ILZ) irakasleentzako prestakuntza kontseiluak abian jartzearen ondorioz, beharrezkoa da ikastetxe bakoitzean prestakuntzako arduradun bat izatea. Eginkizun hauek edukiko ditu, besteak beste: ikastetxeko prestakuntza plana prestatzeko prozesua sustatzea, plan horren ondoriozko beharren berri ematea berari dagokion ILZko aholkulariei, ILZko prestakuntza kontseiluan parte hartzea eta ILZ horretan irakasleen ordezkari izatea, hala behar denean.

5.-Aniztasunari erantzutea.

Aniztasunari Erantzuteko Planean ikastetxeak ikasle guztien hezkuntza premia orokorrei eta ikasle bakoitzaren premiei ahalik eta ongien erantzuteko diseinatzen, aukeratzen eta gauzatzen dituen neurriak biltzen dira (curriculum egokitzapenak, antolaketa neurriak, laguntzak eta indartze neurriak).

Ildo horretan, ikasleen berariazko hezkuntza premiak goiz identifikatzeko prozedurak eta baliabideak ezarriko dira, kontuan izanik familiek ere parte hartu behar dutela halako ikasleen eskolatzeari eta hezkuntza prozesuei eragiten dieten erabakietan.

Gainera, ikasle horientzako laguntza-baliabide egokiak emanen zaizkie funts publikoekin ordaindutako ikastetxeei. Baliabideak ahalik gehien hobetzearren, lankidetza ezarri ahal izanen da beste administrazio edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatu (erakunde, elkarte) batzuekin.

Ikasle guztiek, bai hezkuntza premia bereziak dauzkatenek, bai berandu hasten direnek, bai gaitasun handikoek arreta egokia jaso behar dute, eta haien onurarako erabakiak hartu behar dira antolamenduaren eta pedagogiaren arloetan.

Ikasgairen bat gainditu gabe duten ikasleentzako indartze-programa prestatu behar da; programa honetan proposatutako neurriek ukitzen dituzten departamentuek parte hartu behar dute.

Curriculum Aniztasuneko irakasleek aurreko mailetan gainditu gabeko ikasgaien indartze-programak ebaluatuko dituzte beren eskumeneko ikasgai, esparru eta programetan.

Ikasleek gainditu gabeko ikasgaien ebaluazioa positiboa izan behar da eduki progresiboak dauzkaten programetako ikasgaia, esparrua edo proiektua kalifikatu ahal izateko.

Curriculum egokitzapenak direla medio curriculum arrunta taldeko ikasle bati edo talde bati egokitu eta moldatzen ahal zaio, curriculumeko alderdi jakin batzuk lehenetsiz, ordeztuz, aldatuz edo kenduz, oinarrizko gaitasunen garapena errazteko.

Curriculumeko egokitzapenak egitea kurtsoetan irakasgaiak ematen dituzten irakasleen ardura izanen da. Lan hori kasuan kasuko zikloko koordinatzaileek edo departamentu didaktikoetako buruek koordinatuko dute. Berariazko egiturei atxikitako ikasleen curriculum egokitzapenak Pedagogia Terapeutikoko irakasleek egin behar dituzte. Nolanahi ere, egokitzapen horien koordinazioa eta jarraipena egitea ikaslearen tutoreari dagokio. Orientazio arloko langileen aholkuak jasoko ditu horretarako.

6.-Berdintasuna.

Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 15. artikuluan ezarri da berdintasunaren printzipioa zeharkakoa dela administrazio publikoetan: araugintza, aurrekontuak zein jardueren burutzapena.

Gainera, 23. eta 24. artikuluetan administrazio ekintza honen konpromisoak bideratu dira gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako hezkuntzaren bitartez, eta berdintasunaren printzipioa Administrazioaren hezkuntza politikan txertatu da.

Hezkuntza Departamentuaren helburu estrategikoetako bat hauxe da: "hezkuntza sistema berdintasunaren printzipiora egokitzea, hezkidetzaren ikuspegia eta genero ikuspegia plan eta programa guztietan txertatuta".

Hezkuntzako Genero Berdintasunerako 2008-2012 Planean hobekuntza-ardatzak ezarriko dira, gero ikastetxeek, bakoitzak bere hezkuntza egoera eta bere antolamendua aintzat hartuta, 2008/09 ikasturtean zehar urteko konpromisoak ezartzeko erabili behar dituztenak.

Ikastetxeei laguntza eta aholkularitza emanen zaizkie helburu hori lortzeko. Ildo horretatik, ikasturte horretako lehen hiruhilekoan ikastetxe guztientzako deialdia argitaratuko da, eta bertan ikastetxean ondoko gaiari buruzko aholkularitza eta prestakuntzarako tailerra egitea eskatzeko baldintzak eta betekizunak ezarriko dira: "Ikastetxeetako berdintasunerako plana: diagnostikoa eta hobetzeko konpromisoak."

Tailer hori egindakoan ikastetxeak Genero Berdintasunerako Planean ezarritako ardatzen inguruko konpromisoak zehaztu ahal izanen ditu eta bere urteko ekintza plana ezarri ahal izanen du. Plan hau ezartzeko eta jarraipena egiteko Departamentuaren eta beste zentro batzuen laguntza eta koordinazioa izanen ditu.

Konpromiso hauek Urteko Programazio Orokorrean jasoko dira.

7.-Tutoretza.

Hezkuntza Itunean ezarritakoarekin bat etorriz, tutoreei astean bi irakaskuntza ordu konputatuko zaizkie Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eta hiru ordu DBHn.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan tutoretzak ondokoak bermatuko ditu, gutxienez:

-Tutoretza Planean parte hartzea ikasketaburuarekin edo zuzendaritzarekin eta orientaziokoarekin batera. Tutoreak eta orientatzaileak hilean behin bilduko dira, zikloka.

-Ikasleei taldean edota ikastetxean integratzen laguntzeko estrategiak eta jarduerak prestatzea eta bizikidetza hobetzeko jarduerak sustatzea.

-Hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleentzako curriculum egokitzapenak eta hezkuntza esku-hartzea koordinatzea, orientazioa emanez eta laguntza-irakasleak jarrita.

-Familiekiko harremanak eta elkarrizketak.

DBHn, tutoretzak Tutoretza Planeko jarduerak eginen ditu Tutore Ekintzako Departamentuarekin lankidetzan; ondokoak bermatuko ditu, gutxienez:

-Ikasle bakoitzaren banakako tutoretza; tutorea gutxienez hiruhilekoan behin bilduko da ikasle bakoitzarekin ibilbide pertsonala eta akademikoa aztertzeko.

-Gainditu gabeko ikasgaiak indartzeko planaren jarraipena, plana aplikatzeko ardura duten irakasleekin koordinatuta.

Hezkuntza beharrizan bereziak dauzkaten ikasleentzako curriculum egokitzapenak prestatzeko eta haien jarraipena egiteko koordinazioa.

-Familiekiko harremanak eta elkarrizketak.

8.-Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Ikastetxeek ikasleen eta eskola komunitateko kide guztien osasuna babesten eta sustatzen duen ingurunea sortu behar dute eta bizimodu osasungarriak bultzatu behar dituzte.

Ikastetxeek bizimodu eta aztura osasungarriak sustatzeko proposamenak sartu behar dituzte beren planetan, ondokoak landuta: elikadura (ez dira komeni ikastetxean litxarreria eta opil industrialak saltzen dituzten makinak), ariketa fisikoa (eskolaz kanpoko jarduerak edo jolasak), gorputzeko higienea (azala, ilea, hortzak), postura higienea (bizkarra), segurtasuna eta ezbeharren prebentzioa, drogazaletasunaren prebentzioa, eta hezkuntza afektibo-sexuala.

Proposatzen diren jarduerak Urteko Programazio Orokorrean jasoko dira, Eskola Kontseiluak onets ditzan.

Orobat, ikastetxeetako eskola kontseiluek erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) betearazi behar dute eta neurri egokiak ezarri behar dituzte ikastetxean edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza hauek kontuan hartu behar dira ikastetxeko barne araubideko erregelamendua prestatzen denean.

II) Antolamendua

1.-Araudia.

Orain arte hauxe da hezkuntzari buruz garatu den legeria, etapaka xehakatuta:

1.1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.

-23/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko apirilaren 24an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-51/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15ean argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

1.2. Lehen Hezkuntza.

-24/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko maiatzaren 23an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-51/2007 Foru Agindua. 2007ko ekainaren 15ean argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-51/2007 Foru Agindua. (Lehen Hezkuntzako ebaluazioa). 2008ko urtarrilaren 23an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-172/2007 Ebazpena (Lehen Hezkuntzako ikaskuntza txostenaren eredua 2008-2009 ikasturtera arte). 2007ko apirilaren 20an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasuna erantzutea).

1.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

-25/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko maiatzaren 25ean argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-52/2007 Foru Agindua. (Ordutegiak). 2007ko ekainaren 15ean argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-53/2007 Foru Agindua. (Aukerako ikasgaiak eta curriculum aukerak). 2007ko ekainaren 13an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-51/2008 Foru Agindua. (52/2007 Foru Agindua eta 53/2007 Foru Agindua aldatu ditu). 2008ko apirilaren 4an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-217/2007 Foru Agindua. (Ebaluazioa, kurtsoz igarotzea eta titulazioa). 2008ko urtarrilaren 25ean argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-169/2007 Foru Agindua. (Curriculum aniztasuneko programak). 2007ko azaroaren 21ean argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunari erantzutea).

1.4. Batxillergoa.

-49/2008 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2008ko ekainaren 6an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

-66/2008 Foru Agindua. (Egitura eta ordutegia). (2008ko ekainaren 9ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua).

2.-Teknologia berrien arduraduna (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak).

Hauexek dira teknologia berrien arduradunaren lanaren ardatzak: ikastetxeko ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatzea eta mantentzea, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea, material informatikoa eta ikus-entzunezkoa behar bezala erabiltzeko irizpideak ezartzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilpena koordinatzea.

Teknologia berrien arduradunak ordu kopuru hau edukiko du bere lanak egiteko:

a) EHaur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lerro bateko zein biko ikastetxeetan: bi irakastordu astean, zuzeneko irakaskuntzakoak ez bestelakoak, eta bi osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).

b) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hiru lerro edo gehiagoko ikastetxeetan: hiru irakastordu astean, zuzeneko irakaskuntzakoak ez bestelakoak, eta hiru osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).

c) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 30 irakasle artekoak: bi irakastordu astean, eta bi osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).

d) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 31 - 60 irakasle bitartekoak: hiru irakastordu astean, eta hiru osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).

e) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 60 irakasle baino gehiagokoak: lau irakastordu astean, eta lau osagarri (ikastetxearen beharrizanen arabera).

3.-Hizkuntza eskola ofizialetan bertaratze modalitatean ikasteko plazak erreserbatzea.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko plaza kopuru jakina erreserbatuko dute Nafarroako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek ingelesa, frantsesa edo euskara ikasteko. Horretarako, eskolek berek ezarriko dute izena emateko eta plazak esleitzeko prozedura.

4.-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin koordinazio bilerak egitea.

NUHEOrekin hitzartutako lankidetza programa ematen duten irakasleek nahitaez agertu beharko dute eskola horrek aipatu programarako ezartzen dituen koordinazio bileretara. Bilerak hilean behin izanen dira gutxienez. NUHEOren antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideetan ageri dira irakasle lankideen eginkizunak.

5.-Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan irakasle aritzea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoa behin-behinekoz ematen den Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta herri bereko ikastetxe publikoarekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, destinoa Lehen Hezkuntzan duten irakasleek, noizbait suertatuz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan eskola ematen ahalko dute, zenbait irakasgaitan.

Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloari atxikitako maisu-maistren kidegoko irakasleek beren ordutegia osatzen ahalko dute Lehen Hezkuntzako jarduerekin.

6.-Ordutegi osagarriaren inguruko azalpenak.

Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzen edo espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan nahitaez eman beharreko denboraren erdiak (horren edukia zuzendaritza taldeak ezarriko du) lehentasuna izanen du irakasleen beste edozein aukeraren aurretik.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ematen dituzten ikastetxeetan, denbora horretan hurrengo ikasturtean ezarriko diren mailetarako curriculumaren zehaztapena landuko da: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak. Gainera, lan plana ezarriko da oinarrizko gaitasunen inguruko gogoetak eta azterketak eta barruko ebaluazioak gaitasunak ardatz hartuta programatzea eta prestatzea errazteko.

Aldi horretan, BHIetan hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan ezarritako mailetako curriculumak baloratu eta gainbegiratuko dira, bai eta hurrengo ikasturtean ezarriko direnetakoak ere (Batxilergoa, 2).

Gainera, lan plana ezarriko da oinarrizko gaitasunen inguruko gogoetak eta azterketak errazteko. Departamentu didaktikoek mailaka txertatuko dute gaitasunen ikuspegia programazio didaktikoetan, gelako programazioetan eta barruko ebaluazioetan.

7.-Ordutegi malgutasuna Lehen Hezkuntzan.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, kudeaketarako duten autonomiaz baliaturik eta beren behar eta helburuekin bat, malgutasun handiagoa izanen dute ikastetxeko ordutegia prestatzeko. Gerta liteke irakasleen ordutegia ez etortzea guztiz bat ikasleen ohiko eskola ordutegiarekin.

Ikastetxeen arteko koordinazioa hobetzeko eta prestakuntzako programetan parte hartzea areagotzeko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendariek astearte goizak libre eduki ditzakete, irakastordurik gabe, ikastetxearen beharrizanen arabera.

8.-Departamentuburutza.

Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu eta, horretaz gainera, 2008-2009 ikasturterako Urteko Lan Planaren garapenean buru izanen da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen inguruko jarduketak sartuko dira.

9.-Salbuespenak eta egokitzapenak Gorputz Hezkuntzan.

Salbuetsiak daude soilik hogeita bost urtetik goitikoak edo matrikulatutako ikasturtean adin hori betetzen dutenak. Hala ere, zuzendaritzari Batxilergoko Gorputz Hezkuntza egitetik salbuesteko eskaera egin ahalko diote mugikortasun arazo larriak dituzten ikasleek, ohiz kanpoko kasuetan. Egoera hori behar bezala frogatu beharko da.

Curriculum egokitzapenak egiteko eskabideak ikasleek edo, adingabeak baldin badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte ikastetxeko zuzendaritzan, eta medikuen ziurtagiriak erantsiko zaizkie.

10.-Matrikulari uko egitea Batxilergoan.

Batxilergoko ikasleek espediente akademikoa daukan ikastetxeko zuzendariari matrikula baliogabetzeko eska diezaiokete, baldin eta agiri bidez eta era frogagarrian frogatzen badute ondoko inguruabarretako bat:

-Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

-Lanpostu bat eskuratu izana.

-Familiako beharkizunak izatea.

Eskaerak apirilaren 30erako egin beharko dira eta, ikaslearen irakasle taldeari entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikula baliogabetzeko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

Aipatu arrazoiak ez bezalako bestelako arrazoi berezi batzuk daudenean, matrikulari uko egiteko eskabideak epe berean aurkeztuko zaizkio ikasketa espedientea duen ikastetxeko zuzendariari. Kasu horretan, zuzendariak eskabidea, horrekin batera txosten bat eta, hala bada, egokia den dokumentazioa igorriko ditu Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, bidezkoa den ebazpena eman dezan.

Matrikula baliogabetzeko baimena ematen den kasu guztietan, eginbide egokia jasoko da ikaslearen ebaluazio agirietan eta kontuan hartuko da baliogabetze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina. Horrelako kasuetan, ikasturte hori ez da kontuan hartuko irakaskuntza horietan egoteko gehieneko epea kontatzean. Nolanahi ere, matrikula baliogabetze horren onuradun den Batxilergoko ikaslea behartuta egonen da baimena jaso ondoko ikasturtean aurreko ikasturtean matrikulatutako maila berean matrikulatzera; bestela, ikasle ofiziala izateko eskubide guztiak galduko ditu.

11.-Erreklamazioak.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, hala nola balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko emaitzena, kalifikazio irizpideena eta ikasketak ebaluatzeko ikasturtean erabiliko diren prozedurena.

Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emanen die eta ikasleek zilegi izanen dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.

Ebaluazioa egiteko tresnak ikasturte amaierako kalifikazioak eman edo azken erabakiak hartu ondoko hiru hilabeteetan gordeko dira gutxienez.

Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izanen duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasle titularrari. Kalifikazio partzialen inguruko erreklamazioak ikastetxean bertan ebatziko dira. Irakasleak argibideak eman ondoren ikaslea mailako azken kalifikazioarekin ados ez badago, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dio idatziz ikasketaburuari jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epealdian.

Azken ebaluazioaren inguruko erreklamazioetan bi bide daude:

a) Azken kalifikazioa eta/edo agiria eskuratzekoa berraztertzea: zikloko ekipoek, departamentu didaktikoek edo, kasua bada, epaimahaiek, hurrengo egun baliodunean, berraztertzeko eskabideak aztertuko dituzte eta txostenak eginen dituzte; txostenetan erreklamazioaren inguruko erabakia jasoko dute eta horretarako arrazoiak azalduko dituzte. Txostena ikasketaburuari igorriko zaio eta hark kopia bat bidaliko die ikasleei edo, hala behar denean, haien gurasoei edo legezko ordezkariei.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua emateko erabakia berraztertzea: berraztertzeko eskaera aurkezteko epealdia bukatzen denetik bi eskola egun igaro baino lehen irakasle taldeak aparteko bilera eginen du eta bertan erabakia aztertuko du aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta. Tutoreak aparteko bilkura horretako aktan honakoa jasoko du: aurretiazko gorabeheren azalpena, egitateak eta jarduketak, ebaluazio batzordearen edo irakasle taldearen deliberoen alderdi nagusiak eta berraztertu den erabakiaren aldaketa edo berrespena. Ikasketaburuak idatziz jakinaraziko die ikasleari eta haien gurasoei edo legezko ordezkariei hartutako erabakia berretsi edo aldatu den, horretarako arrazoiak emanda. Horrek amaiera emanen dio erreklamazio bideari.

Ikastetxean berraztertzeko prozesua agortzen duten ikasleek zilegi izanen dute, dela nork bere kasa, dela guraso edo legezko ordezkarien bitartez, ikastetxeko zuzendariari eskatzea erreklamazioa Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igor dezala, azken jakinarazpena egin eta bi eguneko epean.

Ikastetxeko zuzendaritzak hiru egun igaro baino lehen Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira bidaliko du erreklamazioaren espedientea. Zuzendari nagusiak ebazpena emanen du -eta horrek administrazio bideari amaiera emanen dio- hamabost egun balioduneko epean espedientea jasotzen denetik hasita, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostenak kontuan izanik.

Ikaslearen erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, bidezko zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.

Kalifikazioen kontrako berraztertze eskaerak eta erreklamazioak jarraibide hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, eta, jarraibide hauetan arautu ez diren aferetarako, 1995eko abuztuaren 28ko Aginduari (1995-9-20ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Iragarkiaren kodea: F0810507